2024ko irailaren 28an - 06:00
'Querer' telesaila, Movistar Plusena.

Urrezko Maskorraren eta beste sarien lehiaketatik kanpo bada ere, Sail Ofizialean estreinatzen dira beste hainbat lan –normalki– on. Zehatzago esanda, hamasei dira lehian ari direnak, eta 22 zinta –hogei film eta bi telesail– proiekzioan daudenak.

Lehiaz kanpo ikusi dugun telesailetako bat, Movistarren udazken honetako eskaintza indartsuetakoa izango da: Querer (Maitatu). Espainola da telesaila, lau ataleko mini-seriea, Alauda Ruiz de Azúa barakaldarrak zuzendua eta Bilbon grabatua, Alde Zaharrean eta Zorrotza eta Abando auzoetan, nagusiki.

Laburra eta gogorra da telesaila, ongi dosifikatua. Lau atal, bakoitza ordubetez azpikoa; alegia, hiru ordu eta 32 minutu. Arrats euritsu batean ikusteko aproposa, baldin eta, kontziente izanda, gaia ez dela batere samurra.

Indarkeria matxista kasu baten bueltan ardaztuko da istorioa. Lehen eszenatik, zuzen-zuzenean sartuko gara. Miren (Nagore Aranburu) dibortziatu egingo da bere senarrarengandik, 30 urte ezkonduta eman ondoren, eta dibortzioa aurkeztu ez ezik, salaketa ere ipiniko du auzitegian, jarraikortasunez bortxatua, umiliatua eta jazarria izan dela argudiatuta. Jazarpen psikologikoa da gehiago, fisikoa baino, eta hori demostratzeko zailtasunak, sinesgarritasunak, korapilatuko du dramaren hari nagusia. Pixkanaka joango gara ezagutzen bere testigantza, senarrekin zuen harremanaren nolakotasuna. Kontutan hartzeko beste xehetasuna zera da, etxeko lanez arduratzen dela Miren, ez duela soldatapeko lanik egiten, eta ekonomikoki maila altukoa dela gizona, baita familia aberatsekoa ere, Miren ez bezala.

'Querer' telesaileko lantaldea.

Telesailak baditu detaile interesanteak, batez ere diskurtsiboki. Nik sinesten zaitut-en adibide praktiko bat da zinta hau. Baina, bereziki azpimarratu nahiko nuke zeinen indartsu eta nola islatu duen zuzendariak Mirenek bi semeekin duen harremana. Konplexua da testuingurua. Izan ere, Mirenek etxetik alde egin eta salaketa ipintzerako, semeek hiru bat urte zeramatzaten ordurako etxetik kanpo bizitzen, eta ez dira izan jazarpenaren testigu; are, lehenago ere, eta betidanik, hain identifikagarriak ez diren erasoak egiten zizkion gizonak, lehen begi kolpean ikusten ez zirenak.

Ongi antolatua eta landua dago telesaila, gogorra, zirraragarria, hunkigarria eta bizia izateko eran. Elkarrizketa guztiek ematen dute zeresana, gehiago ala gutxiago, baina nabari da ez dagoela luzatzearen luzatzeko premiarik, beste hainbat telesailetan gertatzen den bezala. Aktoreak oro har onak dira; azpimarratzekoa Nagore Aranbururen lana. Ikaragarria iruditu zait, orain arte behar bezala ikusarazi gabea.

Noizko horrelako produkzio espainiar bat, euskara tartekatuta?

Aldiz, pena ere sentitzen du batek Nagore Aranburu eta Loreto Mauleon –protagonistaren abokatu lanetan–, bien arteko solasean, gaztelaniaz entzutean. Eta non eta Bilboko kaleetan. Ez da euskararik entzuten seriean, eta horrek eman beharko luke zer pentsa. Esaterako, Sail Ofizial honetan bertan ikusi dugun On Falling pelikulan, protagonistak, sortzez portugaldarra denak, portugesez hitz egiten du lankide duen beste portugaldar batekin; edota Johnny Deppen filmean, Modi-n, bi italiarrek italiarra darabilte patxada ederrean –Deppen pelikulako hizkuntza hautua ez da adibiderik onena; segituan xehatuko dugu–.

Noizko halako produkzio bat, enpresa handi batek egina, euskara naturaltasunez eta maiztasunez gaztelerarekin tartekatzen?

'Modi'

Bai, pelikula aurkeztera etorri da Johnny Depp entzutetsua Donostiara. Baina egia esan, ez da hainbeste hitz egin pelikulaz, eta aldiz, dezente gehiago bisitatu dituen lekuez, jatetxeez, ospitalera egindako bisitaz... Zerbaitegatik izango da.

