Telegramen sortzaile Pavel Durov aske utzi dute, baina zaintza judizialpean eta Frantziatik irtetea debekatuta

  • Bost milioi euroko fidantza ordaindu du, eta astean bitan agertu beharko du poliziaren aurrean. Hamabi delitu egotzi dizkiote, eta bere seme-alabetako baten aurkako “indarkeria larriagatik” ikerketa ireki diote Frantzian.

Pavel Durov eta Nikolai Durov anaiek sortu zuten Telegram 2013an. Argazkia: Wikipedia Commons

2024ko abuztuaren 29an - 13:56
Azken eguneraketa: 14:59

Lau egun atxilotuta egon ondoren, Telegramen zuzendari exekutibo eta sortzaileetakoa den Pavel Durov aske utzi dute, bost milioi inguruko fidantza ordaindu ondoren, baina zaintza judizialpean jarri dute, poliziaren aurrean astean bitan agertu beharko du, eta debekatuta dauka Frantziatik irtetea. Abuztuaren 24an Durov atxilotu zuen Frantziako Aireko Garraioko Jendarmeriak, Paris-Le Bourget aireportuko pistan. Ikerketa Kriminaleko Zuzendaritza Nazionalaren adingabeen bulegoak (OFMIN) atxilotze agindua eman zuen Durov-en aurka, eta droga-trafikoa, ziber-jazarpena, iruzurra, krimen antolatua edo terrorismoaren apologia egotzi zizkioten, Axier Lopezek ARGIA astekarian informatu duenez. Plataformaren moderazio falta eta agintariekin lankidetzan ez aritzea ere leporatu zizkioten.

Parisko Justizia Auzitegiak prentsa-ohar bat zabaldu du, eta Durov-i hamabi kargu egotzi dizkiote. Kargu horien artean daude: online plataforma bat administratzea, banda antolatuan legez kontrako transakzioa egin ahal izateko; agintariek eskatuta, legeak baimendutako esku-hartzeak egiteko eta ustiatzeko beharrezko informazio eta dokumentuak jakinarazteari uko egitea; edo adingabeen irudi pornografikoa zabaltzea, eskaintzea edo banda antolatuan eskuragarri jartzea. Parisko fiskal Laure Beccuau-k adierazi du Telegramek zerikusia izan duela Frantziako hainbat kasu penaletan, eta “ia guztietan” ez ziola erantzun agintarien lankidetza-eskaerei. Beccuau-k adierazi du Frantzia osoko fiskalek, eta Belgikako eta Europako beste herrialde batzuetako agintari judizialek "ikuspuntu bera" izan dutela, New York Times egunkariak jaso duenez.

Telegramek adierazi zuen Durov-ek ez duela “ezer ezkutatzeko”

Telegramek Durov-en atxiloketaren harira sare sozialen bitartez erantzuna eman zuen. Mezularitza-enpresak adierazi zuen “EBko legeak betetzen” dituela, “Zerbitzu Digitalen Legea” barne, eta Durov-en errugabetasuna azpimarratu zuen: “Telegrameko exekutiboak, Pavel Durov-ek, ez du ezer ezkutatzeko, eta maiz bidaiatzen du Europan barrena”. Plataforma edo horren jabea “abusuaren erantzuleak izatea zentzugabea” dela salatu zuten, eta “egoera lehenbailehen konpontzeko zain” zeudela.

Durov-ek hainbat tira-bira justiziarekin

Azken urteotan hainbat tira-bira izan ditu Durov-ek justiziarekin. Azkenetako bat martxoan izan zen, Espainiako Estatuko Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazek Telegram guztiz blokeatzea eskatu zuenean, Mediaset, Atresmedia eta Movistar Plus enpresek eskatuta, plataformako “kanal batzuetan egile-eskubideek babestutako edukia partekatzen zelako”.

Abuztuaren 28an beste ikerketa bat ireki dute Frantzian Durov-en aurka, bere seme-alabetako baten aurkako "indarkeria larriagatik" Parisen bizi zenean, AFP agentziak informatu duenez. Adin txikikoa Suitzan bizi da gaur egun amarekin. Amak 2023an jarri zuen salaketa Suitzan.

Durov-ek pasaporte errusiarra, frantsesa eta emirerritarra ditu. Dubain (Arabiar Emirerri Batuak) bizi da, Telegramek bertan du egoitza nagusia. Durov-ek Errusiatik alde egin zuen, berak sortutako Vkontakte sare sozialean Errusiako oposizio politikoak zeuzkan komunitateak ixteko eskakizunak betetzeari uko egin ostean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Telegram
2024-08-29 | Axier Lopez
Telegram jo-puntuan Frantzian

Telegrameko sortzaile eta kontseilari delegatu Pavel Durov larunbatean atxilotu dute Parisetik gertu dagoen aireportu batean bere jet pribatutik jaistean. 39 urte eta nazionalitate frantziarra eta errusiarrak ditu Durovek, eta Dubain bizi da azken urteotan. Iruzurra,... [+]


Teknologia
Eraginak kontrolatzen

Gizakiok harremanetan gaude gure artean eta bizi dugun ingurunearekin; egiten dugun guztiak eragina du, onerako zein txarrerako. Sortu dezakegun eragin negatiboa murrizteko norberaren balioak, kultura, harremanak eta aukera materialak erabakigarriak izaten dira.

Askotan... [+]


Telegramek adierazi du Frantzian atxilotutako bere buru Pavel Durov-ek ez duela ezer ezkutatzeko

Pavel Durov atxilotu dute abuztuaren 24an Paris-Le Bourget aireportuan. Frantziako Justiziaren arabera, plataformaren moderazio faltak eta agintariekin lankidetza faltak droga-trafiko, pedofilia eta iruzurra bezalako delituen konplize bihurtzen dute.


2024-03-25 | ARGIA
Espainiako Auzitegi Nazionalak Telegram aplikazioaren blokeoa eten du, Poliziak ondorioak ikertu bitartean

Epaile Santiago Pedrazek iragan ostiralean eskatu zuen estatuan Telegram aplikazioa blokeatzea. Astelehenean blokeo hau etetea erabaki du epaile berak, lehenik neurri hori aplikatzeak ekarriko lituzkeen ondorioak aztertzeko.


2020-11-25 | ARGIA
‘Hodeia ez da existitzen’ Iametzaren podcast kanalaren lehen saioa entzungai dago Baleafunk.eus instantzia librean

Teknologiaren gainean eta bereziki teknologia burujabetzaren inguruan arituko den ‘Hodeia ez da existitzen’ kanal berria abiatu du Iametzak. Hori zabaltzeko Baleafunk.eus sortu du, musika eta podcastak entzuteko sare libre eta deszentralizatua.


2016-11-16 | Librezale
@euskaltelegram: Telegram euskaraz

Telegram Whatsapp aplikazioarekin alderatzen du jendeak maiz, baina Telegramek mezularitza aplikazio eta gizarte-sareen arteko mugak hautsi ditu, besteak beste telefono zenbakia jakin gabe ere hala nahi duenarekin hitz egitea baimentzen dizu.


2016-07-08 | ARGIA
ARGIAk kanala ireki du Telegramen

Komunitateari beste informazioa iturri bat eman eta teknologia berrien bidean urrats berriak egiteko asmoz, Telegramen ARGIAko kanala sortu dugu. Helbide honetan aurki daiteke: telegram.me/ARGIAeus edo bestela, bilatu “argiaeus” Telegram aplikazioan.


Eguneraketa berriak daude