Talde donostiarrak abuztuan eman zuen albistea: Qbao.com izango da Realaren babesle nagusia 2014-2015 denboraldian. Akordioa asteartean aurkeztu dute enpresa txinatarrak egoitza duen Nanjing hirian, baina askok galdera bera dute buruan: nor da eta zer egiten du talde donostiarraren babesle berriak?
Jokin Aperribay Realaren presidentea aurkezpen ekitaldian izan zen Zhang Xiaolei Qianwang Intelligent System taldearen presidentearekin batera. Sortu duten “adiskidetasun berri handiari” buruz mintzatu ziren bi agintariak eta opariak trukatu zituzten, Realeko jokalari guztiek sinatutako kamiseta barne, Xiaoleik segituan jantzi zuena.
Zer da Qbao?
Mundu guztiak jakin nahi du, baina gutxi ausartzen dira galdetzen (lotsaz-edo). Ba, hona erantzuna. Qbao.com interneteko teknologia mugikorrean lan egiten duen enpresa da. Informatizazio adimenduneko zerbitzuak eskaintzen ditu eta aplikazio mugikorren eta goi-teknologiako erremintak garatzen erreferente da Txinako merkatuan.
Nanjingo futbol taldearen jabe ere bada eta bai Realarekin, bai Madrilgo Rayo Vallecanorekin sinatu dituen akordioei esker, Nanjing Qianbao FC-ko jokalariek talde hauetan entrenatu ahal izango dute.
Enpresa NJQY Sports Management bezala ere ezaguna da eta Qianwang Intelligent System taldeko kide da. Honen negozio nagusia kiroleko online apostuak dira eta xede nagusienetarikoa, Espainiako Estatuko merkatua.
100.000 euro Real Madrili irabazteagatik
Abuztuaren 31n Real Madrili 4-2 irabazi eta gero Qbao.com-ek 100.000 euroko “saria” eman zion Realari “garaipenak Txinan izan duen oihartzunaren ordainsari gisa”.
Jarraitzaileek harriduraz hartu zuten albistea, ez baita oso ohikoa halako eskupekorik jasotzea partidu bat irabazteagatik. Baita Realaren presidenteak ere, eta dirua Anoetaren birmoldaketarako bideratuko dutela iragarri zuen.
“Gora Realaren harrotasuna. Gora Reala eta Qbaoren arteko adiskidetasuna. Garaipenaren zain beti”, zioen Zhang Xiaoleik talde donostiarrari helarazitako gutunak.