Astearte goizean aurkeztu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, Illunben (Donostia) bertan. Larunbatean, abenduaren 14an, izango da saioa, 17:00etatik aurrera.
Finalerako lau egun baino falta ez direnean, Donostia Arenan izan da finaleko zortzikotea, finala aurkezten. Zortzi bertsolari hauek izan dira, beraz, Illunben: Alaia Martin Etxebeste, Andoni Rekondo Izagirre, Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eneritz Artetxe Eizagirre, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran. Beraiekin batera izan da Ane Ezenarro Beristain ere, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako gai-jartzaileen ordezkari izateaz gain, txapelduna iragartzearen arduraduna izango da larunbatean; eta harekin batera izango da Iker Iriarte Iribar, gaiak ematen.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hasi zela lau hilabete beteko dira larunbatean, bere azken saioan, hain zuzen ere. Urte osoko jardunaren ondotik helduko da finala, eta gogotsu agertu dira bertako protagonistak. Guztiek hartu dute hitza, beteranoek zein lehen aldiz finalera heldu direnek, eta ilusioa eta gogoa nabarmendu dituzte.
Prentsaurrekoan egon direnez gain, beste parte-hartzaile batzuk ere izango ditu finalak. Esan bezala, Ane Ezenarro Beristain eta Iker Iriarte Iribar ariko dira finala aurkezten eta gaiak ematen. Epaitzen, aldiz, sei epaile hauek ariko dira: Bakarne Urreaga Etxeberria, Eneritz Azkue Basurko, Iñigo Legorburu Arregi, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde eta Oihana Aranguren Etxaniz. Idazkaria Aratz Irazustabarrena Garmendia izango da.
Pasa den astean jakinarazi genuenez, Arantzazu Loidi Garitano izango da Gipuzkoako txapeldunari txapela janztearen arduraduna. Almen bertso-eskolaren izenean, bertako ikasle, bere belaunaldiko lehen emakume bertsolari eta bertsoaren zirrikitu ugaritan ibilitakoa da Loidi. Berarekin batera, irakasle izan zuen Patxi Goikolea Zabala izango da 25 urtez azpiko bertsolari onenari saria emango diona.
Biek bietara, duela 50 urte sortutako bertso-eskola haren ordezkari dira, geroko bertso-eskolen unibertsoaren oinarri. Hain zuzen ere, aurtengo txapelketako irudian nola, hala irudikatuko da sari emaileetan ere unibertso hori: Gipuzkoako bertso-eskoletako ordezkariek emango dituzte gainontzeko sariak ere.
Larunbatean jende, joan-etorri eta bestelako ugari espero ditugu eta antolakuntzatik zenbait ohar ditugu. Lotura honetan ikus ditzakezue guztiak.
Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]
19 urte ditu Maddik, Matematika Gradua ikasten ari da Leioan, EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, musika ikasketak eginak ditu, eta gazteagatik ere, bertsolari iaioa da. Eta bertsolari ona baino hobea izateko zumitzak ditu, bateko eta besteko plazetan ikusi dugunez... [+]
Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.
Final-laurdenetako txartela lortu du Pagolak. Hurrengo saioak datorren asteburuan izango dira, Hondarribian eta Andoainen.