Ekainaren 18an, larunbatean, Emakumea* Surflari elkarteak topaketa antolatu du Zarautzen: surfa, jolasak, bazkaria, musika... Emakumeak* elkartu eta ezagutarazi, horixe da oraingoan ere helburua. June Torrealdai elkarteko sortzaile eta surflariak dio "online eskatuta bezala" daudela larunbateko iragarpenak: izugarrizko eguraldia eta itsasoa baldintza onetan. "Nik uste dut plaza beteko dugula; aurten kristorena prestatuko dugu!". Topaketaren aitzakian, proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkigu Torrealdaik.
Emakumea* Surflari elkarteak 2014. urtetik darama surfaren bidez emakume, trans eta intersexualei itsasoan tokia egiten. Espazio “erabat maskulinizatuan eta estereotipatuan” emakumeen* ahalduntzea bilatzen dute: ikastaroetan komunitatea eratu eta ikasleen autonomia lantzen dute, besteak beste. Larunbatean Zarautzen elkartuko dira, egun osoko topaketan komunitatea sendotzen jarraitzeko.
Emakumea* Surflariren topaketaren helburu nagusia da sarea sustatzea eta harremanak sendotzea. Zergatik ematen diozue horrelako garrantzia emakume* surflarien komunitatea eratzeari?
Emakumeak* elkarren artean ezagutaraztea eta sarea sustatzea inportantea delako, eta nahiz eta guk lanketa hori surfaren bidez egin, guretzat inportanteagoa da emakume* sare hori sortzea: emakume* anitzak ekartzea eta bistaratzea. Horrela, lortzen dugu medioaz disfrutatzea, elkar ezagutzea... Azken finean hori garelako: emakume* elkartea.
Egun osoko egitaraua antolatu duzue larunbaterako. Goizean hainbat jarduera egiteko aukera egongo da: jolasak, yoga, surfa... Waveskia lehen aldiz eskainiko duzue.
Waveskia da piragua irekiaren antzeko zerbait. Surfeko taula bat da baina zinta bat dauka eta lotuta zoaz. Munduko txapelduna den Ainhoa Tolosaren eta waveskiko beste profesionalen bidez emango dugu saio bat. Mojito deitzen zaien piragua irekiak ere izango ditugu, olatuak hartzeko. Modalitate berri horiek erakutsiko dizkigute, eta ea aurrerantzean gurekin segitzen duten.
Ikasi eta jolastu bai, baina lehiaketak ere antolatu dituzue, sari eta guzti. Itsasoan egoteaz gain, zuen xedea da emakumeen* artean lehiakortasuna bultzatzea eta txapelketetara animatzea?
Alde batetik, ikusten dugu lehen mailako lehiaketa ofizialetan, nahiz eta gero eta gehiago izan emakumeak*, estereotipoa gehienetan berdina dela. Gustatuko litzaiguke emakume* gazteagoetara iristea honetan guztian parte hartzeko, baina hori etorkizuneko proiektu bat da. Larunbatean egingo dugun lehiaketa jolas bidezkoa da. Taldeko lehiaketa, ondo pasatzeko kontu bat. Maila ezberdina daukaten emakumeak elkartuko ditugu likra-kamiseta kolore berdinarekin eta jolas egin. Bi olatu hartu, beraien artean likra aldatu, beste bi olatu hartu… dibertitzeko eta ondo pasatzeko da. Sariena da jendea animatzeko, zeren batzuetan saria jartzean jendea gehiago motibatzen baita!
Adin eta maila guztietako emakume, trans eta intersexualei egiten diezue tokia Emakumea* Surflarin. Nola kudeatzen duzue?
Gure erreferentea Lo Eizagirre da, transa dena; komunikabideetan ere agertu da, bera da gure arpegia eta eredua. Lok aipatzen digu gure jardueretan izena ematen dutenei galdetu behar diegula nola nahi duten deitzea, eta ez zer jartzen dien NANean. Aukera hori eskaintzen dugu, eta bakoitzak erabakitzen du nola identifikatzen den hobeto; uste dut jendea lasaiago geratzen dela horrekin.
Identitate minoritarioei dagokienez hainbat ekimenetan gaude, eta Zarauzko Emakumeen* Etxetik ere zabaltzen dira ekintzak. Izartxoa (*) nahiko begi-bistakoa da, eta uste dut emakume* guztiak biltzen dituela. Besterik gabe, denak dira ongi etorriak eta parte hartzera animatzen ditugu. Uste dut gustora sentitzen direla gure artean.
Taldeak egiterako orduan, kontuan hartzen duzue adin-tarte berekoak batera jartzea edo denak nahastuta?
