Abkhazian gertatu bezala, makina bat dira Hego Osetian ere gerrak utzitako arrasto itsusiak paisaian. Teilaturik gabeko etxeak, tabike bakartiak, tirokatutako fatxadak... ia nonahi topa daitezke honelakoak bi eskualdeotan. Tskhinvalgo kanpoaldean aurkitu dut gaur honako hau. Gerraren aurretik luxuzko jatetxea omen zen, eta honi begira nengoela gauza batez jabetu naiz: aurriak oso desberdin ikus daitezke toki batean edo bestean.
Abkhazian egon nintzen lehendabiziko aldiz, "Kabul tropikal"aren itxura atera nion Sukhum hiriburuari. Hainbatetan, argazkietan ikusitako Kanbodiako Angkor Wat irudi horiek etorri zitzaizkidan burura, zuhaitz erraldoien sustraiek "itotako" tenplu haienak. Abkhaziako eguraldi semitropikalari esker, palmondo, azalea eta beste mota askotako landare tropikalek estaltzen dituzte aurriak. Kristalik gabeko leihoetatik adarrak irteten dira eta, horietatik, loreak udaberriro. Denboraren poderioz, zuhaitzak bere adaburua aterako du goitik, teilatua egon ala ez. Natura egoskorra da, eta berea aldarrikatzen du beti, gizakiak utzitako zikinkeria estaliz aldi berean. Abkhazian behintzat hala da. Gakoa denboran datza, urteak pasa ahala azpian gelditzen baitira hondakinak eta, hein batean, gerraren oroimena ere.
Hego Osetia, ordea, Kaukasoko mendikatearen erdi erdian dago eta oso bestelakoa da paisaia hemen. Izan ere, 3000 metrora dago Ipar eta Hego Osetia arteko muga, urrutiegi Itsaso Beltzeko hondartza eta haize epeletatik. Hego Osetiako sastrakek nekez estaliko dituzte hemengo txintxorrak. Alanbrada gisara zabaltzen dira aurriak inguratuz, porlanezko totemak babestuko balituzte bezala: "ez ukitu!" esaten dute, "eta ez ahaztu!".
2008ko abuztuaren 7an, Georgiako armadak bonbardatu zuen Hego Osetiako eskualdea de facto independentea. Gau bakar batean indar armatuen erasoek 1.300 lagun inguru (Osetiaren biztanleriaren %3a) eta han bake misioan ziren Errusiako 13 soldadu hil zituzten.
Zaila zen azaltzea hego osetiar bati “zergatik bai Kosovori, eta ez Hego Osetiari”. Eta are zailagoa Georgiaren beste eraso bortitz honen ondoren.
Eta zaila da oso, benetan deigarriak baitira bi herrion arteko antzekotasunak: biak ziren nagusi euren... [+]
ARGIAko kazetari Karlos Zurutuzak Hego Osetiako lagun batekin komunikatzea lortu du eta hark jasandako sarraskiaren argazkiak bidali dizkio, eskaera batekin: "Mesedez, erakutsi argazki hauek; ikus dezatela denek zer egin duten gurekin".
Jarraian Zurutuzaren... [+]
Tskhinvalgo herriko plaza duzue honako hau, Hego Osetiako hiriburukoa. “Antzoki plaza” du izena, horixe baitzen atzealdean ikusten den eraikina. Herrialde honetako antzoki bakarra georgiarrek suntsitu zuten 91ko gerran. Geroxeago, osetiarrek konpondu omen zuten... [+]