Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

  • Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


2024ko apirilaren 19an - 08:15
Otsailaren 9ko kontzentrazioa / Argazkia: utzia, Pikara Magazine.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Urtearen hasieran jaso zuten Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan lan egiten zuten psikologoek notizia: zerbitzuaren parte ziren psikologoen lau lanpostuetatik hiru kendu egingo zituzten, eta beste zerbitzu batzuetan kokatu. Hala, psikologo bakarra utzi dute zerbitzuan. Aldaketa horrek ondorio larriak ekarriko dituela iragarri dute psikologoek.

1987an sortu zuten Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzua; indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak eta euren seme-alabak artatzen ditu. 2001etik 2022ra bitarte, zerbitzuaren parte izan ziren bi gizarte langile eta esku hartze sozialeko lau psikologo. Urteak igaro ahala, kopurua parekatu zuten.

Gizarte langileak eta psikologoak “bikoteka” egiten zuten emakumeen balorazioa. “Ez zen bakarrik emakumea ezagutzeko eta laguntza mota adosteko balorazio bat; emakumearekin lotura bat egiten hasten zen eta egoeraz jabetzen hasten laguntzen zitzaion”, esan digu haietako batek. Lau langileek hitz egin dute Pikara Magazine aldizkariarekin, baina nahiago dute euren izenak ez esan. Hemendik aurrera, balorazioa gizarte langileek besterik ez dute egingo, eta horrek ondorio larriak ekarriko dituela jakinarazi dute psikologoek. Arreta eta balorazio “integralaren” beharra azpimarratu dute.

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren baitan, Gizarte Inklusioa sailaren parte da Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzua. Eta sail horretako zuzendaria da Oscar Seco. “Indarkeria matxistaren biktimak artatzeko eredu berria 2021ean argitaratu genuen; ez da ezer berria”, esan du. Proposamenaren baitan, emakumeei balorazioa egiteko tresna berri bat jaso dute; 2022an jarri zuten martxan. “Orain, zerbitzuaren antolamendua egokitzen ari gara”, gehitu du.

Psikologoek nabarmendu dute kezkatuta daudela indarkeria matxista pairatzen duten emakumeengatik, euren lanpostuengatik baino gehiago. Hain justu, eredu berria 2021ekoa bada ere, aurretik datoz aldaketak: “2015ean PSE-EE sail honetara ailegatu zenetik, ez dute kontuan hartu zerbitzu honetako langileen esperientzia teknikoa eta trebakuntza”, esan digute elkarrizketatuek.

“2015tik gaur arte, egon den aldaketarik larrienetako bat izan da gero eta sarbide zuzen gutxiago dagoela”
Sarbide zuzenik ez

Psikologoen berrantolaketa ez da langileek salatu duten bakarra. “2015tik gaur arte, egon den aldaketarik larrienetako bat izan da gero eta sarbide zuzen gutxiago dagoela”. Azaldu dutenez, lehen, biktimek aukera zuten zuzenean zerbitzura deitzeko. Balorazioa egiten zieten, eta diziplinarteko baliabide espezializatuetara jotzeko aukera zuten, oinarrizko gizarte zerbitzuetatik igaro gabe, “berbiktimizazioa” saihestuz.

Egun, hiru aukera daude Aldundiaren zerbitzu espezializatura ailegatzeko. Alde batetik, sarbide zuzena dago. Emakumeak zerbitzu hauetara sar daitezke zuzenean: laguntza psikologikoa emateko zerbitzura, arreta soziojuridikoko zerbitzura, haurren eta gurasoen arteko esku-hartzearen zerbitzura, adingabeen biktimentzako zerbitzura eta sexu indarkeriaren biktimei krisi egoeran arreta emateko zentrora. Larrialdi-prozedura da zerbitzura ailegatzeko bigarren bidea, eta prozedura arrunta hirugarrena.

“Biktimei arreta emateko legeek diote arreta premiazkoa, berehalakoa eta integrala izan behar dela; eta berbiktimizazioa saihestu behar da, emakume batek ez du bere istorioa mila aldiz kontatu behar”

Prozedura arruntetik ailegatzen direnak, oinarrizko gizarte zerbitzuetatik pasa behar dira lehenago. Horren ostean, Aldundira bideratzen dituzte, babesgabetasunaren balorazioa egiteko. Prozesu horrek ibilbideak luzatzen ditu, hilabeteak iraun ditzakeen itxaron zerrendak sortuz. Egoitza baliabideetara ailegatzeko, besteak beste, gizarte zerbitzuetatik igaro behar dira lehenengo. Psikologoen ustez, hori ez da batere egokia biktimentzat: “Biktimei arreta emateko legeek diote arreta premiazkoa, berehalakoa eta integrala izan behar dela; eta berbiktimizazioa saihestu behar da, emakume batek ez du bere istorioa mila aldiz kontatu behar”, azpimarratu dute langileek.

