Sexu eta genero aniztasuna pentsatzeko mapa bat

  • Ekainaren 8an hitzaldia eman zuen Amurrion Miquel Missé soziologo, ikertzaile eta trans ekintzaileak, Sexu eta genero aniztasuna pentsatzeko mapa bat izenburupean. Era askotako ikusleak bildu ziren, eta modu pedagogikoan eraman gintuen oinarrizko kontzeptuetatik ur sakonagoetara. Bere proposamenarekin zalantzan jarri nahi izan zituen gaur egun LGTB auzia ulertzeko dauden ikuspegi nagusiak. Jo puntuan jarri zuen sexu eta genero aniztasuna ulertzeko dagoen ikuspegi “identitario eta esentzialista”. Kontrara, gure identitateen eta desiren eraikuntzan faktore kulturalei ematen die garrantzia. Genero identitatearen zein sexu orientazioaren eremuan esperimentatzera, aldaketak onartzera eta kategoriei pisua kentzera deitu zuen.

Argazkia: Jon Hidalgo

2023ko ekainaren 19an - 04:46
Azken eguneraketa: 08:48
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Misséren hitzetan, ikuspegi esentzialistak argudiatzen du esentzia bat dagoela pertsonengan, kultura eta gizartearen eraginaren aurrekoa. Ikuspegi horretatik LGTB izateak –berak erabilitako siglak– ez luke zerikusirik norbera bizi den gizartearekin; pertsonen jaiotzatiko ezaugarria da, biologikoa. Hori litzateke LGTB auzia ulertzeko ikuspegi nagusia egun –“badaude pertsona batzuk LGTB direnak, beste batzuk ez, eta kito”–, baita LGTB mugimenduko kideen aldetik eta politika publikoak eratzeko orduan ere. Baina Missé ez dago ados.

Ekintzaileak azaldu zuen ulerkera hori zalantzan jartzea arriskutsua dela, argudio horrek balio izan diolako pertsona LGTB askori bere burua ulertzeko. Baliagarria izan dela askotan “zergatik gertatzen zait hau?” galderari erantzutea “horrelakoa naiz, horrelako jaio nintzen” bezalako arrazoiekin, eta balio izan duela esateko LGTB komunitatearen existentzia zilegi dela. Missek argitu zuen berak ez dituela zalantzan jarri nahi LGTB pertsonek beren bizitzari buruz eraikitako kontakizunak, baina plano teoriko batean ikuspegi hori eztabaidatzeko aukera aldarrikatu zuen.

"“Ni gizon jaio nintzen emakumezko gorputz batean? Ez, seguruenik ni transa naiz emakume izateko neukan modua ezin zitekeelako ulertu mundu honetan"

LGTB komunitatearen barruan ere ez dago iritzi bateratu bat auziaren jatorria azaltzerako orduan, Missek zioenez. Azken hamarkadetan mugimendu ezberdinek despatologizazioa lortzeko borrokatu badute ere, aurretik pertsona LGTB askok begi onez hartu zuten patologizazioa bera. Era askotan jazarriak izaten ari ziren garai batean, LGTB izatea gaixotasun gisa ikustea haiek errugabetzeko modu bat izan zen: “Gaixo daude, ez dute haiek aukeratu, ez da haien errua”. Ondorenera, hamarkadetako borrokari esker, gaixotasun bezala ulertzeari utzi zaio, baina mantendu egin da, “tamalez”, pertsonen esentzian dagoen zerbaiten gisa ulertzea, jaiotzatikoa dela pentsatzea. Hori da gaur egun gauden une historikoa Misséren ustez, baina gustatuko litzaioke paradigma berriz ere aldatzea.

“Ez dut uste gay edo trans izatea jaiotzatikoa denik edo esentzia bat denik, ez dudalako uste jaiotzatikoa denik heterosexuala edo Cis [trans ez den jendea, umetan esleitu zioten generoarekin identifikatzen dena] izatea ere”. LGTB auziak kulturarekin lotura duela azaltzeko, gizon eta emakumeen rol banaketatik abiatu zen. Entzule guztiak ados egongo ginelakoan, esan zuen neska eta mutilak genero rol estereotipatuen arabera hezten ditugula, eta ikasketa kultural horiek asko baldintzatzen dutela jendearen bizitza-ibilbidea, nahiz eta gerora zalantzan jarri ditzakegun. Urteetako berdintasun politiken ondorio litzateke gizarte bezala onartu izana kulturak eragina duela maskulinitatearen eta feminitatearen eraikuntzan.

