Sindikatuek Maiatzaren Lehenean borrokara ateratzeko deia egin dute

  • Langileen eskubideak eta bizitzak hobetzeko aldarriak kalera aterako dituzte datorren astelehenean, hainbat hiri eta herritako manifestazioetan. Sindikatuek nork bere aldetik atera dituzte irakurketak; jarraian deialdi nabarmenduak.


2023ko apirilaren 27an - 10:35
Azken eguneraketa: 11:37
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Maiatzaren Lehenean langileek borrokarako eguna dutela gogorarazi dute sindikatuek, nork bere irakurketarekin. Manifestazioak ere, oro har, bakoitzak bereak iragarri ditu, baina denek jo dute ezinbestekotzat langileek kaleak hartzea. Jarraian deialdi batzuk.

ELA sindikatuko Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak eta Amaia Muñoa haren albokoak astelehenean aurkeztu dute deialdia. Pentsioak eta soldatak hobetzean jarri dute fokua, eta grebaren ahalmenari azpimarra egin diote: Borrokan, irabazteko leloa hautatu dute Maiatzaren Lehenerako, horri lotuta. 2022ko urtekaria aurkeztu dute prentsaurrekoan, eta 86 garaipen sindikal bildu dituztela jakinarazi.

Garaipenen arrazoiak borroka sindikala eta grebak direla ziurtatu dute; elkarrizketa soziala “bide antzua” dela gaineratu dute. “ELA, herri honetako sindikatu nagusia den heinean, harro dago Euskal Herria greba egiten buru delako. Lotura zuzena dago greba eta lorpenen artean. Berez, greba egiteko gai izateak patronalaren jarrera baldintzatzen du. Soilik konfrontazio eredu sindikaletik egin dakioke aurre pobretze testuinguruari”. Mobilizazioak hainbat sektoretako borrokaren isla izango direla iragarri dute.

LAB sindikatuak mobilizazioen bidez “erantzuleak seinalatu” eta “errotiko aldaketaren beharra” plazaratu nahi ditu, Egiteko beste mundu bat. Banatuz eraldatu lemapean. Aberastasunaren banaketa eskatuko dute: “Diru gehiago biltzeari uko egiteak eta biltzen dena behar bezala ez banatzeak zerbitzu publiko duinak garatzeko aukera mugatzen du, izan osasungintzan, etxebizitzan edo zaintzan”. Ernai gazte antolakundeak bat egin du deialdiekin, eta gazte blokeak “bizitzaren aldeko barrikada” aldarrikatuko du, antolaketa soziala ezinbestekoa dela azpimarratzeko.

Ipar Euskal Herriko LABeko Argitxu Dufau eta Eñaut Aramendi ordezkariek baieztatu dute indarrak batzearen aldeko apustua egiten dutela, baina aurten egoera desberdina izango dela: ohartarazi dute diskriminazio sindikala jasaten ari direla intersindikalaren partetik, nahiz eta elkarrekin egiten saiatu diren ez dietela onartu deialdian parte hartzea. Dena den, nabarmendu dute LABeko blokea “oso jendetsua, determinatua eta antolatua” izaten ari dela erretreten erreformaren inguruko manifestazioetan.

Bizi eta Alda mugimenduek deitoratu dute intersindikalak LAB baztertzea, eta berriz ere bateratzea aldarrikatuko dutela: horregatik, manifestaldia bi jende lerro ezberdinetan banatuko den unean, bi leku ezberdinetan bukatzeko, jende kate bat osatuko dugu, bi bukaera ezberdin hauek lotuko dituena eta zubi gisa balioko duena. Ondoren, nahi duenak, nahi duen tokian amaitu ahal izango du manifestazioa.

EH Baik ere gogor salatu du intersindikalaren jarrera eta uste du "jokabide horrek abertzaleok beste garai batzuetan pairatu izan dugun bazterketaren antza duela, nahiz eta egun ez duen errealitatearekin bat egiten. Izan ere, ezkerreko abertzaleen ideiak inoiz baino hedatuagoak daude euskal jendarteko eremu guzietan, sindikalgintzan barne. Horregatik EH Baik, dei egiten dio intersindikalari LAB integra dezan bere baitan, eta dei egiten du, halaber, mobilizazio guztietan parte hartzera deitzen ditu langile guztiak.

