Tradizioa besta ez denekoa

  • Askekintza Donostialdeko talde antiespezistaren Gurean dokumentalak eztabaidaren erdigunean jarri du gizakiz bertzeko animalien erabilera, besten esparruan. Herritarren protestek aldaketak eragin dituzte, azken urteotan, Euskal Herriko hainbat herritan, baina bertze anitzetan, ordea, animalien erabilera bazter uzteko aukerari aurre egin diote, tradizioaren izenean.

Argazki guztiak: Askekintza - Tras los muros

2019ko abuztuaren 12an - 10:46

Askekintzak Euskal Herriko mugimendu antiespezistaren lelo bilakatu du 2014. urtean martxan jarritako bere kanpainaren mezu nagusia: Festak ospatu, animaliak askatu. Donostialdeko talde antiespezistak horixe du helburu, eta egia bihurtzeko bidean urratsak egiteko, eztabaidaren erdigunean jarri du auzia: Gurean izenburuko dokumentala egin eta zabaldu du, besten arloko gizakiz bertzeko animalien erabilerari buruzko gogoeta pizteko asmoz. Euskal Herriko bestetan ezein animalia ez zapaltzeko eskatu du Askekintzak, urtez urte, 2014an abiarazitako kanpaina horren bidez, eta ekinaldi horri segida eman eta biribildu du Gurean lanak, hain zuzen ere. 2018an aurkeztu eta gero, ikus-entzunezko Argia Saria jaso du urte hasieran. “Ohorea da guretzat, gure lana serio hartzen ari diren seinale”.

Askekintzak eskertu du saria, eta haren bidez jasotako bultzada espezismoaren aurka borrokatzen jarraitzeko konpromiso bilakatu du. 2010. urtean sortu zuten taldea, eta geroztik izan duen garapenak ekarri ditu kolektiboak egun dituen azala eta mamia. Urratsez urrats, antiespezismoa zabaltzea helburu hartu duen talde bilakatu da Askekintza, eta, xede hori betetzeko asmoz, inguru hurbilean eragiteko, euskaraz aritzeko, mugimenduaren izaera politikoa nabarmentzeko eta tranbertsalitatea bultzatzeko apustua egin du.

Gurean dokumentala egiteko asmoak bat egiten du helburu eta apustu horiekin: Askekintzak agerian utzi nahi izan ditu, urte oro eta besten esparruan, Euskal Herriko edozein txokotan gertatzen diren jarduera zapaltzaileak. “Herriko plazan gertatzen dira”, salatu dute. Haien inguruko gogoeta eragiteko asmoz kaleratu du taldeak dokumentala, “jendarte justuago baten alde egiteko”. Xede hori betetzea lortu du Askekintzak, neurri handi batean: “Ez gara Euskal Herriko etxe guztietara iritsi,  baina argi dugu epe luzera dokumentalak eragin sakona izango duela. Emanaldi asko egin dugu, eta harrera ona izan da”. Gainera, dokumentalak ekarri du animalien erabilerari buruzko eztabaida mahai gainean jartzea herri askotan, eta prozesu horiek baliatu nahi ditu kolektibo antiespezistak gizakiz bertzeko animalien alde lan egiteko.

Argazki guztiak: Askekintza - Tras los muros

Adibiderik argienetako bat da Hernanin gertatzen ari dena. Jai batzordean dira Askekintzako kideak, eta esparru horretatik aritu dira azken urteotan lanean. Lan horrek eman du emaitzarik, eta duela bi urte, adibidez, sokamuturra besta egitarauko egun batetik kentzea lortu zuten. Herrian bada aldaketa horri aurre egin dion talderik, halere: Sokamuturra Bai kolektibotik tradizioari eutsi nahi izan diote hainbat herritarrek, animaliak erabiltzen jarraitzeko.