Denak nahastuta jartzen ditugu. Lehen +55 urteko taldea atera genuen, eta hor adin-tarte berekoak elkartzen ziren. Puntazo bat izan zen. Baina noizbait banaka etorri bada norbait, berak nahi duen lekuan sartu da, ongi datorkion ordu eta egunean; egon dira 62 urteko emakumeak* beren kabuz izena eman dutenak.
Surfeko beste ikastaroen aldean, zer eskaintzen duzue zuek? Zer jasotzen dute zuekin ikasten dutenek?
Inportanteena da berdinen arteko kontu bat dela. Guk monitore emakume* gutxi ditugu, baina beste eskolek ere ez dauzkate asko. Inportantea da erreferentea emakumea* izatea, emakumeentzat* delako. Gainera, zazpi astez zaude zure talde eta monitore berberarekin, eta beste eskoletan normalean jendea aldatzen doa, beste estilo bat da. Zazpi astez jende berarekin egonda, taldea eta giroa sortzen dituzu, konfiantza hartzen zoaz… Askotan saioaren ondoren trago bat hartzen dugu elkarrekin; lagunak egiten ditugu. Eta, noski, Emakumea* Surflari da, filosofiagatik ere bai beste kontu batzuk dauzka.
Eta zuek, proiektuko sustatzaile eta monitoreek, zer eskuratzen duzue?
Monitoreek esaten dute oso gustora egoten direla, erreferente bihurtu dituztelako emakume* hauek. Inportantea da errekonozimendu hori, zeren itsasoa gizonen esparru bat izan baita urte askotan. Monitoreak azken finean surflariak gara, eta bizi izan ditugu gure gauzatxoak itsasoan ere; uretara joaten garenean nabaritzen dute inportanteak garela. Gainera, monitoreek esaten dute esperientzia moduan izugarria dela zazpi astez talde berberarekin egotea, eta lagunak egitea. Ebaluazioetan ikasleek monitoreei buruz oso gauza onak esaten dituzte, eta guk haiei helarazten diegu. Goraipatuak sentitzen dira. Agian beste eskoletan ez dituzte ezta ezagutzen ere. Inportantea da izen bat ematea emakume* monitore horiei.
2014an jarri zenuten martxan proiektua, eta urtez urte eskaera handituz doa, bai surf ikastaroetan bai bidaietan, eta neguko teknifikazio ikastaroetan ere bai. Zer nolako ikasturtea izan duzue aurten?
Mila istorietan sartu gara! Aurten goraipatzekoa da Gurutze Gorriarekin eta Laia elkartearekin izandako elkarlanaren ondorioz emakume* migratu eta emakume* anitz gehiago egon direla gure artean, eta errefuxiaturen bat ere bai. Nazioarteko dirulaguntza bat jaso dugu, eta horrekin emakume* zaurgarri horiei guztiei aukera bat eman diegu surfa egiteko. Kristorena izan da... Batzuek ez dakite ezta igeri egiten ere, eta flipatu dugu nola sartu diren uretara. Monitoreren batek esan digu, “nik ez dut emakume hau ikusi horrela barrezka inoiz”. Horrekin bakarrik jada helburua beteta dago.
Bestalde, Zarauzko Emakumeen* Etxearekin ere atera genuen surfa ikasteko ekimen bat ekainaren 12an, eta 58 emakumek* eman zuten izena —adinaren batezbestekoa 50 urtetik gorakoa zen— ezin izan genien denei eman! Bidaiara orain goaz, Galiziara, eta nahiko jendek eman du izena. Aurtengo ikastaro gehienak beteta izan ditugu. Normalean arazoa da monitore eskasia daukagula: hamar monitore dauzkagu, eta geroz eta gehiago gara… Horregatik, aurten atera dugu monitore izateko doako ikastaro bat. Gure monitore batek prestatu ditu ikasle batzuk monitore probetarako. Halaber, ikusten dugu emakume* gutxi daudela epaile lanetan, eta prest geunden epaile izateko ikastaroa diruz laguntzeko. Ez da inor animatu, baina ea datorren urtean.
Emakumea* Surflarik hainbat elkarte eta erakunderen laguntza jasotzen du, eta pixkanaka sarea handitzen doa.
Bai, eskertu nahi diegu gurekin kolaboratzen duten guztiei, besteak beste, surf eskolei: Donostian Groseko Indarra, Patris, Free Surf; Zarautzen Shelter, North Shore, Zarautz Surf House... Gainera, Emakundek ere laguntzen gaitu, eta Donostiako eta Debako Udaleko Berdintasun Sailek ere ematen digute laguntza, besteren artean. Aipatzekoa da aurten lehen aldiz Orioko Pertzetik Elkarte Feministaren bidez Stand Up Paddlea egin dugula, Cyara Palenzuelarekin. Itsasadarrak garrantzia du Orion, eta guk ere hartu beharreko espazioa zen; han ibili gara bost astez gora eta behera.
