Trans Pertsonen Lehen Mailako Arretako Zerbitzuak jarriko ditu abian Osakidetzak

  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako trans pertsonei zuzendutako protokolo asistentziala eguneratzea da helburua. Lehen Mailako Arretako Taldeak (LMAT), trans pertsonentzako Lehen Mailako Arretako Zerbitzu berriak (tLMAZ) eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean dagoen Genero Identitatearen Unitateko (GIU) profesionalek osatutako sarean oinarrituko da eta EAEko lurralde bakoitzak bere sare propioa izango du. Arreta emateko gida sanitarioa ere iragarri dute, baina zenbait trans kolektibok kritikatu dute ez dituztela haien eskariak kontuan hartu.


2025eko apirilaren 02an - 12:05

Aurten Trans Pertsonen Lehen Mailako Arretako Zerbitzuak abian jarriko dituela iragarri du Osakidetzak. Hala ere, neurri hori aurrera eraman aurretik, trans pertsonei arreta emateko gida sanitario bat argitaratuko dutela adierazi dute, pertsona transak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko 2024ko otsailean legebiltzarrak onartutako Trans Legeari jarraiki. Dena den, Loratuz Lotu, Anitzak eta Lumagorri HAT trans kolektiboek kritikatu dute ez direla eurekin elkartu gida hori elkarrekin osatzeko, nahiz eta kolektiboek hala eskatu zieten.

Osakidetzak ezagutarazi du amaierako helburua dela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako trans pertsonei zuzendutako protokolo asistentziala eguneratzea. Gidak gai hauek lantzea aurreikusi dute: trantsizio medikoko prozesuetan jarduteko gomendioak, zirkuituen definizioa eta trans pertsonen eskubideak.

Asistentzia Sanitarioko zuzendari Maite Martinez Zabaletak adierazi du LMAko taldeek trans pertsonei harrera egitea eta prozesu osoan zehar laguntzea funtsezkoa dela, eta horrek arreta inguru atsegin eta hurbilean eskaintzeko aukera emango duela. tLMAZak genero-aniztasunaren arloko prestakuntza duten psikologoek osatuko dituzte. Erabiltzaileei eta haien senideei laguntza psiko-emozionala ematea eta LMATetako eta GIUko profesionalekin koordinatuta lan egitea izango dira haien eginkizun, besteak beste.

Prozesutik kanpo, trans kolektiboak

Martinezek ziurtatu duenez, gida sanitarioa osasun zerbitzuetako profesionalen eta transexualen eta familien elkarteek "eskutik" egin dute. Parte hartze hori gezurtatu dute Loratuz Lotu, Anitzak eta Lumagorri HAT kolektiboek ohar batean. Salatu dute ez dutela "inolako borondaterik" jaso Osakidetzaren aldetik: "Geuk parte hartzeko borondatea argi eta garbi erakutsi arren, gure erakundeetako bakar bati ere ez zaio deitu, ezta entzun ere, gida lantzeko; jaso dugun informazio guztia komunikabidetan jasotakoa besterik ez da izan".

Trans kolektibo horiek ziurtatu dute Osasun sailburuari bilerak eskatu dizkiotela, eta abenduaren 17an Enrique Peiró Osasun sailburuoredearekin bildu zirela: "Gure eskaerak azaldu genizkion, eta gida horretan gure parte hartzea ahalbidetzeko konpromisoa hartu zuen". Agindutakoa ez betetzea leporatu diete osasun arduradunei, eta kritikatu dute Osakidetzak trans gaia "medikuntza eremu hutsean" kontzeptualizatzen duela, eta trans kolektiboari erabakitzeko eskubidea kentzen diola. Trans Legeak jasotzen dituen printzipio nagusiekin "kontraesanean" daudela ohartarazi diete arduradunei, "subjektu politikoaren aitorpena eta gure gorputzei eta prozesuei buruz erabakitzeko dugun eskubidearekin", hain zuzen.

