Gasteizko PPko kide Gustavo Antépara: obra “klandestinoak” legez kanpoko pisu turistikoetan ikerketa erreportajea argitaratu zuen esklusiban ARGIAk apirilaren 25ean. Hainbat hedabidek jaso zuten bere edukia hurrengo egunetan. PPk Antépararen errugabetasuna defendatu du, eta hori frogatu nahian Antéparak berak alderdiaren eskutan utzi dituen dokumentuak erakutsi dizkie horrela eskatu duten kazetariei, tartean ARGIAri. ARGIAk, bere aldetik, Antéparak emandako informazioa faltsua dela frogatzen duten dokumentuak erakutsi dizkio PPri. Alderdiak, hala ere, Antépara babesten jarraitzeko hautua egin du.
Apirilaren 27an deitu zuen ARGIAk PPren Gasteizko egoitzara, eta alderdiaren komunikazio arduradunarekin hitz egin zuen. Komunikazio arduradunak Antéparak alderdiari eman dizkion azalpenak helarazi zizkion ARGIAri, ustez PPko politikaria errugabetuko luketenak. Bi dira argudio nagusiak.
Batetik, PPk eta Antéparak diote Luxury enpresari irekitako hiru espedienteen ardura osoa udalarena dela, dagokion departamentuak “txarto” komunikatu omen dituelako notifikazio guztiak (Baieztapen horren faltsutasuna hurrengo artikulu batean jorratuko dugu, dokumentuekin eta espedienteak ireki dituen udal departamentuaren langileen lekukotasunekin lagunduta).
Bestetik, Antéparak Luxuryrekin duen lotura bakarra “zenbait partizipazio” direla dio PPk. ARGIAk zabaldutako informazioaren aurka, komunikazio arduradunak ziurtatu zuen Antépara ez dela Luxury enpresako presidentea, eta ez dela inoiz izan. Horrez gain, ziurtatu zuen Antéparak ez zuela utzi enpresaren administratzaile bakar kargua 2022ko uztailean, ARGIAk argitaratu moduan, baizik eta 2019an (hau da, Luxuryk “obra klandestinoak” egin eta legez kanpo hainbat pisu etxebizitza turistiko bezala esplotatzeari hasi aurretik). Azken hori frogatzen duten bi dokumentu dituela azaldu zion ARGIAri, eta horiek erakusteko prestutasuna agertu. Maiatzaren 3an ikusi zituen dokumentu horiek ARGIAk, Gasteizko PPren egoitzan. Ordurako, PPk dokumentu horiek erakutsiak zizkion gutxienez aferagatik interesa agertu zuen Gasteizhoy-ri, eta hedabide digitalak ARGIAren informazioa zein PPren dokumentuak aipatu zituen berri batean.
ARGIAk zabaldutako informazioaren aurka, PPk ziurtatzen du Antépara ez dela Luxury enpresako presidentea, eta ez dela enpresaren administratzailea 2019tik (Luxuryk legez kanpoko jarduerak egin aurretik)
PPren eta Antépararen dokumentuak
Bi idazki erakutsi dizkio PPk ARGIAri (kopiak egiteko edo argazkiak ateratzeko baimenik eman gabe). Batetik, 2019ko uztailaren 1eko data duena, Ángel Fernández-Reyes notariokoa. Idazkian jasotzen dira ordura arteko administratzaile bakarraren kargugabetzea (Gustavo Antépara) eta berriaren izendapena (Pilar Perosanz, Arabaturreko presidentea). Komunikazio arduradunaren arabera, idazkia 2019an egin arren ez da merkataritza-erregistroan aurkeztu 2022ko urrira arte. Hiru urteko atzerapenaren zergatiari buruzko azalpenik ez du eman PPk.
Bigarren dokumentua, hain zuzen ere, 2019ko idazkia 2022an merkataritza-erregistroan aurkeztu zenekoa litzateke. PPk esandakoaren aurka, ordea, bigarren dokumentu horrek ez du 2019koarekin loturarik: beste notario bati egiten dio aipamena, eta zehazten du Luxuryren administratzaile aldaketa 2022ko uztailaren 1eko batzar orokor batean erabaki zela, ARGIAk argitaratu zuen moduan. ARGIAk ziurtatu dezake 2019ko notarioaren idazkia ez dela inoiz merkataritza-erregistroan erregistratu.
