Gaueko 21:00etarako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako %85era itzuli da hornidura energetikoa, eta Nafarroan, berriz, %50era. Egoera okerragoa bizi dute Espainian eta Portugalen: hurrenez hurren, argindarra lurraldearen %25era eta %10era iritsi da.
Sare elektrikoa erabat erori da Iberiar Penintsula osoan. Kalteak eragin ditu leku guztietan, hala nola osasun etxeetan, garraio-zerbitzuan, lantegietan, ikastetxeetan...
Aurrekaririk gabekoa izan da. Argindarraren sare guztia erori da Iberiar Penintsulan. Itzalaldia 12:30ean izan da, kolpetik, eta hornidura 13:15ean hasi da berreskuratzen zenbait lekutan. Lehenengotariko lekuak Gipuzkoa ekialdeko biziguneak izan dira, eta apurka-apurka joan da zabaltzen, iparretik eta ekialdetik, hegorantz eta mendebalderantz. Espainiak Frantziari eta Marokori erosi dio energia, eta horregatik hornitu da argindarra penintsularen ipar-ekialdetik eta hegoaldetik. Ipar Euskal Herrian minutu gutxi batzuetan soilik erori da sarea, Biarnoraino, sare energetikoak lotuta daudelako.
13:30 aldera hornitu da Donostia, eta herrika eta auzoka, gero eta barnerago edo mendebalderago, orduan eta berantago heldu da argindarra. Baina arratsaldeak aurrera egin ahala joan da oro har normaltasuna berreskuratzen. Esaterako, Gasteizko Alde Zaharrera 15:15ean heldu da argindarra, eta Iruñera 15:30ean. Hainbat lekutan, ordea, luzatzen ari da itzulera; mantso doa Bizkaian. 18:00etan argindarrik gabe segitzen dute Eibarren, Lekeition, Ondarroan, Amorebietan eta Basaurin, besteak beste; herrigune osoan ez bada ere, hainbat auzotan. Gauza bera Deban eta Leitzan. Hernanin eta Astigarragan, esaterako, 21:00 aldera berreskuratu da.
Espainiako Estatuan egoera are kaskarragoa bizi dute: gaueko 21:00etarako, lurraldearen %25era inguru iritsi da atzera ere argindarra. Bereziki okerren penintsularen erdialdean eta Madril hiriburuan daude; Bartzelonan, esaterako, 17:00ak aldera hasi dira jasotzen, eta pilatu diren auto-ilarak ez dira nolanahikoak izan: hogeina kilometrokoak Madrilen zein Bartzelonan. Portugalen ere arazoak dituzte: 21:00etan, lurraldearen %10era heldu da energia.
Zerbitzuak, berrartzen
Horniduraren arabera ari da normaltasun itxura itzultzen, bai behintzat zerbitzu nagusiei erreparatuta. Esaterako, 16:00etan berrekin dio Euskotrenek Deba eta Hendaia arteko tren zerbitzuari, baina ez Eibarreraino, eta Bizkaian soilik Amorebieta eta Bermeo artean.
Bilbon, metroa geldirik izan da 20:00ak arte, eta ordu horretan berrartu dute linea bat. Tranbia, berriz, geldirik. Gasteizkoa 18:30ean hasi da funtzionatzen. Espainiako Gobernuak kudeatzen dituen Renfe tren guztiak, esaterako, geldirik egongo dira bihar arte.
Kalteak egunerokoan
Kolpetik jausi da hornidura energetikoa, eta egunerokotasuna aztoratu du erabat.
Osakidetzan ordenagailuak itzalarazi dizkiete langileei, energia sorgailuak oinarrizko zerbitzuetarako baliatzeko; osasun etxeetako urgentziazko hainbat prozedura ez dira egin. Garraioan ere arazoak eragin ditu, tartean semaforoek ez baitzuten funtzionatzen, ezta tuneletako argiek ere, eta tren eta tranbia zerbitzua bezalaxe, metroa ere gelditu egin da Bilbon. Horietan harrapatuta geratu dira bidaiariak, baina larrialdietako energia sorgailuek lagunduta heldu dira hurrengo geltokira. Aireportuak ere gelditu egin dira. Ikastetxe ugari ere itxi dituzte, tartean EHU eta Deustuko Unibertsitatea.
Igogailuak ere energiarik gabe geratu direnez, suhiltzaileek interbentzio ugari egin behar izan dituzte, are gehiago hornidura iristea kostatu den lekuetan. Gutxienez 230 esku hartze izan dira Hego Euskal Herrian. Tartean, 11 pertsonak hiru ordu eman dituzte Eibarko igogailu publiko batean.
Merkataritza dendak itxi egin dituzte zenbait lekutan, ezin baitzen ordainketarik egin, ez behintzat sareari loturiko jarduerak. Kanpoaldera atera dira langileak, ondoko Donostiako argazkietan ikusten den moduan.
Itzalaldiaren bitartean mugikorren datu ibiltariek funtzionatu dute soilik, baina hori ere mantso joan da, eta konpainia batzuk ere erori dira.
Arrazoiak, argitzeko
Gobernuek krisi mahaiak deitu dituzte arratsalderako, eta prentsaurrean agertzen lehena Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchez izan da, iragarritako ordua baino ordu erdi berantago. Ordurako zazpi ordu igarota zeuden itzalalditik.
