Son Gokuk euskararen alde borrokatu zuenean gaztelera garaitu arte: euskara, marrazki bizidunak eta globalizazioa

  • 90eko hamarkadan erlijio bilakatu zen Euskal Herrian Dragoi Bola eta umeek euskaraz ikusten zuten egunero bere telebista saio kuttunena. Aldi berean, gazteleraz ematen ez zutenez, haur espainiar asko hizkuntza gutxituetara jarri ziren begira. Igandean Dragon Ball Super Broly eskualdean estreinatuko dutela baliatuta, hona hemen hausnarketa bat euskararen zabalpenerako estrategiari, marrazki bizidunei, globalizazioari eta Interneti buruz.

Son Gokuren abenturek euskara hainbat umeren egunerokotasunean txertatzeko balio izan zuten. Egilea: Aimar Gutierrez

2019ko otsailaren 20an - 11:21

Otsailaren 24an, igandean, estreinatuko dute Orozkon Dragon Ball Super Broly eta berehala oroitu dut zer nolako fenomenoa izan zen Euskal Herrian Dragoi Bola.

Akira Toriyama manga egileak sortutako telebista saioa ETB1ean eman zuten lehenengo aldiz 1990ean eta bere arrakastak ez du onartzen inolako zalantzarik. Jolastokietan Son Goku eta bere lagun eta etsaiei buruz urte luzez hitz egin zen, baita bere borroka teknika bitxiak kopiatu.

Ariketa horretan, kolpe harrigarriak kopiatzeko orduan, batzuek besteek baino arrakasta gehiago izan dute. Aratz Garmendia Okondon bizi den MMAko borrokalari profesionalak gogoratzen du bere existentzian eragin handia izan zuela saioak: "Etxekolanak egin ostean, egunero ateratzen nuen tartetxoa Dragoi Bola ikusteko eta nire gurasoen zigor handiena zen saioa ikusten ez uztea. Nik uste dut txikitan egiten duzunak eragina duela zure etorkizunean. Nire anaiak Oliver y Benji ikusita erabaki zuen futbolari profesionala izatea, eta ni Son Gokuri esker naiz borrokalaria".

Gainera, ETBk ez zuen bakarrik saioa eskaini, telebistarako egindako filmak ere eman baitzituen; Garlic eta Bardock pertsonaien historiak azaltzen zituztenak, besteak beste. Azken hori Son Gokuren aita zen.

Hala ere, Dragoi Bolaren garaipena ez zen bakarrik izan kultura japoniarra hainbat haurtzaroren erdigunean jartzea, baizik eta, bereziki, euskara berarekin eramatea, zorioneko Troiako zaldia izango balitz bezala.

Son Gokuren abenturei esker, gune nagusiki erdaldunetan bizi ginenok ere ohitu ginen berehala hitanoa entzutera eta modu naturalean onartzera euskararen aberastasuna, kolokan jarri gabe zergatik ez genuen euskara mota hori gure klaseetan entzuten.

Horrela, euskara tresna hegemonikoa bilakatu zen arratsaldero Euskal Herrian gazte belaunaldi batean, gutxienez. Erlijio baten moduan, umeek ordu erdiko tartea egiten zioten egunero Dragoi Bolari, eta futbolak bere lekua hartzen zuenean, kirol erregea bihotzez gorrotatzen zuten. Fideltasun hori egun ezinezkoa da jadanik gizarte globalizatu honetan.

Gaztelerari aurre

Dragon Ballen arrakastaren ondorioz, Estatu Espainiarreko hainbat umek lehenengo aldiz erreparatu behar izan zieten elementu exotiko eta baztertu horiei; hizkuntza gutxituei, alegia, Konstituzioak aipatzen dituenak, baina euren gotorlekuetan zokoratuak bizi direnak.

Izan ere, zenbait urtez haur espainiarrek ezin izan zuten Dragon Ball gazteleraz jarraitu eta bere burua behartuta ikusi zuten kataluniarrez (Bola de Drac), galiziarrez (As boas maxicas) edo euskaraz (Dragoi bola) kontsumitzera. Gazte espainiar horiek hurbilen zuten kate autonomikoak hartzen saiatzen ziren, edota Katalunian, Galizian eta, kasurik okerrenean eurentzat, Euskal Herrian zituzten senideei eskatzen zieten atalak grabatzea VHS zintetan.

