Leku batean baino gehiagotan ikusiko zenuten azken egunotan “sarearen neutraltasuna arriskuan" dagoela eta antzeko albisteak. Nik neuk inguruan dudan jendearen moduan bazabiltzate behintzat, beharbada ez duzue gauza handirik ulertu. Eta ulertu beharreko kontua da, larria eta garrantzitsua delako.
Bueno, neu ere ez naiz oso-oso-oso abila azalpen sakonetan, baina enfin, pentsatu dut beharbada saiatu nintekeela azaltzen zer den mordoilo hau guztia…
Sarearen neutraltasuna internet gaur egun ezagutzen dugun moduan izatera eraman duen oinarrizko printzipioa da. Nolabait esateko, esan nahi du interneteko konexioa eta haren bidez egiten den datu eta eduki trafikoa independenteak direla. Hots: nik 100 Mbpsko konexioa ordaintzen badut, abiadura hori izango dut interneten egiten dudan edozertarako: bideoak ikusi, emailak bidali, blogean idatzi, telebista online ikusi, musika deskargatu… Orain arte, gure konexio hornitzaileek (Euskaltel, Vodafone, Movistar…) azpiegitura, ‘tutua’ baino ez digute jartzen, lodiagoa ala estuagoa, ordaindu nahi dugunaren arabera. Gero tutu horretatik ardoa, ura, sagardoa edo txerri odola bidaltzen dugun, ez da haien kontua.
Antzekotasunak topa ditzakegu etxean ditugun beste zerbitzu batzuetan:
Argindarra: etxe baterako argindar hornidura kontratatzen denean, potentzia jakin bat eskatzen da. Behin hornidura hasita, erabiltzaileok nahi duguna egin dezakegu argindar horrekin, beti ere kontratatu dugun potentziaren barruan: mugikorra kargatu, labea piztu, argiak piztu, ikuzgailua erabili… Hornitzaileak ez digu mugatzen ematen digun energia horren erabilera, edo ez digu ezberdin kobratzen berogailua eta plantxa, adibidez.
Telefonia: telefonoekin, berdin. Mugikor zein finko, batek kontratatzen du telefonia linea bat eta minutu edo dena delako muga bat hornitzailearekin. Muga horien barruan, nahi duenarekin hitz egin dezake berba: amarekin, teleoperadoreekin, fax makinekin… Hornitzaileak ez digu esaten norekin hitz egin dezakegun eta norekin ez, eta ez digu ezberdin kobratzen lagunekin ala amarekin hitz egitea.
Estatu Batuetako FCC delakoak (Komunikazioen Batzorde Federalak), Trumpen estiloari jarraiki, bertan behera utzi ditu Obamaren garaian hartutako hainbat neurri, AEBetako internet hornitzaileak behartzen zituztenak sarearen neutraltasuna errespetatzera.
Indarrean zeuden neurri horiek internet utility gisa jotzen zuten, hau da: Estatuak bereziki zaindutako oinarrizko zerbitzu gisa. Aurrerantzean, zerbitzu komertzialtzat jotzen da, eta beraz, hornitzaileen arteko lehia libreagoa onartuko da, oinarrizko zerbitzu izaera horrek ezartzen zituen mugak alde batera utzita.
Bereziki, onartu da internet hornitzaileek erabaki ahal izango dutela sare bidez erabiltzen diren zerbitzu ezberdinei abiadura ezberdinak ezartzea. Abiadura horiek bi irizpideren arabera ezarriko dira, nagusiki:
Hornitzaileen beraien interesen arabera. Imaginatu Teknopatatel enpresa bat dudala, telekomunikazio zerbitzuak ematen dituena: telefonia, internet eta kable bidezko telebista. Telebista eskaintzen dudanez, Netflix, HBO, Sky eta Youtube ere nire lehiakide zuzenak dira… eta beraz, internet nirekin kontratatzen baduzu, zerbitzu horiek OOOSO mantso funtzionatuko dizute. Edo, are gehiago, internet nirekin kontratatzen baduzu, tarifa gehigarri bat kobratuko dizut Youtube edo Netflix ikusteko.
