Astearte honetan egin du publiko erabakia Mendiak. Karguan egon den zazpi urteetan egindako lana goraipatu du, baina beste lidergo baten beharra dagoela azpimarratu du. Azaroaren 20 eta 21ean egingo diren primarioetan, Eneko Anduezak ditu lemazain izateko aukera gehien.
Idoia Mendia PSE-EE alderdiko idazkari nagusiak kargua utziko du azaroan, zazpi urtez sozialisten lemazaina izan eta gero. Mendiak Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta lan sailburua izaten jarraituko du, baina ez da hilaren 20 eta 21ean egingo diren primarioetara aurkeztuko.
Erabakia duela urtebete komunikatu zion Pedro Sánchez presidenteari, baina alderdiko kideekin Bilboko Campos antzokian asteartean egindako biltzarrean egin du publiko. Hurbildu diren guztiei eskerrak eman dizkie azken urteetan egindako lanarekin “Euskadi sendoagoa” osatzen lagundu dutelako. Baina nabarmendu du “inflexio puntuan” dagoela alderdia, eta aro berriak beste lidergo bat behar duela datorren urteetan. Eneko Andueza parlamentuko bozeramaile eta sozialisten Gipuzkoako idazkari orokorrak ditu aukera gehien PSE-EEko lemazain izateko.
Mendiak 2014tik bete du kargua, Patxi López lehendakari ohiaren ostean. Garai horretan, krisian murgilduta zegoen alderdia, baina zazpi urte hauetan herritarren konfiantza lortzea eta EAE indartsuagoa egitea lortu duela azpimarratu du Mendiak. Alde batetik, lurralde “modernoagoa” utzi dutela argudiatu du, eta hainbat lorpen sozialen dominak jarri dizkio bere buruari: etxebizitzarako eskubidea lortzearena, pobrezia energetikorako laguntzak ematearena eta frackinga gelditzearena kasu.
Bestetik, EAE irekiagoa egin dutela gaineratu du Mendiak. “Aukera bat ikusi nuen, eta zuei luzatu nizuen: historian lehen aldiz desberdinen arteko gobernua osatzeko aukera, gizarte plural eta mehatxu zein indarkeriarik gabekoa”. Terrorismoaren aurka egindako borroka eta nazionalismoaren aurrean sozialismoa hautatzea hartu ditu Mendiak “denen askatasuna” lortzeko bidetzat. “Ohorea izan da lehen emakume idazkari nagusia izatea, ohorea izan da postu horretan egotea, eta ohorea izan da militante guztiek aukeratutako lehen idazkari nagusia izatea”.
Parte-hartzea inoizko baxuena izatea pena dela nabarmendu du PSEko idazkari nagusiak, baina osatuko den legebiltzar berriak legitimitate osoa duela azpimarratu nahi izan du Idoia Mendiak. PSEk lortu duen “emaitza ona bide luze baten ondorio” dela adierazi du.
PSE-EEko hautagaiak adierazi duenez, ez da beharrezkoa Felipe González presidente ohiak gerra zikinean izan zuen papera argitzea.