'Queertopia' da aurtengo Zinegoak jaialdiaren izenburua. Queertopiek erakusten dute posible dela errealitate ezberdinak harremanetan jartzeko espazioak sortzea. Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendariarekin eta Julen Nafarrate komunikazio arduradunarekin duela 21 urte Bilbon sortu zen zinema jaialdi honen nondik norakoez aritu gara.
Argiak itzali dira eta filma hastear da: urtero bezala, Pikara Magazineren erredakziotik 100 bat metrotara lan egiten duten lagunak bulegora etorri zaizkigu euren kartela kristalean jartzera. Argiak itzali dira eta filma hastear da. Badator gure auzoan, Bilboko San Frantzisko auzoan, gure erredakziotik 100 bat metrotara, egosten den Queertopia: badator Zinegoak!
Jaialdia hasi baino pare bat aste lehenago Alaitz Arenzana Zinegoakeko zuzendariarekin eta Julen Nafarrate komunikazio arduradunarekin elkartu ginen euren bulegoan, azken urteetako edizioen kartelez inguratuta: “Muxearen [kultura zapoteketako identitate ez binario bat] kartelaren urtean hasi nintzen ni lanean, zortzi urte pasatu dira jada”, “Nik Ane Pikarazaren kartela asko gogoratzen dut, bereziki ederra iruditzen zait”. Irudi horiei begira hasi gara duela 21 urte sortu zen proiektuaren ibilbidea errepasatzen, infusio eta pastel artean.
“Queertopiak ez dira leku idealak, borroka etengabea dagoelako, baina izateko eta habitatzeko espazioak dira”
Queertopia da aurtengo Zinegoak jaialdiaren izenburua. Queertopiek erakusten dute posible dela errealitate ezberdinak harremanetan jartzeko espazioak, anitzak, sortzea eta askotariko pertsonak gabiltzala queertopia propioak sortzen, alegia, benetan garen bezala sentitu eta bizi gaitezkeen espazioak: fisikoak, leku bati lotuak (hiria edo herria), edo pertsonei (familia edo lagunak). Zinegoakek aurten aldarrikatzen ditu nork bere queertopia ulertzen duen bezala aurrera eramateko eskubidea eta gaitasuna: “Queertopiak ez dira leku idealak, borroka etengabea dagoelako, baina izateko eta habitatzeko espazioak dira. Zailak dira eraikitzen, badakigu, entsegu-probak ari gara egiten, sortzen ari gara, mahai gainean jarriz arazoak egon daitezkeela, horiei aurre egiteko moduak aurkitzeko”, azaldu digu zuzendariak. Aner Euzkitzek Berria-n aste honetan esan bezala: “Bai, ziurgabeak izango dira heterosexualitate monogamotik irteten diren bizimoduak, harremanak, gorputzak, ekintzak, eta beti egingo dute, batera ez bada bestera, porrot. Hori bai, porrot, baina beti modu ezberdinean. Zer egingo diogu, bada! Anekdota dibertigarriak aterako ditugu behintzat. Heterosexualitatea beti da aspergarria modu berean”.
Zinegoak queertopia bat da ala ez? Galdera bota du Arenzanak airera eta Nafarratek arin hartu du hitza, ziurtasun osoz: “Ba beitu, niretzat ez da queertopia perfektu bat eta ez da izango, perfekzioa aspergarria delako eta ez delako existitzen. Baina niretzat Zinegoak bada queertopia. Etortzen naiz hona eta nire egunerokotasunean entzuten, ikusten edo bizitzen ez ditudan errealitateak, bizipenak, bizitzeko moduak, topatzen ditut. Horregatik gaude hemen, ni behintzat”.