Zerbitzu emaleak ordaintzeko prest daudenaren arabera. Pentsa: Teknopatatelek erabaki du Youtube aparte kobratzea. Baina gero, Youtube etorri da nire bulegoetara, eta esan dit bermatu nahi duela nire abonatuek Youtube ondo ikusten dutela. Kontratu bat sinatzen dugu bion artean, eta Youtubek dirutza indezente bat ematen dit urtean hori ziurtatzeko. Euskaltube.eus sortu berriaren jabeak ere nahi du nire abonatuek bere bideoak ondo ikustea, baina dirurik ez duenez, tutu geldoarekin konformatu behar du.
Alegia: aurreko adibideetara ekarrita:
Argindarra: filosofia berri hau erabiliz, Iberdrolak erabaki lezake diferente kobratzea etxean bitrozeramika ala frijigailua erabili. Edo berogailua erabiltzen saiatzean, potentzia nahita jaistea, gu behartzeko gas bidezko berogailua kontratatzera…
Telefonia: Euskaltelek erabaki lezake amarekin eta aitarekin hitz egitea diferente kobratzea, edo lanera deitzeko plus bat ezartzea, edo telemarketingeko enpresei lehentasuna ematea haien deiak oso-oso-oso ondo, eta besteak oso txarto entzun daitezen…
Hori OSO txarra da, bai. Hasteko eta behin, goitik eta behera eraldatzen duelako orain arte ‘internet’ gisa ezagutu duguna. Iritsi liteke momentu bat non operadoreek eskaintzen diguten zerbitzua ez den internet bera, baizik eta ‘bilatzailea’, ‘Wikipedia’, edo ’emaila’. Eta hirurak nahi baditugu, ba orduan hiru kontratu (eta hiru tarifa) ordaindu behar, noski!
Honen guztiaren atzean zer dagoen, artean Telefónicako presidente zen César Aliertak argi eta garbi azaldu zuen 2010ean Bilbon egindako hitzaldi gogoangarri -eta etiliko samar- batean. Laburbilduz: “Aizue, eske Googlek eta Amazonek eta halakoek dirutza izugarria irabazten dute operadoreok ezarritako azpiegiturei esker, eta beraz, irabazten duten horren zati handi batek guretzat izan behar du!”. Klaro, zeren eta Google eta Amazon eta enparauak dohainik konektatzen baitira internetera… (Egin klik hemen bideoa ikusi/entzun nahi baduzu).
Baina gainera, labur eta telegrafikoki azalduta:
Interneteko enpresa handien alde egiten du: Googlek, Amazonek eta halakoek ez dute arazo handirik izango, seguruenik, operadoreei haien zerbitzuen abiadura bermatzeko tasak ordaintzeko. Baina alor horietan edo beste batzuetan zerotik hasi nahi luketen enpresa txiki berriek ez lukete modurik izango orain erraz lor daitekeen irismen masiboa lortzeko: beraien webguneak astiroago ibiliko lirateke, konexio etenekin…
Operadoreak arbitro bihurtzen ditu: hau gutxitan aipatzen den kontu bat da, eta oso larria. Operadoreei onartzen bazaie eskubidea interneteko trafikoaren abiadura edukiaren arabera kontrolatzeko, inplizituki, eduki hori xehe-xehe arakatzeko eskubidea ere onartzen zaie. Teknopatatelek eskubide osoa izango luke bere abonatuen konexiotik uneoro zer pasatzen ari den arakatu eta nonbait apuntatzeko: orain bilatzailea erabili duzu, orain Youtubeko kanal jakin bat, orain beste kanal bat, gero deskarga orri batera joan zara, gero Amazonera, Amazonen etxetresnak begiratu dituzu…
Operadorei editore bihurtzeko ahalmena ematen zaie. Honen guztiaren jatorrian dago AEBetako Verizon operadorearen eskari bat, 2014koa. Enpresak esaten zuen bera ez zela azpiegitura hornitzailea, eduki hornitzailea baizik. Eta beraz, egunkari edo telebista batek eskubidea baldin badu erabakitzeko bere publikoari zer erakutsi eta zer ez, berak ere izan nahi duela eskubide hori, erabaki editorialak hartu nahi dituela. Funtsean, hori da 2015ean Obamaren administrazioak geldiarazi zuen eskaria. Eta horixe bera, orain onartu dena: “sarea neurea da, eta erabiliko da NEURI komeni zaidana hedatzeko”.
