Santrich eta Habanako Akordioen bide tragikoa

  • Habanan sinatutako akordioa eta egungo errealitatea azalduko ditut, aurreko artikuluari segida emanez eta fokua pixka bat irekiz. Ahaleginduko naiz media nagusienetan oihartzun askorik ez duen aldearen ikuspuntutik egoera deskribatzen; noski, inongo objetibotasun asmorik gabe.


2019ko apirilaren 12an - 13:37
Santrich lehen planoan, atzean Habanako Akordioa sinatu zuten eguneko argazkia duela.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

La Habanako Akordioak Kolonbian mende erdiz luzatu zen gatazka armatu latzaren testuinguruan eman ziren, FARC-EP gerrilla eta Santos presidentearen Gobernuaren arteko bost urteko negoziaketa prozesu luze baten ondorioz. Negoziaketa horiek nazioarteko beste herrialde batzuen ikuskaritza eta babespean gertatu ziren, eta sinadurak Nazio Batuen oniritzia jaso zuen. Lege konstituzional baten bidez Akordioak betekizun bilakatu ziren bi aldeentzat, gutxienez hiru legegintza presidentzialen epean. Zoritxarrez, baina, Kolonbia berri baterako hazia izan nahi zuten Akordioek ibilbide tragikoa pairatu dute geroztik.

1- Landa Erreforma Integrala: nekazal garapen integralerako politikak

Gatazka politikoaren korapilo historikoa izanik ere, estatuak jarraitzen du akordioak %10ean ere bete gabe. Adibideak: lur-eremuen katastroa, nekazari txikientzako lurren eskuratze integrala, nekazarien jabetzak babesteko nekazal legedia, nekazal eremuak baliabidez hornitzea, produkziotik komertzializazioraino, gatazka armatua eta pobrezia gehien sufritu duten lur eremuetan, normalean ekonomia ilegalek garrantzi handia izan duten eremuak izanik, lurralde ikuspegia duten garapenerako programak abian jartzea…

2- Parte hartze politikoa: bakea eraikitzeko zabaltze edo irekidura demokratikoa

Betetze maila %50 ingurukoa bada ere, oraindik oposizioak bizia galtzen du politika hutsa egiteagatik. Akordioak sinatu zirenetik 90 Fariano eta 415 lider sozial erailak izan baitira. FARC alderdi politikoaren kidegoak ere, Santrich-ek eta beste batzuek bizi dituzten estatu-errepresioaren ondorioz, ziurgabetasun juridikoaz zein pertsonalaz bizi du akordioen inplementatzea.

3- Gatazkaren amaiera: behin betikoa eta aldebikoa izango den su-etena eta armen utziera

FARC-EP-ek, bere konpromiso guztiak betez (%99), batetik adostutako armagabetzea burutu zuten, NBE-ren bitartekaritzarekin; bestetik, FARC-EP gerrillatik “Fuerza Alternativa Revolucionaria del Común” alderdi politikorako trantsizioa egin zuten eratze Kongresu berezi baten bidez. Gobernuak, bitartean, gerrillari ohien bizitza zibilerako trantsizioa bermatzen zuten akordioak bete gabe jarraitzen du, izan arlo ekonomikoan, izan osasunean, izan hezkuntzan, eta abar. Baina batez ere, ezerezean gelditu dira, halaber, gerrillariek proiektu produktiboak abiarazteko Akordioan zehaztutako laguntzak; beraien bitartekoekin eta nazioartean atea joz lortu dituzte biziraupenerako proiektu bakan batzuk aurrera ateratzea (tartean MCC). Eta ezin ahaztu gobernuak 400 preso politiko inguru gatibu dituela oraindik ere burokrazian aitzakiaz eta sinatutako amnistia dekretuari muzin eginez.

4- Legez kanpoko drogen arazoari konponbidea

Atal honetan Gobernuak eta Gerrillak legez kanpoko laborantzaren ordezkapen borondatezkoa adostu zuten. Hala, nekazarien aurka bortxaz eta fumigatzeen bidez ekin beharrean, hauentzat nekazaritza gaien ekoizpenerako zein merkaturatzeko baldintzak sortzea adostu zuten, baita, aldi berean, biztanleen laborantza eta bizi baldintzak hobetzeko proiektuak ere. Baina Kolonbiako Gobernua, AEBtako interes politikoei eta presioei men eginez, bortxazko erradikazio ikuspegi zahar-antzuetara itzuli da berriz ere.