Maiatzean mahai ingurua antolatu zuen Hernaniko jai batzordeak talde horren eta Askekintzako kideen artean, hain zuzen ere. Aitor Jaurrietak parte hartu zuen Askekintzaren izenean, eta Chapu Apaolaza, berriz, Sokamuturra Bai taldearen izenean. “Naturarekin dugun harremana irudikatzen du sokamuturrak”, erran zuen Apaolazak: “Sokamuturraren sokak garena irudikatzen du, gure nortasuna. Gure ohiturekin eta gure aurrekoekin lotzen gaitu soka horrek”. Apaolazaren hitzetan, “zezenak ez du sufritzen”. Askekintzaren koherentzia eskertu zuen sokamuturraren aldekoak mahai inguruan, gainera, eta erran zuen gizakiz bertzeko animaliak bestetan erabiltzea “dibertitzeko jarduera bat” bada, “txuletoia jatea ere” badela. Askekintzako kideek argi dute sentitzeko gai den ezein animalia erabiltzea dela espezista, eta erabilera horrek zapaltzen dituela norbanakoak. Berdin zezena edo haragi bilakatutako animalia.

Errenterian, kanpainarekin bat

Hagitz bertzelakoa da Errenteriko egoera. Herri horretan abiatu zuen Askekintzak Festak ospatu, animaliak askatu kanpaina. Hango jai batzordetik udalarekin egin dute lan talde antiespezistako kideek, 2014. urtetik, eta, egun, ondorioz, gizakiz bertzeko animaliarik ez dute erabiltzen herri horretako bestetan. Jai batzordeko lana protestekin eta bestak ospatzeko bertzelako moduekin uztartu dute urteotan guztietan antiespezistek , eta ahalegin horri esker, sokamuturra egiteko egunak murrizten joan ziren, hasiera batean, egitarautik desagertu arte, azkenik, 2017. urtean. Ez hori bakarrik: Errenterian egiten zituzten uso ehiza eta arrantza lehiaketak ere bertan behera utzi zituzten.

Gurean dokumentalak jasotzen du Errenterian egindako lanaren berri. Euskal Herriko hamaika txokotako bestetan gertatzen dena jarri du mahai gainean, eta gizakiz bertzeko animaliak erabiltzen dituzten bestak anitz direla agerian utzi du: zezenketak, entzierroak, ehiza eta arrantza lehiaketak, animalia erakusketak, zaldi lasterketak, idi eta zaldi demak... zerrenda, oraindik ere, luzea da.

Jarduera horien aurkako taldeek ere gora egin dute, eta Iruñean, adibidez, zezenketen aurkako jarrera garbia hartu duen kolektiboa sortu da, azken urteotan: Iruñea Antitaurinoa. Nabarmentzekoa da talde horrek ez duela urratsik egin entzierroen inguruko jarrera hartzeko. “Ez alde, ezta kontra ere”; esaldi horrekin azaldu zuen bere iritzia taldeak, jendaurrean aurkezteko zabaldutako manifestuan. “Zezenketen aurka egin nahi dugu, jarduera hori bertan behera uzteko aukera badela uste dugulako”. Iruñeko Udalari ez diote zezenketen aurkako jarrera hartzeko eskaera zuzenik egin, halere. “Gizartean jorratu nahi dugu auzi hau; gogoeta piztu nahi dugu, herritarrek zezenketen aurka egin dezaten”.

Udalak bide beretik egin du, hain justu, azken urteotan: “Herritarren artetik sustatu beharreko aldaketa da”, nabarmendu du, behin eta berriz, EH Bilduko Joseba Asironek. 2015. urtean Nafarroako hiriburuko alkate izendatu zuten, eta urte hartako sanferminetan, bai eta hurrengoetan ere, jarrera argia hartu du zezenketen alde: zezen plazako palkoan eseri izan da, fraka eta txistera jantzita.

