Badira egun zailak coach baten bizitzan: beraiek saiatzen dira lehiakideei animoak ematen eta transmititzen euren jakinduria amaigabearen parte bat espektakuluaren munduan lehen urratsak ematen ari diren antxume dohakabe horiei. Baina gauzak ez dira beti ongi ateratzen. Batzuetan coach-ak eta lehiakideak ez dute elkar ulertzen. Batzuetan, talent show gupidagabe honen logikak ezinezkoa egiten du elkar ulertzea. Eta horrek sufrimendu handia eragiten du, bai lehiakideen artean, baita coach-en artean ere.
Bago!az iritsi da sufrimenduaren sozializazioaren fasera. Bederatzigarren programa honetan, sufritzen ikusi dugu Maria Amolategi. Eta ozen esan nahi dugu: ez zuen merezi trantze horretatik pasatzea. Programak jarri du ataka estuan orain arte bere jatortasun, jarrera positibo eta intonazio inpekableagatik nabarmendu den coach-a. Amolategik erakutsi baitu, bera dela coach guztien artean paper bat jokatzen ari ez den bakarra: espontaneoa, alaia, Mahalaren jogurt bat baino naturalagoa.
Horregatik, segada doilor bat dirudi saioaren zuzendaritzak prestatu diona, bihotz oneko edozein suntsitzeko modukoa.
Bai, badakit, programa amaiera-fasean sartu da nola sartu den Champions League-a finalerdietan –portzierto, ikusi zenuten Messiren gol hori 29 metrotatik? Harrigarria da mutil horrena, benetan– eta hemen jada bukatu dira tontakeriak eta indarrak hurrengorako erreserbatzeak. Dena eman beharra dago eta detaile batek marka dezake diferentzia: Go!azen-eko aktore izaten bukatu, osotoro lorios, famatu eta multimilionario –bueno, agian ez hainbeste, baina amestea libre da–; ala amaitu inork gogoratuko ez duen artista wannabe bat gehiago bezala, talent show-tik talent show-ra txakur deslaiaren moduan.
Baina hala ere, Amolategiri egin diotenak ez du izenik.
Ea, esplika dezadan: azken duelua ikusi dugu gaur Bago!az-en, Aintzane eta Kimetz aurrez aurre. Eta nork irabaziko zuen argitu gabe zegoenez, biek prestatu dute kanta bat ondoren hastekoa zen galarako Maria Amolategirekin.
Berez nahiko zaila da aste osoan zurekin abesti bat ongi atera arte izerditan, malkotan, zer diot malkotan, odoletan aritu den norbaiten lana boto sinple baten bidez baloratzea. Emozioak noranahi disparatzen dira une hori iristen direnean, nola disparatzen den Coca Cola botila bat Mentos bat botatzen diozunean –inoiz proba egin ez baduzue, hasi aurretik eskatu heldu baten laguntza–.
Total, dueluan Amolategik Kimetzen aldeko botoa eman duela. Aintzanek irabazi du duelua, ordea. Drama bat. Hartu duen erabakiaren ondoren oso afektatuta ikusi dugu Sugan taldeko abeslari ohia –klaro, gero Aintzanerekin atera behar zuen kantatzera, ia kalera bidali duen lehiakidearekin– eta, asuntuari INRI gehiago jartzeko, arnasa hartzeko denborarik hartu gabe hasi da Xabier Saldiasen eta Iker Gutierrezen aktuazioa –galak ostiraletan emititzen dituztenetik, zuzenean pasatzen dira kantatzera, entseguetako bideoak astean zehar ematen baitituzte: urrats ona ETBrena, saio honen potentziala pixka bat gehiago zukutzeko; Bago!az-en 24 orduko kanal bat aldarrikatzen dugunontzat, ordea, gutxitxo da astegunetako eskaintza hori ere–.
