Arturo Elosegi biologian katedraduna da, Ibai Ekologia ikerketa taldeko kidea eta unibertsitateko irakaslea. Egonarria saioan Eli Pagolarekin mintzatu da ibaiek duten garrantziaz, izan ere, ura garbitzeko gaitasun handia dute eta mundu mailan ekosistema dibertsoenetakoak dira. Furi furian diren arazoak ere aztertu dituzte: presek nola zatikatzen dituzten, eta horrek nola galerazten dien bertako bizidunei arriskuen aurrean ibaian gora edo behera mugitzea; hainbat espezieren egoera larria, angulena, adibidez; espezieak berreskuratzeko egiten diren ahaleginek zer zulo dituzten... Ibaiak naturalizatzearen aldeko ikuspegia eskaini digu.
Ahots bereziarekin, motz eta zehatz erantzun die Arturo Elosegik Eli Pagolaren galderei. Elkarrizketa osorik entzutea gomendatzen dizugu:
Ibai osasuntsuek onura asko ekartzen dizkigute, Arturo Elosegik azaldu duenez. Eta hala ere, ez da hori bere ustez ibaiak berreskuratzeko dagoen argudio nagusia: "Niretzat, natura kontserbatzearen aldeko argudio nagusia ez da ona edo txarra denik. Uste dut gure obligazioa dela. Gure betebeharra. Bi modutan esan dezakegu: ez daukagu eskubiderik milioika urtetan zehar eboluzionatutako espezieak suntsiarazteko; edo ez daukagu eskubiderik gure ondorengoei guk bizitu duguna baino askoz ere mundu pobreago bat uzteko. Baina egia da, onura asko ekartzen ahal ditu ibai osasuntsuak: adibidez, izugarrizko produkzioa zegoen izokinetan garai batean ibaietan. Hori hemen ez da ezagutu azkeneko mendeetan baina AEBetan edo Kanadan bai, eta han presak eraisten ari dira, aberastasun hori berreskuratu nahian. Eta ikusten da baietz, gora egin duela arrain populazioak. Gainera, ibai naturalek ur garbia ematen dute eta ura garbitzeko izugarrizko gaitasuna daukate. Eta bestetik, ibai baten ertzean eseri eta ikusi ura pasatzen, eta egiten duen soinua eta ikusi arrainak gora eta behera... horrek diru asko balioko du, ez? Izugarrizko patxada ematen du eta gaur egun dauzkagun ibai gehienak nahiko egoera tristean daude, horrekin alderatzen badugu".
Pagolak presek ibaietan egiten duten kaltea jarri dio hizketagai Elosegiri. Honek azaldu du Europan milioi bat presa baino gehiago daudela, Gipuzkoan ia mila. "Ibaiak guztiz zatituta daude. Arazoa ez da izokinak ezin duela migratu soilik, ez, ez, ezin da ezer mugitu bere ibai zati horretatik. Eta ibaietan mugitzea ezinbestekoa da. Lehenago edo geroago, badakigu edozein ibaietan izango dela lehorte larri bat edo kutsadura fenomenoren bat eta galduko dela horko populazioren bat eta hori bakarrik berreskuratu daiteke baldin eta horko biztanleak mugitu badaitezke. Eta horrek egiten du presa txiki batek ibai zati oso handia ixtea eta errekuperazioa galeraztea"
"Presetan dagoen ur geldo horrek metanoa askatzen du, berotegi efektuko gasak askatzen ditu, habitata degradatzen du..."
Presek eragiten duten beste kalte bat da ibaiek "autodepuratzeko" duten gaitasuna murrizten dutela: "Presetan dagoen ur geldo horrek metanoa askatzen du, berotegi efektuko gasak askatzen ditu, habitata degradatzen du... mila arrazoi badaude. Besteak beste, presa sedimentuz betetzen da, eta presatik behera sedimentuak falta dira. Horren ondorioz, Euskal Herri atlantikoan sarri ikusten da errekak 'enkajatuta' daudela”.