CCOO eta UGT sindikatuek irakurketa eta deialdi bateratuak atera dituzte, eta soldatak igotzeko, prezioak jaisteko eta mozkinak banatzeko aldarriak jarri dituzte erdigunean. Negoziazio kolektiboetan indar handiagoa jartzeko asmoa adierazi dute.

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek ere ohar bateratua zabaldu dute, Burgesiaren eta bere alderdien aurrean, alternatiba sozialista eraiki lelopean mobilizatzeko deia egiteko. Maiatzaren Lehena langile mugimenduaren historia iraultzailea omentzeko eta borrokarako baliatzeko asmoa dute. “Sozialdemokraziak estatu kapitalista langileriaren alde lerratzeko egiten dituen saiakera guztiak porrotera kondenatuta daude”, kritikatu dute. Horren aurrean defendatu dute langileen helburua estatu sozialista dela.

Herri Biltzak Donibane Garazira deitu du, Aberri Eguna ere bertan ospatzeko dei eginda. Hala adierazi dute: "Munduaren eta Euskal Herriaren egoera sozial, kultural, ekologiko eta politiko oso kezkagarriaren jatorrian, emakumeen eta oro har langileen esplotazioa dago. Hemen eta munduan, Estatu zapaltzaileek, beren hizkuntzak eta beren gobernatzeko erakundeak inposatuz, herriak zapaltzen dituzte langileak esplotatzeko. Ondorioz, askapen nazionalerako eta askapen sozialerako borrokak batera doaz".

Maiatzaren Leheneko manifestazioak

LAB

- Baiona, 10:30ean tren geltokitik

- Bilbo, 11:30ean Zabalburu plazatik

- Donostia, 12:00etan Easo plazatik

- Eibar, 12:00etan Untzaga plazatik

- Gasteiz, 12:00etan Martxoaren 3ko plazatik

- Iruñea, 12:00etan Gazteluko plazatik

- Maule, 11:00etan Herriko etxetik

- Tutera, 12:30ean Foru plazatik

ELA

- Bilbo, 11:30ean Jesusen Bihotza plazatik

- Iruñea, 11:30ean Gurutze plazatik

CCOO eta UGT

- Bilbo, 11:30ean Jesusen Bihotza plazatik

- Donostia, 12:00etan Alderdi Ederretik

- Gasteiz, 12:00 Andra Mari Zuriaren plazatik

- Iruñean, 11:00etan, banatuta, CCOOren egoitzatik eta UGTren egoitzatik

STEILAS, ESK, CNT, CGT/LKN, Solidari

- Iruñea, 12etan Baratxurien plazatik manifestazio bateratua

Mugimendu sozialak

Iruñea, Baluarte plazatik 18:00etan, hainbat mugimendu sozialesk deituta

Kontseilu Sozialistak

- Iruñea, 12:00etan San Frantzisko plazatik

Herri Biltza

- Donibane Garazin egingo dituzte hainbat ekitaldi merkatu estalian, parkean, gaztetxean eta Peña Urkulun. Talo eskaintza, buruaskitasunerako Baratzeen hazi mahaia eta hausnarketarako liburu mahaia, besteak beste. 15:00etan hitzaldia eskainiko dute Filipe Bidartek eta Eñaut Haritxelarrek: "Duela 50 urte eta gaur, askapen nazionala eta soziala bateratzen". Ondoren 16:30etan bertsoak eta olerkiak bateratuko dituzte ekitaldi batean.

Jardun Koordinadora

- Donostia, manifestazioa Bulebarrean

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
2024-07-05 | Gedar
Astean sei eguneko lanaldia ezarri du Greziako Gobernuak

Egunean hamahiru orduz lan egitea ere legeztatuko dute 'Georgiadis Legea' delakoaren bidez, kaleratzeak eta "eskariaren araberako enpleguak" errazteaz gain. Langileek ezingo diote uko egin asteko seigarren lanegunari.


Bilbao BBK Live-k ‘life’-a xurgatzen dit!

Badator uda, eta horrekin batera, herri, auzo eta hirietako jai herrikoiak. Jaiak beti izan dira aldarrikapen sozial eta politikoen, auzokideen arteko harremanen eta euforia herrikoiaren aterpe. Gure kaleak hartzen dituzte, eta egun batzuez autogestioaren, desberdinen arteko... [+]


LABek soldatak igotzea eta zerbitzu publikoak indartzea eskatu dio Jaurlaritza berriari

Aurreko gobernuak proposamen horiei “bizkar emanda” eta “entzungor” eginda jardun duela salatu du. Eusko Jaurlaritzak iragarritako bilera erroldatan “eskari zehatzak” mahaigaineratuko dituela adierazi du.


