SOS Palestina


2023ko urriaren 23an - 17:27
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Nazioartera begira, egun desatseginak izaten ari dira. Zailak. Tristezia eta amorrua neurri berean (handian) sentitzekoak. Etorriko denarekiko, hurrengo berriekiko, beldurra. Errealitate gordinak susmo txarrenak ere gainditzea. Behin eta berriz. Egunez egun. Modu anker eta injustuan.

Illinois hirian (AEB), 71 urteko “gizon” batek 6 urteko haur bat erail du, 26 labankada emanda. 6 urteko umea! 26 labankadarekin! Soilik palestinar jatorriko familia batekoa izateagatik! Ez dut topatzen (nik uste ez dagoela) halako gertakari bat eta eragindako mina deskribatzeko hitzik.

Ez naiz aditua Ekialde Hurbileko aferatan. Baina komunikabide, alderdi politiko eta botere-gune askotatik errealitatearekin bat ez datozen kontakizun, argudio eta interpretazioak errepikatzen ari zaizkigula ikusten dut. Israelen krimen eta sarraskiak zurituz bezala.

Hala, datuetan oinarrituz, argudio interesatu eta desitxuratu hauek agerian utzi nahiko nituzke:

“Gatazka urrian piztu da, Hamas-en erasoaren ondorioz”.

Palestina eta Israelen arteko gatazka ez da 2023ko urrian hasi. Eta ez du Hamas-ek egindako erasoak piztu. XX. mende hasierara jo behar da bere jatorria ezagutzeko. 75 urte baino gehiago atzera egin behar da palestinarren aurkako jazarpen, zapalkuntza, okupazio eta umiliazio sistematikoaren hasiera topatzeko. 2023an bakarrik, urria baino lehen, 237 palestinar erail zituzten israeldarrek (batez beste eguneko pertsona bat), horietatik 50 haurrak. Hamas sortu baino hainbat hamarkada lehenago, jada gatazka bere gordintasun guztian existitzen zen; Hamas gatazkaren sortzailea baino, gatazkaren ondorioetako bat da.

“Hamas eta Israelen arteko gerra bat da”.

Ez da bi alde berdinen arteko guda; baliabide ugari, armada indartsu bat eta potentzia handien erabateko babesa duen estatu bat, defenditzeko ia aukerarik, mediorik zein babesik ez duen herri oso baten aurka urte luzez aplikatzen ari den genozidioa, garbiketa etnikoa baizik. Askotan aipatu izan den “tankeak harrien kontra”. Gatazkan hil den israeldar bakoitzeko 20 palestinar izan dira erailak (2008tik aurtengo iraila arte, 6.407 palestinar eta 308 israeldar). Eta gatazkaren hasieratik bi aldeen arteko arrakala hori etengabe handituz joan da.

“Israelek, biktima moduan, defenditzeko eskubidea du”.

Nazismoaren biktima nagusi izandakoen oinordekoak faxismoaren adibide garbien bilakatu dira

Israel da 1948tik etengabe palestinarrak erasotzen eta apartheid erregimena aplikatzen ari dena. Eta eraso horiek etengabe jasaten ari direnak Palestinako herritarrak dira. Ondorioz, biktima izendapena eta defenditzeko eskubidea, existitzekotan, palestinarrek eduki beharko lukete. Nola uler daiteke 75 urte erasoak egiten ari denak bere burua biktimatzat azaltzea eta defenditzeko eskubidea aldarrikatzea? 1948tik 6.000.000 palestinar errefuxiatu eragin dituzte Israelen erasoek. Israel ilegalki palestinarrei lurrak kentzen eta koloniak eraikitzen joan da, palestinarrak euren lur eta etxeetatik kaleratzen. Legez kanpoko harresiak eraiki dizkiete, mugitzeko eskubidea ukatu diete… Guztia inpunitate osoz.

“Israel Hamasen puntuak, kokaguneak, soilik ari da erasotzen”.