5- Biktimen erreparazioa: egia, justizia, erreparazio eta ez errepikapenaren sistema integrala

Azpimarratzekoenak: Egiaren batzordea, desagertuak bilatzeko komisioa eta “Jurisdicción Especial para la Paz” (JEP) epaitegiak. Justizia trantsizionalaren logikan sortutako epaitegi hauen bidez zera adostu zuten, gatazkan aktore izan diren gerrillari, polizia, militar, paramilitar eta pertsona zibilek, norbere ardurak aitortzean, zigor ez-penalak (errestauratiboak) jasoko zituztela. Uribismoak, JEPak duen garrantziaz jakitun, Habanan adostutakoa desitxuratu du erabat tramite parlamentarioen bidez, eta hari zilegitasuna kentzeko kanpainan dihardu buru belarri, zibilak (parapolitikoak, latifundistak, transnazionalak…) JEP-etik ateraz, militarrentzat sala berezitu bat sortzeko ahaleginekin, eta abar. Guzti horren atzean bi helburu daude: batetik, Uribismoak gatazkan duen ardura ezkutatzea, eta bestetik, gerrilla gatazkaren aktore bakar izendatuz, JEP-ak soilik hura epaitu eta zigortu dezala.

6- Inplementaziorako, egiaztatzeko eta berresteko mekanismoak

Habanako Akordioak betetzeko eta hauen jarraipena egiteko komisio ezberdinak adostu ziren, troikaren ardurapean (NBE, Gobernu Kolonbiarra eta FARC). Emaitza eskasekin.

Laburbilduz honokoa esan genezake. FARC-EP-en ikuspegitik, behin onartuta negoziaketa mahaiak ez zuela ahalbideratzen gatazkaren erroetan zeuden arrazoi estrukturalak konpontzea, gutxieneko aldaketa sakon batzuk onartu zituen. Apustua zera zen, Akordioak lanabes bezala erabiltzea, parte-hartze politiko legalaren babespean eta gehiengo sozialen aliantzekin mugimendu herritar eraldatzaile bat abiaraztea, gatazkaren jatorrian dauden arrazoiak aldatzeko. Santosen Gobernuak ordezkatzen zituen enpresarien eta estatu botereen helburua, berriz, matxinoen desegitea baino ez zen. Alegia, beren klase pribilegioen aurkako kontra-botere armatu nagusia desegitea, balizko aldaketa estruktural oro ekidinez.

Akordioa bete dadila eskatuz aldarrikapen ugari egin dituzte Kolonbian.

Orain, Akordioen sinaduratik bi urte eta erdira, Duqueren Gobernu “berriak” erabateko iruzurrean segitzen du, jukutria parlamentarioan Akordioa ahal bezainbat itxuragabetuz. Bitartean, Habanan adostutakoa betearazteko borrokan katramilaturik, Akordioen aldeko oposizio zabala bere indar eraldatzaile oro xahutzen ari da soilik negoziaketan irabazitakoa errespeta dadin. Pacta Sunt Servanda.

Hala ere, kolonbiar errebeldeak ezaugarritzen dituen baikortasunetik, ez dute etsitzen Akordioen aldeko defentsa sutsuan. Azken asteotan 15.000 indigenak burutzen ari diren mingara (grebara) gehituz, oposizio zabalak Minga Nazional baterako deia egin du, Bakean, eskubideetan eta justizia sozialean oinarritutako etorkizuneko Kolonbia berri baten alde. “Juramos vencer y venceremos” oihukatzen du Jesus Santrichek isolamenduko 26. ziegatik. Hala bedi!

* Iurdan Martitegi Lizaso euskal preso politikoa da. Bigarren artikulu hau beste honen jarraipena da.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2025-03-05 | Gorka Menendez
Ordezkapen Handia

Aurrekoan, ustezko ezkertiar bati entzun nion esaten Euskal Herrian dagoeneko populazioaren %20 atzerritarra zela. Eta horrek euskal nortasuna, hizkuntza eta kultura arriskuan jartzen zituela. Azpimarratzen zuen migrazio masifikatua zela arazoa, masifikazioak zailtzen baitu... [+]


2025-03-05 | Itxaro Borda
Espantuka

Ez dut beti ulertzen nola aritzen ahal diren lur planeta honetako zati okitu, zuri, gizakoi eta kapitalistako aho zabal mediatikoak, beraiena, hots, gurea, zibilizazioa dela espantuka. Berriak irakurtzen baldin baditugu, alta, aise ohartuko gara, jendetasuna baino, barbaria dela... [+]