Are gehiago, gogoratu dute oinarrizko gizarte zerbitzuak “gainezka” daudela eta hitzordua lortzea “zaila” dela: “Biktima zarenean, oso zaila da laguntza eskatzea. Behin laguntza eskatzerakoan, oinarrizko gizarte zerbitzuetan hitzordua eskatu behar baduzu eta hiru hilabete itxaron, berandu izango da. Denbora horretan aukera dago erasotzailearekin berriro harremana izateko eta laguntza alde batera uzteko”, azaldu digute.

Emakume asko zerbitzutik kanpo

2022an martxan jarritako tresna berria Bizkaiko Aldundiak besterik ezin du erabili. Tresna ez dute Boletin Ofizialean argitaratu. Hura abiarazteko, proba bat egin zuten duela bi urte 11 udalekin.

Tresnak 17 dimentsiotan banatzen du galdetegia, eta indarkeriaren hainbat esparru aztertzen ditu. Horren arabera, emakumearen babesgabetasuna neurtzen dute. Secoren arabera, “babesgabetasun arriskua” duten kasuak oinarrizko gizarte zerbitzuetara bideratzen dituzte, “legeak hala” esaten duelako. Aldundiak babesgabetasun larriko kasuak artatzen ditu, elkarrizketatutako psikologoen arabera.

Emakunderen 2022ko datuen arabera, Bizkaiko Foru Aldundiaren berehalako harrera-zerbitzuak 170 emakume eta 115 seme-alaba artatu zituen. Zifra horiek Teresa Laespada diputatuak berretsi zituen joan den azaroan, eta Bizkaiko Genero Indarkeriaren Behatokiaren datuak partekatu zituen Batzar Nagusietan. Aldundiak “familian esku hartzeko laguntza psikologikoan espezializatutako zerbitzua ematen du, tratu txarrak eta sexu-erasoak gertatzen direnean”, Laespadaren hitzetan. Laespadak 1.717 pertsona artatu zituen 2022an, gehienak “programak jorratzen duen indarkeria motaren baten biktimak”. Zenbakien aurrean, lau psikologoek “non daude artatzen ez dituzten emakumeen datuak?” galdetzen dute.

“Azken urteotan, eskaria esponentzialki hazi da eta sistemak ezin du bere gain hartu; hortaz, tresna hau sortu dute kasuak bahetzeko eta horiek erakunde batera edo bestera bidaltzeko”

Elkarrizketatutako psikologoen arabera, tresna hori “gizarte bazterketa neurtzeko tresnaren egokitzapen bat” da, “baheketa” egiteko erabiltzen dute, eta “interes politiko zehatz batzuen alde” egiteko. Hain zuzen, babesgabetasuna neurtzeko tresnak erabakitzen du Aldundiak tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei soilik emango diela arreta, baldin eta tresna pasatu ondoren, babesgabetasun larria dutela ondorioztatzen bada. “Azken urteotan, eskaria esponentzialki hazi da eta sistemak ezin du bere gain hartu; hortaz, tresna hau sortu dute kasuak bahetzeko eta horiek erakunde batera edo bestera bidaltzeko”, azaldu digute psikologoek.

Hortaz, emakume asko arretatik kanpo uzten ditu tresnak. Esaterako, etxebizitza zailtasunik ez dutenak, zailtasun ekonomikorik ez dutenak, autonomia pertsonala dutenak edota familia edo gizarte euskarri bat dutenak. “Tresnak dio horiek ez dutela babesgabetasun larririk”. Ez dute zerbitzu espezializatutako sarbiderik, gizarte zerbitzuetara itzuliz.

Eta ez hori bakarrik. Tresnak ez du kontuan hartzen indarkeriatik ateratzea prozesu bat dela. “Tresnak momentu zehatz bat neurtzen du, askotan emakumearen krisi handieneko unea”, azpimarratu dute elkarrizketatuek. Hortaz, tresnak ez du neurtzen indarkeriak eragindako kalte guztia.