“Hain emakume gutxi egoteak karrera zientifikoetan matrikulatua ez du esan nahi emakumeek ez dutenik interesik teknologian. Esan nahi du gizarteratuak izan diren moduaren ondorioz oso urrun geratu zaiela zientzia. Eta berdin gizonezkoekin, zaintza kontuetan hainbeste interes jartzen ez badute ez da haien natura delako lehoiekin borrokatzea, hezkuntza kontu bat da”.

“Genero rolak bezain kulturala da sexu orientazioa”

Genero rolak ulertzeko ezarri zuen marko feminista hori sexualitatearen auzira ekarri nahi izan zuen Missék. Ohartarazi zuen asko kostatzen dela pentsatzea sexu orientazioa kulturala dela, hamarkadetako lan teorikoa egin delako argudiatuz biologikoa dela. Horrekin hausteko elementu ezberdinak proposatu zituen. Hasteko, orientazio sexualaren ideia bera zerbait berria dela, duela 150 urte teorizatu zena lehen aldiz. “Beste kultura askotan, antzinako Grezian adibidez, gizona izanda beste gizonekin sexua izateak ez zintuen homosexual bilakatzen, ez zintuen desberdintzen emakumeekin sexua izaten zuten gizonengandik, ez zen kategoria bezala existitzen ere”.

Bestalde, arraroa da, Misséren ustetan, nola ulertzen dugun gure sexu orientazioa, eta zein ezaugarriri ematen diogun garrantzia erakartzen gaituzten pertsonetan pentsatzen dugunean. “Gure desira ulertzen dugu, nagusiki, besteen sexuaren arabera, eta oso arraroa da hori. Sexu horretako pertsona gehienak ez zaizkigu gustatzen, baina hala ere horren arabera ulertzen dugu gure desira. Gustatzen zaizkidan pertsonek ezaugarri asko izan ditzakete komunean, baina sexua da nabarmentzen duguna. Ikerketa askoren arabera jende gehienak bere klase sozial berean bilatzen ditu bikoteak, baina inork ez du esaten ‘klase-ertainsexuala’ denik”.

"Trans izatea bezain fikziozkoa da Cis izatea, pelikula beraren parte dira. Erlaxatu egin behar dugu pixka bat. Pisua galdu dezatela kategoriek"

Missék kritikatu zuen ere sexu orientazioa gauza finko eta estatiko gisa ulertzea. Pertsona bat heterosexuala, gaya, lesbiana edo bisexuala dela esaten dugu, eta horrela irudikatzen dugu bizi osorako. “Kategoria batean sartu beharrak mugatu egiten du gure burua ezagutzeko askatasuna. Eraiki beharko genuke gizarte bat zeinean jendeak bere sexualitatea esploratu ahal izango duen beldurrik izan gabe institutuan bizi osorako etiketa bat jarriko diotenik Rodrigori zakila jateagatik”. Pertsonek, desiraren orientazio bat baino gehiago, desiraren esperientzia bat daukate.

Genero identitatea berdin pentsatu genezakeela esan zuen Missek. “Jendea transa da jaiotzatik gizon bat delako? Ni gizon jaio nintzen emakumezko gorputz batean? Ez, seguruenik ni transa naiz emakume izateko neukan modua ezin zitekeelako ulertu mundu honetan, eta nire buruan askoz produktiboagoa izan delako pentsatzea gizon bat nintzela. Horrek esan nahi du ni benetan gizon bat naizela? Edo, aldiz, bizi naizen munduak behartu nau kategoria batzuen artean aukeratzera, eta soilik gizon bezala bizi naiteke aske? Genero arauak malguagoak diren beste leku batean bizi banintz, pentsatuko nuke nire emakume izateko modua ez dela onargarria eta agian gizona naizela? Seguruenik ez, ez dakigu”. Misséren ustetan, “berezko identitatea” zein dugun soilik jakin genezake arau hain zurrunak ez dauzkan gizarte batean.

