Geldi da munduko ekonomiaren zati handi bat, eta energiaren kontsumoak ere behera egin du oro har. Baina industrian xahutzen ez den energiaren zati handi bat etxeetan irensten dugu orain, teknologia digitalen inoizko erabilerarik handiena egiten ari garen asteotan. Eta energia hori, XIX. mendeko lantegietako lurrun makinak legez, gaur egun ere ikatzetik dator nagusiki, Le Monde Diplomatique-eko titulu honek dioen moduan.
Aspaldi ari da esaten gizarteko ia eremu guztietatik horrela ezin dela jarraitu, neoliberalismoaren zerraztelkeria mundua ari dela irensten. Aldaketa klimatikoaren larriaz ohartu gara, nahiz eta munduko gobernu gehienek neurri gutxi hartu hari aurre egiteko; horren ondorioz apurka gaixotzen eta hiltzen garenez, ez da hain ikusgarria. Covid-19aren hedapenarekin, guztiz bestelakoa gertatzen da: di-da batean hiltzen du eta neurriak ere askoz azkarrago hartzen dira. Gabonetan norbaitek esan izan baligu munduko ekonomia ia geldituko zela 2020ko lehen hiruhilekoan, inozotzat hartuko genukeen. Baina hala gertatu da, eta egungo eredu neoliberalarekin ezin dela jarraitu dioten ahotsak biderkatu egin dira.
Deshazkundea eta bizimodu aldaketa ate joka dira hamaikagarrenez, beste behin ere kontraesan ugari mahaigaineratuz: adimen artifizialaren garaian, akaso gizarte mekanikora itzultzeak salbatuko gaitu? Hau da, zer da errentagarriago garapenaren ikuspegitik munduarentzat: “Argia piztu” esan eta sukaldeko argia piztea ala interruptoreari sakatuz piztea? Modernotasunak –eta Silicon Valeyren negozio ereduak–eskatzen du ahotsaren bidez egitea, baina ardura ekologikoak dio ahotsaren aginduz egiteak askoz energia gehiago kontsumitzen duela, teknologia digital oso konplexua behar duelako, berez sinplea dena egiteko.
Iragan abenduko Larrun-en ikusi genuen kapitalismo digitalak humanitateari egiten dion mehatxua. Nola interneteko lilura askatzailea amesgaizto bihurtu den, baina orduan ez genuen mundu digitala energiaren ikuspegitik jorratu. Martxoko gaztelaniazko Le Monde Diplomatique-n Sebastien Broca Informazioen eta Komunikazioen irakasleak idatzitako artikulu argigarrian topatu dugu ekarpen hori: “Teknologia digitala ikatzarekin dabil”.
Silicon Valley eta petrolioa
Gafam deitutako munduko jabe digital berriak gero eta lotuago daude petrolio eta ikatzaren energia enpresa erraldoiekin. Amazon, Google eta Microsoftek, besteak beste, laguntzen diete datu masiboen kudeaketarekin eta inteligentzia artifizialarekin, baina horrek irudi txarra ere ekartzen die, orain arte Silicon Valley energia berriztagarriekin lotzen dutenean. Haien langile askok eskatu diete euren enpresei energiaren multinazional horiekin (Chevros, Total, Exxon…) apurtzeko. Jeff Bezos Amazoneko sortzaileak hala erantzun zien bere etxekoen eskaerei, greenwashing-aren eredu den esaldiarekin: “Guk eman nahi diegu ‘trantsizioa’ egiteko ahalik eta tresnarik egokienak”.
Kontua da, petrolioan eta ikatzean oinarritutako kapitalismo termoindustriala eta ustez immateriala, postindustriala eta berdea den kapitalismo digitala txanpon beraren bi aldeak direla: “Hodeiaren informatika ikatzarekin hasten da”, zioen 2013an mehatz-industriak finantzatutako Mark P. Mills aholkularitzak. Argi utzi nahi zuen duela bi mende hasitako ikatzaren industriaren jarraipena zela egungo industria digitala ere. Energiaren Nazioarteko Agentziak dioskunez, ikatzaren produkzioa ez da murriztuko datozen urteetan, besteak beste Txinak eta Indiak bultzatuta. Oro har, energiaren kontsumoak hazten jarraitzen du munduan (%2,3 2018an) eta %80an energia fosilen menpeko da. Jakina, ekonomia digitala ez da horren erantzule, baina bere erantzukizuna handia da: munduko energia primarioaren %4 kontsumitzen du eta urtero handitzen da %9.