Bekatorosak (Elkar, 2021) liburuaren egile eta Altxa Lili kabareteko kide den Dom Campstroni egokitu zaio queertopia horiek lerroen eta koloreen bidez adieraztea, bera izan baita aurtengo kartelaren egilea: “Altxa Lili kabaretean ere queertopia sortu dute, sarea, babesleku izan dena, euren inguruetan eragiteko modua”, azaldu du zuzendari bilbotarrak. “Gainera, Bekatorosak lanean Nafarroa Behereko pertsona heterodisidenteak elkarrizketatu ditu eta ateratako gai bat sexilioa izan da; hau da, jendea behartuta sentitzea herria uztera eta beste leku handiago batzuetara joatera, hirietara, bere generoa edo sexu orientazioa askatasunez bizi ahal izateko. Guk aurten beste ziklo bat sortu dugu lehen aldiz, Sexilioa deituko dena. Uste dut Domen lana eta gurea bide beretik doazela eta, horregatik erabaki genuen berari proposatzea”, gehitu du komunikazio arduradunak. Ilustratzaileak Instagram bidez azaldu digu kartelean queer pertsona batzuk irudikatu nahi izan dituela, Altxa Lili kabaretean sortutako ideia batzuei tiraka: “Izaki konplexu bezala pentsatu ditut, agertzen direnak eta ez direnak definitzen sobera, berehala ez duzu etiketa bat eman ahal beren gainean. Nire ideia zen gaua ari dela jausten eta zinemako lerroan girela zinemara sartzeko. Bi pertsona horiek dira nire aitzineko pertsonak eta biziki ederrak dira. Niri begira ari dira sorbaldaren gainetik. Enetzat bada zerbait aski sexia: haiekin mintzatzea, saretzea, elkar ezagutzea, lagun bilakatzea…”
Aurten Clarisa Navas zinemagile argentinarra omenduko dute Zinegoaken. Ez da zuzendari horrek jaialdian parte hartzen duen lehen aldia; izan ere, 2017. urtean Navasek hemen aurkeztu zuen bere lehen film luzea, Hoy partido a las tres. Alde batetik, Argentinan ultraeskuina agintean egoteak LGTBIQA+ borrokan izaten ari den eraginean sakondu nahi dute Navasekin. Eta, bestetik, Javier Mileiren gobernuak zinemaren industriari eragindako kalteaz arituko dira. Izan ere, ekainaren 12an Argentinako Senatuak onetsitako Ley Bases delakoaren ondorioz gertatuko denaren inguruko ziurgabetasun handia egon arren eta zinemaren munduan izango duen eragina ziurtasun osoz jakin ez arren, gobernu berriak hartuak ditu jada neurri batzuk: 231 pertsona kaleratuak izan dira Argentinako Zinema eta Ikus-entzunezko Arteen Institutu Nazionaletik (INCAA) eta zeharkako 700 mila lanpostu sortzen dituen sektorerako diru-laguntzak izoztu egin dira.
Toki jakin batean, sorterri duen Corrientes probintzian, kokatutako zinema lantzen du Navasek, larruazaletik, lurretik, emoziotik eta sentipenetatik abiatuta: “Gainera, berak sortzeko duen modua aipagarria iruditu zitzaigun. Yaguá Pirú Cine kolektiboaren parte da eta taldean ateratzen dituzte aurrera pelikulak. Zinema egiterako orduan queertopia horiek jartzen ditu martxan, nahiz eta berak bestela izendatzen dituen. Zinema egiteko modua, oro har, oso hierarkikoa da, oso maskulinoa. Navas kezkatuta dago eta hori lantzen du. Momentuz urte askotako zorra dugu, orduan emakumeak edo pertsona ez binarioak izaten dira ohorezko saria jasotzen dutenak. Oraindik fikzio pelikulak ikusten ditugunean gehienak gizonak dira, aukerak eman behar ditugu beste alde batzuetatik emakumeok eduki ahal izateko lekua fikzioa pelikulak egiteko. Sari nagusiak emakumeak irabazten ari dira gaur egun eta oraindik ere lan gehienak gizonezkoek egiten dituzte”, aipatu du Arenzanak, aurreko urteetako omenduak birgogoratzen genituen bitartean: Pepa San Martin txiletarra, Valentina Carri argentinarra eta Ángeles Cruz mexikarra, besteak beste.
“Ez diñot gure bizitzetan onarpen pertsonalarekin lotutako dramarik ez dagoenik, baina orain dela zortzi urte jasotzen genituen dramak agertzeaz gain, dramari buelta emateko modu desberdinak agertzen dira, aukerak”
Esan bezala, Bilbon errotutako proiektua dugu Zinegoak eta hemendik kanpo ere badu izena: 900 pelikula baino gehiago jasotzen dituzte urtero. Aurten bizimodu zisheterodisidenteei buruzko lan asko jaso dituztenez, erabaki zuten Queertopiak izeneko zikloa antolatzea eta, ondoren, izenburua ere horixe izatea. Azken urteetan heltzen ari zaizkien lanek, oro har, onarpen pertsonalaz harago doazen istorioak kontatzen dituzte, eta atzean dagoen testuinguru politiko eta soziala agerian uzten dituzte. Zinegoaketik saiatzen dira jendea ukitzen, hunkitzen eta mugitzen dituzten gaiak mahai gainean jartzen eta horretan lan egiten: “Ez diñot gure bizitzetan onarpen pertsonalarekin lotutako dramarik ez dagoenik, baina orain dela zortzi urte jasotzen genituen dramak agertzeaz gain, dramari buelta emateko modu desberdinak agertzen dira, aukerak, gure bizi proiektu horiek errealitate egiteko proiektuak. Duela zortzi urte ez zen hori ia agertzen jaialdian”, azaldu zuen Nafarratek. Orain, ordea, konplizeekin aukerak azaltzen dira sarriago, errealitate desberdinak posible egiten bakoitzak ahal duen moduan (lagunekin, kideekin…), nork bere bidea egiten, baina bidea egiten. Ilusioa. Queertopiak. Zuzendari bilbotarrak gehitu zuen gaien aldaketa horiek inguruan ere izan direlako islatzen direla lanetan ere. Heteronormako arau zurrunetatik kanpo ateratzen diren harreman moduak eraikitzen ari garelako: “Horrek suposatzen dituen zailtasunak ere agertzen dira, baina esanez errealitate egin daitezkeela, ez geratzen bakarrik zailtasunean, oztopoetan edo aurrera eraman ezin izatean”.