Bueno, ba hori, hasi direla Iker eta Saldias kantari, Beatles taldearen hiru abesti konbinatuz. Saldiasek mozorrotuta kantatu duen lehenbiziko saioa izan da hau, oker ez banago, eta horrelako esperimentua lehia hain gori dagoenean egitea, saioaren zuzendaritzaren beste erabaki gaizto bat dela esango nuke. Derrape batzuk egin ondoren iritsi dira Lennon eta McCartney abestien amaierara eta, behingoagatik Ylenia “labankada irribarretsuak” Baglietto egiten ari zen balorazioarekin ados nengoenean, Amolategi sartu egin da Ikerren eta Eibarko coach-aren artean mutur geroz eta okerragoekin hasia zen eztabaidan.
Iker defendatzeko, noski.
Hemen parentesi bat ireki behar dugu, jarrera hori esplikatzeko: joan den asteko kronikan Kepa Matxain a.k.a Añorgako erbinudeak aipatu zuen bezala, nahiko agerikoa da coach batzuek lehiakide batzuk bereziki dituztela begiko: Saldiasi begietatik txinpartak ateratzen zaizkio Eider ikusten duenean; eta Amolategi ere oso amultsu jartzen da Ikerrekin. Egongo da jarrera horiengatik coach-ei objektibotasun falta leporatuko dienik eta akaso ez zaio arrazoirik faltako. Baina nik uste dut harago begiratu beharra dagoela: zitaldutako gizarte honetan, geroz eta gutxiagotan ikusten da gozotasun hori telebistan, indarkeriak, sarkasmoak eta zinismoak irabazi baitute bataila; eta elkarrekiko xamurtasunean oinarritutako gizarte bat nahi dugunok, babestu egin behar ditugu maitasunaren agerpen publiko pixka bat lotsati horiek.
Horrela zegoen kontua, beraz, coach beasaindarrarentzat: berarekin kantatu behar zuen lehiakidearekiko kulpa sentsazioa, batetik; eta lehen programan Shallow atomiko hura kantatu zutenetik begiak samurtzen dizkion lehiakidea ekilibristen soka gainean aurreskua dantzatzen, bestetik. Normala, beraz, ia programa guztian, kamerek harrapatzen zutenean, nahiko out egotea.
Gero Aintzanerekin kantatzeko unea iritsi zaio. Eta gauzak ez du funtzionatu. Ez zegoen kimikarik, ez zegoen txisparik, ez zegoen, Bago!az-en terminologian esateko, energiarik. Alex Sardui eta Iker Villaren aurpegi hauek laburbiltzen dute, gutxi gorabehera, eszena.
Pena da. Pena handia. Izan ere, agerian geratu da programako lehiakide onenetako bat eta coach-ik, esan dezagun berriz, jator, positibo eta intonazio inpekableenetako bat elkartzeak ez duela askorako balio Bago!az-en zuzendaritzak inposatzen dituen egoera angustiagarrien aurrean.
Eman dira botoak eta izendatu dituzte puntu gutxien lortu dituzten hiru artistak. Egoera are dramatikoagoa egiteko, bi lehiakidek, Jokinek eta Aintzanek, puntu berdinak eskuratu dituzte –lotsagarria Jokini egin diotena: dena dauka irabazteko, baina coach-ek Serafin Zubirik baino gutxiago ikusten dute– eta epaimahairen bozka berri bat eskatu du horrek.
Izan ala ez izan, bizi hala hil, horra zertan zen Bago!az momentu horretan.
Eta oraingoan Amolategik Aintzaneren aldeko botoa eman duen arren –“aber, eske berarekin abestu dut”, esplikatu du–, Jokin geratu da saioan eta Aintzane kanpoan.
Oso gogorra izan da. Oso. Lehiakidearentzat ere bai, noski, baina nor gogoratzen da horrelako uneetan coach-en egoera emozionalaz? Inork zaintzen ditu? Badago psikologo-talderik ETBn honelako une traumatikoak gainditzen laguntzeko? Inor arduratzen da programak eragiten dituen sekuelak behar bezala tratatzeaz? Nork itzuliko dio Amolategiri saio honetan galdu duen inozentzia? Nork berreskuraraziko dio irribarrea, Sofoklesen tragedia batean baino erabaki zailagoak hartzera derrigortua izan ondoren?