Israelen erasoak ez dira Hamaseko kideetara mugatzen; batez ere, eta nahita, Palestinako zibilen aurka jotzen dute. Horren erakusle garbia da ospitaleak, anbulantziak, eskolak, etxebizitzak, okindegiak, GKEen egoitzak… bonbardatzea. Urriko erasoetan Israelgo Estatuak gutxienez 4.400 hildako eta 14.000 zauritu eragin ditu lehen 10 egunetan, horietatik ia denak zibilak, eta %70 (bai, 10etik 7) haurrak, adinekoak eta emakumeak. 6.000 bonbatik gora jaurti ditu Gazara. Gutxienez 55 familia oso-osorik erail ditu. 20 langile humanitario zein kazetariak ere erail ditu. Eta 1.400.000 pertsonak Gazako euren etxeetatik alde egin behar izan dute.

“Israelen helburua Hamas taldearekin amaitzea da”.

Aurrez aipatu datuak ikusita, Hamas taldearekin baino, palestinar guztiekin akabatu nahi duela ondorioztatu daiteke. Eta urriko ofentsiba hau, xede hori lortzeko aspalditik martxan duen estrategiaren beste pausu bat dela. Bonbekin eta tiroekin erailtzen ez dituztenak, gosez, egarriz edota sendagai faltagatik erailtzen ari dira.

“Israelek bakea nahi du”.

Israelgo Estatuaren estrategia izan da, lehen unetik, indarkeria, erasoak, gerrak. Eta gatazka konpontzeko egin diren Bake Akordio denak hausten, kasurik ez egiten eta nahi duen guztia egiten aritu da. Nazioarteko legedia urratu du etengabe, NBEren ebazpenak apurtu… Eta egungo gobernu sionista ultraeskuindarrarekin egoerak okerrera besterik ez du egin. Gazan animaliak bizi direla, eta animalien tratua jasoko dutela esan du israeldar ministro batek. Hortxe euren bake estrategia.

“Herrialde batzuk Israel babesten dute eta beste batzuk Palestina”.

Oso desorekatua da batzuk eta besteek duten nazioarteko babesa ere,kuantitatiboki zein kualitatiboki. Munduko potentzia handienek (AEB, Europar Batasuna) Israelen ekintza denak zuritzen dihardute, euren negozioek zein interes ekonomikoek, geopolitikoek gidatuta. Dena onartzen eta justifikatzen diote Israeli. Oraingoan, Israelekin harremanak eten beharrean, Palestinarako giza laguntza blokeatzea izan da erantzuna. Non geratu dira duela gutxi beste eraso batzuen aurrean azaldutako jarrerak eta erasotzaileari jarritako zigor eta betoak? Garbi dago ez dela begiratzen zer egiten den, nork eta nori egiten dion baizik.

“Bi aldeek dute erantzukizuna eta bien artean konpondu behar dute gatazka”.

Egoeraren erantzukizun nagusia genozidioa aplikatzen ari denarena, hots, zapaltzailearena, dela ezin da ezkutatu. Horrenbestez, Israelengan jarri beharko litzateke fokua, eta euren eraso den-denak amaitzea exijitu berehala.

Gaza infernu bilakatuta zegoen urria baino lehen ere, 2006tik Israelek jarritako blokeoa medio. Aire libreko munduko espetxe handiena bezala ezaguna da, non bizirautea beste aukerarik ez duten hain espazio txikian bizi ziren 2.000.000 pertsonak, erdiak haurrak. %45etik gorako langabezia tasa, %65 pobrezia egoeran… Azken egunotako eraso ikaragarri horiek eta gero, ezin dut irudikatu hango egoera…

Horrenbestez, Israelgo Estatuak gerra krimenak eta gizateriaren aurkako ekintzak egiteari utzi behar dio. Haurrak eta errugabeak hiltzeari utzi behar dio, behingoagatik. Nazismoaren biktima nagusi izandakoen oinordekoak faxismoaren adibide garbien bilakatu baitira.

Palestinarrek existitzeko eskubidea dute. Eta bakean bizitzeko eskubidea.