Bai eta ez. Erabakiak momentuz Estatu Batuei baino ez die eragiten, hala da. Eta gainera, dirudienez oraindik badago aukera bat AEBetako Kongresuak atzera botatzeko, eta Mozilla Fundazioak, adibidez, eskari masibo bat abiatu du hori lortze aldera. Baina oso aurrekari arriskutsua da. Europar Batasuna beti agertu da neutraltasunaren oso alde, baina Atlantikotik honako operadore handiak pozarren agertu dira FCCk hartu berri duen erabakiarekin.
Zeren, noski, ez baikabiltza herri, ezta herrialde edo estatu mailako enpresa txikiei buruz berbetan. Telefónica, Vodafone eta Orange bezalako multinazionalei buruz baizik. Hots: politikariengan presioa eragin eta lobby lana egiteko kapazitate handia duten makroenpresei buruz.
Ez pentsa. Izatez, multinazional horietako batzuk hasiak dira jadanik zirrikitu legalak erabiltzen interneten neutraltasunaren kontra doazen tarifak eta planak saltzeko. Zein da zirrikitu legal hori? Interesatzen ez zaizkigun konexioak zigortu beharrean, interesatzen zaizkigunak saritzea: “Eh, egin nahi duzuna zure konexioarekin, e? Baina jakin hau eta hau eta beste hau egitea merkeago irten daitekeela”.
Egunotan asko hitz egiten ari da Portugalgo kasuaz. Han, MEO operadoreak Smart Net izeneko paketeak eskaintzen ditu mugikorrerako: Messaging, Social, Video, Music eta Email & Cloud. Haietako bakoitza 5 euro dira hilean, eta ahalbidetzen du aplikazio jakin batzuk erabili ahal izatea hilean kontratatuta duzun trafikoa gastatu gabe.
Trikimailua aurreikustea erraza da: pixkanaka-pixkanaka, hiruzpalau urteko epean adibidez, joan tarifa arrunteko konexioaren kalitatea jaisten, edo/eta prezioa igotzen, erabilgaitza egin arte. Horretarako mila komunikazio kanpaina antolatu daitezke:
Eta hori, hemendik bost urtera, denok tarifa bat ordaintzen txateatzeko, beste bat emailetarako, eta beste bat Google erabiltzeko. Mugikorretik zein etxeko ordenagailutik.
Baina, aizue: ez dago Portugaleraino joan beharrik, e? Espainian ere, eta beraz Euskal Herrian -Hegoaldean behintzat bai!- Vodafone uda aurretik hasi zen Vodafone Pass izeneko paketeak eskaintzen. Ideia berbera da: plus bat ordaintzea interneteko zerbitzu jakin batzuk erabiltzeko hileko tarifako trafikoa gastatu gabe. Kasu honetan, Video, Social, Maps eta Music dira aukerak. Eta, etorkizuna zer izan daitekeen arurreratuz, gainera paketeek prezio ezberdina dute. (Ikusi alboko irudia).