Oharraren sinatzaileek, Loratuz Lotu, Anitzak eta Lumagorri HAT kolektiboek, elkarlanerako deia egiten diote Osakidetzari, eta eskaera zuzena egin: "Gida egiteko urrats gehiagorik ez emateko, kolektiboei aurkeztu arte eta eskubide horien subjektu garen gu entzun arte, dokumentua eguneratzeko proposatutako neurriekin".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transexualitatea
2024-08-20 | ARGIA
Osakidetzan tratamenduari ekin nahi dioten transek psikiatriatik pasa behar dutela salatu dute

Hainbat kolektibok salatu du Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean arreta jasotzen duten transei lehen harrera psikiatrikoko profesionalek egiten dietela, horrek transak patologizatzen dituela eta harrera endokrinoak egin beharko lukeela. Harrera endokrinoak... [+]


Adin txikikoak dira Osakidetzako genero identitateko unitatetik pasa diren erdiak

1.075 pertsona artatu ditu Barakaldoko ospitaleko genero-identitateko unitateak, 2016ean unitate hori martxan jarri zenetik. Erdiak baino gehiagok adin-nagusitasuna bete aurretik jaso zuen lehen arreta. Eta, kopuru osoaren herenak hamasei urte baino gutxiago zituen.


Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
“LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran”

Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]


“Gustatuko litzaidake pentsatzea bidea urratu dudala atzetik datozenentzat”

BAMBIk (Amurrio, 1999) diru bilketa abiatu du, bere trantsizio prozesuaren barruan, aurpegia feminizatzeko asmoz. Trans kolektiboaren egoeraren eta bere ibilbide artistikoaren inguruan mintzatu da.


Gorputz hotsak
“Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana”

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Trans legearen erreformaren harira, Ekai Lersundiren aitak: “Egun berezia da Ekaik nahi zuena lortzeko”

Lege honek oztopoak kendu eta aitortza legala izatea “berebizikoa” dela adierazi du Naizen elkarteko Bea Severrek. 


EAEko Trans Legearen erreforma onartu dute

Osasunean, hezkuntzan eta lan eremuan eragingo du erreformak, eta pertsona ez binarioak eta intersexualak kontuan hartuko ditu.


2024-02-13 | Leire Artola Arin
Trans legea onartu eta urtebetera, 227 pertsonak egin dute aldaketa EAEko erregistroan

Polemika artean atera zen aurrera Espainiako Estatuko Trans Legea, 2023ko otsailean. Erregistro Zibilean izena eta sexua aldatzeko prozesua erraztea zen helburuetako bat. Urtebetean 227 pertsonaren aldaketa burutu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.


Trans legearen erreforma onartzear dute Eusko Legebiltzarrean

Gehiengo zabalarekin onartu dute. EAJ, PSE-EE, EH Bidu eta Elkarrekin Podemos-IU-k baiezkoa eman dute, eta PP aurka agertu da.“Hainbat hobekuntza” txertatuko dituzte Osakidetzan, hezkuntzan eta lan-arloan.


“Ez digute uzten gure gorputzen gainean erabakiak hartzen”

Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatearen “arreta txarra” eta “tratamendu bortitza” salatu du Izei Etxeberriak.


Anouar Merabet. Nefertiti, ama zaintzailea
“Aukeratutako familia sortzeko espazio bat da vogue-a”

Trans pertsona arrazializatuek, trans pertsona arrazializatuentzat sortutako dantza da vogue-a. Interneten bideoak ikusita horren berri izan zuen Anouar Merabetek (Martil, Maroko, 1991), eta Euskal Herrian komunitaterik ez zegoenez, Parisera joan zen ikastera. Ostean, Kiki house... [+]


Lehen hazia erein dute Aiaraldeko trans erresistentzia kutxa sortzera bidean

Ehundik gora lagun bertaratu ziren iragan larunbatean Laudioko Orbeko Etxean eginiko ‘Txao Titis, Titi gabe bada paradisua’ jaialdira. Ekimenaren helburu nagusia mastektomia egin nahi duen Laudioko pertsona trans bati ebakuntza hori egiteko dirua biltzen laguntzea... [+]


Emakume trans batek salatu du tratu txarrak jaso dituela Donostia Ospitalean

Tratu txarrak Osakidetzako langile batzuen eta Ertzaintzaren partetik pairatu dituela salatu du.


Eguneraketa berriak daude