Teresa del Valle antropologoaren ibilbidea goraipatu dute, hura hil berritan

  • Apirilaren 8an hil zen 88 urterekin, Asteasun. Hainbat antropologok azpimarratu dute haren ibilbide aberatsa. Antropologian eta feminismoan bereziki ezaguna zen. EHUn Antropologia Sozialeko lehenengo katedraduna izateaz gain, Emakumearen Ikasketen Mintegia sortu zuen. Mundu osoan zehar ikasten ibili zen eta publikatutako obren ondorioz hainbatetan saritua izan zen.

Teresa del Valleren argazkia, artxibotik aterata. Gari Garaialde - ARGIA Fototeka

2025eko apirilaren 09an - 10:11
Azken eguneraketa: 14:21

Del Valle zendu izanaren albistea ziztu bizian zabaldu da eta elkarte zein erakundeek hura oroitzeko adierazpenak egin dituzte. Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko kide diren Jone M. Hernández, Margaret Bullen, Carmen Díez, Mari Luz Esteban eta Miren Urquijok hedabideetan kaleratutako adierazpen bateratuan goraipatu dute Teresa del Valleren ibilbide zabala, aberatsa eta anitza. Aitortu dute haren heriotzak "umezurtz" utzi dituela, baina bere obra eta oroitzapena geratuko zaizkiela. Haren gogoeta bati erreferentzia eginda, zera nabarmendu dute:

"Kezka ez da hainbeste agurraren kontu praktikoekin, baizik eta haren ondarea mantentzearekin eta bere pentsamenduaren ongizatea ziurtatzeko ardurarekin. Hain zuzen ere, antropologia ulertzeko eta praktikatzeko modu berezi bati jarraipena emateko ardurarekin, zeregin horrek ikerketa, irakaskuntza eta ezagutzearen sozializazioa biltzen dituelarik".

Gizarte antropologiako aldizkariaz arduratzen den Ankulegi elkarteak "agur eta ohore" dioen mezu batekin agurtu du. Eusko Ikaskuntzak eta Emakundek ere hitzak izan dituzte eta biek antropologoari emandako saria gogoratu dute, mezu haueki, hurrenez hurren: "Eskerrik asko, Teresa", "Gure oroimena, aitortza eta eskerrak". Ordezkari politikoren batek ere agurra luzatu du sare sozialetan. Arnaldo Otegik adibidez zera esan du: "Eskola handia utzi du eta gaur eskertza egiten diogu. Gugan Bego". 

Ibilbide luze bezain oparoa

Emakumearen eta generoaren inguruan ekarpen garrantzitsuak egin dituen pertsona izan da Teresa del Valle. EHUko Gizarte Antropologiako lehenengo katedraduna eta katedradun emeritua, EHUko Emakumearen Ikerketa Mintegiaren sortzaile eta buru, baita antropologia feministaren bultzatzaile nagusietakoa ere. Bere ikerketa ildo nagusiak honako hauek izan ziren: kritika feminista gizarte-antropologian, hiri-antropologia, antropologia politikoa, memoriaren etnografia eta metodologia kualitatiboak.

Dibulgazio jarduera garrantzitsua egin ostean eta berrogei urte baino gehiago irakaskuntzan eta ikerketan eman ostean, hainbat sari eskuratu zituen. Eusko Ikaskuntza 2018 Saria Giza Zientzia, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien arloan eta 2010eko Emakunde Saria emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren inguruan egindako ikerkuntza ibilbideagatik, besteak beste.

Euskal Herriko antropologia feministan bereziki garrantzitsua izan zen bere Mujer vasca. Imagen y realidad (Euskal emakumea. Irudia eta errealitatea) azterlana; Euskal Herrian antropologia feminismora hurbiltzeko bidea zabaldu zuelako. ARGIAk Del Valleri lan horren inguruan eginiko elkarrizketan hurrengokoa zioen ikerketa abiatzearen zergatiez galdeegin zitzaionean: "Badirudi sorginen aldeaz aparte emakumeak interes gutxi sortu duela antropologo eta soziologoen artean". 

Lanean "euskal matriarkatuaren" ideia hankaz gora jarri zuen eta "euskal emakumearen idealizazio hutsalarekin" amaitu. Horren inguruan galde egin zitzaionean hurrengokoa adierazi zuen: "Baserrietan ematen omen den teoriazko igualitarismo hori ez da sexuen berdintasun batetatik abiatzen, baserriaren estruktura ekonomikoek aurrera ateratzeko hala eskatzen dutelako baizik, hots, estruktura hierarkizatu batez baserriak ezingo luke iraun". 

Aipatutako azterlana garrantzi handikoa izan bazen ere, beste hainbat ikerketa eta obra egin zituen. Gainontzeko obren artean ezagunenak dira Perspectivas feministas desde la antropología social (Ikuspegi feministak gizarte antropologiatik), Andamios para una nueva ciudad (Hiri berri baterako aldamioak) eta Korrika rituales de la lengua en el espacio (Korrika hizkuntzaren erritualak espazioan).

Euskal Herritik kanpo egindako bidea 

Teresa del Vallek, 1937an Donostian jaioa baina Bilbon hazia, Bilboko Vera Cruzeko ikastetxean eman zituen bere ikasketetako lehenengo pausoak. Ondoren, Berrizko misiolarien institutura joan eta 21 urterekin, ikastetxeak kudeatzen zuen mesedetako misiolariak baliatuz, AEBetara bidaiatu zuen ikasketei jarraipena emateko.

Feminismoarekin lehen harremanak aurrerago izan zituen, Mikronesiako historian sakontzen hasi zenean, Hawaiin doktore tesia egiten ari zela. Doktore bihurtzean, Euskal Herrira itzuli zen, eta Filosofia Fakultateko Antropologia Soziala ikasgaiko lehen irakaslea izan zen. Ondoren, Gizarte Antropologiako Europako Elkartea eta Ozeanistentzako Europako Elkartea sortu zituen, beste pertsona batzuen laguntzaz.

Bien bitartean prentsan aritu zen kolaboratzaile gisa; Egin, El Diario Vasco edo Andra bezalako hedabideetan. "Beti esaten zuen bereziki gozatzen zuela bere prentsa artikuluei buruzko iruzkinak jasotzean egunean zehar gurutzatzen zituen pertsonengandik, adibidez, ogia erostera joaten zenean",  gogoratu dute Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko kideek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Teresa del Valle
Eguneraketa berriak daude