Orain dela 40 urte desagertu zen José Miguel Etxebarria Naparra iruindarra eta auziaren muinak argitzeke jarraitzen du. Aurtengo Argia Saria prentsa atalean, Jon Alonsorentzat da, Naparra. Kasu irekia ikerketa liburua idazteagatik.
Asko idatzi da prentsan José Miguel Etxebarria Naparra-ri buruz, baina ez behar beste. 2020an 40 urte egin zuen desagertu zenetik. Lau hamarkadatan denetariko uneak izan dira Naparra auzian, batzuetan asko hitz egin da, gehienetan gutxi. Hedabide batzuek maiz jarraitu dute, gehienek eta handienek nekez. Desagerketak etengabeko lorratza utzi du urte hauetan guztietan. Auziaren muina, ordea, argitzeke dago: Naparra-ren gorpuzkinak ez dira oraindik agertu, eta haren familiak sufritzen jarraitzen du. Sariaren irabazleak dioen gisa, “Naparra kasua, bahitu eta hil zuten militante baten kasua ez ezik, gupidagabe torturatu, jipoitu, hankapetu eta zigortu duten haren familiaren kasua ere badelako”.
Lanaren egileak ezagutzen zuen desagertua, harekin jolastu zen Iruñea zaharrean, eta haren kasua etorkizunerako biltzeko gogoa izan zuen, memoriak behar bezala kulunka dezan. Ikerketa lanak ez du argitu Naparra non dagoen, baina batek daki bide horretan beste urratsen bat emateko balioko duen. Edozein kasutan, auziaz ezagutzen den guztia bildu du liburu honek eta aurrerantzean, kasuaz jakin edo ikertu nahi duenak, ezinbesteko erreferentzia izango du.
Naparra auziaz gain, kasua erditu zuen garaiaren hamaika zertzelada ere biltzen ditu, 1980ko hamarkada hobeto ulertzen lagunduz. Halaber, ez dio ihes egin auziak izandako etengabeko ika-mikari: “Nire ustez Batallón Vasco-Españolek bahitu eta hil zuen”. Eta kasua argitu ezinda, garrantzitsuenetakoa egin du: “Ahanzturaren zingiran” usteltzen ez utzi, irakurlea auzi korapilatsuaren harian ongi eta argi eramanez. Ez da prentsa lana, baina kazetaritza idatzia da, ikerketa kazetaritza.
Aurtengo Argia Saria prentsa atalean, beraz, Jon Alonsorentzat da, Naparra. Kasu irekia liburua idazteagatik
Amildu zen zabor jauzia. Azken egunera arte dena jan duen zabortegia, bi langile irensteraino. Urtebete iragan da eta Zaldibarren oraindik ustel usaina dago. Portu gris batean kokatzen den krimenak ere ez du hats hoberik. Mafien kiratsak. Eta gorpuzkirik gabeko hilketa ustela?... [+]
Bost hitzekin gaur egungo mundua zalantzan jarri eta milaka pertsonak babesteko moduko programa politikoa laburbiltzeko gaitasuna erakutsi dutelako: Langileak, osasuna, erantzukizunak. Zaldibar Argitu. Jokin Bergara, Janire Lazkano eta Gaizka Zabarte mugimenduko kideek jaso dute... [+]
Txintxua Films ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako thrillerra da aurtengo ikus-entzunezko Argia Sariaren irabazlea. Koldo Almandoz zuzendariak eta Marian Fernandez ekoizleak jaso dute saria.
Badator Argia Sariak banatzeko garaia, baina aurten, pandemia dela eta, bestelako moldez emango dira. Azken urteetan Usurbilgo Atxega jatetxean egin ohi dugu sari banaketa ekitaldia, ehundik gora lagun biltzen diren bazkari ederrean.