Sare sozialetan argitaratutako argazkiaren bidez ezagutarazi du erasoa Ordiziko alkate Adur Ezenarrok. Bere sexu izaerarekiko "harrotasuna eta ohorea" berretsi du, eta azken aldiko "oldarraldia" salatu du.
Alkateak berak zabaldutako argazkian Ecenarro loco marica (Ezenarro marika eroa) dioen pintaketa ikus daiteke, bere etxetik gertu dagoen bidegorrian egina.
Zera adierazi du alkateak: "Norbaitek uste badu nire etxerako ibilbidean dagoen bidegorrian egin duen pintada honekin irain nazakeela, gixajo hutsa eta ezjakina da, guztiz. Marikoi, marika, bujarra, maritxu, atzelari edo nahi bestelako termino erabilita, naizena izatearen ohorea eta harrotasuna baino ez didazulako berresten". Gainera, pintaketen egileei zera gogorarazi die: "Ez naiz Ecenarro, Ezenarro baizik, eta izatekotan, ez nintzateke loco, loca baino, ea ikasten goazen!".
EH Bilduko alkateak ETBri eman dion elkarrizketan adierazi du "garai honetan" pintaketak ez diola "gehiegi eragiten" eta badakiela zer den Ordizia bezalako herri batean "armairuan" egotea. "Prozesu horretan" dauden nerabeei zuzendu zaie: "Uste dut egoera horretan egon daitekeen edozein nerabek ez duela merezi horrelakorik, argi eta garbi esan behar zaiela ez dagoela inolako arazorik eta bakoitzak nahi duen bezala izateko eta sentitzen duena sentitzeko eskubide osoa daukala".
Oldarraldia
Ezenarrok adierazi du ez dela "kasu isolatua" eta "zentzu guztietan atzera eraman" nahi gaituen "oldarraldi" baten aurrean gaudela. Beste kolektibo batzuek jasaten duten jazarpena gogora ekarri du: "Hor dago ere trans emakumeen gaia, geroz eta eraso gehiago, homofoboak, lesbofoboak, emakumearen aurkako erasoak ere bai". Gazteengan oldarraldiak duen eragina ere hizpide izan du: "maskulinitatea ulertzeko modu benetan arriskutsu eta beldurgarriak izaten ari dira gazteen artean". Guzti horren aurrean "aurpegia emateko garaia dela" adierazi du.