Nafarroako bertze hainbat herritan, galdeketen aldeko apustua egin dute udalek gizakiz bertzeko animalien erabilerari buruzko beren jarrera finkatzeko. Askekintzako kideek argi dute galdeketak ez direla zapaldutako norbanakoen eskubideen inguruan erabakitzeko modua. “Justizia kontua da; nola galdetuko diogu beste norbanako baten erabilerarekin eta sufrimenduarekin dibertitu nahi duenari jarduera horrekin aurrera egin nahi ote duen edo ez?”, galdetu dute antiespezistek. Nabarmendu dute, gainera, Gurean dokumentalak agerian utzi duen bezala, bestetan erabiltzen dituzten animaliok “agentzia” badutela: “Erresistitu egiten dira; saiatzen dira kalte egiten dien horri ihes egiten”.

Gizakiak erabiltzen dituen gainerako animaliok ere sentitzeko gaitasuna dutela erantsi dute Askekintzako ekintzaileek. Nerbio sistema zentrala edo antzeko funtzioa betetzeko organoak dituzten animaliek dute sentitzeko gaitasuna, eta hori nabarmentzen dute antiespezistek haien oinarrizko interesen alde egiteko. Bertzalde, gizakiz bertzeko animalien erabilera babesten dutenek, nagusiki, tradizioaren izenean egiten dute. Euskal Herrian anitz dira norbanakoak zapaltzen dituzten tradizioak, eta gizartea gai izan da horiek garatzeko, berdintasunaren eta justiziaren izenean. Irungo eta Hondarribiko alarde mistoen aldeko borroka da horren adibiderik argiena. Ez da bakarra: Euskal Herriko txoko anitzetan orain arte bakarrik gizonek hartutako plazetara atera dira emakumeak dantzara. Gizakiz bertzeko animaliak erabiltzen dituzten jardueren esparruan mantsoago doaz gogoeta prozesua eta aldaketa. Baina martxan da; eta zaila izanen da gelditzea.

 

 

 

Linas Korta, Gurean dokumentalaren zuzendaria

 

 

 

"Nire helburua da ekintzaile antiespezistei erremintak ematea"

Linas Kortak zuzendu du, Askekintzarekin batera, Gurean dokumentala. Ekintzaile antiespezistak egindako lehen lana da, eta animalien askapenaren aldeko borrokarako tresna izateko grabatu du. Gizakiz bertzeko animaliak erabiltzen dituzten Euskal Herriko besta guztien oinarrian espezismoa dagoela agerian utzi nahi izan du.

Zer da Argia Sari hau zuretzat?

Oso pozgarria izan da sari hau jasotzea. Edozein sarik zure lanaren aitortza ekartzen du, eta Argiaren gisako hedabide batek emateak, gainera, berme gehiago du. Jarraitzen dudan hedabidea da; kritikoa da eta ikuspuntu zabalekoa; gustatzen zait. Argiak saria ematea, beraz, oso garrantzitsua eta pozgarria da. Balio izan du, gainera, dokumentala gehiago zabaltzeko, eta, batez ere, dokumentalak salatzen duena, berriz ere, mahai gainean jartzeko.

Zer helbururekin egin zenuen dokumentala?

Nik uste nuen beharrezkoa zela dokumentatzea Euskal Herriko festetan gertatzen den gizakiz besteko animalien erabilera; uste nuen hori guztia jaso egin behar zela, eta erakutsi; erakutsi, gainera, bere osotasunean, eta maila berean: hauek dira hemen ospatzen diren festak, eta hauek dira hemen zapaltzen dituzten animaliak.

Helburuak bete dituzula uste duzu?

Bai, erabat. Askekintzak ere, kolektibo antiespezista gisa, bere helburuak zituen, eta horiek ere bete direla uste dut.

Bestei eta animalien erabilerari buruz ari garenean, anitzek zezenak baino ez dituzte buruan; bertze animalia anitz erabiltzen dute Euskal Herriko hamaika txokotako bestetan, ordea. Hori agerian utzi nahi zenuen?

