“Puta estigma emakume guztiok kontrolatzeko dispositibo bat da”

  • Ogibidea eta izatea bereizi ezin bizi da Carolina Clemente (Bartzelona, 1985). Sexu langilea da, eta duela hiru urte Donostiara etorri zen lanera eta bizitzera: «Euskaldunok duzuen indarra gustatzen zait, antolatzeko eta protestarako. Nire estigma borrokatzeko inspirazio iturri izan da». Izan ere, sexu langilea izateaz gain, Putxs en Lucha kolektiboko ekintzailea da, eta greba feminista orokorraren antolaketan ere dabil orain, buru-belarri.


2023ko azaroaren 14an - 08:15
Carolina Clemente, sexu langilea eta Putxs en Lucha kolektiboko kidea. Argazkia: Joseba Parron / Irutxulo

«Munduko ogibiderik zaharrena» dela diote batzuek, baina errealitatea da polemika eta eztabaida iturri ere badela. Euskal Herrian azkenak, Katakrak argitaletxearen ‘Puta Zikinak’ liburuari erasoa, eta Donostiako Emakumeen Etxean sexu langileei buruzko hitzaldiak debekatzeko eskatzea. Clementek irakurketa globalak eskaintzen ditu, arazoaren erroetara joaz: sistema kapitalista heteropatriakala.

Eztabaida eta tabu itzela da prostituzioa oraindik. Zergatik?

Gizartea egituratzen den moduagatik: matrimonioa eta familia dira gizartea heteropatriarkalaren oinarria, eta gu gara ordena hori kontraesanetan jartzen duen pieza. Puta izatea eta emazte ona izatea txanpon beraren bi aldeak dira, desberdintasun batekin: gu etengabe gara diskriminatuak. Heteropatriarkatuaren eredu ona eta txarra lirateke.

Ordea, gu ere bagara ordena hori mantentzearen arrazoia. Zintzoki, ezkonduta dagoen jendeak, puntu batetik aurrera, sexu harremanak edukitzeari uzten dio; familiaren egonkortasuna mantentzen bada, askotan bada ihesbide hau badagoelako. Prostituzioak funtzio sozial garrantzitsua betetzen du ordena heteropatriarkalean.

Moral bikoitza dago?

Bai, noski. Gu sozialki zigortu behar zaigu, emakumeek gure eredua jarraitu behar ez dezaten. Beraiek ordena sozialari ekarpena egin behar diote, etxekoandre eta ama onak izaten. Familia jabetza zentzuan dago eraikia, eta sexualitatearen gaineko kontrola ere badago.

Katakrak argitaletxearen ‘Puta Zikinak’ liburua erasotu zuten Baionan. Zergatik horrenbeste arazo?

Batetik, badago ordena heteropatriarkala desafiatzea; eta bestetik, badago feminismoaren baitan, emakume askok prostituzioa identifikatzen dutela haiek bizi izan duten edo bizi dezaketen indarkeriarekin. Emakume guztiok bizi gara bortxaketaren mehatxupean, eta, pentsatzen dute, sexu lana egiten dugunon eskubideak babesten ari garenean, sustatzen ari garela haiek biolentzia jasatea. Abolizionistek egiten dutena da gu bihurtu gizonen jokabide txarren erantzule. Gu erantzule egiteko saiakeran, gizonak errugabetzen dituzte.

Carolina Clemente, sexu langilea eta Putxs en Lucha kolektiboko kidea. Argazkia: Joseba Parron / Irutxulo
 

Zein da sexu langileen esplotazioaren egoera?

Lehenik eta behin, galdetu dezagun, zer da esplotazioa? Borondatearen kontra daudenak edo abusuzko lan baldintzak dituztenak? Bereizi egin behar da. Trata edo salerosketa egoeran dagoena, delituzko egoeran dago —askotan bera edo bere sendia mehatxatuta dago, bere jatorrizko herrialdean—, eta lan baldintza txarrak dituena, ekonomikoki baldintzatuta dago, kapitalismoan bizi garelako, baina ez du mehatxuaren aldagai hori.

