“PSN ez dago egiazko aldaketa sozial eta politikoaren alde”

  • Datorren astean bilera egingo dute EH Bilduk eta Geroa Baik. Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentari hautatu berriak dioenez, gobernua nortzuen artean hasiko den negoziatzen lehenbailehen argitzea eskatuko diote Geroa Bairi.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2015eko maiatzaren 28an - 17:06
Adolfo Araiz EH Bilduko lehendakarigai izan da Nafarroako Legebiltzarrerako hauteskundeetan. (Arg.: J. Santesteban / Argia). Adolfo Araiz EH Bilduko lehendakarigai izan da Nafarroako Legebiltzarrerako hauteskundeetan. (Arg.: J. Santesteban / Argia).\r\n

Zer gertatu da Tafallan?

Tafallan garaipen historikoa izan da. 1991tik UPNren gobernua izan dugu Tafallan. Azken lau urte hauetan gure zinegotziek oso oposizio sendo eta eraikitzailea egin dute, eta hor ikusi dira fruituak: UPN 4 zinegotzirekin gelditu da, eta guk 8 atera ditugu.

Zuen mitinetan maiz esan izan duzue Tafallak abesten badu Euskal Herriak abesten duela. Kasu honetan, EH Bilduren ikuspegitik, ez da hala izan.

Badirudi Tafallak abesten badu Nafarroak ere abesten duela, kasu honetan.

Zer gertatu da Gipuzkoan?

Faktore ezberdinak daude. Herriak planteatzen zituen gauza askotan, gu gure programarekin temati izan gara. Baina beste faktore bat izan da, ezin duguna ahaztu: Podemosen sorrera. Eta hori Hego Euskal Herrian eta Espainian gertatu da, eta eragin zuzena izan du emaitzetan Gipuzkoan eta baita Bizkaian eta Araban ere.

Gipuzkoan, kudeaketan, batzuek diote motz geratu zaretela, eta beste batzuek pasa zaretela. Zuk zer diozu?

Etorkizunera begira oso mugarri interesgarriak jarri ditugu. Arlo fiskalean adibidez egin dugun lana izugarria izan da. Baina Adegiren aldetik, enpresarien aldetik jaso dugun presioa ere izugarria izan da. Aitzindari izan gara orain beste indar batzuek planteatzen dituzten neurrietan. Alde horretatik pozik nago. Gero ikusi behar da herrietan zer gertatu den. Hor daude benetako sustraiak, eta ongi aztertu behar da.

Gipuzkoatik irakaspenik atera al daiteke Nafarroako Gobernu berriari begira?

Ikusi beharko da, bai. Baina hemen desberdina izanen da. Han EH Bildu bakarka aritu da Gobernuan, eta hemen ezberdina izanen da, hemen anitza izanen da, eta denon artean eginen dugu. Hala espero dut behintzat.

Zer aldatu da Nafarroan aldaketaren aldeko indarrek 26 parlamentari lor ditzaten? Duela lau urte, pentsaezina zen.

Nik pertsonalki behin eta berriro azpimarratu dut hauteskundeen aurretik helburu nagusia hori zela. Gutxi batzuek sinesten genuen hori. Egia bihurtu da. Zer gertatu den? Lau urteotan egindako lanari esker orain fruituak heldu dira. Oso estua izan da lehia, Ciudadanosekin gertatu dena ere hor dago. Baina azkenean 26 parlamentari ditugu. Hori denok hartu behar dugu aintzat.

EH Bilduk 47.843 bozka eta 8 parlamentari lortu ditu. Zer balorazio egiten duzu?

Guk bi helburu genituen. Lehendabizikoa, 26ra iristea denon artean. Bigarrena, ahalik eta boto gehien lortzea eta lau indar horien artean lehen indarra izatea. Bigarren hori ez dugu lortu. Gure emaitzak txukunak izan dira, baina ezin dugu esan emaitzak guretzako oso-oso onak izan direnik. Edonola ere, hor multzo sendo bat dugu. Kontuan hartu behar da abertzaleen artean lehendabiziko aldiz 100.000 botoen langa gainditu dugula, eta benetako aldaketa sozialaren alde 150.000 boto egon daitezkeela. Bi zutabe horien gainean etorkizun oparoa eraiki daiteke EH Bildurentzat.

Zinegotzietan lehen indarra zarete, 291rekin. Bistan da udal hauteskundeetan foraletan baino emaitza hobeak lortu dituzuela. Zergatik? 

Faktore ezberdinak daude. Batzuetan Geroa Bai ez zen aurkezten. Gure hedapena askoz zabalagoa da. Agian herritarrek ikuspegi ezberdinak izan dituzte. Agian pentsatu dute gobernua osatzea errazagoa zela Geroa Bairen eskutik. Udalak esparru tradizionala izan dira EH Bildurentzat eta hor ongi ezagutzen gaituzte. Espero dugu orain parlamentuan ere ezagutzea.

Udalen sostengua garrantzitsua izan daiteke gobernu berriarentzat.

