“Tradizionala dirudien zerbaitetik hasita, perreoan amaitzen dugu jende artean”

  • Kepa Junkerarekin panderojole aritu ziren sorginek ibilbide propioari ekin diote eta lehen diskoa aurkeztu dute Durangoko Azokan. Trikitixa eta panderoa alboratu gabe, gozoki gozoa gehitu diote Neomak sorkuntza-proiektuari: musika elektronikoa.

Neomak.

2022ko abenduaren 09an - 10:00

Kontzertu-osteko emozio eta stand-eko lanera itzultzeko estuasunean, Azokako ohiko joan-etorri giroan hartu gaitu Eneritz Aulestiak, oraindik ere kirioak apur bat dantzan dituela. Neomakeko zazpi emakumek kutsu berritzailea darion akelarre ederra egin dute Plateruenako oholtzan.

Trikixa eta panderoa, eta musika elektronikoa.

Zazpiok gatoz trikixa edo panderoa jotzetik, zazpiok aritu baikara gazte-gaztetatik txapelketetan. Tradizio hori txikitatik ezagutu dugu, eta Neomak sortzean nahi genuen edukitzea hortik kutsu bat, baina baita entzuten dugun musikatik ere. Trikitixari gu garena gehitu diogu, eta azkenean, musika folklorikoenari elektronikoa gehitu, eta regetoia dantzatzen amaitzen dugu.

Sorginak izandakoak zarete, Kepa Junkerarekin ibilbidea egindakoak.

Bai, oso-oso gazteak ginen, nerabeak, eta hor ezagutu genuen elkar, hor sortu zen zazpikotea. Eta azken finean, horiek dira Neomaken sustraiak. Asko ikasi genuen Junkerarekin, plazerra izan zen. Ibilbide hori amaitzean bi urteko geldialdi bat izan genuen, baina pare bat ekitalditarako deitu gintuzten sorginak ginenoi. Orduan ikusi genuen benetan ondo eta gustura aritzen ginela elkarrekin. Sorginak ginen, Junkerak hala izendatu gintuelako, baina gure bidea eraikiko dugu Neomakekin. Eta horretan ari gara.

"Sorginan ginen Junkerak hala izendatu gintuelako, baina gure bidea eraikiko dugu Neomakekin"

Ikusi da, Plateruena txiki utzi duzue. Erantzunarekin pozik?

Bai, oso. Udak ere utzi digu erantzun ona, nahiz eta diskoa irailean heldu. Diskoko abestiak jotzen genituen baina noski, inork ez zituen ezagutzen; behin diskoa argitaratuta, oso erantzun ona heldu zaigu. Ilusioa egiten du jendeak zure abestiak abestea. Eta gainontzean, Durangon orain bai, topera gabiltza, diskoak eta kamisetak saltzen, eta kontzertu dezente dauzkagu aurretik. Beraz, oso-oso pozik.

Zuzeneko emanaldiak ondo prestatzen dituzuela ere ikusten da, akelarre ederra egin baituzue Plateruenan.

Pentsa, hasieran eserita jotzen genuen, ilargi erdi bat irudikatuz. Baina ez zen nahikoa, ez. Ezin genuen geldirik egon.

Argi genuen ez genuela nahi kontzertu soil bat izatea. Ordubete pasatxoko emanaldiak egin ohi ditugu, eta off ahotsak gehitzen dizkiogu eszenari, eta gutako baten amamaren hitzak ere bai, bere bizipenak kontatuz: esaterako, galtzak ez zituela inoiz jantzi ezkondu zen arte, edota erromerietara joaten zirenean, kanpaia jotzen zutenean, emakumeek etxera jo behar izaten zutela. Hau da, saiatzen gara kantak jotzetik haratago jendeari istorio bat transmititzen. Show bat bihurtzen da beraz, eta akelarre moduko bat. Tradizionala dirudien zerbaitetik hasita, jende artean perreoan amaitzen dugu.

Eta istorioaren barnean doa irudia ere. 

Bai, arreta berezia jartzen dugu estilismoan: mahoizko galtza urdinak, alkandora zuriak, urre koloreko bitxiak eta oso-oso makilatuak igo ohi gara oholtzara. Tatuajeak ere hor dauzkagu, bistan.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Neomak
Eguneraketa berriak daude