Samina eta harrotasuna elkarri begira

  • Urduri esnatu gara martxoaren 14ko goizean. Garabidetarrak Kolonbiako nasa lurraldeko Toribio herrian gara, nasekin batera. Ekuadorreko kichwa herriko 30 kidez osatutako komitiba bat Toribio bidean dago esnatu garenerako. Autobusean 18 orduko ibilbidea dute kichwek Toribioraino iristeko. Gertu daude geografikoki bi herriak. Haien hizkuntzak biziberritzeko lanetan, elkarlana eta batasuna dute helburu.

Argazkiak: Garabide

2022ko martxoaren 28an - 14:31

Azken hamarkadan hainbat formazio eta proiektu gauzatu dira nasa yuwe hizkuntza biziberritzeko asmoz, Garabide Elkarteak nasa erakundeekin batera antolatuta eta Gipuzkoako Aldundiak eta Durangoko Udalak lagunduta besteak beste. Kichwekin ere, kichwa hizkuntza biziberritzeko prozesua sendotzea oinarri, formazio sakon bat antolatu zuen iaz Garabide Elkarteak kichwa elkarteekin Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hauspotuta. Formazio horren testuinguruan, kichwa aktibistek hizkuntza eta kulturaren aldeko proiektu ezberdinak jarri dituzte martxan. Proiektu hauetan lanean ibili diren kide eta autoritateak datoz Toribiora, nasa lurraldean azken hamarkadan ematen ari den biziberritze prozesua bertatik bertara ezagutzera.

Asko hazi da nasa yuwe hizkuntzaren biziberritze prozesua azken urteetan. Nasen aurkako bortizkeria testuinguru baten erdian, nasa yuwe hizkuntzan oinarritutako murgiltze ereduko hainbat eskola zabaldu, helduen irakaskuntza eta alfabetizazioan trebatu, paisaia linguistikoa landu, itzulpen eta interpretazioari ekin eta hainbat eta hainbat material kultural eta didaktiko sortu dituzte nasek, beste hainbat ekimenen artean. Prozesu hori ezagutu eta haiena konpartitzera datoz kichwak Toribiora.

Urduri gaude, nasek pairatzen duten bortizkeria dela eta, kichwak egun argiz iristea komeni delako eta mugan arazo asko izan baitituzte. CRIC erakunde indigenako bizitzaren eta giza eskubideen defentsa departamenduaren arabera, 2022 urtean pasatutako hilabete eskas hauetan 24 kide erail dituzte Cauca departamentuan, eta horietatik 14 Caucako Norte eskualdean, Toribio dagoen lurraldean alegia.

Ekuadorrek Kolonbiarekin duen mugan izandako arazoak tarteko, asko berandutu da kichwa kideen iritsiera ordua, gaua izango da nasa lurraldean sartzen direnerako. Dena den, aurretik adostu moduan, kichwak nasen lurraldean seguru sartu daitezen nasa autoritate eta guardia indigenako kideak eskolta lanak egitera abiatu dira nasen lurraldean sartu direnean. Bidaiaren azken txanpa besterik geratzen ez zaiela, kichwen autobusa ez aurrera ez atzera mugitu ezinik geratu da. Zubi baten sarreran dago autobusa kateaturik, azken egunetan izandako euriteek eragindako luizi baten ondorioz. Gaueko 12ak pasatuta dauden arren, azkar antolatu dute nasek 30 kichwak Toribiora igotzeko modua. Ez daude prest lehen eragozpenean bi herrien artean eraikitzen ari diren zubi hau bertan behera geratzeko. Hiru lau kotxe lortu dituzte eta abiatu dira bidearen prekarietateak mugitu ezinik utzi dituen kideen bila. Goizeko 3ak dira azken kichwak geletan sartu direnerako.

