‘Goazen lagunok’: sare sozial toxikoetatik fedibertsora trantsizio kolektiboa

  • Trumpek AEBetako presidentetza hartuko duen eguna baliatuta, Goazen lagunok lelopean, multinazionalen jabetzako sare sozial "toxikoak" utzi eta fedibertsora trantsizio kolektiboa bultzatzeko kanpaina egiten ari dira eragile ugari. “Internet gizatiarrago batean sinesten dugu, monopoliorik, algoritmo inbaditzailerik eta nahi ez den publizitaterik gabe”, diote. ARGIAk bat egin du kanpainarekin eta sare sozial toxikoei buruz lantaldean egindako gogoetaren ondorioak urtarrilaren 31n jakinaraziko ditu, Argia Sarietan.


2025eko urtarrilaren 20an - 07:00
Azken eguneraketa: 00:36

Azken aldian fedibertsoaren alde eta sare sozial toxikoen aurka antolatutako kanpainarik handiena antolatu dute gaurko, urtarrilak 20, Euskal Herrian eta nazioartean. Twitterretik "eXodoa" eragin nahi dute, eta hortaz, "Fedibertsoan ikusiko dugu elkar" esateko baliatzen ari dira eguna eragile eta ekintzaile ugari, zalantzan dagoen jendea pausoa ematera animatzeko eta trantsizioan laguntza eskaintzeko.

Kanpaina honen jatorria ekonomia sozial eraldatzailearen ingurunetik dator, baina kooperazioarekin, autonomiarekin, jasangarritasunarekin eta komunitate digital libreekin identifikatzen diren pertsonengana hedatuz joan da. Trumpen inbestidura eguna baliatuko da zenbait herrialdetan X utzi eta bestelako sare sozial batzuetara kolektiboki pasatzeko deia zabaltzeko. Horien artean dira Alemania, Erresuma Batua, Frantziako Estatua eta Espainiakoa, El Saltok jaso duenez, eta astelehenean zehar eragile askoren erabakien berri jasotzea espero da.

Euskal Herriko kanpainaren bultzatzaileen zerrendan dago ARGIA. Teknologia burujabetza hedabide honen lan ildoetako bat da azken urteetan, gaiari eginiko jarraipen periodistikoak eta esparru honetan emandako urrats praktikoek erakusten dutenez.

Zer da fedibertsoa?

Wikipedian irakur daitekeenez, fedibertsoa elkarren artean komunikatzen diren sare sozialen multzo bat da eta Wordpress, Mastodon edo Nextcloud dira, beste askoren artean, eskema horretan lanean ari diren zenbait proiektu. Interneteko sare sozialetan zenbait enpresa erraldoik lortu duten nagusitasuna ikusita, fedibertsoko sare sozial libre eta federatuak teknologia burujabetzan oinarritutako alternatiba gisa planteatzen dira.

Goazen lagunok kanpainaren webgunean Batu fedibertsora botoia sakatzean Mastodonen kontu bat irekitzea gomendatzen dute, “hori baita fedibertsorik ezagunenaren atea”. Behin bi zerbitzari edo instantziaren artean erabakita –mastodon.eus edo mastodon.jalgi.eus–, bertan nola jokatu azaltzeko zenbait aholku ematen dituzte: nola aurkeztu norberak bere burua, lagunak nola bilatu eta batez ere, gozatu. “Hemen benetako pertsonak aurkituko dituzu, elkar eragiteko espazio bat, algoritmoen, publizitatearen edo trol eta bot legioen interferentziarik gabe. Hasieran sumatuko duzu erritmoa ez dela sare sozial komertzialetan bezain frenetikoa, baina pazientzia pixka batekin, zurekin bat egiteko gogo handia duten pertsonen eta kolektiboen komunitate bikaina aurkituko duzu”, diote.

Azken urte erdian X eta Meta multinazionalak gorroto diskurtsoei eta eskuin muturrari eman dioten oihartzuna ikusita, jende ugari mobilizatzen ari da sare sozial toxikoak utzi eta jendeari laguntzeko fedibertsora pasatzen. “Hori, baina, ezin da norbanakoen erabaki pertsonalen esku utzi. Trantsizioak modu kolektiboan planteatu behar dira”, adierazi dio ARGIAri Beñat Irasuegik, kanpaina honen Euskal Herriko bultzatzaileetako batek. Espainiako Estatu mailako kanpaina da, hizkuntzaka antolatua, eta horren arabera, fedibertsoaren inguruko diskurtsoa bakoitzak bere errealitatera eta behar zehatzetara egokitu dute. “Guk, adibidez, euskaraz eta euskal komunitateak kudeatuko dituen sareak behar ditugu”, dio Irasuegik.