Enfin, ez dakit gauzak argitu ala gehiago nahastu dizkizuedan, baina tira: iruditzen zait gai benetan potoloa eta garrantzitsua dela, eta uste dut ahalegina behintzat merezi zuela. Esango duzue zerbaiterako balio izan dizuen ala ez!
Sare neutraltasunari buruzko gorabeherak blog honetan bertan:
Albiste hau Joxe Rojasek bere Teknopatak blogean argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.
Hainbat enpresak aniztasun eta inklusio politikak aldatu dituzte Donald Trumpen gobernu berriari ongietorria egiteko.
Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]
Adimen artifiziala gizakion eremu asko ordezkatzen ari dela badakigu: erosotasuna, abiadura, efizientzia... Mundu kapitalista honen abiadura beharretan, gizakion ahalegina oztopo dela sinetsarazi digute. Gure, klase xumeen, egiteko eta sortzeko aukerak murrizteko erasoak leku... [+]
Azaroaren 15ean Errenteria-Oreretan Euskal Herria Digitala osatzen dugun eragileek antolatutako hirugarren jardunaldiak egingo ditugu. Autodefentsa digital feminista lantzeko tailer bat eta digitalizazio demokratikoa oinarri izango duen hitzaldi bat izango dira... [+]
Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]
WikiProject AI Cleanup proiektuari ekin diote Wikipedian: "Adimen Artifizialaren garbiketa", nolabait esatearren. Wikilari boluntarioak momentuz ingelesez, frantsesez eta alemanez hasi dira adimen artifizialaren bidez sortutako materialak detektatu eta (okerrak... [+]
Gorrotoa sustatzen duten algoritmoak, mendekotasuna sortzeko diseinatutako aplikazioak, pertsonak beharrean publizitate-hartzaileak ikusten dituzten plataformak, merkantzia gisa tratatzen gaituzten sare sozialak... Badirudi azken aldian Internetetik toxikotasuna baino ez dugula... [+]
“Pantaila aurrean denbora gutxiago igarotzeko esaten diegu gazteei, eta aldi berean ikastetxean derrigortzen ditugu gailu digitaletara konektatzera”. Eskoletako digitalizazio prozesuei frenoa jartzeko eta teknologiak (ez bakarrik hezkuntzan) gure gain duen kontrolaz... [+]
Espainiako Liburutegi Nazionala eta Euskariana Euskadiko Liburutegi Digitala elkarlanean aritu dira, bigarren urtez jarraian, .eus domeinuko eduki multzo handi baten bilketan. 13.000 domeinutan, orrialde sorta handiak biltegiratu dituzte, informazioko 15 terabyte guztira. Baina... [+]
Lanopor egun batzuk izan nituen joan den astean. Oporrak ziren, baina ordu batzuk dedikatzen dizkiodan afizio bati emanak izan ziren, biltzar batean inbertituak: hotelean lo eta hotel bereko areto batean jardunaldiak goiz eta arratsaldez. Ordu gutxi batzuk geratzen ziren hiria... [+]
Internet hasieran askatasunaren espazio izan zen, baina gaur egun enpresa handien esku dagoen lurralde kontrolatu bihurtu da. Testuinguru honetan, teknologia burujabetza eta ongizate komuna lortzeko Internet berreskuratzeko beharra gero eta premiazkoagoa da. Egile eta aktibista... [+]
Euskarazko Wikipediaren proiektuetako bat da Ikusgela, ikus-entzunezko material didaktikoak sortzeko ekimena, eta ikasturte berria abiatzera doaz euskal kultura sailerako bideo sorta berria argitaratuz. Hori egireko orduan konturatu dira artikulu askok hobekuntza eskertuko... [+]
Udako albistea da, zenbait tokitan agertu zena, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak (DBEA, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-organo bat) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari espedientea ireki ziola Googleren produktu batzuk erabiltzera behartzeagatik ikasleen... [+]
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Apple eta Irlanda kasua ebatzi, eta Googleren aurkako zigorra berretsi du, nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik.