argia.eus
INPRIMATU
"Emakumeen haria" ekitaldia Villabonan, ekainaren 7an
Testigantzak, murala eta bertso saioa, oihal fabriketako emakumeen lana eta bertsoarekiko lotura ezagutzeko
  • Oihal fabriketako emakume langileak eta bertsoa josi ditu Emakumeen haria ekimenak. Ekainaren 7an izango da Villabonan. Bertaratzen denak ezagutuko du egun Bertsozale Elkartearen egoitza den Subijana etxea iraganean oihal fabrika izan zela; entzun ahalko ditu bertan lan egin zuten emakumeak; eraikinari fatxadan Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok egin dioten murala ezagutuko du, Maialen Lujanbioren bertso idatzia duena; eta bertso saio tematikoa gozatuko du. Bada haririk, oihal koloretsu ederra egiteko.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2024ko ekainaren 07a
Subijana Etxearen alde bateko horman Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok egin duten irudia. Maialen Lujanbioren bertsoa dago bertan idatzita. Gaur inauguratuko da. Argazkia: bertsoa.eus.

Amasa-Villabonako udalak antolatu du ekitaldia, Bertsozale Elkartearen laguntzaz. Izan ere, bertako Subijana Etxea, egun Bertsozale Elkartearen egoitza dena, oihal fabrika izan zen 1880tik 1960 bitartean. Eskualdeko langile asko aritu ziren bertan, horietatik asko emakumeak eta Fanny Alonsok haiei buruzko bilana egin du, Kotoiaren emakumeak proiektuan: Subijanako oihal fabrikako 18 emakume langile elkarrizketatu ditu, eta Andoain eta Bergarako oihal fabriken berri ere jaso du.

Oihal lantegien eta bertsoaren artean hari bat egon zen, Subijana Etxeak egoitza funtzioa bete baino askoz lehenago. Lantegi hauetako emakume langileek haien artean bertsotan egiten zutela jaso izan da, besteak beste, Aña Etxegarai eta Joxepa Antoni Aranbarri Xenpelar dira horren adibide.

Ekainaren 7ko egitaraua

17:00etan hasiko da emakumeek oihal fabrikan eta bertsotan josi duten bidea ezagutzera emango duen egitaraua. Lehenik, Subijana Etxean bisita gidatua egingo da eta Fanny Alonsok oihal fabrika zaharren berri emango du eta bertan lanean aritutako emakumeak ere arituko dira elkarrizketan. Jarraian, egun etxe horretan Bertsozale Elkarteak aurrera daraman proiektua azalduko dute elkarteko kideek.

18:00etan inauguratuko da Subijana Etxearen alde bateko horman Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok marraztu duten irudia. Maialen Lujanbioren bertsoa dago bertan idatzia.

Horren ostean, bertso saio tematikoa egingo da Subijana etxearen ondoan. Nerea Ibarzabal, Alaia Martin eta Oihana Iguaran ariko dira kantuan, Amaia Agirrek berariaz jarritako gaietatik abiatuta.