Egun guztiz ezinezkoa ematen duen arren, horrela gertatu zen telebista kate autonomikoen trebeziari esker eta bestelako gertakarien ondorioz.

Berez, FORTA plataformak (telebista autonomikoak batzen dituena) apustu handia egin zuen Akira Toriyamaren lanaren alde eta jarraitzaileek arrazoia eman zioten. Dirutza ordaindu behar izan zuen, antza.

Egia esanda, animazio saioa eskaini zuen lehenengo kate autonomikoa Canal Sur izan zen, 1989an, arrakasta handirik gabe. Hurrengo urtean ekin zioten Katalunian, Euskal Herrian eta Galizian igortzeari eta orduan bai, oihartzun nabarmena erdietsi zuen. Hain handia izan zen, ezen Canal Surrek berriro ekin baitzion emateari, eta Telemadridek erabaki bera hartu zuen.

Zentsura

Hori bai, gaztelerazko emankizunek ez zuten asko iraun, eskuineko hedabideek –aintzat hartu PSOEk agintzen zuela Madrilen zein Andaluzian–, guraso elkarte ugarik eta IUk ere Dragon Ballen aurka jo zutelako; oso garestia zelakoan eta, bereziki, oso bortitza.

Aipatu beharra dago garai horietan generoari ez zitzaiola erreparatzen, baina emakumeen protagonismoari buruz ere luze idazteko aukera legoke, Bulma protagonistak kutsu erotikoa jartzeko besterik ez baitzuen balio askotan. Hori bai, maiz pertsonaiaren batek konfiantza gehiegi hartzen zuenean, Bulmak autodefentsa feminista aktibatzen zuen eta zaplaztekoa ematen zion.

Hautsak harrotu bazituen ere, ez dago soberan azaltzea animeak zentsuraren artazia ezagutu zuela hedabideek eta alderdiek ezer esan baino lehen. Dragoi Bola jadanik "moztuta" heltzen zitzaigun Europatik, bere banatzaileak horrela erabaki zuelako. Horrez gain, telebista bakoitzak nahi zuen moduan erabiltzen zuen zentsura.

Dena den, FORTAk Europako emisioak erosten zituen eta Frantziatik etorrita, zenbait pasarterik gabe eskaintzen ziguten. Hala ere, bistakoa da animea oso bortitza zela. Halaber, zenbait pasarte erotiko bezain komikoak zituen; "fans service" deitzen direnak. Dena den, horrek zentsura merezi duen edo ez eta zergatik bestelako eztabaida da.

Edonola ere, Europatik horrela heltzen zela jakiteak kendu dit nire buruan urte luzez egondako susmoa. Berez, Dragon Ball manga (hau da, paperean) argitaratzen hasi zirenean, konturatu nintzen Satan Txiki ez zela, lan originalean, horrela deitzen, baizik eta Piccolo.

Satan Bihotz Txiki edo Pikolo?

Auskalo zergatik –pertsonaia berdea zen eta ezin maltzurragoa, askoz geroago jatorra bilakatu baino lehen– niretzat izen aldaketa hori agertzen zen Guardia Zibila ez iraintzeko saiakera moduan. Pentsa ezazue ETBko arrakastarik handienari esker umeek pikolo hitza ikastea tipo zital bat identifikatzeko. Ziurrenik norbaiti ez litzaioke ondo irudituko. Carlos Urquijori, adibidez.

Ordea, apur bat ikertuta, sumatu dut, antza, frantseseko itzulpenak aintzat hartuta horrela bataiatu zutela pertsonaia Euskal Herrian, baita Katalunian ere –Satanas Cor Petit han–.

Gazteleraz 1997an

Gure kontakizunera itzulita, salaketa kanpainak bukatu zuen gaztelerazko emisioekin 1997ra arte, une horretan erosi baitzituen Antena 3ek eskubideak gazteleraz.

Hala eta guztiz ere, 6 urte horiek izan ziren Dragoi Bolaren sukarraren bolada kritikoena eta tarte horretan eman zen esplotazio nagusiena (pegatinak, promozioak, kromoak...) gure herrian, behintzat.

Dudarik gabe, euskararen alde asko egin zuen telebista saio horrek urte goxo horietan. Nola ez, kasualitateak zerikusi handia izan zuen, baina garai horretako ikus-entzunezkoen egoera eta telebista autonomikoen apustu estrategikoek ere garrantzia izan zuten.