Eta guk gobernuaren alde jarriko dugu botere hori, Nafarroako txoko guztietara iritsi ahal izatea. Hori eskainiko diogu gobernuari.

Joseba Asironek bilera erronda hasi du gaur, Izquierda Ezkerrarekin. Arazorik aurreikusten duzu Joseba Asiron alkate izateko.

Aukera historikoa dugu udal agintea aldatzeko, gauzak beste modu batean egiteko. Kasu honetan gu izan gara aldaketaren aldeko indarren artean lehenak. Ez dakit zein ezberdintasun izanen diren. Gure asmoa da programa adostea eta ahal dela guztiak udal gobernuan sartzea.

Badirudi UPNk fokua Iruñeko Udalean jarri nahi duela, giroa berotzeko, tentsioa eragiteko. Foru Gobernuaren jarduneko eledun Sanchez de Muniainek esan du gizarteak ezin duela onartu EH Bilduren alkate bat. Zer deritzozu?

Dataren araberako erasoaldia da. Osatuko diren lehen erakundeak udalak dira, ekainaren 13an. Horregatik orain presioa hor eginen dute, eta sinbolotzat Iruñea, hiriburua hartu dute. Baina hau pasa eta gero fokua gobernuan jarriko dute. Denbora kontua da. Ez dut ulertzen darabilten diskurtso hori, beldurraren diskurtsoa. Horrekin hauteskundeak galdu egin dituzte, eta halere horrekin segitzen dute, EH Bilduren aurka. Gizarteak gainditu du hori.

Nafar gizarteak gainditu du. Eta espainiarrak? Barcinak atzo TVEn esan zuen egungo Nafarroak Hitlerren aurreko Alemania dakarkiola gogora. Madrilgo oldarraldiaren beldur?

Oldarraldi horiek indarra galtzen ari dira. Barcina maíz joaten da Madrilgo telebistetara bere diskurtso apokaliptikoa zabaltzera. Hori galtzailearen diskurtsoa da. Bi aldiz galdu du: barruan, bere alderdian, eta orain hautetsontzietan. Aldaketaren beldurra da hori. Benetan hori pentsatzen badu, errealitatetik at bizi da, El Corte Inglésen edo hor nonbait.

Esparzak orain dio denekin hitz eginen duela, zuekin izan ezik. Baina hauteskunde kanpainan, bakarrik zuekin hitz egin zuen buruz-buru.

Guk beste elkarbizitza eredu bat jarri nahi dugu martxan Nafarroan, eta horri begira oso positiboa izan zen eztabaida hura. UPN norabidea galtzen ari da. Gobernua ez ezik Merindade guztietako hiriburuak galdu dituzte, Iruñerriko udal guztiak… Haientzako oso gogorra izan behar du.

Santi Leonek dio ez daukala argi hauteskundeak irabaztea zailena edo errazena ote zen, ez ote den zailagoa gobernu sendo, egonkor, eraginkorra eratzea…

Aitortu behar da ez dela erraza izanen, baina borondatea badugu eta arduraz jokatzen badugu, guztiok, lortuko dugu. Horretarako Gobernua eraiki behar dugu 26 parlamentari horien gainean. Hasten bagara PSN tartean sartzen, ahulduko gara. Sendotasuna, egonkortasuna, iraunkortasuna lortzeko, ahalik eta indar politiko gehien sartu behar ditugu gobernuan. Alderdiak kanpoan gelditzeak gobernua ahulduko luke. Nahiz eta konpromisoa adierazi Barkosi babesa emateko. Ez da erraza.

Atzo Geroa Baik eta IEk esan zuten PSN aldaketaren Gobernuaren barruan dakusatela. Podemos-Ahal Duguk eta EH Bilduk diozue kanpoan dakusazuela. Baldintza horietan, posible al da PSN Gobernuan sartzea?

Gu behintzat eskema horrekin ez gara ariko. Eta Geroa Bairekin lehen bilera egiten dugunean hori argi eta garbi azalduko diogu. Lehen bilera horretan argitu nahi dugu nortzuen artean ariko garen negoziatzen. Eta hori argitzen ez den bitartean oztopoak izan daitezke. Baina guk uste dugu azkenean lauon artean programa lantzen hasiko garela. Bestalde, irudipena daukat orain erabakigarria ez denez, PSNk kanpotik, parlamentuan, aldaketaren alde eginen duela maiz. Baina ezin dugu ahaztu zein izan den beti PSNren jokaera. Nafarroan historikoki izan duen jarrera: CANeko dietetan izan da, Los Arcosen, Maristetan… Adibide asko ditugu esateko PSN ez dagoela benetako aldaketa sozial eta politikoaren alde.

Geroa Baik eta PSNk bihar eginen dute lehen bilera. Argigarria izatea espero duzu?

Atzo Maria Txibitek Madrilen egindako adierazpena entzun nuen. Guretzat, jakina, planteatu zuena onartezina da, eta espero dut Geroa Bairentzat ere hala izatea. Espero dut Geroa Bai zentratzea eta gizarteak eman duen agindua betetzea, 26 parlamentari horiekin ahalik eta akordiorik sendoena eta zabalena egitea.

