Hona Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean goizeko saioan kantatu dituzten puntu-erantzun guztiak.
Aitor Mendiluze izan da lehena puntuak erantzuten. "Aspaldiko musika taldeen itzulera" egokitu zaio gai modura, eta hiru puntu hauek jaso ditu, eta berak erantzun:
Hertzainakek omen du
bere azken bira
Aspaldian halaxe
esaten ari da
baina atzoko argazki
ederrei begira
igual berriro ere
agurtuko dira
Aspaldiko taldeak
oholtzara bueltan
Nunbait jendearekin
sentituz zorretan
ez dakit nostalgia
ote den benetan
hala beste interes bat
baduten horretan
Zein talde nahi zenuke
berriz itzultzea?
igual nahi nuke Itoiz
oholtzara heltzea
beraien kontzertuan
aurrean jartzea
eta etxera bueltan
behingoz bidaltzea
Nerea Ibarzabalek "Zaballako bertso eskola" izan du gai eta horri lotutako hiru puntu hauei erantzun die:
Zaballara iritsi
da bertso eskola
espero zitekeenik
ezin zen inola
pozten naiz badabiltza
kantuz kantu hola
hitzari ezin zaio
ezarri kontrola
Presoen hitza aske
izan al daiteke?
Nahiz ta gehienak dauden
gela itxien menpe
ez dugu kartzelarik
gehiago nahi bete
kalean nahi ditugu
horrenbeste jente
Txapelketan ganbara
Zaballan kartzela
Hobe izango balute
guk dugun partzela
denak librexeago
leudeke horrela
badakit egun hori
iristear dela
Amets Arzallusek "politikariak" gaiari jarritako hiru puntu jaso ditu eta berak arrapostu hauek eman dizkie:
Beti ibiltzen dira
elkarri oihuka
Hitza eman orduko jan
eta gero uka
zirko politikoa
da gauza arrunta
beren artean egin
bezate burruka
Herriak jasotzen du
bozkatu duena
Ba nik aspaldi galdu
nuen sinismena
hauteskunde biharamun
ohi da astelehena
ta niretzat orduan
hasi ohi da dena
Izan nahi al zenuke
noizbait agintari?
Amets hori pentsatzen
ez den hemen ari
lehen ere bai Arzallus
baziren ugari
baina gu ez gara bat,
beharrik gara bi
Joanes Illarregiri nazioarteko ahozko inprobisatzaileak egokitu zaizkio gai gisa. Hauek jarri dizkioten puntuak eta bere erantzunak:
Berezia da kantu
inprobisatua
herrialde ezberdinetan
askok asmatua
batzuek egina ta
besteek gozatua
hizkuntzaren bidea
delako kantua
Jardun al zara beste
hizkuntza batean?
Ez, bakarrik euskaraz
hortan jo ta kean
agian gazteleraz
noizbait atakean
baina oraingoz hobe
uztea pakean
Iruditzen zitzaigun
bakarrak ginela
baina ikusi dugu
gehiago daudela
aberasgarrigoa
da dena horrela
eta beraiek ere
segi dezatela
Alaia Martini "pentsioak" gaiari lotuta egokitu zaizkio hiru puntu hauek. Bere erantzunak jarraian:
Gogor lan egin eta
miseria jaso
horrela aiton-amona,
lagun ta guraso
erretiro garaia
bihurtuz arazo
egoera irauli
liteke akaso
Hil amaiera ez da
denentzat berdina
batzuentzat aukera
besteentzat ezina
denok daukagu berez
bizitzeko grina
ta pobre bizitzea
ez da atsegina
Pentsiorik espero
al duzu gerora?
Egoerak egingo
ote du mejora?
jadanik jarri dute
milatikan gora
gehiago borrokatu
egin beharko da
Maialen Lujanbiok "Gabonetako argiak" izan ditu gaitzat. Hauek jarri dizkioten puntuak, eta berak osatutako bertsoak:
Hilabete aurretik
argiak piztuta
Kalean gabiltzanak
ezin sinistuta
ekonomia dago
bastante estu-ta
hobe luke elizak
hoiek pagatuta
Batzuk haserre eta
besteak gustura
Bakoitzak defenditzen
sinisten dun hura
kontsumitzeko ere
badugu kultura
fedea kontsumoan
lurrera sartu da
Eta zure etxean
piztuta al daude?
Bonbilla bakar bat det
hantxe, parez pare
gabon argiekin ez
mila abildade
argi bakar horrekin
gozo-gozo gaude
Sustrai Colinari "Gaztetxeak" gai hartuta hiru puntu hauek jarri dizkiote, eta bere erantzunak:
Hamarkada askotan
egin da borroka
Askatasuna egon
ez zedin koloka
baina ez pentsa aldatu
zaigunik epoka
oraindikan zeregin
handia dago-ta
Herriari ematen
diote bizitza
Nahiago nuke nonahi
halaxe balitza
gaztetxetik sortzen da
herriaren hitza
ta gu berriz hitz hori
kantatzen gabiltza
Zein da gaztetxeekin
duzun harremana?
Bertan koka liteke
nire iragana
ta esan orain tarteka
kantatzen dudana
han zahartzeko gogoa
da nik daukadana
Azkenik, Beñat Gaztelumendiri "Zabortegiak" gaiarekin hiru puntu hauek jarri dizkiote, eta berak erantzun:
Guztiok sortzen dugu
zaborra tonaka
Ta hoiek botatzeko
gaur lekua falta
birziklapena dugu
aukera galanta
natura ere pixkat
zaindu behar da-ta
Inork ez du ondoan
zabortegirik nahi
Baina erraustegi bat
egin zuten lasai
ta Gipuzkoan asko
garen horren etsai
hor gaude egunen baten
itxiko duten zai
Zuk zer egiten duzu
gauzak hobetzeko?
Ba birziklatu ohi dut
batekoz besteko
baina kontsumo honek
gauzkanez menpeko
ziur egin nezake
askozaz hobeto
Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.
Abenduaren 18an Nafarroa Arena euskararen erresonantzia kutxa bihurtu zuten 13.300 bertsozalek. Finala lehenengoz Nafarroan jokatzeaz gain, historiko bihurtu du finalisten osaerak, lehen aldiz hiru emakume aritu baitira kantuan, eta 55 urteren ondoren, nafar bat (edo... [+]
Txapeldunaren azken agurra bularrean kolpeka, bertsozalea bakarrik doa kotxera bidean. Sentsazio arraroak, berriak ditu eztarrian korapilatuta. Atea ixtearekin bat, orain bai, orain lasai askatuko du negarra.
Euskal Herriko txapela lortu du hirugarrenez Maialen Lujanbiok abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatu zen bertso finalean. Aldaketaz beteriko finala aipatu du jada txapelketako beterano denak, bai taldearen konposizio, bere sentsazio pertsonal eta lekuarengatik... [+]
Ezin ekidin Nafarroa Arena BEC-ekin alderatzea. Publikoa otzanago antzeman da, olatuak ez dira berehala altxa eta burrunbatik ere, amaiera arte, gutxi. Behin lehertutakoan, ordea, uhin expantsiboa hedatu da plazan. Egun lantsua izan dela nabarmendu dute eguneko protagonistek... [+]
Goizeko eta arratsaldeko saioetan zortzi finalistak aritu ostean, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio pasatu dira buruz burukora. Saioa buruz burukoan lehertu da, eta bi txapeldunek lazo gorriz biribildutako saioaren ostean... Maialen Lujanbio Zugasti da berriz ere txapelduna. [+]
Goizeko saioaren ostean, eguerdia hankak luzatzeko eta indarrak hartzeko baliatu dute entzuleek. Bati eta besteari entzunaz, buruz bururako izen ugari jasoko ditu galdetzen duenak, eta Ametsek bi bider botatako "parte" hitzen interpretazio anitzak ere bai... [+]
Hona egun osoan zehar Dani Blancok harrapatu dituen hainbat momentu:
Iruñea bertsoaren hiriburu bihurtu da egun oso batez. Lehen aldiz bertan aritu dira jokatzen Txapelketa Nagusiko finala. Maialen Lujanbiok bere txapeldungoa jokatu du honako bertsolariekin: Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzalllus, Beñat Gaztelumendi, Joanes... [+]
Orain dela hiru hilabete abiatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusia eta gaur amaituko da Iruñeko Nafarroa Arenan. Ibilbide honetan finalean abesteko txartela honako bertsolari hauek lortu dute: Aitor Mendiluze Gonzalez, Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia,... [+]
Nafarroa Arenan elkartu dira gaur zortzi finalistak, abenduaren 18rako motorrak berotzeko. Lehen aldiz Iruñean egingo den Txapelketa Nagusiko finala handia izango da: 13.000 ikusle elkartuko dira, nazioartetik 30 gonbidatu izango dira eta 350 lagun arituko dira antolaketa... [+]