Su txikien itsasoa

  • Distopikoa litzateke Araban itsasoa egotea, klima aldaketa suntsigarri baten ondorio. Iraultza Txikien Akanpadaren (ITA) III. edizioan eztabaidagai izan dute kapitalismoak mundua, Euskal Herria, pertsonak nora garamatzan, eta hari elkarrekin nola aurre egin: su txikien itsaso bat piztu eta elikatu dute bost egunez eta lau gauez Izarran (Araba).


2023ko uztailaren 24an - 21:30
Azken eguneraketa: 2023-07-26 10:38:44

Uztailak 22, larunbata. Gaueko ekitaldi nagusia irrintziekin hasi da karpa nagusian. Ondotik, sua piztu dute hiru malabaristek, eta su txiki hegalari haien lilurapean isiltasuna egin da berriz ere.

Bi lagun atera dira eszenatokira: “Handian amesteko eta agendan eragiteko gure gaitasuna oso mugatua da, esaten diogu elkarri herri mugimenduetako kideok”. Hain zuzen ere, ITAren helburuetako bat txikitik handirako bidea zirriborratzea da: “Elkar ezagutuz eta zainduz, baina gordin eta konfiantzaz eztabaidatuz ere. Elkarrengandik ikasiz eta desikasiz (...) Ez gara etorri denbora pasa. Ezin dugu herrigintza denbora pasa gisa hartu. Galderak beti bezain ezinbestekoak dira, baina garaiotan inoiz baino gehiago behar ditugu erantzunak ere (...) Nola egin bidea gaurko amesgaiztotik biharko herri iraultzetara. Konfiantza emango diguten erantzunak behar ditugu, helduleku sendo sentituko ditugunak. Hitzez ere osatutako heldulekuak, baina batez ere gorputza dutenak, ukigarriak: desio iraultzaileez, sinesmenez, borrokarako grinez, antolakuntzaz, konpromisoz, militantziaz, proiektu eta herri mugimendu sendoez gorpuztutakoak”.

"Ez gara etorri denbora pasa. Ezin dugu herrigintza denbora pasa gisa hartu"

Eta azkenik oihuak iluntasunetik: “Kapitalismoari sua, sua, sua, sua, sua!”, “Patriarkatuari sua, sua, sua, sua, sua!”, “Faxismoari sua, sua, sua, sua, sua!”.

Ordurako, hamaika tailer, txanda, eztabaida, txango eta kantu eginak zituzten, eta halako katarsi kolektibo bat bilakatu zen larunbat gauekoa herri mugimenduetan militatzen duten kideentzat. 400 lagunetik gora parte hartu dute.

Zer eta nola

Egitarauari begiratzea besterik ez dago, borroken aniztasunaz jabetzeko: faxismoaren gorakada, alternatiba antikapitalistak, feminismoa, borroka ezberdinen arteko artikulazioa, krisi ekologikoa, transfobia, desobedientzia eta ekintza zuzena, euskara, kultura, dekolonizazioa, independentismoa, AHT, etxebizitza borroka, teknologia burujabetza, emakumea eta kartzela, gizontasuna eta bere kalteak, lodifobia, heriotza eta dolua, Bidasoako muga XXI. mendean...

Larunbat goizean tokiko ingurua gozatzeko aukera ere izan zuten: Urkabustaiz 1936ko gerra-frontea izan zen, eta induskatutako lubakiak bisitatuz, orduko gizon-emakume borrokalari antifaxisten gerrako bizimodua ezagutu zuten atzoko eta gaurko borroka antifaxistak lotu asmoz.

"Lagun eta tailer kopuruaz harago, ITAn gauzak nola egin eta bizi da erronketako bat"

Kultur egitaraua ere azpimarratzekoa izan da: Andoni Oilokiegi, La encendida, Burbuilak, Mari Luz Esteban, Mejillon Tigre, bertsolariak, Atrikipunk, Noname Tiriti eta Paniko Eszeniko (eta beren Memeak ;-).

Alabaina, lagun eta tailer kopuruaz harago, ITAn gauzak nola egin eta bizi da erronketako bat: errespetuz erlazionatu eta komunikatu, lanak banatu, zaintzak bermatu, genero, identitate, adin ezberdinetako pertsonak eroso sentitu, elikagaiak eta edariak beganoak eta km 0-koak izan eta ingurunea zaintzea bitarteko eta helburu ere izan dira. ITAra sartu orduko nabari da hori.

