Statkraften “kode etiko sendoa” gezur hutsa dela erakusten duten hainbat gertakari

  • Statkraftek "kode etiko sendoa" omen du, ustez, "bere jardueraren bidez Norvegiako estatuaren beraren prestigioa kolokan dagoelako", Mikel Otero EH Bilduko trantsizio ekologikorako idazkariak modu tamalgarrian zabaldu duenez. Hori gezurtatzen dute, ordea, honako desmasia eta gertakari hauek.

Argazkia: Statkraft

2022ko urriaren 11n - 08:30

Statkraft eta Norvegiako Estatuaren erantzukizuna Laponiako Sami herri indigenaren eskubide kulturalak urratzeagatik, Fosen Vind makro-proiektu eolikoaren kasuan

2021eko urriaren 11n, Norvegiako Gorte Gorenak baliogabetzat jo zuen Fosen Vind mega-proiektu eolikoa garatzeko lizentzia, Trondelag eskualdean, Norvegia Erdialdean. Epaiak ondorioztatzen duenez, konplexu eolikoaren eraikuntzak elur-oreinen artzaintza-lurrak hondatu ditu, eta Sami herri indigenaren (herri laponiarra ere esaten zaio) kulturarako eskubidea urratu du. Statkraft da Fosen Vind partzuergoaren jabe nagusia ( % 52), eta bera izan da proiektua gauzatzearen arduraduna.

Fosen Vind kasuan, Norvegiako Estatua ere prozesu judizialaren parte izan da, akusatuen ordezkari gisa. Statkraft Norvegiako Merkataritza, Industria eta Arrantza Ministerioaren jabetzakoa denez, Estatuak demandatuen aldeko epaia nahi zuen, eta hori Petrolio eta Energia Ministerioak Fosen Vind enpresa-elkartearen alde egindako esku-hartzean nabarmena izan da. Norvegiako Gobernua kezkatuta zegoen auziak aurrekari bat ezar zezakeelako eta atzerriko inbertitzaileei (Crédit Suisse, adibidez, Fosen Vind-en partaide) emakida eoliko berrietan atzera eragin ziezaiekeelako. Konpainiarekin lerrokatu zen beraz apelazio-errekurtsoan. Era horretan, proiektuak aurrera jarraitu zuen samien komunitatearen salaketak entzun gabe. Aldi berean, ordea, Norvegiako Estatuak demandatzaileen giza eskubideak defendatzeko eta babesteko legezko erantzukizuna ere badu, Sami herri indigenarena. Hala ere, kasu honetan, balantza zentral eolikoen ustiapenetik eratorritako interes ekonomikoen alde makurtu zen argi eta garbi. Itzulingururik gabe esanda: Estatuak pertsonen gainetik dirua aukeratu zuen.

Epaia eman zenetik, samiek konplexu eoliko hori eraisteko eskatu dute, Europako handienetako bat dena. Instalazioak sei zentral eolikok osatzen dituzte, guztira 151 aerogerenadorerekin, 87 metroko altuerako dorreak eta 117 metroko diametroko errotoreak dituztenak. Baina gatazka ez da oraindik amaitu, Norvegiako Gobernuak epaiaren “ondorioak aztertzen" ari dela diolako, beste batzuek "erreparazio-neurriak" aipatzen dituzten bitartean; Fosen Vind partzuergoa, berriz, lasaitu egin da, konplexu eolikoak funtzionatzen jarraitu ahal izango duelako, beste abisu bat jaso arte.

Kasurik onenean, epaiak herri indigenei eta lurra erabiltzeko duten eskubide kulturalari erasaten dieten   eraikuntzak saihestuko ditu etorkizunean. Hala ere, Fosen Vind epaia eta hiru aste geroago, zentral eoliko berri bat eraikitzeko planak aurkeztu ziren Norvegiako iparraldeko Corgas udako artzaintza eremuetan, eta samiak beldur dira ez ote den leziorik ikasi.

(Datuen iturria, Carola Lingaas-en Wind farms in indigenous áreas artikulua)

Artikoan gas- eta petrolio-zulaketak abiatuko ditu Norvegiak

Norvegia da mendebaldeko Europako hidrokarburo-esportatzaile nagusia, eta aurtengo martxoan iragarri du petrolio eta gas bila zulaketak egingo dituela orain arte Artikoko Barents itsasoan esploratu gabeko eremuetan. Nahiz eta ingurumenaren defentsako taldeak irmo aurka agertu diren, Norvegiako Energia eta Petrolio ministroak adierazi du “petrolio industria garatzeko esplorazioak eremu berri eta erakargarrietara zabaltzea gobernuaren politikaren oinarrietako bat" dela. "Munduko ozeanoetako eremu erraldoiek esploratu gabe jarraitzen dute, hein handi batean, eta ziurrenik etorkizunean mineralez eta oraindik aurkitu gabe dauden beste baliabide batzuez hornitu ahal izango gaituzte", Norvegiako Kanpo Harremanetarako Ministerioaren webgunearen arabera.

