Jakoba Errekondo: “Euskal kulturak ilargiaren zikloa bi fasetan ikusten du, latinizatutako kulturek lautan”

  • Jakoba Errekondok hitzaldi honetan azaldu du ilargiaren zikloa ezberdin ikusten dugula euskaldunok eta kultura latindarrek: euskal kulturan bi fase ditu ilargiaren zikloak, kultura latindarretan lau. Errekondoren aburuz, lehen egutegiak egiteari ekin zioten bertako eliz-gizonak kultura latindarretan eskolatuak izan zirenez, horrek ekarri zuen egun ilargiaren faseak izendatzeko euskaraz dugun izenen saltsa-maltsa.

    Ilargiaren faseak nola izendatzen diren, eta ilargiak landareetan zer eragin duen ezagutu nahi? Hitzaldi hau entzunaz ikasiko dugu. Eta baita Ilargia eta landareak 2021eko agenda eta Ilargiaren egutegia eskuratuta ere. Ondorengo testuan bildu ditugu hitzaldiaren hainbat pasarte, baina ez hitzaldia osorik. Eta bideoaz gain, hitzaldia podcast formatuan ere entzun dezakezue lotura honetan.


2020ko abenduaren 04an - 08:00

Jakoba Errekondo euskaldunek ilargiarekin izan duten harremanaz mintzatu da: "Ez dakit nondik datorkion euskaldunari ilargiarekiko debozioa, baina makina bat buruhauste sortzen dizkigu. Kate garrantzitsu bat hautsia dugu aspaldi, ez oraingo belaunaldiak eta aurrekoak, dezente lehenago baizik. Kate hori hautsi zen ilargiaren kulturaren jakintza paperean jartzen hasi zenean, egutegiak egiten hasi zirenean".

Elizak egindako egutegiek sortutako saltsa-maltsa

Errekondok galdera pausatu du: "XIX. mendeko lehen egutegi haiek nork egiten zituen? Elizak, fraideek... haientzat garrantzitsua zen egutegiek santuak gogoraraztea, erabateko gurtza eskatzen zuen erlijioa baitzen. Ilargia alderantzizkoa zen: jakintza zahar bat, belaunez belaun pasatutakoa, emakumeek mantendutakoa, beste aginte batzuei men egiten diena, lanak egiteko sistemak baldintzatzen dituena...". Errekondoren ustez, "Elizak hori ezin zuen ikusi inola ere, jendea ilargiari begira egotea, Jainkoari edo Ama Birjinari begira egon beharrean. Euskal Herriko kasuan, bertako eliztarrak, obispoak eta apaizak, eliz kontutan urruti jantzi ziren, Salamancan, Toledon, Alcalan... beste kultura batzuk jaso zituzten, batez ere latinizatutako kulturak. Eta latinizatutako kulturetan ilargiaren zikloa beste era batera ikusten dute".

Ilargiak euskal kulturan bi fase, kultura latindarretan lau

"Gazteleraz baldin badakizu, jakingo duzu gazteleraz 'cuarto' erabiltzen dutela, hau da, laurdendu egiten dute ilargiaren zikloa: 'cuarto menguante, cuarto creciente...' eta hori euskaraz ez dago" azaldu du Errekondok: "Baina gaztelerazko egutegiak kopiatzen ari zirenez, egutegietan laurdentze hori adierazi behar zuten, eta zer egin zuten? euskaraz zeuden izenak hartu eta nahastu: Ilgora, ilbehera, ilzahar, ilberri, ilargi bete, ilargi berri..., horiek denak nahastu zituzten latinizatutakoen laurden hori osatzeko". Egungo saltsa-maltsa hortik datorrela ondorioztatu du, eta euskal kulturan ilargiaren zikloa bitan banatzen dela nabarmendu du: ilberria eta ilzaharra: "Txikitzen ari den edo handitzen ari den erreparatzen dugu. Hori da guk ikusten dugun zikloa, erabat nahastuta daukaguna".

Ilargiak baditu bi ziklo: txikitu edo handitu, eta gora edo behera egitea

Ilargiak bi ziklo dituela eta bi ziklo horiek erabat desberdinak direla azaldu du Errekondok: "Guk ilargia txikitzen edo handitzen ikusten dugunean, ilargi horrek eguzkiaren argia zein aldetatik hartzen duen eta guk nondik begiratzen dugunaren arteko konbinazioa da, triangulazio bat da, besterik ez. Ziklo hori 29 egun, 12 ordu, 44 minutu eta 2,9 segundokoa da, ilargi bete batetik hurrengo ilargi betera". Ziklo horri dagozkion hitzak "ilberri" eta "ilzahar" dira: 'Ilberri' hitzak adierazten du ezer ikusten ez denetik ilargia berritzen denera, sortzen denera. Eta 'ilzahar' da ilargi bete-betea dugunetik txikitzen hasten denean, galtzen, zahartzen denean".