“Gizarteak nahi du emakumeok isilik egotea eta guztiari baietz esatea”
Psikologo bakarra

“Gizarteak nahi du emakumeok isilik egotea eta guztiari baietz esatea”, kritikatu dute psikologoek. Horregatik, haien iritziz, lekualdatu dituzte. Horrez gain, zuzendaritzak arrazoitu du ez direla psikologo “klinikoak”, eta ezin dituztela balorazio espezifikoak egin. “Egia da ez garela psikologo klinikoak; urteak daramatzagu arlo psikosozialean lan egiten, egoeraren balorazioak egiten eta laguntza ematen, emakumeen beharrei erantzun bat emateko”, gehitu dute.

Secok zehaztu duenez, bederatzi gizarte langile nahi dituzte zerbitzuan. Lau zituztenez eta Funtzio Publikoak beste bi izateko aurrekontua ezarriko dienez, hiru psikologo lekualdatzea erabaki dute orain arte. Psikologoek nabarmendu dutenez, “indarkeria matxista ulertzen duen edonork badaki lehenengo pertsonarengan eragiten duela zuzenean: bere identitatearengan eta emozioengan, besteak beste; beraz, ezin dituzte psikologoak bertatik kendu”.

Gizarte langilearen eta psikologoaren lana “osagarriak” dira emakumearen beharrak aztertzeko. “Diziplinartekotasuna lege guztien artikulu guztietan dago jasota”, azaldu digute langileek. Ildo horretatik, psikologoek argi dute zergatik mugitu dituzten: “Gehiegi dakigulako, eredu berria zalantzan jarri dugulako eta jarduteko beste modu bat badugulako”.

Psikologoek ez ezik, gainerako langileek ere iritzi bera dute. Hain zuzen, 150 gizarte langilek eta psikologok sinatutako idatzi bat helarazi diote Bizkaiko ahaldun nagusiari. Bertan, argi utzi dute ez daudela ados hiru psikologo alde baterako uzteko erabakiarekin: “Galera handia da bai arlo profesionalean, baita indarkeria matxistaren aurkako borrokan ere”. Idatziaz gain, baliabide eta zerbitzu guztietan egon beharreko “koordinazioaren” aldeko kontzentrazioa egin zuten langileek otsailaren 9an.

“Zuriketa morea”

Larritasunaz jabetuta, mozioa jarri zuen EH Bilduk duela hilabete Bizkaiko Batzar Nagusietan, otsailean interpelazioa egin ostean. Bea Ilardia koalizio abertzalearen batzarkideak azaldu duenez, “aspaldian” ikusten ari ziren berdintasun gaiak “inklusioaren ikuspegitik” eramaten ari zirela.

Batzar Nagusietan, Ilardiak gogoratu zuen “baliabide guztietara sartzeko atea” beti izan dela “zuzena”. Horrela, emakumeek “erreparazioa” aurkitzen zuten, euren egoera azaltzen zuten lehen unetik, “gaian espezializatutako profesionalek artatzen zituztelako, eroso sentiarazten zituztelako”. Egun, baina, bestelakoa da egoera. “Euren ideia da tratu txarrak jaso dituzten emakume guztiak oinarrizko gizarte zerbitzuetara bideratzea”. Horrela, eskaria murriztuko dute: “Emakumeen erdia bakarrik joango dira gizarte zerbitzuetara; alde batetik, herri txikiak izanik, lotsagatik eta, bestetik, ibilbidea luzatzen delako”. Ibilbideak laburtu beharrean, baheketak egin eta prozesu burokratiko amaigabeak ezarri dituztela azaldu du Ilardiak. Hortaz, eskaera murrizten dutela esan du, dagoen eskaerari erantzuna ematen diotela esan ahal izateko.

“Alderdi politikoek diskurtso feminista bereganatu dute, baina praktikan, edukirik gabeko diskurtsoa da”

Egoera honen aurrean, saila zuzentzen dutenen “zuriketa morea” salatu zuen Ilardiak. Eta hori berretsi dute psikologoek: “Alderdi politikoek diskurtso feminista bereganatu dute, baina praktikan, edukirik gabeko diskurtsoa da”.

Argi utzi dute psikologoek: “Ez dira kontziente egoeraren larritasunaz, ez baitute indarkeria matxista jasaten duten emakumeen errealitatearen berri, ezta informaziorik ere”. Eta adierazi dute horrelako sailak bideratzen dituzten pertsonek “genero ikuspegia” izan beharko luketela, eta indarkeria matxistan ezagutza ere bai.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Buru osasuna
“Beti gainerakoei jartzen diegu oxigeno maskara, eta denbora badago, norberari”

Krisi egoeran idatzitako gogoetak eta lagungarri egin zaizkion tresnak jasotzen ditu Iratxe Etxebarria kazetariaren 7.300 miligramo eszitalopram liburuak.