Baina argi utzi nahi izan zuten leku guztietan LGTBIQA+ pertsonek eskubide berak ez dituzten bezala, pelikuletan ere, kokapenak berebiziko garrantzia duela aukera horiek islatzeko moduetan: “Badago pelikula bat Nigeriako errealitatea kontatzen duena eta hor bai ikusiko da harreman hori aurrera eraman ezin izatearen frustrazioa, bertako egoera dela eta”. Hau da, queertopiak ez direla errealitateaz kanpo dauden espazio idealak eta sistemaren barruan ditugun pribilegio eta zapalkuntzek eragin handia izango dutela horiek gauzatzeko izango dugun askatasunean.
“Onartzen gaituzte eta askori gustatzen zaie, puntu bat emango balie bezala, baina gero ez dituzte haien zishetero dinamikak aldatzen”
LGTBIQA+ kolektiboaren asimilazioa ere izan genuen hizpide, instituzioak ortzadarrak berenganatzea eta Pridea. Pinkwashing delakoa. Anekdota eta bizipenak partekatu ondoren ondorioztatu genuen LGTBIQA+ aldarrikapenak pertsona disidenteon aldarrikapenak bakarrik izango balira bezala ulertzen dituela gizartearen parte handi batek; hots, ez dela zisheteroen kontua, ez dituela interpelatzen. “Onartzen gaituzte eta askori gustatzen zaie, puntu bat emango balie bezala, baina gero ez dituzte haien zishetero dinamikak aldatzen”, Arenzanak. “Hor dago sistemaren nahia gu integratzeko, baina ezer ez deseraikitzeko. Horregatik da garrantzitsua guztiok batera egotea, intersekzionalitatea, eraso arrazista dagoenean guztiok interpelatuta sentitzea, eraso euskarafobo bat dagoenean ez sentitzea bakarrik erasotuak euskaldunok eta eraso LGTBIQA+fobikoak daudenean ez sentitzea gu bakarrik erasotuak. Gure artean harremana sortzea oso garrantzitsua da, denok ari gara teorian sistema zisheteropatriarkal arrazista bati aurre egiten, bakoitza bere eremutik, baina denok norabide berean”, gehitu zuen Nafarratek.
Eta zer eskaintzen digu fikzioak (kasu honetan, zinemak) hitz egin dugun hori guztia sortzeko? Zertarako balio du? Aho batez aipatu zuten erreferenteen garrantzia, nork bere burua islatuta ikustea, beste errealitateak ikustea eta norberarenak zalantzan jartzea, geure errealitatea ikusten dugun horrekin elkarrizketan jartzea eta, beharbada, erantzunak aurkitzea. Edo galdera gehiago sortzea. Gure desirak eta ametsak irudimenetik atera eta forma emateko espazioa, beste pertsonen irudimenetan ere egon daitezen bideak zabalduz. Irudimena baita errealitateak askotan erakusten digun zurruntasuna arrakalatzeko hazia, eta fikzioa ametsak gauzatzeko bide bat: “Niri behintzat urtero laguntzen dit begirada irekitzen oraindik gehiago, eta imajinatzen beste aukera batzuk imajinatzen ez nituenak, pelikulak ikusiz eta gonbidatuekin hitz eginez nire aukera sorta aberasten da”.
Julenen azken hitz horiek buruan birpasatuz jaitsi dut Maiatzaren 2ko kalea, Nerbioi tabernatik Bailen kalera handik Abandoko metrora, nire herrira. Duela hilabete batzuk, larunbat euritsu batean Hendaiako Borderline fabrikara elkarrekin egindako txangoa, Altxa Lili kabareta ikustera, etorri zait gogora. Ikusleon txalo, oihu eta txistuek transmititzen zuten ilusioa, besarkada, txokoa. Iazko Zinegoaken aurkezpeneko une bat ere gogoratu dut: Kiki House of Anunnaki taldeko kideak ateratzean Arriaga antzokia zipriztindu zuen poz kolektiboa, ilusioa, besarkada, txokoa. Queertopia.