Zertan gastatzen da energia hori? Gehien tresneria egiten (ordenagailuak…) eta sareen azpiegiturak eraikitzen; ondoren dator ekipamenduek, sareek eta datu-biltegi erraldoiek kontsumitzen dutena. Ordenagailu bat egitean, berbarako, 330 kilogramo C02 igortzen da atmosferara, eta ur asko eta mineral bitxi ugari behar ditu. Datu-biltegi erraldoi horietatik herritarrok egiten dugun bideoen ikuskatze soila, Estatu Espainiarrak urte osoan igorritako CO2ren adinakoa da. Edo, Greenpeacek dioen gisan, Amazonek Virginian (AEB) duen prozesatze zentro erraldoiak –zeinak munduko internet trafikoaren %70a bideratzen duen– gastatzen duen energia guztiaren %12 bakarrik da berriztagarria, eta gainerakoa, batez ere Apalache mendietan erauzitako ikatzetik dator. Eta Txinako datu zentroetan kontsumitzen den energiaren %73 ikatzetik dator. Tira, ikusi nahi dituenak Brocaren artikuluan halako datu ugari ditu, eta argi erakusten dute internetek eta adimen artifizialak kostu ekologiko handia dutela.
Zentroa eta periferia
Azkenean, kapitalismo digital hori zeren gainean eraikitzen den ere argi deskribatzen digu Broca irakasleak; “Fernand Braudel historiagileak azaltzen zuen mundu-ekonomian oinarritzen da”: hau da, aktore ekonomikoen multzo koherente bat, zeintzuen harremana zentroa eta periferiaren arteko banaketan oinarritzen den. Eta adibide bat jartzen digu: “San Frantziskoko badia bihotza da, eta neurri handi batean, bere ongizatea oinarritzen da menpean dituen beste leku batzuekiko duen harreman asimetrikoan, hala nola, Afrikako koltan mehatzak, Asiako muntaia fabrikak edo Ghanako zabortegi elektronikoak”.
Mundu mailako sistema horretan, prozesu industrialek kostu ekologikoak dituzte, baina hauek modu oso desorekatuan banatzen dira, eta kostu larrienak herrialde menperatuek bizkarreratzen dituzte. Brocak dioen bezala, 1960ko hamarkadan Arghiri Emmanuel ekonomista marxistak teorizatutako “banaketa desegokiaren” gaurkotzea da: “Mundu-ekonomia kapitalista zentro eta periferiaren arteko baliabideen transferentzia asimetrikoan oinarritzen da”. Eta honako adibidea jartzen digu irakasleak: Iparreko enpresa batek 1.000 dolarreko lehengaiak erosten dizkio Hegoko herrialde bati, eta honek beste 1.000 ordainduko dizkio jabego intelektualaren truke. Bi baloreak berdinak dira moneta balioari dagokionez, baina naturarekiko eragina ez, zentroak bere garapenaren ingurumen ondorioak kanporatzen dituelako”.
Koronabirusa eta mundu-ekonomia
Ez daukagu oraindik koronabirusaren konparaketak egiteko datu gehiegirik, baina zentro eta periferiaren logika ere indarrez hedatuko da mundu-ekonomiaren logikan, ez birusak bereizten dituelako, baina bai birusari aurre egiteko bitartekoengatik. Eta funtsean, honek ere adierazten digu pandemien garapenak ezinbestean eskatzen duela ekonomia eta bizitza ereduen eraldaketa, pandemien bihotzean den elikadura eredu industrialetik hasita. Industria honek ere, Silicon Valleyk bezala, bere jakien ekoizpenaren kostuak –adibidez Covid-19aren hedapena– kanporatzen ditu; beregain hartuko balitu, supermerkatuko txerri edo oilasko haragia horren merkea ez izateaz gain, enpresa horik ez liratekeelako bideragarriak.
Oso modu lazgarrian bada ere, Covid-19a aukera berri bat ematen ari zaigu. Aldaketa, ordea, pertsonok gauzatu beharko dugu, noiz eta menperatzaile eta menperatuen dialektika agian inoizko lazgarriena denean. Borrokaren bidez gauzatzen da dialektika hori, beraz, presta gaitezen. 2008ko krisi oraindik amaitu gabekoaren guduetatik gatoz, ea baliagarria zaigun.