Baina beno, egia esan ez du produkzio txarra egin Deppek: Modi, Three Days on the Wing of Madness (Modi, hiru egun zoramenaren hegalean). Nabaritu da aurrekontua ez duela mugatua izan –milioika dolarretako ondarea, irla baten jabe Atlantikoan, eta oso ezaguna mundu mailan, horrek erraztu egiten du inbertsoreak bilatzeko gaitasuna–.

Johhny Depp, Donostian.

Diru faltarik izango ez zuela espero zen, baita ondoko apunte hau ere: ez zaizkio falta izan Hoolywooden bueltako ezaugarri bakan-bakanak. Duela ehun urteko Parisen kokatzen den istorio osoan, %1a entzuten da frantsesa. Italiarra gehiago –zentzua du, funtsean, protagonista sortzez italiarra delako–, baina den-dena ingelesez izan da. Are, nabari da protagonistaren bi lagunek –aktoreek– ez dutela erraz menperatzen ingelesa –pertsona izatez ergel eta inozoak izateak eragina izango zuen ere bai–. Edo propio bilatua izan da. Kontua da, hizkuntzari dagokionean, sinesgarritasun osoa galtzen duela pelikulak Parisen izanda eta zero-frantses entzunda... baina hori ez zaio jendeari axola.

Fikzio bihurtutako istorio erreala da. Modi, Amedeo Modigliani, artista italiarra, Parisen bizi da 1916an, Lehen Mundu Gerra betean. Nabari dira garaiaren detaile horiek eguneroko bizitzan, kalean eta norbere egoera pertsonal-ekonomikoan. Pintorea eta eskultorea da Modi; bizimodu arras prekarioa du, ez du dirurik, ez eta bestelako sostengu pertsonal handirik ere. Bi lagun zoro, inozo eta xelebre, eta haiek ere berdintsu edo okerrago daude. Eta lagun/maitale bat, obra artistikoei buruz idazten duena, kazetaria/kritikaria ofizioz, nahiko prekarioa da ere bere bizia. Modik plazerez egiten du artea, eta horretan dago gakoa, nahiz gero saltzea izugarri kostatu.

Ikusteko film erraza da Deppen 'Modi'

Ikusteko film erraza da Deppen bigarren lana. Entretenigarria, irudi dotoreduna, kolore horixka argi eta ilunagoekin, eta hautatuko musika ere aski aproposa da, nahiz eta, apunte gisa, hizkuntzaren aferaren estilora, gauza bera gertatzen den musikarekin: kanturen bat edo beste oso-oso aktuala ipini dute, zapatu gau honetan entzungo genukeena. Eta akaso, kantu horrek, ez zuen gehiegi pegatzen eszena horretan. Hori ere propio bilatua dirudi, egia esan. Zein helburuz, ez dakit.

Filmaren hasierak uste dut oso ongi definitzen duela dena. Lehen eszena: aurreneko minutu eta erdian, ikusiko dugu Modi ari dela emakume baten erretratua marrazten, jatetxe elegante baten barnean, baita berari lilura eragiteko komentario batzuk egiten ere, eta, halako batean, gizonezko batekin tira-biran hasiko da. Bost segundoko borrokatxoaren ondotik, Modi mahaiaren gainera igoko da, eta mahaiz mahai saltoka hasiko, Jack Sparrowen modura, keinuak eta ibilera imitatzen. Deppen keinutxoa Deppi. Kalitatez eginda dago keinua, eta estimatzen da; Modi gorpuzten duen Riccardo Scamarcio aktoreak ezin hobeto egiten du.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2024
2024-09-29 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. Azken eguna.
Ezer gutxi kontatzen duten isiluneak


Sail Ofiziala. Klausurako filma
Eta igande euritsu, erromantiko eta negartia iritsi zen

Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]


Aktore onenaren saria, Patricia López Arnaizentzat

Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.

Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]


Zezenaren tortura babesten duen dokumentalak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten... [+]


2024-09-28 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia. 8.eguna
Ez dut sekula pelikulekin negar egiten


2024-09-27 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia 7.eguna
Bikaintasun esplikagaitza, berriz


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


Sail Ofiziala. 6.eguna
Ihes egin heriotzari, aurrerantz

Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]


ARGAZKIAK | Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Zinemaldian

Astearte gauean egin zen Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.


2024-09-25 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 5. eguna
Zinea ala antzerkia?


2024-09-24 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 4. eguna
Hurbilekoa beti da hunkigarria


Eguneraketa berriak daude