Bizitza lau telebista kateetan banatzen zenean

Irakurle millenial gazteok, hotzikara sortuko dizuen garai bati buruz idatziko dizuet: Internet gabeko aroa. Telebista autonomikoak sortu arte –ETB 1982koa da–, TVEak besterik ez zuen agintzen Estatu espainiarreko ikus-entzunezkoen artean. Ez da harritzekoa, hortaz, kate autonomikoak batzea bere nagusitasunari aurre egiteko.

Hori apurtzeko zutabe garrantzitsua izan zen umeen programazioa. TVEk apustu inportanteak egin zituen –David el Gnomo, Barrio Sesamo, Bioman, Los Caballeros del Zodiaco...–, baina bere aurkariak ez ziren atzean geratu, bitarteko ekonomiko urriagoak bazituzten ere. Argi dago FORTAren garaipen handiena Dragon Ball izan zela, baina ETBk igorritako marrazki bizidunen zerrendari begirada emanez gero, ezuste interesgarriak topatuko ditugu. Ezinezkoa da guztiak aipatzea, 500 kontratazio baino gehiago egin baitu euskal telebistak, baina zertzelada batzuk eman daitezke.

Hasteko, 1985etik aurrera jadanik gurasoak diren askoren buruetan dauden saioak ekarri zituzten Japoniatik: Dotakon, King Arthur, Captain Harlock...

Ez ziren falta hasieratik Hanna Barbera faktoriako lanak: The Herculoids, The flinstones, Yogi...

Unean uneko black explotationa –Mr T–, eta nazioarteko filmeen ospea ustiatzea bilatzen zutenak ere: Robocop, Rambo, Conan edo Ewokak.

Lehenengo urte horietan ezagutu genuen Akira Toriyamaren estreinako arte lana: Dr Slump. Arale robota zen protagonista –Dragoi Bolan agertu zen crossover lisergiko batean– eta askok oroituko dute gorotz arrosa bat zelako pertsonaietako bat.

Komikien klasiko europarrek ere bere tartea izan zuten: Tintin, Pottokiak edo Asterix eta Obelix... baita DC Cómics-ekoak: Batman, Superman eta Aquaman, esaterako.

Komiki eta jostailuei lotutako animazio arrakastatsu gehiago erakutsi zizkiguten urte haietan: Transformers, Gi Joe... edota Snorkelak ere.

Nabardura txiki bat. Hemen liberalismoaren eragina sumatzen hasi zen. Izan ere, Ronald Reagan presidente estatubatuarrak ireki zien atea jostailuak ziren marrazki bizidunei. Errepublikarrak hori baimendu baino lehen, telebista amerikarrek ezin zuten horrelakorik igorri, ezkutuko publizitatea baitzen.

Garaiko beste apustua izan zen Ninja Dortoka Gazteak. Fanzinean sortu zen ideia arrakasta handiko saga bilakatu da: filmak, komikiak eta telebista saioak agertu dira. Clan TVn bere azken bertsioa emititu bada ere, duela 20 urte baino gehiago agertu ziren lehenengo aldiz gure inguruan ETBren eskutik, euskaraz.

Kate pribatuen agerpena

Edonola ere, ikus-entzunezko hurbileko historian, 1990tik aurrera egoera okertzen hasi zen. Liberalismoak ezarri zuen telebista emisioen esparrua ekimen pribatuei ireki behar zela. Hortaz, telebista kate publikoen aurkako lehiari gehitu zitzaion orduan kate pribatuen agerpena. Tele5k, Antena3ek eta Canal Plusek irauli zuten ikus-entzunezkoen mundua Estatu Espainiarrean. Ez soilik dirutza zutelako horretarako eta umeen marrazki bizidunen eskaintzan zer esaterik zutelako (Captain Sutbasa, hau da, Oliver y Benji futbol jokalarien abenturak ekarri zituen Tele5k. Chicho Terremoto, Cops, Ranma 1/2 eta zerrenda luzea etorri ziren emisio pribatuekin).

Berez, kate pribatuen eraginez telebistak tabu guztiak apurtu zituen lasterketa zital batean eta telezaborra bilakatu da, denboraren poderioz, araua. (Gazteenek, zorionez, ez dituzte ezagutu Gil y tal y tal –Mamma Chichoekin–, Esta noche cruzamos el Missisipi edo geroago Crónicas Marcianas, zabor hutsa guztiak).

Gauzak horrela, ETBk apustu irmoa mantendu zuen umeentzako programazioan eta, esan bezala, hasierako urte horietan Dragoi Bola izan zen hedabidearen harribitxia.

