argia.eus
INPRIMATU
Presoen aldeko martxa eginen dute Baionatik Donibane Lohizunera
  • Uztailaren 10ean eginen dute mobilizazioa, Ion eta Unai Paroten eta Jakes Esnalen askatasunak eskatzeko, baita euskal preso guztiek jasandako jazarpen juridikoen salatzeko ere.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 09a

Bake Bideak jarri du hitzordua: uztailaren 10ean Baionatik abiatu eta 31 kilometro eginen dituzte oinez, Donibane Lohizunera arte. Orain dela 31 urte atxilotu zituzten Unai eta Jon Kepa Parot, Jakes Esnal eta iaz kartzelatik atera zen Frederic Haranburu 'Xistor', eta martxaren bidez, Parot anaien eta Esnalen berehalako askatasuna eskatuko dituzte.

"Militante hauen askatasuna ezinbestekoa den zerbait bilakatu da lurralde mailan. Ezinbesteko etapa bat. Gainditu beharreko etapa bat da, 2011ko urriaren 17an Donostian abiatu zen bake prozesuak indartua eta iraunkortua izan behar baitu! Kasik hamar urte pasa dira baina testuinguru juridikoa, gizarte mailakoa eta politikoa kontrakoa dira, Hexagono mailan 'segurtasun-osoaren' logikan oinarritua. Horrek arrunt kezkatzen gaitu". Horra ekainaren 9 honetan Baionan burutu prentsaurrekotik helarazi duten irakurketa. Hain zuzen, Bake Bidearen hitzetan, Frantziako Gobernuaren partetik indartuz doan postura sekuritarioak "harresi bat idekitzen dio bake prozesuarentzat beharrezkoa eta logikoa den bideari".

Konfrontazio logikaren parean, mobilizazioa

2019an sortu zen Frantziako Terrorismoaren Kontrako Ministerio Publikoak konfrontazio logika lehenesten duela salatu dute ere, gehituz euskal presoekin "iraganeko logika besterik ez" dutela berresten.

Frantziako Estatuan ez bada aldaketarik sendi, Espainiako Estatuan aldiz bideratu hurbilketa eta gradu aldaketek "perspektiba berriak" irekitzen dituztela uste du Bake Bideak.

Hori horrela, egoera desblokeatzeko bidean, uztailaren 10eko hitzordua "erabakigarria" izanen dela zehaztu dute bake prozesuaren alde dabilen egiturako ordezkariek. Uztailaren 10ean, Baionatik abiatuko dira 08:00tan, Angelu, Biarritz, Bidarte eta Getariatik pasaz, eta Donibane Lohitzunera iritsiko dira 17:00ak aldera. Orain dela aste batzuk zendu zen Mixel Berhokoirigoin Bakegilea oroitu dute, eta harekin hasitako bidea bururaino eramateko borondatea agertu dute.