Politika publikoak pentsatzeko orduan, arazoa definitzeko moduak baldintzatzen du nondik bilatzen den konponbidea, Misséren esanetan. “Pentsatzen badut LGTB izatea pertsonen esentzia bat dela, egingo dudana izango da kolektibo honen aurkako diskriminazioa borrokatzea, gutxiengo horiek babestea. Aldiz, pentsatzen badugu arazoaren jatorria dela gizarteak kategoria estuegiak dituela genero identitatea eta sexu orientazioa pentsatzeko, irtenbidea beste nonbaitetik bilatuko dugu”. Eta hor jarri nahi izan zuen fokua soziologoak: gizarte osoaren pentsamoldea zalantzan jarri dezaketen politika publikoak, ez soilik LGTB komunitatea laguntzeko egiten direnak. “LGTB politika hoberena da jende heteroaren bizitza hobetzen duena”.

“Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza berandu da jada”

Vox alderdiak arrazoia duela esan zuen Missék, tonu probokatzailean. Adibidetzat jarri zituen berak 14 urte inguruko gaztetxoei ematen dizkien tailerrak. Gelako neska heterosexualei galdetzen die, “uste duzue hemendik eta hil arte, datozen 80 urteetan, sentitu dezakezuela beste emakume batekiko desira? Nahiz eta momentu puntual batean soilik izan, burutik pasatzen zaizuen ideia bat bada ere, uste duzue gerta daitekeela?”. Neska gehienek altxatzen dute eskua, zalantzagatik bada ere. Mutilei galdetuta berriz, isiltasuna lehenik eta barreak ondoren. 14 urteko mutil gazteak ziur omen daude inoiz ez zaiela halakorik gertatuko, era lausoenean ere.

"Voxek badaki eskoletara joan eta umeei esploratzeko esanez gero, esperimentatu egingo dutela, eta horregatik ez dute nahi"

Askotan errepikatu zaion gertakari hori hartu zuen Miquel Missék sexu eta genero aniztasunean heztearen beharra aldarrikatzeko. Homofobia gizonen maskulinitatearen ezaugarri funtsezkoetako bat da, eta tristuraz azaldu zuen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan jadanik noraino eraikita duten mutilek beren heterosexualitatea, guztiz moztuta beren ikertzeko edo saiakerak egiteko askatasuna. Missek gogorarazi zuen nola sustatu zuen Voxek Murtzian ‘Pin Parentala’, gurasoek erabaki ahal izatea beren seme-alabak klasera bidali ala ez, eskolan sexu aniztasunaz hitz egitekoak zirenean. “Ez dut nahi nire seme-alabei burua nahastea gay eta lesbianen kontu horrekin. Zergatik esaten du hori Voxek? Badakielako sexu aniztasunak kulturarekin daukala zerikusia. Eta ni ados nago bere hipotesiarekin. Ezberdintasuna da niri ondo iruditzen zaidala, eta haiei gaizki”.

LGTB mugimendutik Voxi ematen zaion erantzuna da askotan: “Baina nola nahastuko dira? Ez dauka zerikusirik. Hitzaldia eman behar da ez dadin homofobiarik egon gayen aurka, baina horrek ez du jende heteroa aldatuko”. Baietz esan zuen Missek, aldatuko duela jendea. Eta ona dela aldatzea. “Ez gay eta lesbiana bilakatu daitezen, baizik eta gazteek jakin dezaten ondo dagoela beren sexualitatea esploratzea, ez dutela 14 urterekin jakin behar heterosexual edo homosexualak diren, ‘trantsitatu’ ditzaketela generoak, frogatu, joan, itzuli, nahi dutena egin. Ez dagoela egia behin betikorik”. Voxek badaki eskoletara joan eta umeei esploratzeko esanez gero, esperimentatu egingo dutela, “eta horregatik ez dute nahi”.

Hitzaldia amaitu zuen esanaz gustatuko litzaiokeela esentzialismotik ateratzea, elkarrizketa zabaltzea herritar guztiei, eta pentsatu ahal izatea sexu eta genero aniztasuna balio kolektibo bat dela, aberastasun kolektibo bat, gizarte osoari onura egiten diona.

“TERFen argudioak ukatu baino, estrategikoagoa da gainezka eginaraztea”

Ekarpen edo galderetarako tartea zabaldu zen ondoren, eta emakume trans ez bitar gisa aurkeztu zen pertsona batek hartu zuen hitza. Planteatu zuen Missék azaldutakoarekin bat zetorrela, baina kezkak sortzen zitzaizkiola. Askotan pentsatzen zuela beste maskulinitate batzuk onartuak ziren gizarte batean jaio izan balitz agian ez zukeela hartuko emakume trans gisa identifikatzeko hautua. Baina ez ote zien horrek bidea irekitzen TERF mugimenduaren argudioei, TERFek emakume transak ‘emakumez jantzitako gizon’ gisa hartzen dituztelako, adibidez.