Bi egoera ezberdin dira, eta soluzioa eman nahi bazaie, ezberdin planteatu behar dira. Salerosketarekin amaitu nahi bada, besteak beste, Atzerritarren Legea aldatu behar da. Lan esplotazioarekin amaitu nahi bada, bestelako neurriak hartu behar dira.

Gaiari buruz eztabaidatzen denean, badirudi emakume guztiak daudela salerosketa egoeran.

Arazoaren muinera iritsi den oso ikerketa gutxi dago. Nazio Batuen Erakundeak 2000. urtean egin zuen ikerketarik handiena, eta salerosketa egoeran zeudenenak zenbatu zituen. Behetik kontatzen ari zela jakitun, bider hogei egin zuen, eta ondorioa zen %15 inguru zirela salerosketa egoeran zeudenak Europan. Emakundek argitaratu duen Carmen Menesesen azken ikerketaren arabera, EAEn %15era ez da iristen.

Edonola ere, galdera da ea zergatik ez diren neurri efektiboak hartzen kasu horiei aurre egiteko. Non dago Polizia, zergatik ez ditu egoera hauek identifikatzen? Estatuarengandik diru mordoa jasotzen duten GKEak zergatik ez dira behar bezala iristen leku horietara?

Beraz, zergatik ez dira neurri eraginkorrak hartzen? Salerosketa erabiltzen da diskurtso bat sortzeko, izu moral eta demagogikoa sortzeko, erraietako emozioak sortzeko prostituzioaren inguruan, baina ez dago soluzio errealik.

Atzerritarren Legearekin erabat lotzen duzue soluzioa.

Atzerritarren Legeak exijitzen du salerosketa egoeran dagoen emakume batek, Europan geratu nahi badu, mugak zeharkatzen lagundu zuen pertsona salatu behar duela, eta ez esplotatu duen pertsona. Hiru hilabete ditu pentsatzeko; Suedian, adibidez, zuzenean deportatzen dituzte. Azken finean, dena da atzerritarren kontrolerako kontu bat.

Zein da lan baldintzen egoera eta zer egin daiteke?

Asko eta oso ezberdinak dira salatzen ditugun egoerak, adibidez klubetan: ez dira ordutegiak betetzen ari, arratsaldeko bostetatik goizeko zazpietara egon zaitezke lanean; espazio batzuetan, bezero batzuekin egotera behartzen zaituzte, langileak aukera edukiko balu egingo ez lukeena; praktika batzuetara behartzen da; eta batzuetan toxikoen kontsumora baita ere. Lege bat behar dugu, langileek aukeratzeko askatasun handiagoa izan dezaten. Noski, ez da erabateko askatasuna, kapitalismoan bizi gara eta, baina inork ez dezala derrigortu baldintza jakin batzuetara.

Bestetik, eskaintzen diren lan alternatibak ez daitezela izan feminizatu eta prekarioak. Askotan, emakumeak kaletik atera, eta josten jartzen dituzte, soldata miserable batzuen truke. APRAMP GKEak Senegaleko emakume bat «erreskatatu» zuen, eta konbentzitu behar izan zuten bere familia ez gehiago laguntzeko.

"Jendeak ez du amaitzen prostituzioan trauma bat
duelako, faktore sozioekonomikoengatik baizik"

«Puta estigmaz» hitz egiten duzu. Zer da hori?

Puta estigma emakume guztion kontrolerako dispositibo bat da, gure sexualitatea kontrolatzeko helburuz. Emakume guztiok, gure jarrera sexualaren arabera, gara onartuak edo errefusatuak gizartean; eta, are okerragoa dena, kasu gogorragoetan, justifikatuko da zure bortxaketa, zure portaera horretarako egokia zelako. Nerea Barjolak ondo azaldu zuen Alcassarreko kasuaren harira, emakumeei sartu zieten beldurra, egoeraren erantzule eginez. Normatik kanpo zerbait egiten baduzu, zigortua izan zaitezke, eta bortxatu zaitzakete.

Salatzen duzunez, bada diskurtso bat sexu langileak «traumatizatuta» edo «disoziatuta» daudela dioena, bestela ez zutelako lan hau egingo.