Horrez gain, inbertsioak egiten jarraitu zuen arrautz guztiak saski berean ez izateko.

Animaziozko klasikoak kontratatu zituen: Isidoro, Popeye, Pantera arrosa, Doraemon, Tom eta Jerry, Lucky Luck, Garfield, Vicky Vikingoa, Inurri atomikoa...

Hello Kittyrekin agian aitzindariegia izan ziren gerora piztu zuen sukarra ikusita eta pelikulen explotationak ere ez zituzten baztertu (The real ghostbuster, The Addams family, Karate Kid, James Bond Jr.).

Gure kontzientzia ekologikoa pizten ere saiatu zen ETB Captain Planeti esker. 90. hamarkadako hasiera horietakoak ere badira beste ekoizpen arriskutsuagoak: Tales from the cryptkeeper, Cadillac and Dinosaurs, Ren eta Stimpy, Rugrats, Dinoriders (hauek agian gogoratuko dituzue jostailu ikaragarriak sortzen zituztelako) eta superheroei lotutakoak: Spiderman, Fantastic Four edota Spiderwoman.

Sentaiari ere tarte bat egin beharra dago. Lizun maiteok, sentai generoak ez dauka hentai ekoizpenarekin –animazio japoniar pornografikoarekin– zerikusirik. Zehazki, Power Rangers eta horrelako telesailekin harremana dauka. Eredua beti da bera eta 80. hamarkadatik errepikatzen da.

Urtero sortzen duten saio horretan trama beti bera da: gazte talde bat hautatua izaten da Lurra defendatzeko inbasio estralurtar eta maltzurraren aurka. Horretarako mozorro koloredunak dituzte, ezpatak eta pistolak eta robot erraldoiak.

Esan bezala, Super Sentai Series telesaio hori urtero ekoizten dute Japonian eta gaia, mozorroak, robotak eta protagonistak denboraldiro aldatzen dituzte. Batzuetan jantziak eta robotak animaliei buruzkoak dira, beste batzuetan dinosauroei edo piratei egiten diete erreferentzia.

Gauzak horrela, gaztelaniaz bi telesaio famatu eman zituzten; Bioman eta Power Rangers. Gogoratu behar da Power Rangers bertsio amerikarra dela eta irudi guztiak, salbu protagonistak mozorrorik gabe agertzen direnean, jatorriz Super Sentai Serie japoniarretik hartuak direla, hau da, ez dela batere originala, copy pastea baizik.

ETBren erantzuna horien aurrean Jetman izan zen. Egun ikusita, saioa ez da ondo zahartu eta baten batek begiak kentzeko tentazioa sentitu dezake. Ordea, zenbait adituren arabera, denboraldi hori onenetakoa da. Hortaz, hautaketa ez dirudi itsu-itsuan egin zutenik.

Inbertsio gehiago

90. hamarkadako bigarren zatian ere inbertsioek jarraitu zuten telebista euskaldunean: Transformers, Sherlock Holmes, Street Fighter, X-Men, Tintin, Dungeons and Dragons...

Baina 2002. urtera arte ez zuten lortu zerbait deigarria: Shin Chan. Hori izan zen ETBk animazioari eman zion azken elementu freskagarria. Horren ondoren, kontratatutako ekoizpenak maiz berritasunera jo ordez, nostalgiaren norabide atzerakoia hartu dute: Marco, Heidi, Calimero, Doraemon... Salbuespen gutxirekin: Totally Spies, Pokemon edo Shaun ardia.

Gaur egun, nabarmendu bezala, ETBren apustuak animazioaren esparruan indar ia guztia galdu du. Shin Chan ume bihurriaren abenturak euskaratu zituen eta hautsak harrotu zituen apur bat XXI. mende hasieran, eta hori izan bere azken arrakasta. Argitu beharra dago Shin Chanek ospe ona zein txarra izan zuela. Izan ere, ume horren iruzkinak eta portaerak maiz mikromatxistak baino gehiago ziren. Hala ere, publikoaren harrera ona izan zen eta, besteak beste, euskarazko diskoa plazaratu zuten: Shin Chan Dance.

Geroago anbiziozko erabaki gutxi hartu ditu kateak eta Dragoi Bolaren arrakasta errepikatu nahian One Piece manga erosi zuen, emaitza bereziki onak erdietsi gabe.