Bai. Garrantzitsua izan da, batez ere, abiapuntu beretik erakustea, adibidez, sokamuturra, zezenak eta antzar jokoa. Denen oinarrian espezismoa dago; denen oinarrian dago gizakiak beste espezietako animaliengana duen nagusitasuna. Erabilera horiek guztiak multzo berean jartzen dituzunean, agerian gelditzen da oinarri bera dutela. Niretzat garrantzitsua zen dokumentalaren bidez salatzea salatzen ohi ez diren jarduerak, ezkutuan gelditzen diren horiek. Euskal Herriko ia edozein festa egitarau hartzen baduzu, han eta hemen badira zapaldutako animaliak, eta garrantzitsua da hori jasotzea eta zabaltzea. Adibidez, arrantza eta ehiza lehiaketak egiten dira hainbat tokitan; herritarren gutxiengo batentzat antolatutako jarduerak dira, diru asko jasotzen dute, eta norbanako askoren heriotza eragiten dute.

Hemengo bestak, hemengo errealitatea, hemengo irudiak, hemengo espezismoa salatzeko. Inportantea zen hori zuretzat?

Bai. Garrantzitsua izan da, adibidez, zezenketak hemengoak direla erakustea. Hemen ere egiten dira. Inportantea da toki batean lan egiten duzunean bertako irudiak erakustea. Uste dut jendeak beste era batera hartzen dituela, eta erreakzioak ere ezberdinak dira irudi horiek hurbileko zerbait islatzen dutenean. Hori guztiz beharrezkoa dela uste dut. Horregatik, nire proiektuak bi lan esparru ditu: tokiko lana egiten dut, baina ikuspuntu global batekin. Hau da, festak hemen gertatzen dira horrela, baina mundu osoan gertatzen diren jarduerak dira. Mundu osoan egiten dira horrelakoak ondo pasatzeko. Baina Euskal Herrian badute beren berezitasuna, eta hori da erakutsi duguna, hemen egiten dena.

Argazkiak: Askekintza - Tras los muros

Uste duzu Gurean dokumentaleko eta gisako irudiak ari direla lortzen herritarren arteko gogoeta piztea, animalien erabilerari buruz?

Gogoeta hitz potoloa da, eta jendeak, pentsatzen hasteko, behar ditu eraginen dioten gauza asko; dokumentala jendeari eragiteko elementu bat da. Hainbat sektoretan hasi dira gogoeta egiten, eta pozgarria da, noski. Baina Euskal Herrian, gizartea, oro har, animalien erabilerari buruzko gogoeta egiten hasi dela esatea gehiegi esatea iruditzen zait. Gaia hor dagoela badaki, hala ere, eta badaki politizatua dagoen jendea mugitzen ari dela animalien alde, badela gizartearen sektore bat ohartu dena hau guztia aldatzeko beharra badela. Gaia mahai gainean dago, eta uste dut dokumentalak lagundu duela horretan, auzia azaleratzen. Euskal Herriko txoko guztietan entzun da, behintzat, dokumentalaren berri.

Eta erakunde publikoak ari dira gogoeta egiten edo urratsak egiten?

Erakundeek kalean ikusten diotenari erantzuten diote. Erakundeak mugitu dira kalean herritarrek protesta egin dutelako. Jendea mugitu denean, udalek erantzun dute. Askekintzak, adibidez, protesta ugari egin zituen Donostian zezenketak kendu baino lehen; beste talde batzuek ere bai. Oreretan ere urrats handiak egin dira animalien erabilera bazter uzteko, eta hori gertatu da protestak egin direlako eta ekintzaileak mugitu direlako. Orain berdin gertatzen ari da Hernanin ere. Eta Nafarroako hainbat herritan ere gertatu da. Dokumentala erakundeen erantzuna eragiteko tresna bilakatu dela uste dut. Argi dago dena ez dela dokumental batekin konponduko, baina ekintzaileentzat tresna erabilgarria da, protestek gora egiteko, gaiari serio eusteko. Erabil dezatela.