Petrolioa eta gasa Norvegiako esportazio guztien % 40 dira, eta Gobernuak espero du konpainiek hamar bat erauzketa-plan berri aurkeztuko dituztela aurten, "inbertsioak errazteko egindako aldaketa fiskalaren ondorioz". Gobernuaren aurreikuspenen arabera, hidrokarburoen ekoizpena etengabe handituko da datozen urteetan: "Inbertsioek ekoizpen handia eta errentagarria ekarriko dute 2030era arte. Egungo planen arabera, orduan ekoizpena jaitsi egingo da. Zenbat eta nola azkar, besteak beste, konpainiek aurkituko duten petrolio eta gas kopuruaren araberakoa izango da".

Statkraften hazkunde asmoak

Statkraftek "energia berriztagarrien Europako lehen ekoizle " gisa aurkezten du bere burua, baina zehaztu behar da ia elektrizitate guztia zentral hidroelektrikoetatik lortzen duela, Norvegiako fiordoen (1000 fiordotik gora) eta Eskandinaviako mendikate luzetik itsasertzera jaisten diren ibai laster ugarien uraren indarra ustiatuz, alegia. Baldintza horietan, Norvegia izan da Europan energia hidroelektrikoaren ekoizle handiena, eta, historikoki, gai izan da Suedia, Finlandia, Danimarka, Errusia eta Herbeheretara elektrizitate-soberakin handi bat esportatzeko, mugaz gaindiko konexio elektrikoen bidez. 2014an, munduko itsaspeko konexio elektrikorik handiena eraikitzeko akordio bat sinatu zuen Erresuma Batuarekin, eta, gaur egun, Eskoziarekin eta Alemaniarekin lotzeko linea berriak aztertzen ari da. Ekoizle handiena Statktaft enpresa estatala da, instalazio hidroelektriko handienak dituena.

Statkraftek 1990eko hamarkadaz geroztik dihardu Europako merkatu nagusietan. 2018an sartu zen konpainia Iberiar penintsulako merkatuan, non "energia berriztagarrien hazkundea, bereziki eguzki-indar eta eolikoen alorretan, gure planaren zutabe nagusietako bat den 2020-2025 aldirako". 2021ean enpresaren ekoizpena % 8 hazi da eta 1.591 milioi euroko irabaziak izan ditu. "Gauzak horrela, finantza-sendotasun sendoarekin eta gure hazkunde-anbizioak betetzeko gaitasunarekin sartu gara 2022an" (Resultados de Statkraft para el ejercicio 2021). Beraz, Statkraften helburua da "Europa kontinentalean 2.000 MW-tan eta mundu osoan 8000 MW-tan hedatzea 2025erako, proiektu eolikoen eta eguzki-indar instalazioen bidez". "Iberia eskualdea izango da helburu hori lortzen gehien lagundu behar duen eskualdeetako bat", gehitzen duenez.

Sratkraften Galiziako "Prada" proiektu eolikoa

2021ean manifestazioak, martxak eta protestak egin ziren Galizian 300 bat zentral eoliko berri eraikitzeko Xunta tramitatzen ari den proiektuen aurka, horietako asko natura-, paisaia-, historia- eta arkeologia-aberastasun handiko eremuetan. Hain zuzen, Statkraftek Serra do Eixon eraiki nahi duen zentral eolikoa da aurkakotasun handiena sortu duenetako bat: proiektu hori (gaur egun "Prada Parke Eolikoa" deitzen dena) Galiziako mendirik altuena den Peña Trevincatik kilometro gutxira eraiki nahi du Statkraftek, Desarrollo Renovables Iberia Gamma izeneko bere filialaren bidez, Ourense eta Zamorako mugan. Kaltetutako ingurunea 1.400 metroko batez besteko altitudean dago, eta otso iberiarra edo arrano erreala bezalako espezieak daude. Milaka lagunek parte hartu zuten SOS Grobak deitutako martxa batean. "Ez gaude energia eolikoaren aurka, baizik eta mendiaren industrializazioaren aurka eta naturaren, paisaiaren eta pertsonen kaltetan energia-enpresei mesede egiten dien eredu energetiko harrapari baten aurka", dio Xilberto Manso SOS Grobako bozeramaileak.