Dozenaka izan dira kanpaina honen harira adierazpenak egin eta erabakien berri eman duten eragileak. Euskal Herriko bi aipatzearren, Tokikom hedabideen sareak bere kide diren tokiko hedabideekin Mastodoneko instantzia propio bat antolatu du, edo Ekonomia Sozial Eraldatzaileko dozenaka enpresa batzen dituen –ARGIA ere bai– Olatukoop sareak jakinarazi du bere Twitter eta Facebook kontuak itxi dituela.

"Sare sozial toxikoek, gure denbora, arreta eta emozioak irensten dituen zelatatze-kapitalismoaren zerbitzura dauden produktu bilakatzen gaituzte. Plataforma horiek datu pertsonalen ustiapenaren bidez eta adikzioa sustatuz, batzuen errentagarritasuna maximizatzeko diseinatuta daude –idatzi dute Olatukoopeko kideek–. Testuinguru horretan, funtsezkoa da ulertzea sare toxikoak ez direla istripu bat, ongizate kolektiboaren gainetik, kapitalarentzako mozkina lortzera bideratutako eredu ekonomiko neoliberalaren ondorio zuzena baizik. Sare horiek kontsumitzaile pasibo gisa moldatzen gaituzte, herritar kritiko eta aktiboen ordez. Gure interesen kontrako agenda bat ere sustatzen duten, agenda propio bat eraikitzeko zailtasunak handituz". Behin hori esanik, "gure tresna digitalen kontrola hartu behar dugu, eta gure duintasuna, pribatutasuna eta autogestio-gaitasun komuna errespetatzen dituzten teknologien alde egin", defendatzen dute.

Duela hilabete bat ARGIA astekariak argitaratu zuen azala. Adur
ARGIA bere bidea egiten ari da teknologia burujabetzarantz

2018ko apirilean sortu zuen ARGIAk lehen kontua Mastodon sare sozial deszentralizatuan, euskal komunitateak oraindik existitzen ez zirenean. Hilabete batzuk geroago, hainbat eragile euskara eta euskal kulturaren Mastodon komunitatea sortzeko lanean hasi ziren. ARGIAk ez zuen zalantzarik egin, eta hasieratik hartu zuen parte.

Geroztik, sare libreen alde egiten jarraitu du ARGIAk, "gure kontraesan guztiekin" erredakzioko kideek azpimarratu dutenez. 2020an ARGIAren enpresa taldeko kide Iametzak musika eta podcast libreentzat Baleafunk.eus sortu zuenetik han ere argitaratzen dira ARGIAren podcastak. 2021ean hedabide honek PeerTube instantzia sortu zuen: bideoak.argia.eus, eta bertara igotako bideoak erabiltzen hasi zen webgunean, ordura arte erabiltzen ziren Youtubekoaren ordez.

2021eko ekainean Googlerekin lotutako zerbitzu guztiak kendu genituen gure webgunetik, eta nagusiki webgunearen estatistikak kudeatzeko Euskal Herrian oso barreiatuta dagoen Google Analitycs erabiltzeari laga eta ordutik Matomo software librea erabiltzen dugu. Agur Google, kaixo Matomo: zure pribatutasuna babesteko neurri berriak artikuluan aurki daitezke azalpen xeheagoak.

2023ko martxoan Euskal Fedibertsoko topaketetan Kataluniako Fedi.cat eta LaLoka kolektiboko kideek “sare publizitario asozialei ikusgarritasuna kentzeko” emandako pistak oso interesgarritzat jo zituen ARGIAk. Eta hala, irailaren 16an, software askearen nazioarteko egunarekin bat, proposamenari heldu eta ARGIAren euskarrietatik (aldizkaria, webgunean, iragarkietan, gehigarrietan, karteletan…) sare sozial toxikoen erreferentzia oro kentzea erabaki zuen lantaldeak, doako publizitatea ez egitearren.

Gaiarekin lotuta, 2023ko Interneteko Argia Saria eman zien medio honek Euskal Mastodon komunitateei: mastodon.eus eta mastodon.jalgi.eus.

Sare sozialen gogoetaren emaitzak Argia Sarietan

ARGIAk askotan jorratu izan ditu sare sozialen gaiak lantaldean, sortzen dizkiguten kontraesanak kudeatu eta eragiten jarraitzeko. Dena den, azken olatua The Guardian egunkariak Xko kontua itxi izanak mundu osoko hedabideetan sortutako eztabaida da, eta lantalde honek bi hilabeteko epean sare sozial toxikoekiko zer posizionamendu hartu gogoetatu du.

