Gaur aurkezten dugun intsektuaren izen zientifikoak, besteak beste, bi gauza azaltzen dizkigu: alde batetik, gorria dela (ez erabat) eta ez duela hegorik. Okerrak ez dira biak ala biak, baina gorria ez da bere kolorazio bakarra, eta hegoak ere izan baditu, baina beraien tamaina oso aldakorra da ale batzuen eta besteen artean, eta batzuk oso txikiak dituztenez, ezin izaten dute hegan egin.
Europatik Txinaraino eta Iparramerikan eta Erdialdeko Amerikan aurkitu daiteke intsektu bizkor hau. Bere metamorfosian tenperaturaren eragina oso handia denez, iparraldeko Europan (Eskandinavian) ez da hedatu duela urte gutxira arte.
Udaberrian erraza da herriko zenbait lekutan lasterka bizian ikustea, harresi eta bideetan. Sarritan multzo handietan bilduta, batzuetan abdomenetik bikotea elkartuta, norantz joan erabaki ezinik, ugaltzea sokatira moduko lehia barregarri bihurtuta.
Bere bizi zikloak bizpahiru hilabete irauten du. Horietatik, astebete-edo arrautza fasean igarotzen du, eta hilabete erdi edo hilabete behar izaten du larba fasea gainditu eta heldu bilakatu arte. Esan bezala, tarte horiek dezente luzatu edo moztu daitezke tenperaturaren arabera. Arrautzen tamaina ere oso aldakorra da, eta horietatik ateratako larben tamaina haien araberakoa izaten da. Larbak kanibalak izan daitezkeela kontutan hartuta, erraza da konturatzea zein aterako diren garaile…
Tenperaturak kolorazio beltzaren azalera baldintzatzen du, hau da, zenbat eta hotzagoa izan, kolorazio beltza ere hedatuago. Kolorazioari buruz behin baino gehiagotan aipatu izan dugu atal honetan naturak baduela bere kodea arriskua adierazteko. Kolorazio gorriak, horiak, laranjatuak eta beltzak adierazten dute arriskua. Jakina, gizakiok kode hori ere erabili dugu, nahiz eta batzutan ez jabetu kolore horien jatorriaz. Hor dauzkagu semaforoak, trafiko-seinaleak, zebra-bideak (hasieran horiak ziren gaur egun zuriak edo gorriak diren marrak), sorosleen uniforme hori edo gorriak (suhiltzaileak, adibidez). Intsektu honen kasuan, ordea, kolorazioak etsaiak nahasteko besterik ez du balio, animalia erabat kaltegabea baita guretzat. Badira haien janari eskasiaren aurrean letxugei eta azaloreei ekin dieten kasu bakan batzuk, baina inola ere ez da sarritan gertatzen, ezta gutxiagorik ere.
Hemipteroen artean badira itxura oso antzekoa duten intsektuak, baina belarjaleak izan beharrean haragijaleak direnak eta Pyrrhocoris bezalako intsektuz elikatzen direnak, Reduviidae familiako batzuk, adibidez (“zimitz hiltzaile” izen erakargarria jasan behar dutenak…); baina ez dute gure gaurko protagonistarekin zerikusirik, bera bezala hemipteroak badira ere.
PYRRHOCORIS APTERUS
TALDEA: Hemiptera, Pyrrhocoridae Familia.
NEURRIA: 6-11 mm arrak, 7-12 mm emeak.
NON BIZI DA? Soro, sasitza, bide eta baso ertzetan.
ZER JATEN DU? Landareen zuku eta haziak.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.
Sugea entzun eta leku lehor bat etorriko zaio burura askori, narrastiek beroa behar dutela ondo barneratua baitu gizakiak. Suge guztiak ez dira berdinak, ordea; denek ez dituzte baldintza berak gustuko, eta horri esker dago, besteak beste, dagoen dibertsitatea. Bakoitzak bere... [+]
Itsasoan badira landareen itxura izan arren animalia harrapari diren izaki eder batzuk: anemonak. Kantauri itsasoan hainbat anemona espezie ditugun arren, bada bat, guztien artean bereziki erraz atzemateko aukera eskaintzen diguna: itsas-tomatea.
Ugaztunei eskainitako azken artikuluaren amaierako hitzak hurrengo animalia aurkezteko aitzakia paregabea dira. Bertan esaten genuen muturluzeak erreka “garbi eta txukunak” behar dituela, kutsadurarik gabeak baina elementu natural anitzekin. Animalia txiki horren... [+]
Antxoa, bokarta edo albokartia, gure arrain komertzialen artean txikiena, euskal kostaldera hurbildu da.
Katalanen ustetan artzainak engainatzen omen ditu hegazti honek: “enganyapastors”. Espainiar eta latindarrek, aldiz, ahuntzari esnea kentzen diola diote, hortik datorkio hain zuzen ere izen zientifikoan (Caprimulgus europaeus) islatzen den caprimulgus (capra... [+]
Leihatila honetan behin baino gehiagotan azaldu ditugu Ama Naturaren engainuak bere izakiak babestearren. Batzuetan, erle edo liztor itxura zuten euliak ekarri ditugu, beste batzuetan inongo arriskurik ez duten arrisku-kolorazioko intsektuak ere bai (kolorazio aposematikoa... [+]
Nekazal eremu lehor baten erdian ageri da putzua. Txikia da tamainaz, eta ez oso sakona. Egunak dira euririk egiten ez duela, baina oasi txiki honek oraindik ere aurretik bildutako urari eusten dio. Gauak eremua irentsi du eta isiltasunaren erdian kantu bakarti bat entzun da... [+]
Trebea, burutsua eta iheskorra; olagarro arruntak, izenak hala adierazten ez badu ere, aparteko trebetasunak ditu. Itsas molusku zefalopodo haragijale honek txundituta gauzka, bere ezaugarri eta ahalmen bitxiekin. Ornogabe guztien artean adimentsuena da, besteak beste.
Azken glaziazioan Euskal Herriko lurraldea zapaltzen zuten mamutek, leizeetako hartzek, bisonteek eta baita hienek ere. Elur iraunkorrera eta hotzera egindako animalia horiek desagertu egin ziren baldintza glaziarrekin batera. Baina dinosauroen desagerpenaren garaian ugaztun... [+]
Gurean hain ezaguna den hegazti hau ustelzale porrokatua da, eta honek ez dio fama onik ekarri. Batzuek arrano, buitre, futre, hatxarrano edo mirusai deitzen diote; izen ofiziala sai arrea (Gyps fulvus) da.
Gaur egun Lur planetan bizi diren intsekturik handienek 30 cm inguruko tamaina izan dezakete, gizaki baten seiren bat, gutxi gorabehera. Horien artean daude tximeleta eta sits erraldoiak edo kakalardo potoloak. Halako izaki harrigarrien aurrean nola bada erreparatu lau... [+]
Arboletako hostoak eroriak dira eta basoko lurra estalia dute. Lurraren eta hosto gorrituen artean, alabaina, sortzen da geruza fin bat, arreta gutxi jasotzen duena, baina espezie askoren biziraupenerako garrantzi handia izan dezakeena. Hezetasuna mantentzen du, zomorroak... [+]
Duela 180 milioi urte Pangea kontinentea zatitu zenerako ikasia zuen aingirak Thetis itsasoa zeharkatzen. Ordudanik kontinenteak mugituz joan dira, eta aingira espezieak ezberdinduz. Jatorrizko arbaso beretik bereizi diren 20 aingira espezieen artean, gurea da, ibai-aingira edo... [+]
Koloretsuak, distiratsuak, forma xelebre bezain ederrekoak diren heinean, nudibrankioek beste planeta batetik iritsitako izakiak dirudite. Itsas hondoko izaki biluzi hauek 1980ko hamarkadako gandorretako kolore biziak eta Parisko joskintzako izen handien moda arkitektonikoa... [+]
Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi... [+]