Indarberrituta hasiko da Lekeitioko Euskal Zine Bilera larunbat honetan: iaz 40. Urteurrena bete ondoren, 40+1 edizioan “Euskal Herrian euskaraz egiten den zine bileraren berrinterpretazioa” prestatu dutela iragarri dute antolatzaileek. Urriaren 6tik 12ra bitartean ospatuko da.
Hiru atal izango ditu aurtengo Zine Bilerak: Branka, Ganbara eta Zerumuga. Antolatzaileen arabera, ikus-entzunezkoen iragana, orainaldia eta etorkizuna landuko duten esparruak izango dira eta bakoitzak bere espazioa izango du Lekeitioko zitan.
Euskal Herriko ikus-entzunezko sektoreak gaur egun bizi duen egoeraren erakusleihoa izango da lehenbiziko atala eta horretarako, urteroko lehiaketaz gain –zeinean 20 pelikula ikusi ahal izango diren hilaren 8tik 11ra bitartean–, aurten Maider Oleagaren lanean jarriko dute fokua. Zuzendari bilbotarraren Verabredung filma eskainiko dute urriaren 7an eta Elbira Zipitriaren figuraren inguruan osatu zuen Muga deitzen da pausoa pelikulari buruzko kafe-tertulia egingo dute urriaren 12an.
Gainera, euskarazko ikus-entzunezkoak bultzatzeko bokazioa duen Benito Ansola bekaren azken irabazleak errodatu duen Atsolorra filma ikusteko aukera izango da.
Etorkizunera eta iraganera begiradak
Zerumuga atalaren barruan, zinemaren ahalmen pedagogikoa esploratuko dute Lekeition. Horretarako Zoom programa pedagogikoa landuko dute herriko ikas-komunitatearekin batera, lantegi, formakuntza saio eta proiekzioekin (Rudi Sosenbergen Hasiberria eta Cat Gerrarden Nonbait, agian hemen proiektatuko dituzte urriaren 10ean eta 11n hurrenez hurren). Atal berean kokatu dute Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean antolatutako Kameratoia ere, gazteek euskarazko ikus-entzunezkoak sor ditzaten pentsatutako rallya (larunbat eta igande honetan egingo dute).
Ganbara atalean dago Begirada saria. Aurten Euskadiko Filmategiaren 40. urteurrenarekin eta Kimuak katalogoaren 20.arenarekin bate eginez, azken proiektu horrek nazioartera euskal laburmetraiak helarazteko egiten duen esfortzu eta lana omenduko dituzte. Eta sariaren harira, azken urteetan Kimuak katalogoan nabarmendu diren zenbait lan proiektatuko dituzte (Asier Altunaren Zela Trovke, Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen, Irati Gorostidi eta Arantza Santestebanen Euritan edo Koldo Almandozen Hubert Le Blonen azken hegaldia, besteak beste).
Atzo8 proiektuaren baitan berriz, Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean, hiru ekintza proposatuko dira: Super8 lantegia, lantegi horretan filmatutako irudiekin sortutako ikus-entzunezko sarea eta Lekeition filmatutako iraganeko irudiekin osatutako erakusketa bat.
Lekeitioko zitan egunez egun aurki daitekeena Euskal Zine Bileraren webguneko agenda honetan kontsulta daiteke.
Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.
47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]
Euskal Zine Bilerako Lehiaketan hemeretzi filmak hartu dute parte eta azaroaren 23tik 26ra bitartean ikusi ahal izan dira zinebilera.eus webgunean. Bego Vicarioren filma izan da onena. Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria jaso ditu.
Verabredung filmaren kritika. Zuzendaria: Maider Oleaga. Urriaren 6an Lekeitioko zinema aretoan eman zuten, 41. Euskal Zine Bileraren irekiera ekitaldian.
Okzitaniako Capdenac hirian Radial enpresak ateak itxi zituen greba baten ondoren. Langileen kexa sumindua kontatzen du Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchs zuzendarien lanak.
40. edizioa agurtu berri du Lekeitioko Euskal Zine Bilerak. Film onenaren saria Begoña Vicarioren Jane, Tarzan ez zen horren guay lanak lortu du profesional mailan eta Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolaren Zulo filmak amateur mailan.
Lekeitioko 39. Zine Bileraren barruan, urriaren 22an (H)emen-Her(e) plataformak antolatu zuen mahai-ingurua eta bertako Kristina Zoritak moderatu. Beraien bizipenetatik aritu ziren Amara Mosteiro, Izibene Oñederra, Nahia Laka eta Eneko Sagardoy.