Martxoak 15a kolpe latz batekin esnatu da. Miller Correa, Toribioko autoritate nasa eta ACIN elkarte indigena probintzialeko kontseilaria erail dute Popayan hirian goizaldean. Aguilas Negras talde paramilitarrak sinatutako mehatxuzko panfleto batean agertu zen bere izena joan den astean. Ezaguna zen Miller Garabidetarrontzat, 2018 eta 2020 urte bitartean Toribioko Nasa Proiektua Bizi Planaren koordinatzaile nagusia izan zenean, Garabide elkarteko kideekin batera hainbat batzarretan elkarrekin egonak ginen.

Berriak eragin duen paisaia mingarria da. Nasa adiskideen gorputzaldia ikusteak samina eragiten du, noraezean dabiltza hainbeste basakeria nola digeritu ez dakitela. Kichwa eta euskaldunek ere nola jokatu ez dakigula gaude, bihotza uzkurtzerainoko amorrua sentituz eta nasa adiskideei lagundu nahi eta ezinak sortutako inpotentzia gainetik kendu ezinik. Hala ere, harritzekoa da nasekin hitz egiterakoan borrokan segitzeko erakusten duten irmotasuna. Egoeraz termino hauetan mintzo da Echi Teran nasa hiztuna –kronika honetan parte hartu duten nasek izen faltsu bat erabili edo ez dute izenik agertzea nahi izan horrek dakarren arriskuagatik: “Gure prozesuari asko eragingo dio. Baina ez du esan nahi geldi geratuko garenik, ezta gutxiagorik ere. Borrokak beti jarraituko du, hizkuntza eta kultura babestuz, baina baita lurraldea eta bizitza ere. Herri indigena bezala markatzen gaituzten egoerak dira. Kichwa senideak asko harritu dira testuinguru hau ikusita. Zer pentsatu handia ematen du, lanean segitzeko asko dago. Samina eta mina sentitu arren indar gehiagorekin jarraitzen dugu prozesu hau aurrera ateratzeko.”

Gosaldu aurretik autoritate nasekin hitz egiteko aukera izan dugu. Kichwa eta nasen arteko esperientzia trukaketak bertan behera geratu beharra dauka eta kichwek nasa lurraldetik atera behar dute berandu baino lehen. Komunitate osoa Millerren gorputza jaso eta bere lurperatzean inplikatuko da eta halako egoera batean zentzu askorik ez du aste osorako genuen agendarekin segitzeak. Horrez gain, egoerak zer norabide hartuko duen ez daude ziur agintari nasak. Aurreko igandean izan ziren Kolonbiako hauteskundeetan uribismoaren gainbehera sumatu daiteke eta agertoki berria zein izango den ez dago argi oraindik. “Este gobierno va a morir en estas elecciones. Pero va a morir matando”, diosku Toribioko nasa lagun batek -segurtasunagatik izenik ez ematea nahiago izan du. Testuinguru honetan 30 kichwa Toribion mantentzea ez da segurua eta kichwak bertatik ateratzeko erabakia hartu dugu nasa, euskaldun eta kichwen artean.

Bihar aterako dira kichwak, helmuga zein duten oso garbi ez badaukagu ere. Hala ere, Toribion pasako duten eguna aprobetxatzeko erabakia hartu dugu eta nasen eta kichwen arteko topaketa mantenduko da, egun bakarrekoa izango bada ere. Lan handia zegoen proiektu honen atzean eta baita ilusioa ere. Topaketa hauek antolatzeko lanetan ibili den nasetako batek, Lena Mezkisuk adierazten du zegoen itxaropena: “Topaketaren zain geunden, garrantzitsua zen guretzat. Senidetze horretan lanean ari ginen iaztik, eta kichwa senideak hemen edukitzeko prestatzen ari ginen. Itxaropen handia genuen kichwek dituzten esperientziak partekatzeko, eta guk ere nola lan egiten dugun haiei erakusteko. Kichwa herria hizkuntza galtzeko arazo eta kezka berberak dituen herria da.”