Baina badu ilargiak beste ziklo bat: ilgora eta ilbehera. "Orbitan ilargia gorantz doan edo beherantz doan adierazten du eta hori plano baten arabera erabakitzen da. Benetan landareetan eragina ziklo horrek du eta 27 egun, 7 ordu, 43 minutu eta 11,5 segundokoa da".

Ilargiari begira e(ra)baki

"Garai batean ia dena egiten zen ilargiari begira" baieztatu du Errekondok: "Etxe bat egin nahi bazen, etxe horren zurezko egitura egiteko, ilargiari begiratu behar zitzaion. Ohe baten egitura egiteko, gurdi baten gurtetxea egiteko edo itsasontzi baten egitura egiteko, egurrek ilbeheran botatakoak behar zuten. Gogorrak, iraunkorrak, zurrunak... Ilbeheran eta ahalik izerdirik gutxien zeukaten garaian botatzen ziren. Izerdi gutxiak ekartzen baitu egurraren egituran izerdia dabilen tutu horiek itxita, linifikatuta, gogortuta egotea".

Beste funtzio batzuetarako, egurrak ilgoran botatzea komeni dela argitu du: "Malguak izatea nahi ditugun egurrak, hain zuzen. Gurdi bat belarrez betetzen badugu, etxeraino eramateko belarrari eusteko gain-aga edo gaineko aga jartzen da. Komeni da hura malgua izatea, ez puskatzeko. Normalean haltza erabiltzen da, maiatzean botatakoa. Izerdi bete-betean dago, tutuak handi-handi eta izerdiz blai daude... bigun biguna da. Hori lehortzen utzi eta malgu-malgu geratuko da. Ez du iraungo ehunka urte, etxearen zutabea bezala, baina bere lanerako egokia da".

Baratzerako, bi teoria

Baratzetako lanetarako, ilargiak landareengan duen eraginarentzako bi teoria daude. Errekondok ikerketaren beharra azpimarratu du: "Ea egunen batean saiaketak egiten diren eta ikusten dugun Euskal Herrian zerk duen eragina".

Honela azaldu du lehen korrontea: "Bada korronte bat esaten duena ereintza lan guztiak ilgoran egin behar direla, horrek laguntzen duela haziaren hozitzea edo ernetzea. Eta aldiz, landaketa lanak, hau da, landarea bere tokitik hartu eta beste toki batean itsastea, ilbeheran egin behar direla".

Bigarren korronteak, aldiz, esaten du landare bakoitzari baliatu nahi zaion zatiaren arabera egin behar direla baratzeko lanak. Errekondok azaldu du, korronte honen arabera "Ilbeheran erein eta landatu behar direla zati hauek jaten zaizkion landareak: sustraiak (azenarioa, erremolatxa...), enborra, azalak, hostoak (uraza, eskarola, ziazerba...) eta erreserbak (patata, tipula, porrua...). Zertarako ilbeheran? Sortzen den landareak bere garapenaren zikloari eusteko. Adibidez, uraza ilbeheran landatuko genuke, ez dugulako berau tontortzerik nahi". Aldiz, ilgorak ugalketa sustatzen duela azaldu du, eta beraz, lorea (orburua, kuiatxoa...), fruituak (kuia, tomatea, piperra...) edo hazia (babarrunak, artoa...) jango dizkiogun landarean erein edo landatu beharko genituzkeela ilgoran.

Bi korronteen artean, ereintzan dago ezberdintasuna: landaketa ilbeheran egitea komeni dela diote bi korronteek.

Bideoan azaltzen ditu baratzeko beste lan hauek ere ilargiaren arabera noiz egin: txertaketak, ongarriketak, inausketak... baita fruituak, sendabelarrak eta usain-belarrak noiz bildu ere.

Ilargiaren egutegiak biodinamika ere kontuan hartzen du

Ilargiaren egutegian , azaldu ditugun ilargiaren bi zikloez gain, egutegi biodinamikoa ere adierazten da, egun bakoitzak kolore berezi bat baitauka. Errekondok azaldu duenez, "ilargiak eragin fisikoa du landareengan, ilargiaren masa osoak eragiten duena. Baina unibertsoan beste masa ugari ere badabil. Egutegi biodinamikoak, ilargiaz gain, hurbileneko masei ere begiratzen die". Biodinamikarentzat, ilgora-ilbeheraz gain, egun bakoitzak joera bat du landarearentzat eta hori da ilargiaren egutegian koloreen bidez adierazten dena: "Lau multzotan banatzen dira egunak: egun batzuk oso onak dira fruitua eman behar duten landareentzat, beste batzuk sustraiarentzako, hostoentzat eta loreentzat".