Diskurtso eraikia da, eta klase kontzientziarik gabeko diskurtsoa da. Jendeak ez du amaitzen prostituzioan trauma bat dutelako, faktore sozioekonomikoengatik baizik. Eta, alderantziz, trauma duen jendeak ez du derrigorrez bukatzen prostituzioan, pertsona horrek dituen tresnen araberakoa da.

Gainera, diskurtso ezjakina da buru osasun eta psikopatologiei dagokienean: zeren hainbat sintomatologiekin ezin da sexu lanik egin, oso zaila da, hain zuzen, gorputzaren gaineko kontrol handia behar duelako; autodiziplina handia behar duzu sexu langilea izateko.

Sexu lana egiteko askatasunaz hitz egin beharko genuke?

Aukera askatasunaz baino, legitimitateaz hitz egin behar dugu. Diskapazitisimoaren bitartez zilegitasuna kentzen digute, eta, aldi berean, min handia egiten zaigu. Esaten digute: «Zu ez zara gai erabakiak hartzeko». Gauza bat da pertsona batek trauma bat izatea, eta bestea erabat galtzea bere bizitzaren ardura. Etengabe birbiktimizatzen gaituzte, zer helbururekin? Hobeto kontrolatzeko helburuarekin.

Demagun, bortxaketa bat jasan duen norbait. Esaten dizute «zu ez zara zure gorputzaren jabea, nik berrezi arte. Ordena heteronoromatiboa berriz ere besarkatu arte». Niri iruditzen zaidana da ez dutela nahi sistema produktibo eta erreproduktiboko disidenterik.

Kalean dauden sexu langileen egoera nolakoa da?

Kalean lan egiten dutenek urteak daramatzate ordenantza munizipalak eta mozal legea jasaten. Donostian, kaleko prostituzio oso-oso gutxi dago, beraz, udal ordenantzek ez dute eragin handiegirik; Irunen, adibidez, gehixeago. Lege hauek sexu langileen egoera asko prekarizatzen dute. Gehienak beste leku batera mugitu dira, eta geratzen direnak dira egoera okerrenean daudenak. Bezeroek, orduan, uste dute eskubide gehiago dituztela, eta gehiago eskatzen diete gutxiagoren truke. Gehiago autoesplotatu behar dira, eta nahi ez dituzten praktika gehiago egin. Lege hauek soilik sexu langileei egiten diete kalte. Soluzioa zein da? Beraiek eskatzen dutena: molestatuko ez dituzten eta molestatuko ez duten espazioak lan egiteko.

Carolina Clemente, sexu langilea eta Putxs en Lucha kolektiboko kidea. Argazkia: Joseba Parron / Irutxulo
 

Donostiako egoera zein den azaldu dezakezu?

Donostian badaude klub batzuk, eta probintzian gehixeago. Azkenaldian asko joaten ari naiz, greba feministaren informazioa zabaltzeko. Tolosan bi, Irunen hiru… Donostian, batez ere, modu independentean alokatzen diren logelak dira. Noski, prezioak puztuta dituztenak.

Nik hemen lan egiten nuenean, logela batengatik 250-280 euro ordaintzen nuen, astero. Kontraturik gabe, noski, edozein unetan kalean geratzeko arriskuarekin. Normalean, hiru edo lau logelako etxeak izaten dira, eta hainbat gabiltza bertan. Guk gure anuntzioak jartzen ditugu, eta gure bezeroak lortu.

Soilik bai da bai legeak publizitatea jartzeko araudia aldatu du, eta orain anuntzioak debekatzen ari dira prostituzio orrialdeetan. Hau da: sexu lan independentea ari dira debekatzen. Emakumeek klubetara itzuli beharko dute, bezero kartera bat duten tokietara, eta bertako baldintzak onartuta. Hirugarrenentzat lan egiten duzunean, zure zaurgarritasun egoera handiagoa da, eta nahi ez duzuna egin behar izaten duzu.

Donostiatik joan behar izan duzu.

