Shell petrolio-enpresa klima aldaketaren errudun jo eta emisioak erdira jaistera behartu dute

  • Herbehereetako Lurraren Adiskideak talde ekologistak Shell petrolio-enpresa multinazionalaren aurkako epaiketa historikoa irabazi du. Auzitegiak klima aldaketaren errudun jo du, eta 2030erako isurketak %45 murriztera behartu du.

Argazkia: Friends of the Earth International

2021eko maiatzaren 27an - 10:46
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Herbehereetako auzitegi batek Royal Dutch Shell petrolio enpresa krisi klimatikoaren erantzuletzat jo du. Sententziaren arabera, multinazionalak %45 murriztu behar ditu CO2 emisioak hamar urteren buruan. Maiatzaren 26an egin den epaia Lurraren Adiskideak erakundearen eskaeraren ostean etorri da, eta, azaldu duenez, "auzi klimatikoak" beste herrialde batzuetan errepikatzeko bidea ireki du. Klimaren aldeko mugimenduek garaipen historikotzat izendatu dute.

"Shell aldaketa klimatikoaren eragilea da eta berehala eten behar du bere jokabide suntsitzailea", adierazi du auzitegiak. Lurraren Adiskideak taldearentzat "inflexio puntua da historian", auzitegi batek enpresa kutsatzaile handi bat Parisko Akordioa betetzera behartzen duen lehen aldia baita. 

Herbeheretako gortearen ustez, petrolioa klima aldaketaren eragileetako bat da. Epaiak petrolio-enpresa bere bezeroen eta hornitzaileen emisioen erantzuletzat jotzen du, eta klimaren aurkako jarduera bizitzeko eskubidearen eta familia-bizitza lasaiaren aurkako atentatua dela zehaztu du. Hala, enpresaren ereduak giza eskubideak urratzeko mehatxua dakarrela baieztatu du. 

Lurraren Adiskideak, Greenpeace eta beste hainbat eragilerekin batera Shellen aurkako salaketa jarri zuen 2019an eragiten zituen kalte ekologikoengatik. Prozesua 2020ko apirilean hasi zen, erakunde ekologistek zitazio judiziala entregatu zutenean. Orduan adierazitako helburua 2030erako konpainiak berotegi-efektuko gasen isurketa-jarduera %45 murriztea zen. Modu horretan Parisko Akordioa betetzeko konpromiso globalarekin bat egitea eskatzen zuten, berotze globaleko 1,5ºC ez gainditzeko. Izan ere, eragileen ustetan korporazio horren negozio-eredua "mehatxu larria zen aldaketa klimatikoaren aurkako Parisko Hitzarmenaren helburuentzat”. Hala ere, hasiera besterik ez dela adierazi dute eta salaketak jartzen eta irabazten jarraitzea da haien asmoa. 

Donald Polsek, Lurraren Lagunen Herbehereetako zuzendariak adierazi duenez, "gure planetarentzat eta gure seme-alabentzat izugarrizko garaipena da, etorkizun bizigarri bat lortzeko ezinbesteko mugarria". Eragile ekologistako abokatua den Roger Coxek ordea, ondorengoa adierazi du: "Sententzia honek ondorioak izango ditu beste enpresa kutsatzaile handi batzuentzat".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Shell
Shell-ek klima aldaketari buruzko dokumentala ezkutatu du 1991tik

Shell petrolio konpainiak klima aldaketaz ohartarazten zuen dokumental bat ekoitzi zuen 1991n, baina gordeta mantendu du harik eta The Guardian egunkariak eskuratu eta argitaratu duen arte. Ezkutatutako dokumentalean ohartarazten zuenari kasurik egin gabe, Shell konpainiak... [+]


Greenpeaceko sei kide Artikora doan Shell enpresaren petrolio plataforman gotorturik daude

Greenpeace talde ekologistako sei kidek Artikora bidean zegoen Royal Dutch Shell-en petrolio plataforma okupatu dute #SaveTheArtic kanpainaren barruan. Talde ekologistaren Esperanza itsasontzitik zuzeneko kontaketa egiten ari dira.


2014-10-02 | Unai Brea
Shell eta Capricorn multinazionalek hidrokarburoak bilatu nahi dituzte Kantauri itsasoan

Capricorn eta Shell Upstream konpainiek baimena eskatu zioten 2013ko abuztuan Espainiako Gobernuari, Bizkaiko Golkoko itsas hondoan, euskal kostaldetik 60 eta 100 kilometro inguruko bitartean, hidrokarburoen esplorazioa egiteko.


Eguneraketa berriak daude