Publikotasuna eta euskara, Hezkuntza Legearen puntu beroak

  • Ikasleak, gurasoak, euskalgintza, sindikatuak… Kritiko direnak eta mobilizazio deialdiak pilatzen ari zaizkio EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektuari. Bi arlo dira polemikoenak: sare publiko eta kontzertatuak legean izan behar duten rola; eta euskarak irakaskuntzan izan behar duen pisua.

EAEko Hezkuntza Legea abiatzeko akordioa lortu zuten martxoan EAJ, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiek. Argazkia: EITB

2022ko urriaren 25ean - 10:34
Azken eguneraketa: 2022-11-08 13:39

Zer da publikoa?

Hainbat konpromiso eta betebehar betez gero, ikastetxe guztiek, eskola publiko nahiz itunpeko, eskubide berak izatea eta zentzu horretan %100eko finantzazio publikoa jasotzea. Funtsean hori da legeak sortuko duen Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren helburua. Formula benetan eraginkorra izan dadin, zerbitzu horren baitan dauden ikastetxeen betebeharrak –eta konpromiso horiek betetzen dituztela ziurtatzeko mekanismoak– zehaztu behar direla aldarrikatu du Hezkuntza Plazara plataformak, aurreproiektuan halakorik ez dagoela-eta.

Harago jo dute beste eragile batzuek eta formulak zuzenean gaur egungo “hezkuntza eredu duala” betikotzen duela diote, legeak sare publikoa lehenetsi behar duela. Legeak “sare publiko bakar, euskaldun eta propioa” lortzeko urratsak eman behar dituela uste dute STEILAS, LAB eta ELA sindikatuek, eta horretarako formula beste bat dela: ikastetxeen publifikazio “prozesu sendoak” ezartzea, titulartasun pribatua duten ikastetxeak sare publikoan integratu daitezen.

Iritzi berekoak dira, besteak beste, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma eta Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea (EHIGE). Zerbitzu Publikoa delakoaren bidez, itunpeko ikastetxeak legearen markoan sartzea –gaur egun itun bidez funtzionatzen dute eskola kontzertatuek– eta “egungo eredu duala blindatzea” dakarrela salatu du EHIGEk. Aldiz, publikotasuna titulartasunari lotzea akatsa dela esana du Ikastolen Elkarteak, publikotasuna zerk ahalbidetzen duen zehaztu eta publikotasunaren oinarri, balore eta konpromisoak betetzen dituen ikastetxeak lege barruan egoteko eskubidea duela.

Gatazka ez da berria: egungo sistema dualak ikasleen artean segregazioa bultzatzen duela salatzen du eragile ugarik, premia bereziko ikasle gehien sare publikoak hartzen duela, eta hori gainditzeko –eta ikasleen sarbidean oreka mantentzeko– eskatu dute legeak kontrol mekanismo zorrotzak jarri behar dizkiola sare kontzertatuari, matrikulazio bulego bakarra jarri behar duela. EHIGEren hitzetan, “aurreproiektuak etengabe aipatzen du ikastetxea aukeratzeko askatasuna”, eta kexu da horrek hezkuntzaren pribatizazioari egiten diola mesede.

"Sare publiko bakar, euskaldun eta propioa" lortzeko ikastetxeen publifikazio “prozesu sendoak” ezartzea eskatu dute, titulartasun pribatua duten ikastetxeak sare publikoan integratu daitezen

B2 maila… nola?

Legean euskarak duen presentzia ere kezka iturri da, bai aurreko puntuan aipaturiko eragile guztien aldetik, bai Euskalgintzaren Kontseilua, HEIZE, Hik Hasi eta Ikastolen Elkartearen aldetik ere, besteak beste. Derrigorrezko ibilbide akademikoa bukatzean ikasleek euskaraz B2 maila lortu behar dutela zehaztua du lege aurreproiektuak, “baina ez dago helburua betetzeko ez bide, ez baliabiderik”, salatu du Hezkuntza Plazarak. Ikasleak benetan euskalduntzeko, murgiltze eredu orokortua eta bakarra behar da ikastetxe guztietarako, eta A eta B ereduak desagerrarazi. Gizarteko esparru zabal baten aspaldiko eskaera da, eta legeak esplizituki jaso dezala nahi dute batzuek eta besteek.

Aurreproiektuak jasotzen du ikastetxearen hizkuntza proiektua egiterakoan aintzat hartu behar dela ikastetxearen testuinguru soziolinguistikoa, eta kezka adierazi dute eragileek: testuinguru soziolinguistikoa ez dadila izan aitzakia euskara gutxiago duten inguruetan euskara gutxiago eskatzeko/irakasteko, alderantziz baizik: konpentsatu egin behar du eskolak, “euskara gutxiago duenari euskara gehiago eman”.

Ingelesa eta gaztelania kontuan hartuko dituen eredu eleanitza sustatuz, legeak euskarari kalte egiten diola frogatzeko hainbat datu eman ditu gurean Mikel Basabe irakasleak: “Lege berria indarrean sartzen denean, D ereduko gure ikasleek euskara-ordu gutxiago jasoko dituzte orain baino”.

Puntu honi lotuta, nahiko orokorra den beste eskaera bat ere badago: neurriak jarri eta urratsak eman daitezela euskal kulturaren transmisioa bermatzeko, euskal curriculuma garatzeko moduak indartuz.