Statkraftek energia eolikoko 443 MW instalatzeko asmoa du Ourense eta Lugoko mendietan, eta honako hau dio "Prada Parke Eolikoa"ri buruz bere web orrian: "171 MW-eko potentzia instalatuarekin,  horrek konpainiak Espainian duen lurreko proiektu eolikorik handiena bihurtzen du (...) Jarduten dugun proiektu bakoitzean, komunitateen aurrerabidean lan egiten dugu, partaidetza-planen eta tokiko beharrei erantzuteko neurrien bidez"... Ja!

Statkraften eguzki-indarreko planta erraldoiak

Irailaren 13an, Statkraftek Urkullu lehendakariari eta Arantxa Tapiari Gipuzkoan dituen proiektu eolikoak aurkeztu zizkien egun berean, Statkrafti eta Iberdrola bezalako beste enpresa batzuei "Iraunkortasun Bikaintasunaren Zigilua" eman zien Union Española Fotovoltaica delako erakundeak, "Talayuela Solar" izeneko planta fotovoltaiko erraldoian egindako ekitaldi batean. Milioi bat plaka fotovoltaiko baino gehiago eta 820 hektareako lurrazalera hartzen duen makro-azpiegitura hori Europako handienetako bat da eta Statkraft-ek kudeatzen du. "Talayuelan ekoitzitako eguzki-energia Badajoz hiriko 150.000 etxeri zerbitzua emateko edota etorkizunean Madril-Badajoz AHTri urtean 22.000 joan-etorri egiteko behar den energiaren antzekoa izango da”, "Ongi etorri Talayuela Solarrera" web orriaren arabera.

Talayuela Solar makro-plantaren eraikuntza Solarcentury britainiarrak hasi zuen 2020ko urtarrilean, gerora Statkraft enpresak erosi, eta honek berriz Encavis alemaniarrari saldu. Jakina, Talayuela Solar "erreferente" izateko diseinatu zenez, "ingurumen-inpaktuaren azterketa” eta “neurri zuzentzaile” lepo egin dira hondamendirako bidean: horrela, 312 hektarea "ingurumena babesteko" erreserbatu dira, non "zingira eta irla flotatzaileak eraiki diren hegaztiek habiak egiteko", baita "narrastientzako babeslekuak", "bisitariei harrera egiteko Naturaren Aretoa", etab. Geroztik, Statkraft Talayuela II eraikitzen ari da, beste 331 hektareako azalerarekin, eta, aldi berean, eguzki-indarreko beste hainbat makro-proiektu abian jarri ditu Extremaduran, Andaluzian, Valentziako Erkidegoan (non 435 hektareako mega-planta fotovoltaiko bat eraikitzeko asmoa duen Vinalopon, nahiz eta talde ekologistek ekintza judizialak abiarazi), Gaztela-Mantxan, Gaztela-Leon eta Murtzian... eta hori Galizian eta antza denez aurrerantzean Euskal Herrian ere badituen proiektu eolikoekin aurrera egiteari utzi gabe.

Independentzia energetikoa?

Jon Zayas, Statkraftek Euskadin dituen egitasmoen zuzendariak, Euskadi Irratian irailak 29an esan zuenez, Urolan eta Debagoienan egin asmo dituen zentral eolikoez gain, "proiektu gehiago dauzkagu Euskal Herrirako: denok batera lan egin behar dugu independentzia energetikoa lortzeko". Halaber, handik egun gutxira Azpeitiako "Uztarria" aldizkarian egindako elkarrizketan dio: "Ikusi da autokontsumoa ez dela nahikoa eta parke eolikoak behar ditugula Euskadi independentea izan dadin energia ekoizterakoan (...) Oso garrantzitsua da energetikoki independenteak izatea; horregatik dira horrelako proiektuak beharrezkoak".

Hau esatea guztiz faltsua eta demagogikoa da. Honi dagokionean, Fagor taldeko iraunkortasun arduradunak esandakoa aipagarria da, Norvegiako multinazionalaren egitasmoak eskaintzen dituen aukerak esploratzeko prest daudela adierazterakoan honako honetaz ere ohartarazi baitu: "Fagor taldeak Debagoienan dituen ekoizpen plantetan urtean 300 megawatt ordutik gorako kontsumoa du; eolikoen bitartez sortu beharko balitz kopuru hori, Statkraftek 200 megawatt baino gehiago instalatu beharko lituzke... baina berak proposatutako parkeak 25 megawatt baino ez ditu sortuko".