Urgentziazko bilera bat antolatu eta egunean zehar landuko dugun agenda antolatu dugu denon artean. Bitartean eskolak bertan behera utzi dituzte nasek –topaketa hezkuntza erakunde batean dago antolatuta- eta ikasle guztiak areto nagusirantz doaz. Hamaikagarren aldiz kontatu beharko diete haurrei haietako bat eraila izan dela; komunitateko liderra izateagatik eta izandako konpromisoagatik beste kide bat galdu dutela. Millerrek egindako lanarekin segitzeko irmotasunezko oihuak entzuten dira aretotik, irakasle eta ikasleen partetik. Aretotik datozen oihuen irakurketa berdina egiten du Lenak: “Galera handia da, eta aldi berean kolpea prozesurako. Politikoki ahuldu egiten gaitu, oso pertsona garrantzitsu batek uzten gaitu. Miller gurekin orain ez dagoenez, irakaskuntza bat uzten digu, ikasgai bat, erresistentzia eta borroka bide honetan jarraitzeko oso garrantzitsua den irakaskuntza bat. Uste dut irakaskuntza hori batasunean lan egitea dela, ez zatitzea. Prozesu hori indartzeko aukerak bilatu behar ditugu eta nondik gatozen ez ahaztu.”

Ia eguerdiko 12ak dira topaketarekin hasi garenerako. Ongi etorri ofiziala eman digute nasek, kantuz. Zenbat gauza esan ditzakeen nasa yuwezko kantu bakar batek. Orduak pasa ahala, topaketaren giroa aldatuz doala sentitzen dugu. Hasierako amorrua eta inpotentzia elkartrukeak aurrera egin ahala transformatuz doaz. Ez Millerren erailketa presente ez dagoelako areto honetan, baizik eta hasierako samin hori harrotasun eta konbentzimendu bilakatzen ari delako. Ekuadorreko proiektuaren arduraduna den Janeth Otavalok kichwek nasekiko sentitu duten begirunea adierazten du: “Lurralde nasan, liderrak hil eta hala ere borrokan jarraitzen dutela ikusten dugu. Inpaktu handia izan du horrek guregan, eta indarra ematen digu gure borrokan jarraitzeko.”

Elkarri begira ari dira bi herriak, eta haien hizkuntza eta kultura biziberritzeko apustu sendo horretan segitzeko irmotasuna erakusten dute. Gustura ari gara elkartrukea bukatzen, giro onean eta sentimenduak borbor daudela. Antzeko irakurketak egiten dituzte elkartruke honi buruz Janeth Otavalok eta Echi Teranek. Harreman honekin segitzeko apustua egiten du Janethek aurrerantzean ere: “Egon garen denbora urria izan arren, garrantzitsua izan da partekatze hori, eta batez ere presentzialki elkarrekin egotea eta herri senidea ezagutzea. Lotura estuagoa ematen digula uste dut, indarra ematen digu elkarrekin lanean jarraitzeko Ekuadorrera bueltatzen garenean.” Antzeko hitzak darabiltza Echik eta egunak bi herrientzako izan duen garrantzia azpimarratzen du: “Oso garrantzitsua izan da beste herriarekiko senidetzea. Senidetze honek baimendu digu nola gauden aztertzen. Nasa herriarentzat esperientzia esanguratsua izan da, elkarren arteko antzekotasun asko baititugu. Nasa eta kichwa herriak sendotzen lagunduko digu, baina baita Kolonbiako gainerako herri indigenak ere. Gauza asko geratu zaizkigu zintzilik, baina prozesu honekin jarraitu beharra dago.”

Topaketa hauetan testigu pribilegiatuak sentitu gara garabidetarrak. Bi herrien arteko zubi honen eraikuntzaren lehen pausuen lekukoak. Millerren heriotzak markaturiko senidetze bat. Luz Maisa Chávez Córdovak, ume eta nerabeei begirako kichwa udalekuetako antolatzaileetako batek hausnarketa hau uzten du: “Gertatu denak, nolabait, bide hau gehiago zabaltzen lagunduko digula sentitzen dut, haratago begiratzen laguntzen digu.”