Sedimentu faltaren ondorioz, Euskal Herriko ibaietakoa baino eskala handiagoan, deltak desagertzen ari dira: "Ebro oso kasu ezaguna da, delta atzerantz doa sedimentu eskasiagatik. Indonesiako Jakarta hiria delta batean dago eta tokiz aldatzekotan dira, urpean geratuko delako".
Europan presak eraisteko plana abian da. Horrekin batera, ibaiak ahalik gehien "naturalizatzeko" mugimendua dagoela azaldu du: "Batetik, presak eraisten dira. Bestetik, ibar basoak berreskuratzen saiatzen ari gara. Hirugarrenik, ibaiak deskanalizatzen, esaterako, Vienan egon gara Danubio ibaian egiten ari diren lan ikaragarria ezagutzen: nabigaziorako kritikoa da ibai hori, eta hala ere puska handiak deskanalizatzen ari dira. Herbehereetan Rhin ibaian uholde lautadak berreskuratzen ari dira, gero eta uholde arrisku handiagoa baitaukate, gero eta galera ekonomiko handiagoa. Ikusi dute ezin dutela gehiago horrela jarraitu, atzera egin behar dela: ahal dugun heinean ibaiarengandik urrundu, utzi ibaiari bere ibilgutik ateratzen eta zabaltzen, eta auzoak babestu, saiatu ur hori ez dadin zenbait auzotara iritsi".
Elosegik azaldu duenez, ibaietako hainbat espezie "adierazgarriak" dira, eta beste hainbat "gakoak". Adierazgarriak dira ur kalitate altua eskatzen dutenak edo habitat kalitate altua eskatzen dutenak, esaterako, izokina eta amuarraina. Beste batzuek gakoak dira, ibaian izugarrizko eragina dutelako, kastorea, esaterako: "Euskal Herrian Hegoaldean badaude eta zabaltzen ari dira. Garai batean denean bagenituen eta izugarrizko eragina dauka ibai batean kastoreak izan edo ez izan. Izan ere, presak egiten dituzte, erabat aldatzen dute ibaiaren morfologia, ibaiaren funtzionamendua".
"Edozein populazio haztegian mantentzen dugunean, domestikatu egiten da eta gero horiek izan daitezke kanpoan okerren mantentzen direnak"
Ibaietan hainbat espezie berreskuratu nahian, ohikoa izaten da haztegietatik erreketara populazioak eramatea. Horri buruz galdetu dio Pagolak eta Elosegik hauxe erantzun dio: "Populazioa oso-oso egoera txarrean dagoenean, ezinbestekoa da birpopulazioa egitea baina ez da ona horretan bakarrik oinarritzea. Ahalik azkarren egin behar duguna bere habitata hobetzea da, bere kasa mantendu dadin populazio hori". Haztegiek desabantaila handi bat dutela azaldu du: "Populazio bat, edozein, haztegian mantentzen dugunean, populazioa domestikatu egiten dugu. Eta irauten dutenak dira haztegi horretan hobeki mantentzeko balio duten ezaugarriak dauzkaten banakoak. Baina askotan, gero horiek izan daitezke kanpoan okerren mantentzen direnak".
Bisoi europarra jarri du adibide: "Espezie gakoetako bat da Euskal Herrian. Oso-oso mehatxatuta dago mundu mailan, populazio onenetako bat Europan dugu, Euskal Herrikoa, Nafarroako Erriberan batez ere, baina beste zonaldeetara ere iristen da. Eta espezie honen hainbat haztoki badaude eta ikusi dena da, askatzen diren animalia horiek oso etorkizun txarra dutela, oso tontoak dira. Izan ere, haztegian hobekien moldatu direnak dira, baina gero mendian okerren moldatzen direnak". Pagolak galdetu dio ezin ote diren haztegiak errealitatera gehiago inguratu... "Gero eta gehiago ari dira horretan saiatzen, baina haztegirik onena ere, ez da natura bera. Batzuetan funtzionatzen du, baina epe luzera, ezin dugu haztegietan bakarrik oinarritu gure errekuperazio plana".