Beldurra ematen zidan bizilagunek salatuko ote ninduten, eta jada badira bi urte Donostian pisu bat ordaintzen dudala, askotan bertan ez nagoen arren, kanpora noalako lan egitera. Europako beste hiri batzuetara joaten naiz, Suitzara eta Belgikara. Nik, bertakoa naizenez, kanpora joateko aukera legala dut, baina nire kideek ez, gehiengoak egoera irregularrean dauden migrantzaileak direlako. Lege hauekin guztiekin lana prekarizatzen ari dira, besterik ez.

Zer arazo izan duzu bizilagunekin?

Bartzelonan behin bota gintuzten lan egiten genuen pisutik. Polizia agertu zen eta egun batetik bestera bota gintuzten. Bartzelonakoak ginen bi langileontzat ez zen hainbesteko arazorik, baina Venezuelako gure kidearentzat arazo itzela zen; bertan bizi baitzen.

Hemen ez zait horrelakorik gertatu, baina etxea galtzeko beldurra handia da. Donostian bizitzea ia ezinezkoa bada, guretzat zer esanik ez; ez dugu nominarik… Guretzat oso zaila da etxe bat alokatzea.

Zein da zure historia, nola hasi zinen zu lanean?

Hasieran garai labur baterako zen, helburu zehatz baterako. Nik lan prekarioak egiten nituen, ikasle garaian, Caceresen, eta kanpora joan nahi nuen. Urteak neramatzan ezinegon psikologikoekin, jasan nituen hainbat egoeragatik. Parisera joan nahi nuen, filologia frantseseko karrera amaitzera, eta gure familian ez zegoen bitartekorik, eta, gainera, bestelako ardura batzuetan lagundu behar nuen.

Uztail batean hasi nintzen lanean prostituzioan, modu desesperatuan. Urri horretan bertan psikiatriko batean egon nintzen ingresaturik. Hurrengo hilabete eta urteetan osasun mentalaren sisteman gertatutakoak asko eragin zidan. Terapia ezberdinetan asko estigmatizatu ninduten; guztiaren oinarria prostituzioa izango balitz bezala. Berreztea zen haien helburua, ordena heteronormatiboan sartu nendin. Inolako hauturik egiteko gai izango ez nintzatekeen biktima izango banintz bezala, borondate librerik izango ez banu bezala. Ni ez nintzen pertsona bat izatea nahi zuten.

Nola egin zenion aurre?

Nire sintomatologia aldatu zuen egoera honek, eta hautu bat egin behar izan nuen: edo ez nintzen pertsona batean bihurtzen nintzen eta despertsonalizatuta bukatzen nuen bizitza osorako, edo estigmari aurre egiten nion, nire gainean inork botere gehiago izan ez zezan. 28 urterekin prostituziora itzultzea erabaki nuen, estigma horri aurre egiteko.

Psikologia ikasi nuen, eta beste sexu langileei laguntzeko asmoa nuen, terapeuta gisa. Topatu behar nuen ezinegona sortzen ez duen sexu lana egiteko modu bat.

Bestetik, zintzoki, ez dut batere gogorik egunero zortzi ordu emateko ezer ematen ez didan espazio batean, zu gaizki tratatzen dagoen pertsona bat dagoen tokian. Niretzat hau da ohikoena lan munduan: zure gainetik dagoen pertsona bat duzu, eta tratu txarrak jasotzen dituzu. Hori ez dut nahi.

Nola bizi duzu estigma hau?

Baldintzatzaile handia da. Harremanak baldintzatzen dizkizu, bestearen begiradan beti dagoelako. Eta, bestetik, indarkeria instituzionala dago. Kide askori seme-alabak kendu dizkiete, argudioetako bat delako sexu langilea izatea orain edo iraganean. Nire bizitza erabat baldintzatzen du horrek. Diskriminazio handia dugu osasun sisteman edo sistema judizialean; denak dirudi duela lotura sexu langilea izatearekin. Moral sexuala erabat sartuta dago gizartean.

Putxs en Lucha kolektiboko ekintzailea zara.

Ahalduntze ikaragarria izan zen, noski. Era berean, zaila egin zitzaidan, ez zuelako atzera bueltarik. Nire inguru guztiak daki sexu langilea naizela, baina nire aurpegia publikoki lotzeak ate asko itxiko dizkit. Lan munduan, etorkizunean, auskalo.