Akordio programatikoa lortzeko arazorik espero duzu?

Geroa Baik ulertu beharko du 26 parlamentari horietatik 9 besterik ez duela. Adostu beharko du beste indar politikoekin zer egin hainbat alorretan. Esaterako, azpiegituretan, Abiadura Handiko Trenaren auzian, aldaketaren aldeko 17 parlamentarik haiekin bat ez datorren jarrera dute. Denok oso fin jokatu beharko dugu.

Gobernua osatzeko formula bakarra lauko koalizio gobernua da? Besterik onartuko zenukete?

Guk hori planteatuko dugu. Hori da lehentasuna. Hala izatea nahiago genuke. Horrek sendotasun handia emanen lioke gobernuari. Baina ikusi beharko dugu indar bakoitzak zer dioen.

(Artikulu originala: http://euskalerriairratia.eus/nafarroa/1432819465125)

 


Azkenak
“Udalak onartu duen HAPOaren ondorioz, Kabia egoera ezegonkorrean dago”

Kabia gune okupatuaren 19. urteurrena ospatzeko jarduerak egingo dituzte gaurtik domekara bitartean, apirilaren 24tik 26ra. Bi hamarkada betetzear dagoen gune autogestionatu honek hainbat gorabehera izan ditu bere ibilbidean, eta, Udala bultzatzen ari den Hiria Antolatzeko Plan... [+]


Anestesia, Delirium Tremens, Zea Mays, Talco, Zetak eta Naxker Hatortxu Rockeko iragarpen berrien artean

24 talde berri iragarri ditu Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak. 63 talde iragarri dituzte dagoeneko eta guztira, 100 talde izango dira jaialdiko bost eszenatokietan.


Izaki Gardenak
Kantuak euria atertu zuenekoa

Izaki Gardenak
Noiz: apirilaren 20an.
Non: Iruñeko Gazteluko Plazan.

-----------------------------------------------

Ordu erdia baino ez da falta Iruñeko Gazteluko Plazan kontzertua hasteko; baina erdi hutsik da oraindik, euria ari baitu. Porlanezkoa nahiz ez den,... [+]


Trumpek gelditzeko eskatu dio Putini, eta Errusiak dio bake akordiorako ia prest dagoela

Zelenskiri Ukrainako gerra amaitu behar duen bake akordioa "arriskuan" jartzea leporatu ostean, Putini egin dio errieta Trumpek bere sare sozial Truth Socialen. Sergei Lavrov Atzerri Ministroak bake akordioa adosteko prest dagoela Errusia. Kievek jakinarazi du Errusiaren... [+]


Eguneko zentro publiko baten beharra aldarrikatu dute Uribe Kostako herritarrek

Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.


2025-04-25 | Enbata
Herriek (ere) asko egin dezakete euskararen alde

2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbata-k. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin... [+]


2025-04-25 | Aiaraldea
Baso Erresilentea proiektua martxan, mendietako jasangarritasunaren mesedetan

Urduñako 2022-2042 Onura Publikoko Mendia Antolatzeko Planaren parte da ekintza, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren babesa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren laguntza jaso du.


Frantziako lehen ministroaren alabak ere salatu du “bortizki jipoitu” zutela Betharramgo ikastetxean

Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]


Analisia
Denok gaude katean

Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]


Espainiako Gobernuak atzera egin du Israelgo balen erosketan

Israelgo IMI Systems enpresarekin Espainiako Barne Ministerioak egindako bala erosketa bertan behera uztea agindu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. PSOEren eta Sumar-en arteko gobernu koalizioan zegoen apurketa arriskua baretu du erabakiak.


‘Elgarrekin’ lelopean ospatuko dute aurtengo Herri Urrats maiatzaren 11n

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.


Aurrekontu militarren handitzea salatzeko bizikleta martxa egingo dute Bilbon

Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]


Artzain Egun jendetsua, Ordizian

Aurten 1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Kale Nagusia, bost artaldetan banatuta. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da, udaletxean. Garena Jatetxeko Julen Bazek eta Peli Perez de Anuzitak moztu dute gazta.


MADDI OIHENART
“Kantuen ikastez hasi nintzen euskara ikasten”

1997an plazaratu zuen Maddi Oihenartek (Barkoxe, 1956) lehen diska, Lurralde zilarra, Mixel Arotze eta Mixel Etxekoparrekin batera. Txiki-txikia zenetik barrenean dituen paisaiak, isiltasunak eta soinuak partekatzen dizkigu kantuan ari denean. Kantatzean aurreko ahotsen... [+]


2025-04-24 | ARGIA
Bere etxearen aurkako erasoa salatu du Aritz Otxandianok, eta berriztagarriekin duen jarrerarekin lotu du

Asteartetik asteazkenerako gauean familiaren etxearen aurka bi bengala bota dituztela jakinarazi du Fagor kooperatibako jasangarritasun arduradunak.


Eguneraketa berriak daude