Urtero, ilargiaren egutegiaren azken orriak proposamen bat egiten du, ilargiaren eragina neurtzeko. "Aurreko urtean proba hau egitea proposatu genuen: patata egun oso egokietan, erdipurdikoetan eta oso desegokietan egitea, norberak neurtu dezan ilargiak eraginik ba al duen edo ez".

Mezu honekin amaitu du Errekondok hitzaldia: "Ilargiarengandik ez mirakulurik espero. Baina aurrez lanak ongi eginez gero, ondoren ilargiari begiratuta, hark lagundu egingo digu".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Puska dezagun izotza solasaldi zikloa
2020-12-18 | ARGIA
Tarana Karim: “Emakume eta immigrante bezala askotariko diskriminazioak jasaten ditugu”

Ikastetaz abokatua, aktibista nekaezina da Tarana Karim. Azerbaijanen jaio zen eta Hernialden bizi da duela urte batzuetatik. Inor Ez Da Ilegala proiektuaren baitan, emakume migratzaileek Euskal Herrian jasaten dituzten biolentziez mintzatu zaigu. Bideoaz gain, solasaldia... [+]


2020-12-17 | ARGIA
Beñat Irasuegi: “Kapitalismoak baztertutako jendeei alternatiba eskaini behar diegu ekonomia sozial eraldatzailetik”

Beñat Irasuegi ekonomia sozial eraldatzailearen Olatukoop sareko kide da, eta gai horretan aurrera begira ikusten dituen erronkak azaldu ditu. Testu honetan laburtu egin dugu, baina eduki guztia, bideoan dago ikus-entzungai.

Hona, bada, Irasuegik azaldutako bost erronka,... [+]


2020-12-14 | ARGIA
Abaraska: Jabetza kolektiboa, etxebizitza eskubidea bermatuko duen eredua

Ana Almandoz eta Maite Leturia Abaraska etxebizitza elkarteko kideak dira eta baita Juntura kooperatibako arkitektoak ere. Komunitatean bizi liburuaren harira, erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatibei buruzko solasaldia eman dute. Etxebizitzaren oinarria ere izan baitaitake... [+]


2020-12-11 | ARGIA
Jakoba Errekondo: “Etxeko landareen hamarretik bederatzi ur gaindosiagatik hiltzen da”

Jakoba Errekondok Etxeko landareak liburua atera du. Hitzaldi honetan landareak begiratzeko eta hauek tratatzeko modua aldatuko diguten hainbat ideia eman ditu: "Landareengana hurbildu aurretik, pentsatu gu baino askoz azkarragoak direla". Ba al dakizu nondik datozen... [+]


2020-12-09 | ARGIA
Agroekologia: COVIDak denbora beste era batera erabiltzearen garrantzia erakutsi digu

COVIDak elikadura zaintzeko dugun moduan ekarritako aldaketez, agroekologiaren egoeraz eta aurrera begirako erronkez mintzatu dira Mikela Untsain Azkaineko erlezaina, Ane Gorosabel bergarako ortuzaina eta Miren Saiz Getxokoa, Bizilur elkarteko kidea. Hirurak dira agroekologia... [+]


2020-12-07 | ARGIA
Bouba Diouf: “Elkartasunaren indarra behar dugu, inor atzean ez uzteko”

Migratzaileek pandemia garaian bizi dituzten zailtasunez, paperik ez izateak duen eraginaz eta zaurgarrienak jomugan dituen lege eta politikez aritu da Bouba Diouf: “Giza eskubideek denaren gainetik egon beharko lukete”. Bilboko kale saltzaile senegaldarren Mbolo... [+]


2020-12-02 | ARGIA
Iñaki Sanz-Azkue
Iñaki Sanz-Azkue: Biodibertsitatea eta ingurumen ezagutza euskal gizartean

COVID19ak eta ingurumenak duten harreman estua, biodibertsitatearen gainbehera, eta Euskal Herrian dugun ingurumenaren ezagutza. “Etorkizunera begira, zergatik bultzatu beharko genuke ezagutza hori?”. Gako horiek jaso ditu bere hitzaldian Iñaki Sanz-Azkuek,... [+]


2020-11-28 | ARGIA
Bizirik iritsi da ARGIA 2020 amaierara

Urte gogorra izan da ARGIA egiten dugunontzat ere. Historiaren gurpila azkartzen sentitu dugu eta lurralde ezezagunera garamatzan fenomeno erraldoi hau periodistikoki jorratzen galtza bete lan izan dugu. Hala ere, ezin dugu ahaztu kazetaritza independentea egiteko aukera badugu,... [+]


Eguneraketa berriak daude