Gogoeta horren erabakia urtarrilaren 31n banatuko diren Argia Sarietan jakinaraziko du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Teknologia burujabetza
2025-01-15 | Sustatu
Urtarrilak 20: Twitterretik (eta sare toxikoetatik) alde egiteko eguna

Nazioartean ekimen batek baino gehiagok seinalatu du datorren astelehena, 2025eko urtarrilaren 20a, Twitterretik alde egiteko egun gisa. Donald Trumpek ofizialki AEBetako presidentzia hartzeko eguna izango da, eta haren eskutik X/Twitterreko jabea, Elon Musk, Etxe Zurira... [+]


Teknologia
2025ak dakarrena?

2025erako teknologia aurreikuspenen azterketa arina egin dut. Urtero bezala, medioetan 2025ean teknologiak ekarriko duenaz hitz egiterakoan diskurtsoa oso antzekoa da. Teknologiaz idazten dugun askok badugu etorriko denarekiko gehiago jakiteko larritasuna, berria aurreratzeko... [+]


Fedibertsoko edukiak euskarara itzultzeko zerbitzu librea gehitu dute Mastodon.eus-en

Mastodon.eusen euskara da hizkuntza nagusia, baina Fedibertsoa ehunka hizkuntza hitz egiten dituen komunitate global eta bizia da. Horregatik, itzulpenak egiteko Libretranslate tresna librea erabiltzen hasi dira. Horri esker, nazioarteko eragile eta norbanakoek argitaratukoak... [+]


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Teknologia
Hartzea ematea delako

Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]


X-tik irten nahi? Nor dago Mastodonen eta Blueskyren atzean? Nola finantzatzen da bakoitza?

Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]


Mastodon.eus-en “Gure aukera, sare libreak” kanpainarekin bat egin du ARGIAk

ARGIAko lantaldeak bat egin du Mastodon.eus-ek bere seigarren urtemugan abiatutako Gure aukera, sare libreak  atxikimendu kanpainarekin.


2024-11-20 | Sustatu
Mastodonen oinarritutako Matx.eus sare soziala abiatu da, euskal kirolaz jarduteko

Matx, tokiko kirolaren sare soziala, atzo jarri zen martxan. Urte hasieran app mugikor gisa jaio ondoren, orain Mastodon azpiegituraren gainean berregina azaldu da. Tokikom tokiko hedabideen sareko kirol albisteen biltegi gisa ageri da webgunea orain nagusiki,... [+]


Jaurlaritzak baztertu egin du ikastetxeei software libreko sistema eragileak eskaintzea

EH Bildu talde parlamentarioak legez besteko proposamena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, EAEko ikastetxeetako ordenagailuetan software libreko sistema eragileen (GNU/Linux) ezarpena ere bermatzea eskatuz. Aurrera atera den EAJ-ren eta PSE-EE-ren osoko zuzenketan ez da jasotzen... [+]


X-ren (lehen Twitter) akatsak errepikatu ala, behingoz, burujabetza teknologikorantz urratsak eman?

X bezalako espazioetan, gaur-gaurkoz, eztabaida publikoa eta borroka kulturala ematea ezinezkoa dela onartu beharko dugu noiz edo noiz. Zentzu horretan, akats bat da ezkerreko aldaketa bat gidatu nahi duten proiektu politikoek X bezalako plataformak uztea, soilik modu erabat... [+]


Baionako Etxepare Lizeoak sare sozial libreak bultzatuko ditu helburu pedagogikoekin

Gero eta ohikoagoa da Mastodon edo Pixelfed bezalako sare sozial libre eta federatuetan kontuak izatea. Horretarako, euskaldun gehienek mastodon.jalgi.eus, mastodon.eus edo pixelfed.eus instantziak erabiltzen dituzte. Baionako Etxepare Lizeoak pauso bat harago eman du, ikasle... [+]


X-ren (lehen Twitter) akatsak errepikatu ala, behingoz, burujabetza teknologikorantz urratsak eman?

X bezalako espazioetan, gaur-gaurkoz, eztabaida publikoa eta borroka kulturala ematea, ezinezkoa dela onartu beharko dugu noiz edo noiz. Zentzu horretan, akats bat da ezkerreko aldaketa bat gidatu nahi duten proiektu politikoek X bezalako plataformak uztea, soilik modu erabat... [+]


Eguneraketa berriak daude