Harrigarria da, beraz, halako iruzur eta engainuaren aurrean isilik egotea. Statkraftek horrelako planteamenduak Euskadin eta ez beste inon aurkeztea moralgabea eta manipulazio hutsa da. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko energia-beharrak hornitzeko Lemoizko zentral nuklearra defendatzean izan zuen jarrera gogorarazi digu.

Bada, oraingoan gainean dugun trantsizio energetikoaren auzian, beharrezkoa da alternatiba energetikoak parametro produktibista eta desarrollistekin garatzen dituzten eta horren araberako eredu teknologikoak ezartzen dituzten sektore industrialek eta korporazio handiek eragindako energia berriztagarrien perbertsioa baztertzea. Horren aurrean, trantsizio energetikorako eredu deszentralizatu bat defendatu behar dugu, garapenerako eta kontsumorako mugak onartzen dituena, desmerkantilizatua (energia ondasun komun gisa hartzen duena, eta ez salgai gisa), sozialki zuzena eta natura errespetatzen duena.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Oasiaren ondorena

Nobedadea izan ohi da Durangoko Azokari lotzen zaion hitz entzunenetako bat. Nobedadea han, eta nobedadea hemen. Zenbaitetan, ordea, lehengokoari beste itxura ematea aski izaten da etiketa hori itsasteko. Talentu berriztagarriz birmasterizatutako CDek eta berrargitalpenek badute... [+]


Euskararen Eguneko manifestu bat

Euskara txikitasunean handia den ur emaria dugu. Bertako tanta bakoitzak gure kultura ureztatzen eta biziberritzen du. Egarri den hari itsaso bete ur eskaini. Euskara putzu sakon eta ilun batetik etorri izan bada ere, guztiok atera dugu gure ur-gazi lagina, eta guztiok bilakatu... [+]


Frantziara eta Espainiara bidean

Azaroaren erdialdean ARGIA komunikabidearen efemeridearen bitartez gogoratu dut espainiar selekzioan jokatzen jarraitzeko ukoa duela 25 urte egin nuela. Efemeride horrek atzera begiratzeko eta hausnarketa egiteko aukera eman dit.

Nazioarteko Kirol lehiak herrialdeen arteko... [+]


2024-12-20 | Hainbat egile*
Pornografia gaztetan

Gazteak gero eta lehenago hasten dira pornografia kontsumitzen; izan ere, bere sexu heziketa bakarra da pornoa. Nola demontre heldu gara honaino?

Gaur egun, onartu behar da Interneti esker pornografia ikustea askoz errazagoa dela. Tamalez, klik baten bidez 7-9 urte arteko... [+]


Idazkaritzak eta kontuhartzailetzak: joko arauak partidaren amaieran aldatzeaz

Joan den abenduaren 5ean, PPk lege proposamen bat aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako toki entitateetako Idazkaritza eta Kontu-hartzailetza lanpostuetan funtzionarizazioa lortzeko prozesuak bereizteko. Hori gertatuko balitz, 30 pertsona inguruk merezitako... [+]


Torturaren biktimak existitzen dira. Eta egileak?

Nazio Batuek abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zutenetik 51. urteurrena bete da aurten. Data horrek garrantzia hartu du Euskal Herrian eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokitik gogoetarako zenbait elementu eskaini nahi ditugu.

Nazioarteko... [+]


Ainubean

Bazen behin kulturaren gordailu bilakatu zen herria. Denboraren poderioz, munduko agintariek kultura adierazpide ororen aurka hartutako neurri murriztaileen erruz, herrien garra, sormena eta irudimena amatatuz joan ziren, emeki-emeki kandela bat bailitzan. Hala ere, herrialde... [+]


Elon Musk gaiXtoa eta egiaren zaintzaileak

Elon Musken presentzia hedabideetan gora doa, suziri baten moduan, Etxe Zuriko lorategian lurreratu ostean. Lortzen ari den botereaz eta influentziaz asaldatuta omen daude beste botere batzuk eta, bere eragina gutxitzeko asmoz, X sarearen kontra kargatu dute. Azken asteetan The... [+]


Emakumeak, herri indigenak eta natura: giza eskubideen aldeko borrokaren lehen lerroan

Gure eskubideak, gure etorkizuna, orain! lelopean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunak 76 urteetako ondarea ospatzen du. Egunak mundu baketsuagoa, berdinzaleagoa eta jasangarriagoa eraikitzearen alde egitea du xede. Hala ere, aurrerapenak ospatzen diren bitartean, babesturik... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Gure gorputza gudu zelai bat da

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]


Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Andoni Burguete
Etekin egarriak itotzen duenean

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]


Eguneraketa berriak daude