37 greba egun. Michelin multinazionalaren multinazional azpikontrata bat, Ferrovial. Langile migratuak (Maroko, Mauritania, Ghana, Benin, Nigeria, Mali, Senegal, Togo...), erabateko prekaritatea. David Goliaten kontra Arabako lautadan, Araian, zehatz esateko. Sindikatu bat: ELA. 37 greba egun, eta garaipena (3.600 eurotik gorako soldata-igoerak bost urtean, kontratu partzial guztiak lanaldi osoko bihurtu, norberaren aukerako hamalau ordu urtean ordainduta, plusen hobekuntza, laneko bajetan %100 kobratzen hasi...).
Ez dakit zuei, baina niri hau pasada bat iruditzen zait. Ezaugarri hauetako gatazka batean, protagonista horiekin eta zeuden baldintzetan, horrelako garaipen bat ziztu bizian zabaldu beharko litzateke Euskal Herri osoko txoko guztietan, estatu osoan eta munduan zehar, batez ere hau da dagoena-ren garai hauetan, langile pobreen garaian, beldurraren garaian. Baina, gatazka eta garaipen honi buruz, inork ez daki ezer.
Segur aski, akordioa lortuta hurrengo zereginei heldu dietelako gatazka eraman duten pertsona eta lan-taldeak, egunerokotasunari erantzunez, eginez. Eta egiten dena komunikatzearena non gelditzen da? Imajinatzen dut lanpetuegi dabiltzala eta komunikazioaren gai horri ez diotela hainbesteko garrantzirik ematen...
"Sindikalismo dekoloniala eraikitzen da sindikalismo dekoloniala eginez: afiliatuz, kolektiboa eraikiz, antolatuz, borrokatuz, grebak eginez lantoki prekarizatuenetan, arrazializatuenetan"
Akats bat, bai. Baina nahiago dut akats hau kontrakoa baino. Gehiago gustatzen zaizkit egin eta esaten ez dutenak, esan baina egiten ez dutenak baino. Horrek ez du esan nahi borrokak eta garaipenak ezagutaraztea funtsezkoa ez denik, Araian lortu den hau, prekaritateaz kutsatutako beste edozein lantokitan erreplika baitaiteke.
Ferrovialeko langileek irabazi duten borroka honek, langileen artean pertsona arrazializatu asko izanda, gogora ekarri dit Bilboko NH eta Barceló-Nervión hoteletako pisuko zerbitzarien borroka (47 greba egun eta garaipena), Iruñeko Navarplumakoena (41 greba egun eta garaipena), Bilboko portuko eta Donostiako Anoeta estadioko obretako langileenak (grebarik gabe, baina afiliazio eta antolaketa lanarekin)... guztiak langile migratuek protagonizatutako borrokak. Gogora ekarri dit ere Inditex-eko ELAko ordezkariek Myanmarreko kate bereko langileen egoera salatzeko egin zuten lanketa.
Eta neure buruari galdetzen diot: nola eraikitzen da sindikalismo dekoloniala? Teoriarekin eta eztabaidarekin? bai. Ideologiarekin eta prestakuntzarekin? baita. Diskurtso eta aliantzekin? baita ere... baina ez da nahikoa.
Sindikalismo dekoloniala eraikitzeko garrantzitsuena praxia da. Sindikalismo dekoloniala eraikitzen da sindikalismo dekoloniala eginez: afiliatuz, kolektiboa eraikiz, antolatuz, borrokatuz, grebak eginez lantoki prekarizatuenetan, arrazializatuenetan. Sindikalismo dekoloniala sindikalismo feminista eraikitzen den modu berean eraikitzen da: praktikatik.
Ibiltzean egiten da bidea, nahiz eta inoiz ez iritsi helmugara (garrantzitsuena prozesua da). Sektore feminizatuen sindikalizazioaren kasua ezagunagoa da, batez ere, Bizkaiko zahar-egoitzetako greba ospetsuagatik (378 greba egun eta garaipena). Baina baita soldata arrakalaren aurka lortutako garaipen sindikalengatik ere, Gipuzkoako komisaria eta epaitegietako garbiketan (9 hilabeteko greba eta garaipena), Elorrioko Udaleko garbiketan (5 hilabeteko greba eta garaipena), Zarauzko Udaleko garbiketan (oraingoan grebarik gabe, baina aurreko greba arrakastatsu bati esker), eta baita ere pandemia betean Lidl-eko langileek lortutako garaipenagatik ere.
Bidea egiten jarraitzen dugu gainera: udazkenetik hona Hego Euskal Herriko hiru zaintza-greba, Gipuzkoako zahar-egoitzetako borroka (247 greba egun jada), Arabako eta Nafarroako egoitzetako langileen grebak, etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileen grebak...
Kapitalismoak, patriarkatuak eta arrazakeriak sakon zeharkatzen gaituzte, zaila izango zaigu gainetik guztiz erauztea. Gure sindikalismoa motz geratuko da beti, akatsak egingo ditugu, jarraituko du izaten nagusiki zuria eta gizonezkoena; kostako zaigu egunen batean esatea, "badugu, jada, sindikalismo feminista dekoloniala".
Galeanok zioen bezala, utopiak aurrera egiteko balio du, nahiz eta eskuetan dugula uste dugunean ihes egin. Eta aurrera urratsez urrats egingo dugu, praxitik, borrokatik borrokara, garaipenetik garaipenera, txikiak izan arren. Horrela egiten da aurrera, klase borrokan, ere, emakume eta pertsona arrazializatuei protagonismoa emanez. Eta berri on bat: praktika eta emaitza onak kutsatu egiten dira.