C2ko ikasleei eskerrak

Administrazioko hainbat gai, LGTBI+ kolektiboko kideen beharrizanak, segurtasun subjektiboa, klima aldaketa, gentrifikazioa, ikus-entzunezkoak erabiltzeko modu berriak, audientzia-datuak jasotzeko moduak, dislexia, ikuspegi pedagogiko aktibo eta irisgarriak, literatur... [+]


Elebitasunaren tranpa

Auzitan jar ez daitekeen baieztapen orokor eta eztabaidaezinaren gisan saldu digute hizkuntzak jakitea printzipioz ona dela, baina baditu bere "ñabardurak", edo esanahi ezkutuagokoak. Hemengo ustezko elebitasun kontzeptuaren azpian dagoen baina kamuflatzen den... [+]


2025-03-05 | Karmelo Landa
Gure esku dagoena

Otzandu egin gara, katalanak eta euskaldunok, ekaitzaren ondoren. Saiatu ginen, bai; sendo ekin genion, eta gogor kolpatu gaituzte; ezin izan genien gure helburu zuzen, ezinbesteko, sakratuei eutsi. Eta porrotaren mingostasuna dastatu dugu, eta bigundu egin gara irabazleen... [+]


2025-03-05 | June Fernández
Meloi saltzailea
toXic

Ortutik itzuli berritan erabaki nuen Twitterretik alde egitea, oraindik Twitter zenean. Auzolan batera joan nintzen, brokoliak eta azaloreak landatzera, eta mindfulness efektua zapuztu zidan algoritmoak, idazle feminista transgorrotatzaile baten txioak jaurtitzearekin... [+]


2025-03-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Desgaia gai

Desgaitasun fisikoa duen arkitekto baten alabaren etxea bisitatu ondoren idazten dut honako hau.

Desgaitasun fisikoa duten pertsonen taldeek ez dute arkitektoa maite, beraien bizitza zailtzen duen gaizkile bat kontsideratzen baitute. Gorrotoa ulerkorra da: arkitektoaren lanak... [+]


Teknologia
Hildakoen txatbotak

Iragana ulertzen saiatzen eta etorkizuna bideratzen, oraina joaten zaigu zenbaiti. Nire proiektuetako bat (hasi baina landu ez dudana oraindik) dudan zuhaitz genealogikoa egitea da. Horretan lagunduko didan liburutxo bat ere erosi nuen. Baina, hain da handia lana, liburutxoa... [+]


2025-02-26 | Elixabet Etchandy
Martxoaren 8ko, emazte langileak lehen lerrora!

Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu, eta urtero bezala, instituzioek haien diskurtsoak berdintasun politika eta feminismoz josten dituzte, eta enpresek borroka egun hau “emazteen egunera” murrizten dute, emakumeei bideratutako merkatu estereotipatu oso bati bidea... [+]


Musker eta Tranpa

Batzuendako, dirutza izatea ez da nahikoa, eta euren ego hauskorrek diruaren txintxina ez ezik, protagonismoa ere eskatzen dute. Aberats okituak izatea nahikoa izango ez balitz bezala. Beti gehiago behar dute, anbizioa deritzote antsia horri, baina botere gosea eta nabarmendu... [+]


2025-02-26 | Ane Labaka Mayoz
Hatza ezpainetan

Bi neska komisarian, urduri, hiru urtetik gora luzatu den jazarpen egoera salatzen. Izendatzen. Tipo berbera agertzen zaielako nonahi. Presentzia arraro berbera neskek parte hartzen duten ekitaldi kulturaletako atarietan, bietako baten amaren etxepean, bestea korrika egitera... [+]


2025-02-26 | Bea Salaberri
Bretoiera

Iragan urtarrilaren hondarrean, Bretainiako lurraldeko bi hizkuntza gutxituei buruzko azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak publiko egin zituzten bertako arduradunek. Haiek berek aitortu zuten harriturik gertatu zirela emaitzak ikustean. Hain zuzen ere, egoerak eta... [+]


2025-02-26 | Mikel Zurbano
DeepSeeken astindua

Silicon Valley-ko oligarkia AEBetako gobernura iritsi berritan lehertu da adimen artifizialaren (AA) burbuila. Txip aurreratuen erraldoia den Nvidia-k urtarrilaren amaieran izandako %16,8ko balio galera, egun bakar batean inoiz izan den burtsa balio galerarik handiena da... [+]


Eguneraketa berriak daude