Horiez gain, Txiki-txoko elkartearekin ere kolaboratu dugu. Eta Plisti-Plasta Uretan elkartearen bidez aniztasun funtzionala duten emakumeekin* surfeko ikastaro bat egin genuen. Nik bai ikasi nuela haiekin!
Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu, eta urtero bezala, instituzioek haien diskurtsoak berdintasun politika eta feminismoz josten dituzte, eta enpresek borroka egun hau “emazteen egunera” murrizten dute, emakumeei bideratutako merkatu estereotipatu oso bati bidea... [+]
Martxoak 8a heltzear da beste urtebetez, eta nahiz eta zenbaitek erabiltzen duten urtean behin beren irudia morez margotzeko soilik, feministek kaleak aldarriz betetzeko baliatzen dute egun seinalatu hau. 2020an, duela bost urte, milaka emakumek elkarrekin oihukatu zuten euren... [+]
Gazteagotan baino lotsa handiagoa dauka, baina horrek ez dio saltsa askotan ibiltzeko gogoa kentzen Leire Zabalza Santestebani (Iruñea, 1990). Beste gauza askoren artean, Motxila 21 musika taldeko kidea da. Nabarmendu du musika gauza asko aldarrikatzeko bide izan... [+]
Martxoak 8aren izaera iraultzailea berreskuratzeko deia egin du Itaia emakumeen antolakunde sozialistak. Irene Ruiz Itaiako kideak azaldu digunez, “oldarraldi erreakzionarioaren eta matxismoaren aurrean proposamen iraultzailea hauspotu eta kontzientzia sozialista... [+]
Miopia gero eta gehiago eta gero eta lehenago ari da garatzen, eta horren arriskua da dioptriak gehitzen joatea eta helduaroan begiari lotutako hainbat gaitz izateko aukerak dezente handitzea. “Eguzki-argia jasotzea inportantea da, eta denbora asko ez igarotzea oso gertu... [+]
Martxoaren 8an kalera ateratzera deitu ditu herritarrak mugimendu feministak, "desberdinkeriek bere horretan" dirautelako. Zapalkuntza mekanismo berriak agertu direla salatu dute, eta feminismoa "ezkerreko borroken erdigunera" eramateko beharra aldarrikatu.
Istorioetan murgildu eta munduak eraikitzea gustuko du Iosune de Goñi García argazkilari, idazle eta itzultzaileak (Burlata, Nafarroa, 1993). Zaurietatik, gorputzetik eta minetik sortzen du askotan. Desgaitua eta gaixo kronikoa da, eta artea erabiltzen du... [+]
Amurrioko Emakume Sareak elkarretaratzera deitu du eraso matxistari erantzuteko, asteartean 19:00etarako. Bilbon, adin txikiko neska bati egindako sexu erasoa salatzeko mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean.
Izena duen oro bere izanaren jabe liburua plazaratu du LAB sindikatuko idazkaritza feministak, hainbat kide feministaren lekukotasunak oinarritzat harturik. "Genealogia edo glosario bat gauzatu dugu edo, agian, gauza biak batera dira edo baliteke ez izatea ez bata ez... [+]
Inkestatuen %45,6k alarde parekide bakarra nahiago du herriarentzat eta %65ak baino gehiagok alardearen gatazka konpontzeko herritarrek gai horren inguruko hitzaldi eta tailerretan parte hartu behar dutela adierazi dute.
Euskadi irratian baineraren ordez dutxa jartzeko iragarkiak etxeko komunean obrak ya hastera animatzen duen kuña hori. Obra erraza, inbestitze txikia eta aldaketa handia iragartzen da. Komunetako sanitarioen joerak aldatu dira eta ahoz aho zabaldu da zeinen eroso eta... [+]
Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.
Zalantza asko izan ditut, meloia ireki ala ez. Ausartuko naiz, zer demontre! Aspaldian buruan dudan gogoeta jarri nahi dut mahai gainean: ez da justua erditu den emakumearen eta beste gurasoaren baimen-iraupena bera izatea. Hobeto esanda, baimen-denbora bera izanda ere, ez... [+]
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak egin ditu asteburuan Atarrabian. Sistema judiziala jarri dute ezbaian, justizia eta autodefentsa feministaren balioak aztertu dituzte.