Konplikatua da, badakit. Egoera zaila da, hainbeste dira herrialde pobretuetatik bizimodu hobe baten bila datozen langileen beharrak, eta hainbeste behar horiek esplotatuz aberastu nahi duten enpresariak! Horregatik da hain garrantzitsua borroka bakoitza, garaipen bakoitza komunikatzea. Umiltasunetik, bai; lortutakoaren txikitasunetik, bai; baina jakin dadila, ikus dadila. Argia egin dezala. Bada irtenbidea.
* Unai Oñederra Manu Robles-Arangiz fundazioko kidea da
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Ez dakit nondik hasi, egia esan. Ordezkoa naizen heinean –irakaskuntzan ikasturte gutxi batzuk daramatzat lanean– eskola ugari ezagutu ditut Nafarroa, Bizkai eta Araban zehar. Lankide izan ditudan irakasleekin euskal eskolak dituen gabezien inguruan hitz egiten... [+]
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak argi dio: ez ditu mediku euskaldunak aurkitzen, eta euskarazko osasun arreta ezin da bermatu mediku egoiliar (formazioan dauden espezialista) gehienak kanpotarrak direlako. Mediku euskaldunak bilatzea perretxikotan joatea... [+]
“Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak: bi kate. Bi kate, biak ebaki beharrezkoak: bat gorputzaren bizitzeko, bestea gogoaren askatzeko”. Hala dio Mikel Laboaren kantak; hala izan da belaunaldiz belaunaldi, egun arte.
Gogoan dut nire gurasoak askotan joaten zirela... [+]
Otsailean bost urte bete dira Iruña-Veleiako epaiketatik, baina oraindik hainbat pasarte ezezagunak dira.
11 urteko gurutze-bidea. Arabako Foru Aldundiak (AFA) kereila jarri zuenetik epaiketa burutzera 11 urte luze pasa ziren. Luzatzen den justizia ez dela justizia, dio... [+]
MAITE: (biharko eguna antolatzen bere buruaren baitan) Jaiki, gosaldu, bazkaria prestatu, arropa garbitu, etxea garbitu, gizon hori jaiki, seme-alabak jaiki, hiru horien gosaria prestatu, haiek agurtu, erosketak egin, lanera joan, seme-alabak eskolatik jaso, merienda eman,... [+]
Matxismoa normalizatzen ari da, eskuin muturreko alderdien nahiz sare sozialetako pertsonaien eskutik, ideia matxistak zabaltzen eta egonkortzen ari baitira gizarte osoan. Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke, ideia zein jarrera matxistei eta erreakzionarioei ateak... [+]
“Kasu, ez gitxu lo!”. Gure denbora eta manerekin baina heldu gira.
Azaroaren 25ean Baionako elgarretaratzera joan ez joan eta autoak nola partekatu pentsatzetik (joan-jina bi oren), bat-batean Lartzabalen elgarretaratze bat antolatu genuen, eta 47 emazte bildu!... [+]
Nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1977an nazioarteko egun bat bezala deklaratu zuen eta haren jatorriaren hipotesi ezberdinak diren, Martxoaren 8aren iturria berez emazte langileen mugimenduari lotua da.
Aurrekoan, ustezko ezkertiar bati entzun nion esaten Euskal Herrian dagoeneko populazioaren %20 atzerritarra zela. Eta horrek euskal nortasuna, hizkuntza eta kultura arriskuan jartzen zituela. Azpimarratzen zuen migrazio masifikatua zela arazoa, masifikazioak zailtzen baitu... [+]
Ez dut beti ulertzen nola aritzen ahal diren lur planeta honetako zati okitu, zuri, gizakoi eta kapitalistako aho zabal mediatikoak, beraiena, hots, gurea, zibilizazioa dela espantuka. Berriak irakurtzen baldin baditugu, alta, aise ohartuko gara, jendetasuna baino, barbaria dela... [+]
Administrazioko hainbat gai, LGTBI+ kolektiboko kideen beharrizanak, segurtasun subjektiboa, klima aldaketa, gentrifikazioa, ikus-entzunezkoak erabiltzeko modu berriak, audientzia-datuak jasotzeko moduak, dislexia, ikuspegi pedagogiko aktibo eta irisgarriak, literatur... [+]
Auzitan jar ez daitekeen baieztapen orokor eta eztabaidaezinaren gisan saldu digute hizkuntzak jakitea printzipioz ona dela, baina baditu bere "ñabardurak", edo esanahi ezkutuagokoak. Hemengo ustezko elebitasun kontzeptuaren azpian dagoen baina kamuflatzen den... [+]
Otzandu egin gara, katalanak eta euskaldunok, ekaitzaren ondoren. Saiatu ginen, bai; sendo ekin genion, eta gogor kolpatu gaituzte; ezin izan genien gure helburu zuzen, ezinbesteko, sakratuei eutsi. Eta porrotaren mingostasuna dastatu dugu, eta bigundu egin gara irabazleen... [+]
Iragana ulertzen saiatzen eta etorkizuna bideratzen, oraina joaten zaigu zenbaiti. Nire proiektuetako bat (hasi baina landu ez dudana oraindik) dudan zuhaitz genealogikoa egitea da. Horretan lagunduko didan liburutxo bat ere erosi nuen. Baina, hain da handia lana, liburutxoa... [+]