ARGIAren dokumentuak
ARGIAk Luxury enpresaren merkataritza-erregistroko memoria eskuratu du, publikoa dena, eta PPren baieztapenak ukatzen ditu erabat. Erregistroko dokumentuen arabera Antépara izan da enpresaren administratzaile bakarra 2000ko hamarkadan sortu zenetik; ardura hori Antéparari kendu eta Pilar Perosanzen eskutan utzi zuen Luxuryren Batzar Orokorrak 2022ko uztailaren 1ean; eta erabakia urte bereko urriaren 17an erregistratu zuen María Concepción Granado notarioan (ikusi albistea irekitzen duen argazki-dokumentua).
PPk aurkeztutako bigarren dokumentuarekin bat egiten du erregistrokoak beraz, baina lehenaren balioa ezeztatzen du. ARGIAk Ángel Reyes-Fernández notarioari eskatu dio 2019ko dokumentu hori ikustea, edo ikusi ezean existitzen dela baieztatzea. Notarioan azaldu diote datuen babeserako legeak ez duela horrelakorik baimentzen, baina, dokumentua 2019an erregistratu izan balitz ere, ez lukeela baliorik merkataritza-erregistroan aurkeztu ez bada, eta erregistroan ez dago bere arrastorik.
Merkataritza-erregistroan Luxuryk aurkeztu dituen dokumentu ofizialek PPren eta Antépararen baieztapenak ukatzen dituzte erabat
Bada faltsukeria agerian uzten duen bigarren dokumentu bat ere. 2020ko maiatzean, hau da PPren esanetan Antéparak administratzaile kargua utzi eta urtebetera, enpresak izena eta helburu soziala aldatu zituen, egun mantentzen duen Luxury izena hartzeko: erabakia Gustavo Antéparak sinatu zuen, “Sozietatearen izenean eta ordezkari gisa arituz, Sozietatearen Administratzaile Bakar bezala” (ikusi beheko dokumentua).
Azkenik, ARGIAren galderari erantzunez, PPk ziurtatu du Antépara ez dela Luxuryren presidentea, eta ez dela inoiz izan. 2023ko martxoan 2020 eta 2021 urteetako kontuak aurkeztu ditu Luxuryk merkataritza-erregistroan. Horrela dio ziurtagirietako batek: “Sozietatearen akta liburutik, legalki nire ardurapean, hurrengoa ondorioztatzen da: 1.- 2022ko ekainaren 30ean Sozietatearen Ohiko Batzar Orokorra bildu zela (...) 3.- Aho batez hartu ziren honako erabaki hauek: a) Gustavo Antépara Benito presidente izendatzea, eta Pilar Perosanz Lozano idazkari”. Ziurtagiriak 2023ko otsaileko data du, eta Pilar Perosanzek sinatua dago (ikusi beheko dokumentua). Finean, Antépara 2022ko ekainaren 30ean izendatu zuten Luxuryren presidente, eta egun bat beranduago utzi zuen administratzaile bakarraren kargua, Pilar Perosanzek hartu zuena.
Frogen gainetik PPk Antépara babesten jarraitzen du
Dokumentu horiek guztiak paperean erakutsi zizkion ARGIAk PPko komunikazio arduradunari maiatzaren 3an, eta honek informazioa “alderatu” behar zuela adierazi zuen. ARGIAk azaldu zion bere eskutan duen informazio hori argitaratuko zuela hurrengo egunetan, eta bi egunen epean PPk ARGIAri bestelako posizio bat helarazi ezean, ulertuko zuela alderdiak Antéparak emandako argudio eta dokumentuak ontzat ematen jarraitzen duela. PP ez da ARGIArekin harremanetan jarri ordutik.
PPk baloratzen ez duena
ARGIAk argitaratutako informazioaren zati batez informazio faltsua eman dute PPk eta Antéparak. Baina aspektu garrantzitsuenen inguruan ez dute adierazpenik egin.