TERF kontzeptuaren (Trans Exclusionary Radical Feminist akronimoa ingelesez, transak baztertzen dituzten feminista erradikalak) jatorria azaldu behar zuen Missék: Ameriketako Estatu Batuetako trans mugimenduak zabaldutako akronimo bat da, transen eskubideen aurka egiten zuten feministei deitzeko sortutako gutxiespenezko terminoa. Kezka izatea ulergarria dela esan zuen Missék, baina konponbidea ez dela kulturaren eragina ukatu eta pertsonen esentzian dagoela esatea. Estrategikoki eraginkorragoa iruditzen zaio haien argudio berberekin gainezka eginaraztea.

"Zergatik izan behar dugu guk ausartenak eta genero rolak apurtu, beste guztiak horien arabera bizi diren bitartean inork epaituak izan gabe?"

“Beste aldeko arrazoiak nirearen antzekoak dira, baina muturrera eramanak. Esaten dute trans izatea kulturarekin loturiko zerbait dela, eta estereotipo kulturaletan oinarrituta badago, kultura dela arazoa eta genero trantsizioak debekatu behar ditugula. Zu bizi zaitez emakume maskulino bat bezala eta zu gizon femenino bat bezala, eta kito”. Misséren ustez, kulturaren ulerkera oker batetik abiatzen dira argudio horiek, kulturala izateak esan nahiko balu bezala ez duela eraginik gugan. “Transexualitateak genero estereotipoekin zerikusia daukala? Bai, noski. Trans ez izateak daukan bezala. Zergatik izan behar dugu guk ausartenak eta genero rolak apurtu, beste guztiak horien arabera bizi diren bitartean inork epaituak izan gabe? Cis pertsonek ere genero estereotipoen arabera erakusten dute beren burua, baina ez ditugu debekatzen depilazio klinikak eta makillaje enpresak, adibidez. Genero estereotipoak errepikatzen ditudala? Bai, noski, zuk bezala. Agian beste mundu batean ez nintzateke Miquel izango, baina hemen bizitzeko Miquel izan nahi dut, askeago izan naitekeelako, horrela onartu egiten zaizkidalako espresio mota batzuk emakumea banintz estigmatizatuak izango liratekeenak”.

Jendeak galdetzen dio ekintzaileari ea zergatik dauden hainbeste identitate, ez direla beharrezkoak. Eta berak erantzun: “Beharrezkoak dira arauak dauden bitartean. Normaltasuna agintzen duten arauak dauden bitartean, egongo da jendea esaten duena ‘ba ni ez naiz horrelakoa’. Berdin dira fikzio bat lesbiana izatea eta heterosexuala izatea, trans izatea bezain fikziozkoa da Cis izatea, pelikula beraren parte dira. Erlaxatu egin behar dugu pixka bat. Pisua galdu dezatela kategoriek, baina ez soilik LGTB kategoriek, normatiboek galdu behar dute pisua”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexualitatea
Hamza Abuhamdia (palestinar ekintzaile 'queer'-a)
“Gorputza da botere kolonialak okupaturiko lehen territorioa”

Larunbatean Makean izanen da Hamza Abuhamdia, Parisen bizi den palestinar queer-a, Palestinaren aldeko topaketaren kari. Israelek bideraturiko pinkwashing-ari buruzko tailerra eskainiko du –bat-bateko euskarazko itzulpenarekin– arratsaldeko 15:30ean. LGBT pertsonen... [+]


Sexu erromanikoa

Zamora, X. mendearen amaiera. Duero ibaiaren ertzean eta hiriko harresietatik kanpo Santiago de los Caballeros eliza eraiki zuten. Eliza barruko kapiteletan askotariko eszenak irudikatu zituzten, besteak beste, eduki sexualak zituztenak: orgia bat, emakume biluzi bat gizon baten... [+]


Bilboko Etxaniz Suhiltzailearen anbulatorioko sexu-transmisiozko infekzioen zentroa “gainezka” dagoela salatu dute

Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.


Nafarroan chemsex-ari erantzun koordinatu bat emateko baliabideen eta agenteen beharra mintzagai

Sare Elkarteak antolaturik chemsex fenomeno soziokulturalaren inguruan mintzatzeko jardunaldiak antolatu dituzte Iruñean.


