Por donde pasa el silencio


2024ko irailaren 26an - 10:26

Denbora luzeegian okertzen joandako familia dinamikek kroniko bihurtzeko joera dute, eta ezin dira erraz sendatu. Sandra Romerok idatzitako eta zuzendutako Por donde pasa el silencio (Isiltasuna dabilen lekua) luzemetraian, Antonio (Antonio Araque) Andaluziako Écija herrira bueltatuko da, familiarekin Aste Santua pasatzera, Madrileko bizitza atzean utzita, aldi baterako. Bertan, Javier anaia bizkia eta Maria arreba bizi ditu, eta Antoniok Javierren desgaitasunari aurre egin behar dio: bizkarreko arazo larriak ditu, eta horrek neke fisiko eta psikologikoa eragiten dizkio egunero-egunero.

Familiaren egoerak ere ez du laguntzen; ondorioz, Javierrek analgesiko eta drogetara jotzen du. Film honetan, isiltasuna da nagusi: aitaren isiltasuna, senide batzuen isiltasuna eztabaida zakarretan, eta oihuka ari denaren zaratak sortzen duen isiltasuna. Javierren gaitzak inguruko pertsonetan duen eragina erakusten zaigu, ezin baita ahaztu aktore sekundarioak izanda ere, bizitza propioa duten pertsonaiak direla. Bakoitzaren alde zatar eta politak pantailaratzen ditu Sandra Romerok, oso era natural eta benetakoan. Elkarrizketak, eztabaidak, egoerak eta eszenatokiak ezagunak egiten zaizkigu askotan, eta pertsonaiekin konektatzeko aukera dugu.

Bizkarreko gaitzaren, Javierren, Aste Santuko Ama Birjinaren, isiltasunaren zama. Metaforikoki eta literalki, ederki harilkatutako gidoia eta filma iruditu zait Por donde pasa el silencio. Nerea Ibarzabalen Bar Gloria nobelaren antza hartu diot: neba-arreben arteko erlazioak, familiaren tragedia latenteak, eta, nola ez, isiltasunak, zeharkatutako bi lan baitira. Bata gustatu bazitzaizun, bestea ere gustatuko zaizula esango nuke.

Min Evige Sommer

Sentsazioa dut, New Directors saileko filmak ikustera joan naizenetan, gehienak dramatikoak eta goibelak izan direla, urte guztietan. Ez da inongo datutan oinarritzen sentsazio hori, baina gaurko bigarren pelikulak ideia hori berriz indartu du. Min Evige Sommer-ek (Nire uda eternala), Sylvia Le Fanu zuzendariaren azken luzemetraiak, drama gogorra aurkezten du.

Fanny (Kaya Toft Loholt), hamabost urteko neska, aita eta amarekin oporretako etxera joan da, amaren azken uda elkarrekin pasatzera. Ama gaixotasun terminal baten azken fasean dago, eta hirurak azken momentu horiek gozatzen saiatzen dira batera. Hala ere, Fanny ez da gai laster datorkion amaren galera onartzeko, eta zaila izango da beretzat normaltasuna eta atsekabea orekatzea.

Sinopsia irakurri nuenean, pelikula gutxi gorabehera irudikatu nuen, eta espero nuena izan da, azkenean. Ez nau asko harritu filmak, egia esan, baina horrek ez du esan nahi gustatu ez zaidanik. Aurreikusitako lekutik joan da gidoia, eta espero nituen gaiak jorratu ditu. Dolua, mina, zoriontasuna eta galera; argumentuak argi murrizten du gaien zerrenda. Horiek horrela, ez dakit pelikulak berak sortzen dituen sentsazioak, edo gaia bera den indartsuegia eta, ondorioz, sentimenduak sortzen dituena. Estetikoki, eszenatokiak ederrak dira, eta eszenografia atsegina. Hori bai, hasieran muntaia bereziki ona iruditu bazait ere, gero ohitu egin naiz, edo normalagoa bihurtu da, bietako bat.

Lan tristea baina lasaia iruditu zait. Ez da sentimentalismo hutsalean sartu, eta egiazko egoerak eraiki ditu. Azken egun horien bizipena era nahiko objektiboan erretratatu duela begitandu zait, eta, askotan, gai hauetaz hitz egiteak beldurra ematen duenez, noizbehinka horrelakoak ikustea ere komeni da. Ez da bereziki atentzioa eman didan filma, baina polita, egokia eta bortitza izan da, dudarik gabe.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2024
2024-09-29 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. Azken eguna.
Ezer gutxi kontatzen duten isiluneak


Sail Ofiziala. Klausurako filma
Eta igande euritsu, erromantiko eta negartia iritsi zen

Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]


Aktore onenaren saria, Patricia López Arnaizentzat

Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.

Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]


Zezenaren tortura babesten duen dokumentalak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten... [+]


2024-09-28 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia. 8.eguna
Ez dut sekula pelikulekin negar egiten


Sail Ofiziala. 8.eguna
Sinets nazazu


2024-09-27 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia 7.eguna
Bikaintasun esplikagaitza, berriz


Sail Ofiziala. 6.eguna
Ihes egin heriotzari, aurrerantz

Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]


ARGAZKIAK | Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Zinemaldian

Astearte gauean egin zen Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.


2024-09-25 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 5. eguna
Zinea ala antzerkia?


2024-09-24 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 4. eguna
Hurbilekoa beti da hunkigarria


Eguneraketa berriak daude