Une hauetan ETBk ez dauka estrategiarik euskara marrazki bizidunen artean txertatzeko eta dituen kanalak begiratzea besterik ez dago hori berresteko. Gazteleraz ez diren kanalak noraezean doaz eta nahasmen horren barruan marrazki bizidunek nekez lortzen dute umeen arreta erakartzea.

Horrez gain, badirudi marrazki bizidunak bikoiztera bideratutako orduak izugarri murriztu dituela EITBk –100 ordu urtera–, eta horren ondorioz bikoizleek greba abiatu dute, horrelako klip bitxiak ekoiztuta:

Baina, esan bezala, Doraemon edota Dragoi Bola ia ariketa nostalgikoak dira –gogoratzen dut Alfredo Remirezek aipatu zuenean Akira Toriyamaren telebista saioaren atalak ikusten zituela Julen Ibarrolarekin espetxean– eta globalizazioak eta Internetek kontsumo ohiturak aldatu dituzte. Alde batetik, badaude umeen eskaintzan zentratu diren kateak (ClanTV, Boing...) eta Internet zerbitzua eskaintzen dituzten plataformak ere harrigarriak dira arlo horretan.

Bestetik, umeek zein gurasoek ez dute hurrengo egunera itxaron behar atal berria ikusteko, YouTuben bilatzen badute, han ase dezakete jakin-mina. Telebistetatik harago, bestelako errealitatea da YouTube, entretenimendua eskaintzen du sakelakotik hainbat hizkuntzatan.

Abiadura bizian aldatzen diren kontsumo ohituretan gero eta zailagoa da eragitea eta orain arteko estrategiak emaitzaren bat eman bazuen, ez dirudi etorkizunean horrela izango denik. Kanpotik eta handitik –hau da, ekoizpen atzerritarra bikoiztuta– esku hartzea agian ezinezkoa da XXI. mendean.

Berez, Interneten dena topatu daiteke gazteleraz edota ingelesez (globalizazioak horretan ez du gupidarik). Ematen du eragiteko aukera bakarra izan daitekeela tokitik eta txikitik lan egitea, ekoizpen propioekin, hain zuzen (apustu gutxi egin zituen ETBk; Fernando Amezketarra edo Txirrita baino ez), eta euskal industria garatuta.

Horretarako, borondate politikoa ezinbestekoa da eta hizkuntza komunitatea eraikitzeko ikuspegia. Hau da, jakitea zein balio transmititu nahi diren eta zein hizkuntzan, egokitzen zaion estrategia garatu eta gauzatu ahal izateko: gidoia, animazioa, publizitatea...

Tamalez, formula hori ez bada erabiltzen EITBn oro har –salbuespenak salbuespen, Herri txiki, infernu handi bezala–, nekez abiatuko da marrazki bizidunekin.

Hala ere, badirudi euskarak arrakastaren bat izateko, bere eredu propioak bilatu beharko dituela (Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek edo Berri Txarrak taldeak egin bezala), kanpoko ekoizpena euskaratzearekin ez baita nahikoa izango. Joseba Sarrionandiak gogoratu zuen igandean Garan egindako elkarrizketan: "Euskal kulturak, setiatzen duten kulturak baino sortzaileagoa izan behar du bizirauteko".

Beste era batean esanda, unibertso propioa sortzeko beharra du euskarak; originala eta erreferentziazkoa, marrazki bizidunetan ere, inguratzen gaituzten kulturak baino erakargarriagoa izateko. Horretarako, kopia merkeen garaia gainditu behar da, eta kalitatea kopuruaren gainetik jarri.

Artikulu hau Aiaraldeak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Telebista
'Barraka' saioa
Apustua ETBk, baina bigarren planoan

Igande honetan, azaroaren 17an estreinatuko da Barraka izeneko late-night formatuko programa, EITBren Primeran plataforman. Hiru Damatxok ekoitzi du umorez blaitutako ikuskizun bizia.


Oporretan mugikorretik deskonektatu, seme-alabek eskertuko dizute

Haur eta gazteek duten pantaila kontsumoarekiko kezka nagusi den garaiotan, fokua helduongan jarri eta familia guztiarentzako gomendio baliagarriak bidali dituzte Zurriola ikastolatik, pantailek ez ditzaten udako oporrak baldintzatu.