ARGIAk hainbat aldiz galdetu zion PPri ea Antéparak azalpenak eman dizkion alderdiari hainbat etxebizitza pisu turistiko bezala esplotatzeagatik derrigorrezko lizentzia izan gabe. “Ez dugu baloratuko”, adierazi zuen azkenik komunikazio arduradunak.
ARGIAk argitaratutako informazioaren zati batez informazio faltsua eman dute PPk eta Antéparak. Baina aspektu garrantzitsuenen inguruan ez dute adierazpenik egin
ARGIAk galdetu zion ea PPk ez duen interes gatazkarik ikusten Antépararen jardueran: 21 Zabalguneko administrazio kontseiluko kide da PPren ordezkari bezala (bertan hartzen dira Gasteizko hirigintza arloko erabaki nagusiak); etxebizitza turistikoen araudia aldatzeko lobby lana egiten ari da Arabatur elkartearen bitartez; presidente den enpresak etxebizitzak turistikoak legez kanpo esplotatzen ditu. “Ez dugu baloratuko”, erantzun zuen.
Azkenik, ARGIAk galdetu zion ea PPk baloratu duen aukera Antépara 21 Zabalgunetik ateratzekoa, edo maiatzeko hauteskundeetako zerrendetatik kanpo uztekoa (zazpigarren postuan doa Gasteizen, hamalugarrenean Araban). Ezetz erantzun zuen PPko komunikazio arduradunak.
Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.
Israelgo IMI Systems enpresarekin Espainiako Barne Ministerioak egindako bala erosketa bertan behera uztea agindu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. PSOEren eta Sumar-en arteko gobernu koalizioan zegoen apurketa arriskua baretu du erabakiak.
2023ko urritik armamentua erosteko 40 kontratu sinatu ditu Espainiako Estatuak Israelekin eta hango enpresekin, horien erdia azken urte erdian. Horietako kontratu batekin ika-mika piztu da Espainiako Gobernua osatzen duten PSOE eta Sumarren artean, bereziki azken horren barnean,... [+]
Espainiako Estatu mailan, behera egin dute bai ezarritako babes-neurriek bai aurkeztutako eskaerek.
2002az geroztik Espainiako Estatuko hainbat kolektibotan infiltratutako hamabi poliziaren berri eman dute La Directa eta El Salto agerkariek. Nieves López izen faltsua baliatzen zuen Espainiako poliziaren kasua da publiko egin duten azkena. El Salto-k argitaratu duenez,... [+]
Espainiako Gobernuak urte amaierarako Defentsara bideratuko duen gastua Barne Produktu Gordinaren %2 izango da: 33.123 milioi euro. Sánchezek adierazi du erabaki horrek "Espainiaren segurtasuna bermatzea" eta armadaren baliabideak "modernizatzea" dutela xede.
Natura Ondarearen Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du Barakaldoko mendi horretan bost haize errota jarri nahi dituen Iparaixe II proiektuaren aurka. Barakaldoko Udalak duela urte eta erdi eman zion ezezkoa egitasmoari, Mendietan Eolikorik Ez–Barakaldo plataformaren... [+]
Ostegunetik igandera bitarte egindako topagunean 3.000 lagunetik gora bildu dituela esan du Ernaik. Larunbat iluntzean egin dute jardunaldietako ekitaldi politiko nagusia, gazte antolakundeko bozeramaile Amaiur Egurrolak hitza hartuta. Aberri Egunaren harira EH Bilduk... [+]
Eragile nahiz alderdi politiko ugarik plazaratu dituzte euren aldarriak aurtengo Aberri Egunean. Azken urteetan egin bezala, Bilboko eta Iruñeko kaleak hartu dituzte EAJk eta EH Bilduk, hurrenez hurren. Bagira-k, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak, abertzaleen... [+]
Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.
Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]
EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]
Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.
Ez da Aberri Eguna, Aberri Aukera da euskaldunok behar duguna. Urtean behin errepikatzen dira balizko alderdi zein talde abertzaleen deialdiak, data hauetan, Euskaldunon aberria Euskadi/Euskal Herria da aldarriaren inguruan. Egun bateko kontua izaten da, hala ere. Eta ez batera... [+]