Bestetik, oso kontziente izan nintzen sexu langileok jasaten ditugun indarkeriak nik bizitakotik askoz ere urrunago zihoazela: deportazioa, polizia indarkeria, biolentzia instituzionala, kartzela… Eta hori guztia zure gorputzarekin nahi duzuna egiteagatik. Prostituzioa ez da beti atsegina, nik hori ez dut zalantzan jartzen, baina hortik justifikatzera norbait kartzelan egotea… ez dauka inolako logikarik. Amorru horrek bultzatu ninduen.

Greba feminista antolatzen ari zaretela aipatu duzu. Zein dira zuen aldarrikapenak?

Feminizatuak dauden lanetan ez balitz horrenbeste esplotazio egongo, prostituzioan egoteko behar gutxiago legoke. Behartutako sexu langile gutxiago egon dadin, egin behar den lehen gauza da emakume langileen lan baldintzak hobetzea. Gure lan baldintzen baldintzatzaileak diren auziak konpontzeko galdegingo dugu: Atzerritarren Legea, etxebizitzarako eskubidea… Oraindik antolatzeko fasean gaude. Edozein lanetan da zaila antolakuntza, pentsa gurean. Erabat baztertuta sentitzen den kolektiboa baita gurea. Prostituzioa lan gisa onartuta ez dagoen heinean, zaila da langile elkartasuna garatzea.

Prostituzio datuak EAE-n

Emakundek egindako azken ikerketaren arabera, 1.968 eta 2.308 emakume artean zegon, prostituzioan lanean EAEn, 2018an. ‘Sexu-esplotaziora bideratutako emakumeen eta neskatoen salerosketa Euskadin: beharrak eta proposamenak’, 2021ean argitaratutako txostena da, eta bertan jasotzen denez, %10-15 artean dira salerosketaren biktimak. Poliziaren, zein hainbat GKEren zenbaketen arabera. EAEn antzeman eta identifikatu diren salerosketaren biktima guztiak atzerritarrak dira, Espainiako Estatuan bezala, eta irregulartasun egoeran daude. Emakumeak Latinoamerikako herrialdeetakoak, Asiakoak, Afrikakoak eta Ekialdeko Europakoak ziren, 18 eta 35 urte bitarte zituzten eta gehienak ama ziren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prostituzioa
2024-10-15 | Leire Ibar
Hiru pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak sexu-esplotaziorako gizakien salerosketa egotzita

Prostituzioan aritzera behartuta zeuden lau emakume askatu dituzte Donostian eta Gasteizen, eta giza salerosketa leporatu diete operazioan atxilotutako bi emakume eta gizon bati. Biktimen salaketari esker hasi zuen ikerketa Ertzaintzak. Atxilotuak Ertzain-etxera eraman dituzte... [+]


2024-09-24 | ARGIA
6.000 emakume ari dira prostituzioan Hego Euskal Herrian, gehienak hegoamerikarrak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 5.158 emakume eta Nafarroan 817 ari dira prostituzioan, orotara 5.975, Espainiako Gobernuaren Genero Indarkeriaren Aurkako Ordezkaritzak emandako datuen arabera. Espainiako Estatuan, 18 urtetik gorako emakumeen  %0,56 ari da prostituzioarekin... [+]


2024-09-02 | ARGIA
Gasteizko klub bateko bi arduradun atxilotu dituzte, emakumeak esplotatzea egotzita

Ertzaintzak bi emakume atxilotu ditu Gasteizen, eta hirugarren bat ikerketapean dago, prostituzio-delituak egotzita. Haien klubean aritzen ziren emakumeek esplotazio-baldintzetan lan egiten zuten, Ertzaintzaren arabera.


Bi pertsona atxilotu dituzte Gasteizen emakumeak prostituitzera behartzea leporatuta

Haien ia biktima guztiak egoera irregularrean dauden atzerritarrak dira, bizirauteko euren borondatearen kontra prostituitu behar izan direnak.