Ikastetxearen testuinguru soziolinguistikoa ez dadila izan aitzakia euskara gutxiago duten inguruetan euskara gutxiago eskatzeko/irakasteko, alderantziz baizik

Grebak eta mobilizazioak

Kritika gehiago ere egin zaizkio lege aurreproiektuari, baina zalantzarik gabe aipaturiko puntuak dira desadostasun handien piztu dutenak. Ostegun honetan (urriaren 27), greba eta hainbat manifestazio ditu deituak Ikasle Abertzaleak antolakundeak, eta protestarako deialdian leku nabarmendua du EAEko Hezkuntza Legeak, “segregazioan sakontzen duela” eta hezkuntza komunitatea bazter utzita lau alderdi parlamentariok “inposatua” izan dela iritzita. Azaroaren 5ean, “Hezkuntza publikoaren alde. Hezkuntza Lege honi, ez!” lelopean manifestazioa deitu du Bilbon Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak. Eta berriki bi greba egun (azaroaren 30ean eta abenduaren 14an) deitu dituzte sindikatuek hezkuntza publikoan, "Publikoa, euskalduna eta propioa helburu" lelopean. Mobilizazioak ere iragarri dituzte egun horietarako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko Hezkuntza Legea
Doakotasuna itunpeko ikastetxeetan: zer dela eta?
Zertarako irakaskuntza kontzertatua?

Eskola publikoko eragile gehienen kontra EAEn onartu den Hezkuntza Lege berriak irakaskuntza kontzertatuaren doakotasuna bermatzea du helburu, beti ere botere publikoen finantzaketaren bidez, jakina. Espainiako Estatuan ere gobernukideek... [+]


Eskola publikoa, izan dadila benetan publikoa

Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburu berriak egindako adierazpen ugariei erantzunez, Hezkuntzari buruzko 17/2023 Legea ezarriko da aurtengo ikasturte hasieran, Legebiltzarrean EAJ eta PSEren babes bakarrarekin onartu zena. Ezarpen horrek berekin ekarriko du agindu eta... [+]


Itunpekoetako irakasleen soldatak eskola publikoarekin parekatzen hasteko, 67 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak

Itunpeko ikastetxeetan ari diren irakasleen soldata eskola publikoan ari direnekin parekatuko du Eusko Jaurlaritzak. Parekatzea progresiboa izango da, prozesua 2027an amaituko da eta prozesua hasteko 67 milioi euro bideratuko ditu aurtengo aurrekontu publikoetatik. Hezkuntza... [+]


2024-06-12 | ARGIA
EAEko Hezkuntza Legeak “irekitako aukerak baliatzeko” tresna izan nahi duen liburua kaleratu du Hik Hasik

EAEko Hezkuntza Legea. Biharamunerako koordenatuak liburua aurkeztu du asteazken honetan Hik Hasi egitasmoak. “Denontzat eta denona izango den hezkuntza sistema publikoa, bateratzailea, soziala eta inklusiboa erdiesteko bidean lege berriak zein aukera irekitzen dituen... [+]


EHEko kideak legebiltzarreko atarira kateatzen saiatu dira, Hezkuntza Legea salatzeko

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egin dute protesta Euskal Herrian Euskarazeko kideek, “iraungita” dagoen Hezkuntza Legearen onarpena salatzeko. Goizeko 9:00etan elkarretaratzea burutu dute eta bi kide Legebiltzarreko atera kateatzen saiatu dira.


Oposizio guztia aurka duen Hezkuntza Legea onartu dute EAJ-PSEk

Iritsi da eguna: Eusko Legebiltzarrean ostegun goiz honetan onartu da soilik EAJ eta PSEk babesten duten Hezkuntza Legea. Legebiltzar atarian, Euskal Eskola Publikoaz Harrok eta Euskal Herrian Euskarazek protestak egin dituzte. Duela hogeita hamar urte onartu zen azken hezkuntza... [+]


Eraikuntza nazionala

Hezkuntza Lege berria, adostasunetik jaio behar zena, haserrean eta desakordioan onartu da. Publiko-pribatu auziak eta hizkuntza ereduek eragin dute akordio falta. Pena handia.

Horretan Espainiako ereduari jarraitzen diogu, EAEn ez garelako gai oinarri amankomun batzuk jarri... [+]


Kontseiluak “aukera galdutzat” jo du Hezkuntza Legea

Eusko Legebiltzarrak abenduaren 21ean bozkatuko duen EAEko Hezkuntza Legearen balorazioa egin du Euskalgintzaren Kontseiluak. Legea “etorkizuneko belaunaldiei euskaraz jabetzeko eskubidea bermatzetik urrun” geratuko dela kritikatu du. Gehitu du ez dela izango... [+]


2023-12-14 | ARGIA
Ikastolen Elkartea
“Lege proiektua dagoen moduan onartzen bada, aukera galdua izango da”

"Azaroaren 29an Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean onartu den Lege proiektua dagoen moduan onartzen bada, Euskal Hezkuntza Sistema eraldatzeko aukera galduko dugu", adierazi dute Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolak eta zuzendari nagusi Jose Luis... [+]


Eguneraketa berriak daude