Orain, etxean, Zinegoakeko programazioaren liburuxka hartu eta plana egiten hasi naiz: Lesvia, Las mil y una, Transfariana, Dena asmatuta dago, Erreka Mari, Popperra Afterra Utopia, Bizi, Plazeratu… Argiak itzali dira eta filma hastear da… badator Zinegoak!
Epaimahaiaren esanetan, dokumentala beharrezkoa da "bizikidetzari espazioa emateko", eta era berean, ez ahazteko urte luzez lesbianismoak ez duela ikusgarritasunik izan. Filminen dago ikusgai.
Zinegoak, Bilboko LGTBIQ+ 21. nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdia, ekainaren 24tik uztailaren 1era egingo da. Jaialdiaren barruan, bigarren urtez, Bizi Bisexualitatea proiektuak bere tokia izango du. Egitasmo horrek bisexualitatea eta euskal kultura uztartzen ditu... [+]
Rita Baghdadiren Sirens dokumentalak irabazi du 2023ko Zinegoak Sari Nagusia, eta Dania Bdeir-en Warsha-k Publikoaren Saria eta Senior Epaimahaiaren Saria. Saridun gehienak emakumeak izan dira. Jarraian saritutako lanen zerrenda.
Aktore, gidoilari eta zuzendariak gai politiko eta sozialak lantzen dituen fikziozko filmak egiten ditu, Mexikoko bere komunitatean oinarrituta.
Bilboko LGBTIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia ekainaren 23tik uztailaren 3ra egingo dute. Hamasei film luze eta 25 labur dituzte programazioan, beste hainbat jarduerarekin batera.
Albertina Carri zinemagile eta ekintzaile argentinarrak otsailaren 28an jasoko du Ohorezko Saria, Zinegoak LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren inaugurazio ekitaldian, Bilboko Arriaga antzokian. Aurtengo edizioan Carriren obrari buruzko ziklo berezia eskainiko da.
“Marioker”, “Lumatza”, “Kuir”, “Soropila” edo “Kapaza” hitzek osatu dituzte Zinegoak LGTBI+ jaialdiaren aurtengo kartelak. Inposatutako etiketarik gabe, "gure burua nahi dugun moduan berrizendatzeko, erakusteko eta... [+]
Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiak 18. edizioa aurkeztu du astearte honetan, Bilborocken antolatutako prentsaurrekoan. Aurten, martxoaren 1etik 14ra bitartean ospatuko da eta era presentzial zein birtualean jarraitu ahal izango... [+]
Film bat ikusten dugunean, nork zuzendu duen jakiteak testuinguru bat ematen digu. Zuzendaria ezagutu ez arren. Susmagarri gertatzen da, adibidez, Palestinako egoeraren inguruko filma AEBetakoa izatea, edo sexu-erasoa kontatzen duena gizonezko batek zuzendutakoa izatea. Elkarren... [+]
Zuzendari frantsesak otsailaren 28an jasoko du Zinegoak jaialdiaren 18. edizioko ohorezko saria Bilbon.
Aurtengo Bilboko Gaylesbitrans 18. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia modu presentzialean eta birtualean ospatuko da. Jaialdiak egoitza ofiziala Lekeition izango du eta hainbat jarduera antolatuko dira bertan, Bilbon jaialdia ospatzen den bitartean.
Erasoa Zinegoak jaialdiaren baitan antolatutako Artefactos contra la lesbofobia [Lesbofobiaren aurkako artefaktuak] ekimenean jazo zen. Gizonezko argazkilari batek fisikoki zein hitzez erasotu zituen hainbat parte hartzaile eta langile bat.
Bere buruaz beste egin zuen Ekai nerabeari buruzko Mi pequeño samurai dokumentalaren estreinaldiak irekiko du aurtengo Zinegoak jaialdia: transexualitatearen gaineko tabuak apurtu eta kontzientziatu egin nahi dute filmeko zuzendariak eta Ekairen gurasoek.
Kartelaren protagonista bi emakumeen arteko maitasun istorioa da. Emakume bat cis da, bestea trans. Mar Saez argazkilaria da kartelaren egilea.
GIB birusaren estigmatizazioaren aurka egiteko, sormen artistikoaren balioa aldarrikatuko du Zinegoak Elkarteak abenduaren 4an eta 5ean egingo den VIHsible Zinema Zikloan.