Zergatik erabaki duzu zuk gizakiz bertzeko animalien alde lan egitea?

Erabilitako norbanako kopuruari so egiten badiogu, gizakiz besteko animaliak dira talderik zapalduena. Euskal Herrian bakarrik, 65 milioi hiltzen dituzte, urtean, hiltegietan. Munduan milaka milioi dira. Zoritxarrez, ez dute antolatzeko modurik. Protesta egiteko eta erresistitzeko gai dira, baina ez dute guk gure burua defendatzeko dugun gaitasun bera. Norbaitek egin behar du haien ordez. Zoritxarrez ere, jende gutxik egiten du. Horregatik nik uste dut esparru horretan lan egitea ezinbestekoa dela. Egoeraz jabetu nintzenean, ez nuen beste aukerarik: egin behar nuen.

Zergatik erabaki duzu lan hori irudien bidez egitea?

Irudiak tresna bat dira. Nire helburua da ekintzaile antiespezistei erremintak ematea. Irudiak oso tresna eraginkorra izan daitezke. Egun, irudiek inguratuta gaude, eta mugimendu sendo batek behar ditu kalitatezko irudi sendoak, profesionalak. Ni hori egiten saiatzen naiz. Gainera, beharrezkoa da kontrainformaziorako lan bat egitea. Animaliak esplotatzen dituzten industriak etengabe ari dira propaganda egiten; saltzen dizkigute behiak larreetan, txerri zoriontsuak; saltzen dizkigute festak ikuskizun polit baten gisa. Errealitatea oso bestelakoa da, eta, ondorioz, industriak zabaltzen duen mezu horri kontra egin behar zaio. Industriak esaten badigu hamar mila aldiz behiak larreetan bizi direla eta esnea nahi dutelako ematen digutela; eta guk hori gezurra dela erakusten duen irudia aurkezten badugu, gureak askoz indar gehiago du. Horregatik da tresna erabilgarria, eta eragin handia izan dezake. Nire ikasketak esparru horretan egin ditut, eta dudan ezagutza animalien alde erabili nahi izan dut.

Ekintzaileak ari zarete kazetariei dagokien lana egiten, neurri batean?

Bai. Ez da Gurean dokumentalaren kasuan, baina beste kasu askotan bai. Kazetariak zapalduen alde egin behar du, nire ustez, eta, ondorioz, animalien alde egin beharko luke ere bai. Kazetaritzak animalien aldeko jarrera hartu beharko luke, baina ez da hori gertatzen ari. Industriak errealitatea ezkutatzen du, eta hori zabaltzeko beharra dago. Arlo horretan, bai, ekintzaileok egiten dugu kazetariei dagokien lana.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2019
Iñaki Lasagabaster
“Estatutu berria autonomiaren aldarrikapena geldotzeko ekimena da”

Hamaika gaiez jardun daiteke katedradun arabarrarekin. Elkarrizketa honetan batez ere Euskal Herriko autogobernua, Katalunia eta hari egindako epaiketa, eta euskal presoen gaia jorratu ditugu. Bere ustez, Espainia nabarmen ari da egiten estatu autoritario baterantz.


G7 Biarritzen
Dekadentziari distira atera nahian

Agorrilaren 25, 26 eta 27an G7aren goi-mailako bilera egingo dute Biarritzen. Nazioarteko politikan aditu Asier Blasek gailurraren nondik norakoak analizatu ditu.  II. Mundu Gerran sorburu izan zuen egungo kapitalismo liberalaren kontrako protestak antolatu dituzte... [+]


Filma
Mendiaren hego aurpegia

2001ean euskal mendizaletasunean gertaturiko tragedia batetik abiatuta, munduko gailur handienak dauden lurretako herritarren sufrimendu eta esperantza ere erakusten digu Pumori, mendiaren alaba dokumentalak, himalaismoan askotan ezkutuan geratzen den hego aurpegia.