LABek, STEILASek, ELAk eta CCOOek greba egutegi bateratua aurkeztu dute Bilbon: martxoaren 25, 26 eta 27, eta apirilaren 1 eta 2. Egungo hitzarmenak aldarrikatutako edukietatik urrun kokatzen direla adierazi dute, "bai sukaldearen eta garbiketaren kolektiboan zein... [+]
Ukraina da munduan arma gehien erosten dituen herrialdea; munduko erosketa guztien %8,8. Merkatuaren ia erdia kontrolatzen duena, berriz, AEB dira: Europak erosi dituen armen erdia baino gehiagok jatorri estatubatuarra dute.
Petrolio-ontzi batek eta zamaontzi batek elkar jo dute astelehen goizean Ipar Itsasoan, Ingalaterrako ipar-ekialdean. Talkak Jet-A1 erregaia zuen petrolio-ontziaren tanke bat apurtu du eta kezka da nagusi, izan ditzakeen ondorio ekologikoengatik.
Iruñean bizi ziren Iñaki Zoko Lamarka eta Andoni Arizkuren Eseberri gazteak, baina familiaren herriarekin, Otsagabiarekin, lotura estua zuten biek betidanik. “Lehen, asteburuetan eta udan etortzen ginen eta duela urte batzuk bizitzera etorri ginen”, dio... [+]
Europar Kontseiluak onartu du Ursula Von der Leyenek gastu militarrean proposatu duen 800.000 milioi euroko gastuarekin aurrera egitea. Horretarako bi arrazoi nagusi argudiatu ditu: Errusiari aurrea egitea eta Europar Batasunak aurrerantzean bere burua AEBen babes militarrik... [+]
Laudion, Aiaran eta Okondon izango du eragina energia azpiegiturak eta plataformaren aburuz, proiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterketak gabezia garrantzitsuak dituzte.
Nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1977an nazioarteko egun bat bezala deklaratu zuen eta haren jatorriaren hipotesi ezberdinak diren, Martxoaren 8aren iturria berez emazte langileen mugimenduari lotua da.
Lan baldintzen "prekarietatea" salatzeko kontzentrazioa egin zuten asteartean egunkariaren egoitzaren aurrean. Abenduaren 2tik sindaura greban daude langileak eta mobizlizazioak "areagotzea" erabaki dute orain.
Gasteizko Eraman kooperatibak banaketa “era jasangarri eta etikoan” eginez bertako komertzioa bultzatzeko helburua du bere sorreratik, Arabako hiriburuan eta hango bizilagunengan pentsatuta. Hainbat ekimenetan parte hartzen du, horien artean ikasturte honetan egiten... [+]
Langileek salatu dute zuzendaritzak ez diela lan baldintzen gaiari heldu nahi izan eta enpresak nahiago izan duela Gaztea Sariak ekitaldia bertan behera utzi, “horrek sortutako albo-kalte ekonomiko eta sozial guztiekin”, arazoari irtenbidea eman baino.
Datorren astelehenean egingo dute espedientearen kontsulta epeko bigarren bilera.
Sustatun agertutako salaketa, LaLiga futbol erakunde espainiarraren eta Movistar/Telefonicaren arteko tratuek euskarazko zerbitzuak kaltetzen dituztela Interneten (kasu hartan Egunean Behin jokoan irudiak desagertzea zen kontua), hedatu egin da. Tokikom-eko euskarazko tokiko... [+]
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Europa berrarmatu plana aurkeztu du, kontinentea "erresilientea eta segurua" bihurtzea xede duena. Bost zati ditu planak, eta estatu kideek 150.000 milioi euro jasoko dituzte mailegutan. Arau fiskalak moldatuko... [+]
2021etik 2025era isuriak %15ean murriztu behar zituen industriak. Ursula Von Der Leyenek automobilgintzaren sektorearen eskutik ekintza plan bat aurkeztuko du martxoaren 5ean. Oraindik erabakia hartua ez badago ere, Europar Batasunak sektorearen eskaerak onartuko dituela diote... [+]
Betsaide enpresan gertatu da, 08:00ak aldera. Urtea hasi denetik gutxienez bederatzi behargin hil dira.