2024-09-10 | Sustatu
Kaixomaitia.eus irail amaieran itxiko da, ez badu inork erreleboa hartzen

Irail amaieran itxiko da Kaixomaitia.eus, harremanak aurkitzeko euskarazko webgunea, 17 urteko jardunaren ondoren. Hala jakinarazi du mezu batean bere sortzaileak, urteotan baliabide hau kudeatzen hainbeste lan egin duen Iñigo Arandia Galarragak. Mezuan aipatzen du... [+]


2024-08-20 | ARGIA
Osakidetzan tratamenduari ekin nahi dioten transek psikiatriatik pasa behar dutela salatu dute

Hainbat kolektibok salatu du Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean arreta jasotzen duten transei lehen harrera psikiatrikoko profesionalek egiten dietela, horrek transak patologizatzen dituela eta harrera endokrinoak egin beharko lukeela. Harrera endokrinoak... [+]


Prep, GIBaren aurkako beste hesi bat

Estrategia eta neurri ugari daude GIB birusari aurre egiteko; horien artean Prep esposizio aurreko profilaxia. Birusarekiko esposizio arrisku handia dutenek eskatu dezakete.


Munillaren adierazpen homofoboek kritika erauntsia eragin dute berriro

Jose Ignacio Munilla gotzainak enegarren aldiz erakutsi du bere homofobia, homosexualitatea “sendatzeko” terapiak defendatuz. Valentzian irakasle bat harrapatu dute ikasleekin birmoldaketa homosexualeko terapiak egiten, eta Donostiako apezpiku ohia bere alde atera... [+]


Adin txikikoak dira Osakidetzako genero identitateko unitatetik pasa diren erdiak

1.075 pertsona artatu ditu Barakaldoko ospitaleko genero-identitateko unitateak, 2016ean unitate hori martxan jarri zenetik. Erdiak baino gehiagok adin-nagusitasuna bete aurretik jaso zuen lehen arreta. Eta, kopuru osoaren herenak hamasei urte baino gutxiago zituen.


Gorputz hotsak
“Erotikan ere, ez dugu lortzen produkziotik ateratzea”

Desiraren, genero identitatearen eta erotikaren ikuspegia zabaltzeaz mintzatu da Igor Nabarro sexologoa. Nerabezaroan muineko lesio bat izan zuen, eta hori dela-eta zalantzan jarri zituen maskulinitatea eta sexualitatea. Salatu du istripuaren ostean ez zuela inongo heziketa... [+]


2024-07-02 | ARGIA
Lesbianismoaz eta ultraeskuinaz mintzo den ‘Lesvia’ dokumentalak irabazi du Zinegoakeko sari nagusia

Epaimahaiaren esanetan, dokumentala beharrezkoa da "bizikidetzari espazioa emateko", eta era berean, ez ahazteko urte luzez lesbianismoak ez duela ikusgarritasunik izan. Filminen dago ikusgai.


LGTBIQ+ pertsonen harrotasun eguna agintariek beraien intereserako baliatzea salatu du Ehgamek

Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduak (Ehgam) urtero bezala kalera aterako dela adierazi du, “Gure gorputz ez-bitar, trans, bollera, marika, bisexual eta disidenteez harro gaudela nahi dugu esan. Gure luma, gure bizitza-eredu ez-heterozuzenak eta gure... [+]


Queertopiak: babeslekuak, inguruan eragiteko moduak

'Queertopia' da aurtengo Zinegoak jaialdiaren izenburua. Queertopiek erakusten dute posible dela errealitate ezberdinak harremanetan jartzeko espazioak sortzea. Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendariarekin eta Julen Nafarrate komunikazio arduradunarekin duela 21 urte Bilbon... [+]


Gorputz hotsak
“Baimenik eskatu gabe interbentzio kirurgiko ugari egin zizkidaten”

Aktibista intersexa* eta DJa da Marikarmen Free (Baena, Espainia,1984). 2003. urtean sistema psikiatrikoaren kontrako borrokan hasi zen, eta gaur egun bide beretik doa Insania kolektibokoekin. Martxoan, Iruñeko Katakraken egindako “Zapalkuntza psikiatrikoa eta... [+]


Errezilgo jaietan izandako eraso homofobo bat salatu dute

Errezilgo Udalak jakinarazi duenez, aurpegia estalirik eta jarrera “oso bortitza” zuen gizon talde batek bikote baten etxeari eraso egin eta bikotea iraindu zuen. Udalak erasoa gaitzetsi du.


Eguneraketa berriak daude