Somalia, azken mende erdiko goseterik gogorrenean

  • Lau eurite garaitan lehortea orokortu da herrialdean eta biztanleriaren erdiari eragin dio; 213.000 pertsona daude gosete egoera larrian. Malnutrizioa zabaldu da, eta NBEk kalkulatu du 1,5 milioi haurri eragiten diola.

Emakume batzuk Muqdisho hiriburuko kanpaleku baten, janaria hartzeko ilaran. / Argazkia: Farah Abdi Warsameh/Associated Press.

2022ko urriaren 19an - 10:46

Somaliako egoera muturrekoa da: azken 50 urteko goseterik gogorrena ari dira pairatzen, NBE Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera. Herrialdean orokortzen ari den lehortea izan da pizgarria, izan ere, azken lau eurite garaietan lehortea izan da nagusi. Horrek eragin du, ezinbestean, ziurgabetasuna orokortzea herrialdean, biztanleria osoaren erdiari –7,8 milioi pertsonari– eragiten baitio sikateak; horietatik 213.000 gosete arrisku larrian daude.

Eremuan dauden laguntza humanitarioko erakundeek hilabeteak daramatzate egoeraren larritasunaz ohartarazten. Esaterako, NBEk jakinarazi du abuztuan 44.000 haur artatu zituztela osasun erakundeetan, malnutrizioak jota; hala ere, hori pairatzen duten haurrak askoz gehiago dira, 1,5 milioi inguru aurreikusi ditu erakundeak. Malnutrizio horrek beherakoa eta elgorria harrapatzeko zaurgarriago bihurtzen ditu haurrak, eta nutrizio egokia duen haur batek baino hamaika aldiz aukera gehiago dituzte hiltzeko.

Egoera ez da berria Afrikako adarreko herrialdean, ibaietako emari idorrak eta euririk gabeko sasoiak ohikoak baitira bertan. Idorra da lurraldea, eta horregatik dute horrenbeste garrantzi eurite garaiek. Urtean bi izaten dituzte: urri eta abendu artean, eta martxo eta ekaina artean. Alarma guztiak piztu ditu, beraz, azken lauetan sikatea nagusitzeak; are, eguraldiaren iragarpenak joera bera iragarri du datorrenerako ere.

Lehortetik lehortera, gero eta pobreago

Egoeraren larritasuna ulertzeko: egungo egoera bertsuan egon ziren duela hamarkada bat, 2011n, hiru eurite garaitan lehortea orokortu eta gero. Orduko hartan lehortearen kalte zuzenak pairatu zituztenak egungoen erdia baziren ere, 260.000 pertsona hil ziren.

2011ko egoerari buelta ematea nabarmen kostatu zitzaion Somaliari, eta horretan ari zela heldu da, berriz ere, lehortea. Kaltetuenak, batez ere, landa eremuetako biztanleak izan dira, urik ezak ekarri baitu baratzeetako uzta galtzea, lan eskaintzak gutxiagotzea eta abereak hiltzea. Horrekin batera heldu da inflazioa eta familien eros ahalmena gutxitzea, eta, ondorioz, familia pobreenen elikadura arriskuan egotea.

Herrialdeko egoera hauskorra da. Hamar somaliarretik zazpi egunean 2 euro baino gutxiagorekin bizi da. Horrez gain, klima aldaketa lehen pertsonan ari dira bizitzen, eta bete-betean eragiten die beren bizimoduan; 2011n eta egun ikusi bezala. Herrialdean beste motatako arazo andana badago ere –eskolaratze tasak %32 inguruan daude– egungo arrisku nagusia lehortea da, eta hari aurre egiteko 2.000 milioi dolar beharko direla aurreikusi du NBEk.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Somalia
2017-10-30 | Miren Osa Galdona
Gutxienez 29 hildako izan dira Somalian beste eraso jihadista batean

Eraso jihadistek ez dute etenik Somalian: historiako atentaturik odoltsuenaren ostean, –orain dela bi aste 300 hildako baino gehiago izan ziren– beste eraso bat izan da Muqdishonen, Somaliako hiriburuan: bi bonba-autok eztanda egin zuten hiriaren erdigunean... [+]


2017-10-16 | Andoni Mikelarena
276 hildakotik gora Somalian inoiz izandako atentaturik handienean

Larunbat arratsaldean gertatu zen atentatua Mogadiscio hiriburuan. Lehergaiz beteriko bi kamioi leherrarazi zituzten hiriaren erdigunean. Al Shabab talde islamistari egotzi diote erasoa, baina oraindik ez du bere gain hartu.


2008-09-10 | Graeme Wood
Somaliland
Pobre, etsita, isolatuta... baina harro
Abkhazia eta Hego Osetia plazara atera dira berriki baina ez dira, inolaz ere, “gatazka izoztu”en azken ereduak. Afrikako Adarrean, Somaliland izeneko lurraldea dago. Hauxe duzue “existitzen ez den” herrialde honetara egindako bidaiaren kronika.

Eguneraketa berriak daude