“Bortxaketa salaketa kendu dut”

Hori esan zidan ikasle ohiak, asko kostata jarri zuen salaketa hilabeteak pasata ez aurrera ez atzera zegoela epaitegian eta, psikologoak aholkatuta, bortxaketa salaketa kendu egin zuela. Eta ni isilik, ezin asmatu zer esan oraindik ere antsietate zantzuak zituen gazteari... [+]


“Hiperproduktibitatea barneratua dugu, kostatzen zaigu mugak jartzea”

Estresa, nekea, antsietatea eta beste dira sisifemiak eragiten dituen zenbait ondorio.  Esanahiaz, jatorriaz eta prebentzio neurriez mintzatu da Ziortza Karranza psikologoa.


Biolentzia psikiatrikoa salatuko dute Bilbon, Espainiako Estatu osoko Harro Zoro Erradikalek

EAEk du elektroshockaren praktika tasarik altuena Espainiako Estatuan; Nafarroan berriz, pazienteen euste mekanikoa ohikoa da ospitale psikiatrikoko unitateetan. Psikiatrikoetako indarkeria eta gehiegizko medikazioa salatzeko, Estatuko Harro Zoro Erradikalen manifestazioa Bilbon... [+]


Autolesioak ugaritu egin dira nerabeen artean

Ez dute asmo suizidarik eta ez dute zertan buruko gaitzen bat izan: autolesionatzea min emozionala gestionatzeko modua da hainbatentzat. Adin txikikoen %20ak bere buruari min fisikoa eragin dio edo eragiten dio, eta nerabeek dituzten bost osasun arazo nagusien artean dago jada,... [+]


Elikadura nahasmenduak, buruko osasunaren erronka nagusietakoa

Haur eta nerabeen artean (bereziki 12 eta 21 urteen artean), elikadura nahasmenduak lehentasunezko gaitz mental bilakatu dira, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Pandemian nabarmen egin zuten gora elikadura nahasmenduek neska gazteen artean, muturreko kasuak areagotu egin... [+]


Zer egin eta zer ez, norbaitek esaten badizu suizidatu nahi duela

Lagundu nahi eta kontrakoa eragin dezakegu, ez badakigu gestionatzen zer esan eta egin, gertuko norbaitek aitortzen digunean egoerak gain hartu diola eta bere buruaz beste egingo duela. Jarraibide erraz batzuk eman ditu Pablo R. Coca psikologoak, hain egoera konplexuari aurre... [+]


Irati Beorlegi Goñi. Oztopoz gaindi
“Ez dut lehiarako premiarik sentitzen orain, egia esan ez dakit itzuliko ote naizen”

Baleta, hipika, atletismoa… Denetarik probatzeko aukera izan du Irati Beorlegi Goñi bidasotarrak txikia zenetik. 21 urte zituela ordea, telebistako El Conquistador del Mundo saioan parte hartu zuela ezagutu zuen oztopo lasterketa. Txapelketaz txapelketa igaro ditu... [+]


Suizidio arriskuagatik 613 protokolo aktibatu dituzte EAEko ikastetxeetan

Eskolan suizidioa prebenitu eta esku hartzeko protokoloa 613 aldiz abiatu dute EAEn, protokoloa martxan jarri den lehen ikasturtean. Bai irakasleak, bai ikasleak gaian trebatzea da helburua, buruko osasun arazoak ikasleen artean ere arazo larri bihurtu diren garaiotan.


Azken zazpi urteetan bikoiztu egin dira buru osasunagatik hartutako bajak Espainiako Estatuan

Gazteen artean izan da nabarmenena igoera: 2019tik %91 hazi da baja kopurua. Emakumezkoen bajak, berriz, ia bikoitza izan dira gizonezkoekin alderatuta. Konfinamenduan jo zuen goia buru osasunagatiko baja kopuruak, baina aurtengo maiatzean kopuru hori gainditu egin da.


Buruko gaixotasunagatik 30 urtez beherakoen ospitaleratzeek %40 egin dute gora

Incidence of mental disorders in the general population aged 1–30 years ikerketak osasun mentalaren inguruko datuak argitaratu ditu. Egungo egoeraren berri eman eta bizitzako etapa garrantzitsuenak zein diren argitu ditu besteak beste.


Eguneraketa berriak daude