Bilbobuseko langileak lanera itzuli dira ia 80 eguneko greba amaituta

Asteazkenean egindako bilkuran, aurreakordioak aldeko 332 boto, kontrako 186, hiru boto zuri eta sei baliogabe jaso ditu. Maiatzeko aurreakordioan izandako desadostasunak gainditu dituzte enpresa-batzordearen gehiengoak eta Biobide enpresak, eta greba mugagabea bukatu dute.


Bilbobuseko greba amaitzeko aurreakordioa bozkatuko dute asteazkenean, 80 eguneko grebaren ostean

Enpresa-batzordearen gehiengoaren eta Biobideren artean aurreakordioa lortu dute. CCOO, UGT eta LSB alde azaldu dira, eta ELA, LAB eta ESK, kontra. Asteazkenean dira langileen batzarra eta Bilboko Udala akordio hau onartzen duten ala ez erabakitzekoak.


Protesta egin dute Cementos Rezolako langileek, eta akordiorik ezean, greba mugagabea hasiko dute ostiralean

ELA eta LAB sindikatuek “erabat gaitzetsi” dute Añorgako Cementos Rezolak (egun, Heidelberg Materials) 56 langile kaleratzeko egindako proposamena.


Nafarroako ikastoletako eta itunpeko ikastetxeetako langileek negoziatzen hasteko eskatu diote gobernuari

Nafarroako hezkuntza hitzarmen berria negoziatzea exijitu die Nafarroako Hezkuntza kontseilariari, Carlos Gimenori, Iruñean eginiko mobilizazioan. Langileek salatu dute Gimeno, patronalarekin bakarrik biltzen dela, eta ez dituela aintzat hartzen langileek negoziaziorako... [+]


Emakumeek baserria defendatu zutenekoa

1958an, emakume baserritarrek Donostiako Erdialdea hartu zuten, esnea saltzea galarazi zitzaiela salatu, eta baserritarren eskubideak aldarrikatzeko. Administrazioak esnearen esklusibotasuna Gurelesa enpresari eman zion, eta baserritarrek Bretxan saltzeari utzi behar izan... [+]


Osakidetzaren irtenbide bakarra lanaldia luzatzea dela kritikatu dute ELA, LAB eta CCOOk

Langileen plantilla egokia osatu beharrean, Osakidetzako profesionalei aparteko orduen bitartez ordaintzea gaitzetsi dute sindikatuek. Azken urteetan errepikatu diren arazoen aurrean zuzendaritzak izandako plangintzarik eza salatu dute.


Sinadura greban dauden ‘El Diario Vasco’-ko langileek grebara joko dute orain, soldata igoera eskatzeko

Ekainaren 19an, 20an eta 21ean greba dago deituta El Diario Vasco-ko langileen artean, hitzarmen kolektiboa eguneratzeko aurrerapausorik ez delako eman. Gainera, maiatzaren 30az geroztik sinadura greba egiten ari dira kazetariak: “Hori ezkutatzeko enpresak lehentasuna... [+]


Errenteriako Iztieta osasun zentroko “egoera prekarioa” salatu du ELAk

Hemezortzi mediku beharrean hamabi daude eta sei erizainek hamabiren lana egiten dute. “Lan gainkarga eta agenda neurrigabea handitu” egin dira, sindikatuak ohartarazi duenez, eta murrizketa gehiago etor daitezke etorkizunean.


Murrizketak egingo dituzte udan Osakidetzaren lehen mailako arretako zentroen herenean

Hamar zentrok uda osoan itxiko dute eta 72 zentrok ixteko ordua aurreratuko dute. Sindikatuek salatu dute langileen lan karga "handituko" dela.

 

Nahiz eta trantsizio ekologikorik ez bideratu, Next Generation EU funtsak jasotzen dabiltza Euskal Herriko enpresa transnazional boteretsuenak

ELA sindikatuak galdeturik, OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak osatu du 69 orriko Europar Batasuna: Agenda oliba-berdea eta digitala enpresa transnazionalen zerbitzura. Next Generation EU funtsek Hego Euskal Herrian duten inpaktuaren azterketa (2020-2024) txosten... [+]


Eguneraketa berriak daude