Moda industriaren alternatibak
Josturak apurtu bestelako jantzigintza ehuntzeko

Jantzia, berez beharrizan oinarrizkoa dena, kontsumogai bilakatu da. Erosi eta bota logikari jarraiki biratzen duen gurpil kontsumistaren parte izanik, jasangarritasun eza du ezaugarri moda eredu hegemonikoak ere. Ehungintza industriaren etengabeko hazkundea ezin daiteke ulertu... [+]


2019-08-12 | Estitxu Eizagirre
Mendearen umeek munduari desafio jo ziotenekoa

Koldo Izagirreren Mendearen umeek munduari desafio hitzaldiak ireki zuen maiatzaren 21ean Zerukotik lurrekora zikloa. 70 lagun inguru elkartu ginen Donostiako San Telmo Museoan, ARGIAren mendeurrena ospatzeko antolatutako zikloaren lehen ekitaldira. 1958 eta 1964 urteen arteko... [+]


Euskarazko kazetaritzaren intrahistoria bat

ARGIAren ehun urteek euskarazko kazetaritzaren bizkarrezurra marrazten dute. Ez da hedabide bakarra izan, beti eduki ditu hurbileko nahiz urrutixeagoko senideak, baina mende beteko genealogia erakutsi eta frogatu dezakeen bakarra Zeruko Argiatik datorren ARGIA da. Bizkarrezur... [+]


Animaliak hazi, hil eta jateaz
Beganismoa ingurumenaren mesede ala kaltegarri?

Ingelesezko Wikipediak laburbiltzen duenez, beganismoak aldarrikatzen du uko egitea animalietatik eratorritako produktu orori, bereziki elikaduran, eta hari lotuta doa animaliak ondasuntzat erabiltzea arbuiatzen duen filosofia. Beganismoaren baitan zenbait kategoria bereiz... [+]


2019-08-09 | William Gildea
Zergatik bihurtu begano?

William Gildea Britainia Handiko Vegan Society elkarteko zuzendaritzako kideak azaltzen ditu jendeak dauzkan arrazoi ugariak begano bihurtzeko, abereen produktuak murrizte hutsetik harago joanda. Artikulu hau Why Go Vegan izenburuz argitaratu du agroekologia britainiarrean... [+]


2019-08-09 | Low Impact
Simon Fairlie nekazariari galdezka
“Jasangarria eta etikoa al da haragia jatea?”

Simon Fairlie kazetari eta nekazaria ezaguna da Britainia Handian agroekologian interesa daukaten baserritar eta kaletar askoren artean. Begano/ez-begano eztabaidan leku bat egin du bere Meat: A Benign Extravagance [Okela, kalterik gabeko gutizia bat] liburuak. Esne-behiak eta... [+]


2019-08-09 | Mikel Aramendi
Ordu aldaketa
Zentzugabekeria arrazionaltasunez mozorrotzen denean

Ordu aldaketaz idaztea eskatu diogu Mikel Aramendi analista geopolitikoari: “Egia frogatu bakarra da egungo DST sistema hau 1973ko petrolioaren krisiak abiarazi zuela. Eta geroztik, hor dagoela”, dio besteak beste.


10 liburu-denda europar

Gehienetan ez dira turismo gidetan agertzen. Eta eskerrak. Baina kanpoko hiri batera joaten garenean bisitatzea merezi duten gauzen zerrendan, beti egon behar litzateke liburu-dendaren bat.


2019-08-08 | Jesús Rodríguez
Katalunia independentziarantz
Goia eta behea

La Directa-ko kazetari Jesús Rodríguezek azaldu du 2017ko urriaren 1ean behetik gora egin zuen borborrak 2020ko hauteskunde autonomikoetan goitik ixteko arriskua duela. Erreferenduma deitzeagatik jasotako kartzela zigorren aurrean emango den erantzuna gakoa izango... [+]


Eguneraketa berriak daude