Nork? Ba, Danaek, programa honetako irabazleak. Amolategi aukeratu du hurrengo astean bere coach-a izan dadin. Lehenbiziko aldia da –zuek bezala, ni ere begiplaterturik nago datuarekin– irabazi ondoren bera aukeratzen dutena. Poza hartu du. Saioaren amaierarako, itxuraz, jasanarazi dioten kalbarioaren minak eta ubelak arindu zaizkio eta irribarrez ikusi dugu berriz. Gaitzerdi.
Baina hau izango baldin bada hemendik aurrera nagusituko den dinamika, publikoaren nitxo oso masokista batengana orientatzen ari da Bago!az. Nik neuk behintzat, ez dakit honelako beste saio bat aguantatzeko integritaterik izango ote dudan. Agian finala iritsi arte deskonektatzea izango da erabakirik inteligenteena.
Ez sinetsi esaten dizutena. Bai, biharko Teleberrian lau haizetara iragarriko dute Danae Riañok irabazi duela aurtengo BaGo!az, baina saioa ikusi dugunok honezkero ikasi dugu hemen deus ez dela dirudiena, Europa zahar honetan ez dagoela saiorik BaGo!az-ek adina maite... [+]
Oporretan nintzela eman zidaten gaztigu: aldaketak datoz BaGo!az-era, eta ez badaezpadakoak. Akabo arin-arina. Alex Sarduik polizia gaiztoarena egiteari utziko al dio? Edo, kontrara, Iker Villaren ezpainek “baina”-ren bat ebakiko al dute behingoagatik? Ollokiei... [+]
Ez naiz paranoiko jarri: aste honetan Bago!az-en bi programa ikusi ditugu, bi. Biak emisio berean. Batak lehiaketa estandarra dirudi, dena da txalo, irribarre eta energia. Bestea berriz, mezu kodifikatuz beteta dago eta haiek deszifratzean, mundu ilun eta gatazkatsu baterako... [+]
Seigarrenean gertatu da. Xabier Saldias malkotan urtu da, madalena bat esnetan nola. Dirdira izpi bat sumatu zaio lehenbizi, “makillajea izango da”, pentsatu dugu. Diz-diz jarri zaizkio niniak segidan, “kataratak izango dira”, pentsatu dugu. Baina tantak... [+]
Bosgarren Bago!az. Jägermeister botila eta txupito baso batekin jarri naiz programa ikusten: gaur ez nau Bagliettok renuntzioan harrapatuko “energia” aipatzen duen aldiro zintzurrera botatzeko ezer gabe. Arratsaldean feriatu dut auzoko likorerian eta, nire... [+]
Leporatuko didazue kukuak nondik jotzen didan antzematen zaidala, disimulurik gabeko kutunkerian nabilela, baina ez daukat isilik geratzeko asmorik. Bai, nik ere entzun dut zer dabilen kalean ahoz aho –larunbat gauean Hernanin zimaur eginda zegoen batek bota zidan azken... [+]
Arazoren bat dagoela susmatzeko motiboak eman dizkidate sofan eseri eta ETB1 jarri dudanean: “Aste honetan ere Bago!az? Joder, zoaz pikutara behingoz”. Gogorra da talent show honen jarraitzaileon bizitza, kasik beganoek baino jazarpen handiagoa pairatzen dugu; kasik... [+]
Azken mudantzan telebista bidean gelditu zitzaigunez, Bar Jose Miguelera jaitsi behar izan dut Bago!azen bigarren atala ikustera, hortzak izerditan, lehengo astean Gorka Bereziartuak idatzitako kronika leitu ondotik. Bazen garaia norbaitek kontuari bete-betean heltzeko, ze,... [+]
Egunak neramatzan Bago!az talent showaren denboraldi berriaren iragarkiak ikusten ETB1en eta pentsatu nuen: “Hainbesteko txaranga ematen badiote, zerbait izango du ba programa horrek”. Asteazken gaueko konpetentzia ez zen beste mundukoa –bateko Conquis eta... [+]