Aurreko orduetan sare eta komunikabideetatik egin bezala, "lasaitasuna" eskatu du gobernuak, larrialdi zerbitzuen erabilera egokia eskatu du, eta bereziki azpimarra egin desinformazioan. Izan ere, goizean zehar zibereraso eta sabotaje bat gertatu izanaren hotsak hedatu dira hainbat hedabideetan, nahiz eta Europako Batasuneko Zibersegurtasun Agentziak gezurtatu egin duen halakorik. Sánchez presidentearen esanetan, Espainiako Gobernuak ez du hipotesirik baztertzen, ez baitu ondorio batera iristeko moduko informaziorik, eta espekulaziorik ez egiteko eskatu du.
Espainiako Red Eléctricak, bere aldetik, arratsaldearen lehen orduan esan du "ezohiko akatsa" sortu dela instalazioetan, inolako xehetasun gehiagorik eman gabe. Portugalgo energia hornitzaile enpresak, berriz, Espainiakoari egotzi dio errua, eta detaile gehiago eman: tenperaturen muturreko aldaketak eraginda, "bibrazio atmosferiko bat" gertatu da eta akats hori konpontzeko Espainiako zerbitzuen sinkronizazioek "huts" egin dute.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales 19:30ean agertu da prentsaren aurrean, hura ere agindu baino ordu erdi berantago. Sánchezen ildo beretik, "lasaitasuna eta patxada" eskatu ditu Pradalesek, eta aurreikusi "orduak edo egunak" beharko direla normaltasunera itzultzeko; alegia, balitekeela joan-etorrian ibiltzea datozen orduetan.
Erorikoa 12:30ean
Ondoko irudian ikusten den moduan, Espainiako sare elektrikoaren eskaria erori egin da, azkar, minutu gutxiren buruan. Euskal Herrian kolpea 12:45 aldera jaso da. Gero, enpresa hornitzaileak esan duenez, 13:00etan aktibatu du "birjartze plana", alegia, den-dena erorita egotetik apurka martxan jartzekoa, baina batik bat igoera 13:30ean izan da.
Kolpetik jaitsi da, eta berreskuratzea apala ari da izaten, iragarri bezala. Irudian ikusten den lerro horia Espainiako Estatuko energiaren uneko kontsumoa da, berdea aurreikusitakoa, eta gorria programatutakoa. Ikusten den moduan, arratseko 18:00etan, kontsumoa aurreikusitakoaren erdia da.
Red Eléctrica de Españak zibererasoaren aukera erabat baztertu du, eta bi instalazio fotovoltaikoetan jarri du begirada. “Operadore pribatuei erantzukizunak eskatuko dizkiegu eta berriro ez gertatzeko beharrezko neurriak aktibatuko ditugu”, adierazi du... [+]
Hedabideetan nahiko aipatu dira asteleheneko itzalaldiak gizartean eragin dituen ondorioak, baina nahikoa aipatu al da gertakari horrek agerian uzten duena? Besteak beste, bi auzi nagusi: bizirauteko energiarekiko dugun menpekotasuna eta azken urteetan gertatzen ari den zerbitzu... [+]
Egunak argitzerako itzuli da argindarra ia-ia leku guztietara. Euskal Herrian baino atzeratuago egin du Espainiako Estatuko lekurik gehienetan, baita Portugalen ere. Normaltasun itxura gaur Euskal Herrian, baina goizeko lehen orduan ez dira funtzionatzen ari aldirietako trenak... [+]
Energiaren Nazioarteko Agentziak (IEA) astelehenean argitaratutako txostenaren arabera, %2,2 igo da energia eskaria 2024an aurreko urtearekin alderatuta, besteak beste, egiturazko arrazoi hauengatik: beroari aurre egiteko argindar gehiago erabili beharra, industriaren kontsumoa... [+]
Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak Datu Zentroen instalazioei ateak irekitzen dizkiete horiek arautzeko legedia sortu aurretik. Bilbao-Arasur Dantu Zentroarekin, bere lehen fasea gauzatuta, eta instalatzea amesten duen Solariaren Datu Zentroarekin, 110.000 m2... [+]
Espainiako Estatuko zentral nuklearrak itxi ez daitezen aktoreen presioak gora jarraitzen du. Otsailaren 12an Espainiako Kongresuak itxi beharreko zentral nuklearrak ez ixteko eskatu zion Espainiako Gobernuari, eta orain berdin egin dute Endesak eta Iberdrolak.
Ukrainako fluxua eten ostean, Errusiako gasa jasotzen jarraituko duela iragarri du Eslovakiak, eta Transnistriak uko egin dio Europaren "laguntzari".
Stargate izeneko proiektuarentzat 500.000 milioi dolarreko inbertsioa iragarri du AEBetako presidente izendatu berriak. OpenAI, SoftBank eta Oracle konpainiek hartuko dute parte.
Gazpromekin zuen kontratua ez du berritu Volodymyr Zelenskyren gobernuak eta, asteazken goizean, Europa ekialdea hornitzeko gasaren fluxua eten du errusiar konpainiak.
Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]
Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]
Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]
Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.
Sustrai Erakuntza fundazioak desazkundeari buruzko jardunaldiak egin zituen Iruñean urriaren amaieran. Han eman zuen hitzaldia Luis González Reyesek (Madril, 1974). Adrián Almazánekin batera 2023an argitaratutako liburua izan zuen oinarri:... [+]