Pagolak angulei buruz galdetu dio Elosegiri. Zehazki, Jaurlaritzak espezie hori berreskuratzeko hartu duen neurria, bere arrantza profesionalizatzea. Elosegi: "Nik ez dut ulertzen. Argi dago espeziea oso egoera larrian dagoela. Gainbehera oso azkarra darama eta pentsatzen da martxa honetan hamarkada batean-bitan suntsituko dela, galduko dela, ez Euskal Herritik soilik, mundu osotik edo Atlantiko osotik eta orduan, adituek argi esan dute aspaldi, saiatu behar dela ahalik eta gehien murrizten heriotza arrazoi guztiak, eta bereziki arrantza". Hego Euskal Herria da Europa osoan angula aisialdirako arrantzatzen dena: "Teorian, behintzat, harrapatzen zuten angula ezin zuten saldu, etxean kontsumitzeko zen. Eta hori debekatu zen. Baina orduan, arrantzale horietako batzuek eskatu dute profesional egitea eta momentuz baimena eman zaie. Oraindik ez dira profesionalki arrantzatzen hasi, horretarako lehenik dekretu bat edo egin behar baitzen, zehazteko zenbat angula, noiz eta nola harrapatu. Eta urte sasoia joan zaie eta aurten behintzat badirudi ez dutela arrantzatuko".
"Lehenengo gauza, angularen arrantza debekatu behar litzateke, baina hori ez da aski"
Zientziaren ikuspegitik, Jaurlaritzaren erabakia "ulergaitza" iruditzen zaio Elosegiri: "Justifikatzeko esan dute: beno, profesionalak ari badira arrantzatzen, zentinela bezala egingo dute, ikusiko dute populazioa gorantza doan edo beherantza... baina hori jada Aztik berak egiten du: urtero egiten dituzte bere laginketak eta beraz, ez dago horren beharrik. Eta populazioa nola dagoen ikusteko zerbait harrapatu behar balitz ere, beno, harrapatu eta gero askatu! Harrapatzea eta gero saltzea erabat kontraesanean dago".
Angularen egoera hobetzeko zein den bidea galdetu dio Pagolak. Elosegi: "Lehenengo gauza, arrantza debekatu beharko litzateke, are gehiago, hemen bezala, ez zegoenean gizartearen sektore bat horretatik bizi zena. Baina hori ez da aski: jarraitu behar dugu hobetzen uraren kalitatea, presak kendu behar ditugu zeren horrek oztopatzen du aingiraren mugimendua, habitata berreskuratu behar da... hala ere ez dakigu berreskuratu ahalko dugun baina dakiguna da horrela jarraituta ziur galduko dugula. Egiteko garaia da, orain".
Gipuzkoako Getariako kostatik 3,7 itsas-miliatara (6,6 kilometrora) jartzear dira Euskal Herriko lehen itsas zabaleko arrain haztegia. 50 metroko diametroa eta 40 metroko sakonera dute bi kaiolek. Bertako itsas baldintzetara ongi egokitzen badira, 2025eko udan 50 hegalabur edo... [+]
Bergaran Elikadura Mahaia martxan dute eta bertatik hainbat ekintza ari dira aurrera eramaten herriko azoka indartzeko eta baserritarren erreleboa lantzeko. Elikadura Mahaiko kide dira Jon Ruiz de Egino baratzezaina, Eskubaratz proiektuko kidea. Eta Aitziber Plazaola dendaria,... [+]
Manuela Jauregi arrantzalea da eta duela 25 urtetik hona, bere senarrarekin batera olagarroa eta eguneko arraina harrapatzen aritzen da Getarian, Manuela itsasontzian. Mattin Jauregirekin mintzatu da ontzi barrutik, eta azken urteetan sumatu dituen aldaketak azaldu ditu.
Euskal Herriko Laborantza Ganbarako koordinatzailea mintzatu da Egonarria saioan. Laborantzako eredu talkaz hitz egitean eta traktoreak kalera atera direnean, beti aipatzen da ditxosozko erderazko "PAC"-a, hau da, Europako Nekazaritza Politika Bateratua. Europako... [+]