Nasa eta kichwa herriek naturarekin harremana duten metafora ugari erabiltzen dituzte egunerokotasuneko mintzairan. Nasek ez dute Miller ehortziko, erein egingo dute. Azken ordura arte aprobetxatu nahi izan dugu eguna eta gaueko 11ak dira lotara goazenerako, azken dantza eta kanten oihartzunak oraindik entzuten direla. Susmo batekin goaz lotara. Krisiari krisia gailenduko zaiola dirudien mende honetan, nor izaten segitzeko borrokan euskaldunok itsasoaren ertz honetan bakarrik egongo ez garenaren susmoa. Izan hazi Miller. Gugan hazi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nasa Yuwe
María del Pilar Casamachin Yule eta Luis Evelio Velasco Nuskwe
Nasayuwe ekintzaileak Kolonbiako Caucan

Hizkuntzaren aldeko aktibistatzat aurkeztu dituzte bere buruak Casamachin Yulek eta Velasco Nuskwek, nasa herriko indigenak biak ere. Nasayuwea biziberritzeko taldean ari dira lanean, Kolonbian, Cauca eskualdeko Toribío udalerrian. 37.166 biztanle dira eta, horietan, %96... [+]


2022-03-17 | ARGIA
Kolonbiako Miller Correa buruzagi indigenaren hilketa salatu du Garabidek

Miller Correa ACIN-ÇWK elkarte indigenako kontseilaria zen. Asteartean identifikatu dute indigena nasek haren gorpua. Pertsona bat atxilotu dute hilketaren harira.


2021-07-06 | ARGIA
STREAMING | Ketxuaren eta euskararen biziberritzearen gakoez nazioarteko jardunaldiak

Ketxuaren eta euskararen biziberritzearen gakoak aztertuko dituzte astearte, asteazken eta ostegunean Bolivian egingo dituzten topaketetan. Garabide elkartea eta Boliviako bost entitate dira antolatzaileak eta hamalau hizlari izango dira. Sarean zuzenean jarraitu ahal izango... [+]


Nasa yuwe, Kolonbiako Nasa herriaren hizkuntza
Hizkuntza ikasteko lehen liburua eskura dute herritarrek

Arkaitz Zarraga UEUko Glotodidaktika sailburuak eta Ane Ortega Begoñako Andra Mari Irakasle Eskolako irakasleak ondo ezagutzen dute Kolonbiako Nasa herriaren hizkuntzaren berreskuratze prozesua, beraiek ere parte hartzen ari baitira bide horretan. Hizkuntza zertan den eta... [+]


2020-12-04 | ARGIA
Hamaika kontakizun hamaika hizkuntzatan, herri indigenak hurbilago izan ditzagun

“Hizkuntza indigenak. Ama Lurra zaintzen” du izenburu liburuak. Ipuinek, poemek, marrazkiek eta kontakizunek osatzen dute lana. Bi helburu ditu, batetik, kooperazio linguistikoak dituen balioak azaltzea, eta bestetik, herri indigenak gurera hurbiltzea.


Johana Acosta, Cauca Iparraldeko Kabildo Indigenen Elkarteko (ACIN) kidea
“Ama Lurraren askapena da gure borroka nagusia, konkistan kendu zizkiguten lurrak berreskuratzen ari gara”

Johana Acosta Kolonbiatik dator eta nasa indigena da. Cauca Iparraldeko emakume indigenen eskubideen alde borrokatzen du, “baina, batez ere, Moises Acosta Zapata eta Ana Tulia Zapataren alaba naiz”, argitzen du Acostak. Egunotan, Mundubat Fundazioak luzatutako... [+]


2019-11-22 | Jon Artano Izeta
Diego Yatacue, nasa herriaren ordezkaria
“Ez dugu lehengo FARCik, baina egoera lehen baino kritikoagoa da”

Igandean beteko dira hiru urte Kolonbiako estatuak eta FARC gerrillak bake akordioa sinatu zutenetik. Mende erdi pasako gerra amaitzeko esperantzak goia jo zuen. Geroztik arrastaka egin du aurrera bake prozesuak, eta eskuin erradikala gobernura iritsi zenetik okerrera egin du... [+]


Eguneraketa berriak daude