Lehen aldiz Araban

Lehen edizioa Zubietan, bigarrena Artean eta aurten Araban egiteaz, balorazio oso positiboa egin dute antolakuntzakoek “herri mugimendu ezberdinetan gabiltzan kideak saretu, errotu eta Araban ditugun borroka eta paraje ederren erakusgarri izateko, Araban dugun uzta politiko, kultural eta elikaduraren uzta Euskal Herri osoari eskaintzeko”. Gasteizez harago, Arabako eskualde bat erakustea nahi zuten antolakuntzatik, eta horixe nahi zuten Urkabustaizen ere.

Aurreko edizioetan, igande goiza tokiko borroka bati hauspoa emateko baliatu badute ere, aurten borroka ezberdinen uztarketari eskaini diote, antolakuntzatik ARGIAri adierazi diotenez: lan militantea, autogestioa, elkarzaintza eta laguntza, ingurumenaren zaintza, militanteen arteko ezagutza eta ideia, esperientzia edo borroka iraultzaile ezberdinen arteko sute bat izan da bost egunez Izarra; kearekin hasi, sua piztea lortu eta gutako bakoitza su txiki batekin itzuli gara gure egunerokotasunera, gure borroketara. Konpromisoak indartu ditugu, irudimena eta inteligentzia politikoa elikatu dugu, gorputz askeagoak gara eta Izarran elkartu baino lehenago ginenak baino askoz ere arriskutsuagoak gara orain.

"Kearekin hasi, sua piztea lortu eta gutako bakoitza su txiki batekin itzuli gara gure egunerokotasunera, gure borroketara"

Eta etortzerik izan ez duen jendearentzat mezua: askoren aurpegi alaiak ikustea besterik ez zegoen, bost egunez izan dugun giroaz jabetzeko. Zentzu askotan intentsitate handiko zerbait bizi izan dugu Izarran, askoz ere jende gehiagok honetaz gozatzea da helburua, hurrengoan gehiago izatea, herri mugimenduetako kideontzat gorriz markaturiko hitzordu ezinbesteko bihurtzea Iraultza Txikien Akanpada.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iraultza Txikien Akanpada
Argazki galeria |
Iraultza Txikien Akanpada iruditan

Uztailaren 19tik 23ra Iraultza Txikien Akanpadaren hirugarren edizioa ospatu dute Izarran (Araba). Antolatzaileek osatutako erreportaje grafikoaren argazki hautatuak dira honakoak.


Asteazkenean hasiko da Iraultza Txikien Akanpada, Izarran

Goizeko 8:00etan hasiko da egitaraua eta ez da geldituko bost egunez. Hitzaldiak, ekitaldiak, asanbladak eta otorduak antolatu dituzte, besteak beste. Herrian zehar guneen kokapena ezagutzeko mapa argitaratu, eta topalekuan izen emateko deia egin dute.


Uxue Urzelai, Iraultza Txikien Akanpada
“Borrokak eta herri mugimenduak saretu nahi ditugu Izarran”

Uxue Urzelai domaikiarrarekin hitz egin dugu. Asanbladako kidea da eta Iraultza Txikien Akanpadaren hirugarren edizioaren antolakuntzan parte hartzen ari da. Uztailaren 19tik 23ra bitarte egingo dute Izarran (Araban) eta Euskal Herriko herri mugimenduen topaleku izatea dute... [+]


Iraultza Txikien Akanpada uztailaren 19tik 23ra ospatuko dute Arabako Izarran

Asteazkenetik igandera bitarte dozenaka jarduerez betetako egitaraua aurkeztu dute. Hirugarrenez antolatu dute herri mugimenduak zein borrokak saretu eta indartzea helburu duen kanpaldia.


2023-05-31 | Hala Bedi
Ibai (ITA)
“Iraultza Txikien Akanpada zoragarria izaten da”

Igande honetan arratsaldeko 17etan ospatuko da Iraultza Txikien Akanpada antolatzeko VII. asanblada orokor irekia Izarrako kultur etxean.


Eguneraketa berriak daude