2023-09-07 | Irutxuloko Hitza
Venezuelako zazpi emakume Donostiako pisuetan prostituitzeaz akusatutako talde bat epaituko dute

Irailaren 14tik aurrera, bost gizon eta bi emakume epaituko dituzte, talde espainiar-venezuelar bateko ustezko kideak, ustez egunean 24 orduz, astean zazpi egunetan, Donostiako pisuetan “edozein motatako sexu zerbitzuak” ematera behartzen zituzten Venezuelako zazpi... [+]


Sexu langileen hitzak erdigunean

Puta zikinak liburua sexu langileen baldintza materialez, burutazioez, antolakuntzaz eta problemez mintzo da. Nerea Fillatek eta Hedoi Etxartek, Katakrak argitaletxeko editoreek, Iruñean aurkeztu dute liburua.


2023-03-14 | Euskal Irratiak
Sexu langileen lekukotasunak biltzen dituen liburu baten kontra oldartu da CAPP kolektibo feminista Baionan

Katakrak argitaletxearen Puta zikinak liburuaren kontra oldartu da CAPP Collectif Abolition Porno Prostitution kolektibo feminista Baionan, Elkar liburudendan. Juno Mac eta Molly Smith idatzi liburuaren azalak urratu eta "Prostituzioa: bezeroak, bortxatzaile... [+]


Prostitutak bazterkeria egoeratik ateratzeko zer egin dezakete udalek?

Prostituzioan aritzen diren emakumeen kezka, behar eta arazoen inguruko azterlana egin dute Irunen, udalak eskatuta. Dagozkien eskubideak eskuratzeko zailtasunak dituztela agerian geratu da, eta eskubiderik ezak diskriminazio ugariren biktima izatera zigortzen dituela... [+]


Lynzi Armstrong. Sexu langileei adi
“Despenalizazioari esker, sexu-langileek eskubideak dituzte beren lan-eremuan”

Sexu-lanaren gaineko eztabaida pil-pilean dago berriro ere mugimendu feministaren barruan. Batzuek iritzi argiak dauzkate, beste batzuek ez dakite oso ondo nola kokatu. Lynzi Armstrong ikertzailea Donostian izan zen azaroan bere azken liburua aurkezten, eta haren azalpenak... [+]


2022-07-11 | Ahoztar Zelaieta
Emakunderen aukera galdua

Euskadiko prostituzioari buruz Emakundek argitaratu duen azken txostenak emakumeengan jarri du arreta berriro, eta negozioa mugitzen duten enpresaburuen papera gutxietsi du. La trata de mujeres y niñas con fines de explotación sexual en Euskadi: necesidades y... [+]


Abolizioa eskatzen duten legeak

Etxeko langileak gainontzeko langileekin parekatzen dituen legea egiteko asmo dagoela txalotu zuten Madrilen, Espainiako Parlamentuan. Han zeuden langileek esan zutenez, urteetako borroka aldarrikatzeko jo zituzten txaloak. Erabakia oraingoz konpromiso bat da, lege bihurtzeko... [+]


2022-06-15 | Ander Leon
Amelia Tiganus
"Prostituzioa ez da lanbide bat, esplotazio mota bat baizik”

300 euroren truke proxeneta bati saldua izan zen Amelia Tiganus (Galati, Errumania, 1984), 18 urte zituela. Bost urtez prostituzioan aritu zen klubez klub eta Gipuzkoako putetxe bat izan zen ibilbide hartako azkena. Tolosaldean bizi da geroztik. Egun, prostituzioaren... [+]


Andrea Momoitio. Memoria historiko feminista
“Putentzat eta eroentzat ez da demokraziarik izan”

1977ko azaroaren 9an, María Isabel Velasco Gutierrezen gorpua aurkitu zuten Basauriko presondegiko ziega batean, kiskalita. 23 urte zituen. Istripua, arduragabekeria edo hilketa izan ote zen argitzeko dago oraindik. Velascoren kideek
–Bilboko Gorte kaleko... [+]


Prostituzioa abolitzeko asmoa duen legea tramitera onartuko du Espainiako Kongresuak

Proxeneta eta prostituzio kontsumitzaileei isun handiagoak jartzea du helburu legeak.


Eguneraketa berriak daude