Plano aldaketa azkar asko dituzten marrazki bizidunen eragin negatiboa aztertu dute

Denbora laburrean plano aldaketa asko dituzten marrazki bizidunek, alegia erritmo azkarreko hiperestimulazio audiobisualak eragin negatiboa du umeen arretan, hainbat ariketa mental egiteko gaitasunean eta autoerregulatzeko ahalmenean, ikerketa batek ondorioztatu duenez.


Lodiek ez dute lekurik film eta telesailetan

Nahiz eta herritarren erdia baino gehiago "normopisua" delakotik gora egon, film eta telesailetako pertsonaien %3,3ak baino ez ditu gorputz horiek ordezkatzen. Apenas dagoen pertsonaia gizenik, eta dagoenean, sarri bere gizentasuna du trama nagusi, bereziki emakumea... [+]


Nerabeek ez lukete egunean ordubete baino gehiago igaro behar pantaila aurrean, ohartarazi dute

Espainiako Estatuko 12 eta 17 urteko gazteek sarean sei ordu baino gehiago pasatzen dituzte egunean, eta bost gaztetik batek pantailekiko menpekotasuna garatzeko arriskua du, dio Somos Conexión telekomunikazio kooperatibak. Udako oporretan haur eta gazteek pantaila... [+]


2023-05-12 | Sustatu
Casting deia musean aritzeko euskarazko telebista saio baterako

Kanaldude Nafarroa Behereko tokiko telebistak duela gutxi berritu du webgunea, eta hedapena zabaltzea erdietsi ere; eta orain beste mugarri interesgarri bat probatzera doaz: Mus lehiaketa bat telebista emankizun moldean antolatua. Bikote bila casting irekia deitu dute, Euskal... [+]


2023-05-05 | Euskal Irratiak
Etxeko telebistetara jauzi egin du Kanaldudek eta webgunea berritu dute

Kanaldudek internetetik gure etxeko telebistetara jauzi egin du. Oraindik goiti, Free, Bouygues eta Orange internet hornitzaileen telebista boxen bidez ikusten ahalko da. Orain lanean ari dira SFR-en bidez ere ikusi ahal izaiteko. Horrez gain, webgune berria estreinatu dute... [+]


Espazioa

Jai egunen bezperan lagun bat eta biok lortu dugu elkartzea pote bat hartzeko. Mahaian jarrita gaude, labur bada ere, gure azkeneko kontuez jarduteko. Lagun kutuna dut, baina gure bizitzengatik nahi baino gutxiago egoten gara.

Tar-tar goxoa darabilgu. Gutxira, gazte kuadrilla... [+]


Albistegiak

Aspaldian nengoen Teleberria ikusi barik, baina harira ez datozen arrazoiengatik parean tokatu zaizkit larunbat eta igande gauekoak. Eta argi geratu zait zergatik laga nion telebistako informatiboak jartzeari.

Duela urte asko oso gustukoa nuen albistegiak ikustea, baina... [+]


2022-11-08 | ARGIA
Sarean euskarazko edukiak kontsumitzeko gida

Euskarazko ikus-entzunezkoen presentziaren alde lanean ari den Pantailak Euskaraz ekimenak Pantailaldia deitu du azaroaren 11tik 18ra. Horren harira, sarean euskarazko edukiak kontsumitzeko dauden aukerekin gida bat zabaldu dute. Dozenaka aukera jasotzen dira bertan, eta... [+]


2022-09-05 | Sustatu
Boterearen Eraztunak telesaila euskarazko azpidatziekin estreinatu da

Gertaera nahiko azpimarragarria da, Boterearen Eraztunak telesaila euskaraz ere estreinatu duela munduan Amazon Prime Video plataformak. Streaming plataformen munduan, 2022 honetako fenomenotzat aurkeztu dituzte The Lord of the Rings / Eraztunen Jaunaren prekuela, eta... [+]


Euskarara bikoiztuko dute “The Lord of the Rings” telesaila

Amazon Primek kaleratuko duen telesaila inoiz eginiko garestiena da eta irailaren 2an izango da estreinaldia. J. R. R. Tolkien-en mundua berpiztuko du telesailak.


Haurren pantaila kontsumoa udan, aintzat hartu beharrekoak

Aisialdi orduak biderkatuta, haurrak entretenitzeko telebista eta tabletera jo ohi dugu udan. Pantailak kontsumitzeko moduez, mugak jartzeko zailtasunez, baliabide gisa saihestu beharreko uneez… hainbat gogoeta jaso dituzte Criar.cat-en eta hona ekarri ditugu.


Eguneraketa berriak daude