Eta nazioarteak du(gu) giltza: begiak itxi eta isilik mantentzeari utzi behar dio(gu), behingoz. Bestela, Illinoiseko ekintza latz horrek, Israel eta palestinarren arteko gatazkaren metafora izaten jarraituko du. Hots, 71 urteko gizon armatuak, 6 urteko haurren aurka.

Aitor Irigoien Odriozola

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Andoni Burguete
Etekin egarriak itotzen duenean

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


2024-11-22 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (II)

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]


Umandi izena eta izana

Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]


Memoriadun euskara

Autobiografia idaztea omen da garapen pertsonalerako tresnarik eraginkorrena, askatzaileena. Iraganeko kontuei tira egin eta gogora ekartzeak, orainaldiko korapiloak askatzen laguntzen omen du. Bai, laguntzen du orainaldia ulertzen eta komeni zaigun etorkizun bat marrazten... [+]


Etorkizuneko apustua

Pandemiaren iragarpenetik Valentziako tragediarainoko errepasoa egin eta ondorioztatu dut gezurra eta forupea suhesi gisa dituen kudeaketa instituzional negargarria klase gobernariaren konstantea dela.

Ez dugu gobernari ordezko baliogarririk sistema pendular hau aldatzen ez... [+]


2024-11-20 | LAB sindikatua
Garraiolariok ere komunera joan beharra dugu

Azaroaren 19a komunaren munduko eguna da. Gaur oraindik ere, XXI. mendean, langile askok, hemen, Euskal Herrian bertan, ez daukate haien lanaldietan komuna erabiltzeko eskubidea. Horren adibide dira garraioko langile asko.

Komunak osasun publikoaren giltzarria dira, eta... [+]


Etxebizitzaren iruzurra

Etxebizitzaren auzia aspalditik datorren egiturazko arazoa da. Giza eskubidea izan behar lukeena, gehienez ere eskubide subjektiboa baino ez da. Iruzurra dela diot instituzio eta alderdi politiko guztiek hitz politak esan arren, ez diotelako muinari heltzen. Egun, enpresa... [+]


Doakotasuna itunpeko ikastetxeetan: zer dela eta?
Zertarako irakaskuntza kontzertatua?

Eskola publikoko eragile gehienen kontra EAEn onartu den Hezkuntza Lege berriak irakaskuntza kontzertatuaren doakotasuna bermatzea du helburu, beti ere botere publikoen finantzaketaren bidez, jakina. Espainiako Estatuan ere gobernukideek... [+]


2024-11-15 | Gorka Julio
S2 - Sareak berreskuratu eta berrasmatu

Azaroaren 15ean Errenteria-Oreretan Euskal Herria Digitala osatzen dugun eragileek antolatutako hirugarren jardunaldiak egingo ditugu. Autodefentsa digital feminista lantzeko tailer bat eta digitalizazio demokratikoa oinarri izango duen hitzaldi bat izango dira... [+]


Eta indarkeria matxistaren biktimak zer nahi dute?

Aste batzuk daramatzagu hedabide eta sare sozial guztietan Iñigo Errejoni indarkeria matxista batzuengatik egindako akusazioei buruzko iritziak entzuten. Horrekin batera, eztabaida asko sortzen ari dira: nola salatu behar dugun emakumeok, nolakoak izan behar duten gure... [+]


2024-11-14 | Josu Iraeta
Borondate kolektiboaren bidetik

Badira hauteskundeek erabaki politikoei legezko izaera emateko baino ez dutela balio diotenak. Eta ez dira gutxi horrela pentsatzen dutenak. Bale, baina horrekin gauza asko esaten dira, besteak beste, benetako agintea, boterea, joko horretatik kanpo dagoela.

Baina –nire... [+]


Biharko Euskal Herria eraikitzen

Azken hamarkadotan euskalgintzan jardun izan dut, dela helduen euskalduntzean AEKn, dela hizkuntza-eskubideen defentsan Behatokian, dela euskararen normalizazioaren alde Euskalgintzaren Kontseiluan. Den-denetan egokitu zait euskalgintza edota herrigintza auzitan jartzen zutenen... [+]


Eguneraketa berriak daude