“Sionistek palestinarrak nahi dituzte AEBetako amerindioen gisara, erreserba batzuetan edo beren lurretatik kanpo”

  • Maulen eta Baionan egon berri da Pierre Stambul, Palestinaren alde dabiltzan kolektiboek gomitaturik. Judu laikoa eta nazien genozidioa hurbiletik ezaguturikoa da, bere amaren alde guztia sarraskitu zutelako. Erresistente komunistak zituen gurasoak, aita Manouchian talde iraultzailean aritu zen eta Buchenwald kontzentrazio-esparrura bidali zuten. Hortik mamitzen du bere judu identitatea eta sionisten aurkako bere borroka. Frantziako Bakearen Aldeko Juduen Batasuna elkartearen bozeramailea da.

Pierre Stambul, judu antisionista. Baionan eta Maulen egon da, Palestinaren aldeko elkartasun taldekoek gomitaturik. / Argazkia: Isabel Pérez / El Salto CC BY SA.

2024ko apirilaren 04an - 08:50
Azken eguneraketa: 10:25

Hitzaldiz hitzaldi, proiektu sionista, Israelen politika eta palestinarren desagerpen programatua pedagogia handiz azaltzen dabil Pierre Stambul: "Israel jendartezidioa bideratzen dabil, hau da, jendarte baten desagerpena. Hori dugu sionismoaren oinarrian: AEBetako amerindioen edota Australiako aborigenen gisara erreserba batzuetan metaturik edo beren lurretatik kanporaturik eta eskubideak aldarrikatu ezinean nahi dituzte palestinarrak". 2023ko urriaren 7az geroztik areagotu egin den "antisemitismoaren instrumentalizazio" arriskutsua bideratzen dabiltzan honetan, gauzak argitu beharra ezinbestekoa zaio: "Gazan ez dabiltza bakarrik palestinarrak sarraskitzen, judaismoa hiltzen dabiltza, genozidioaren memoria hiltzen dabiltza, antisemitismoaren memoria hiltzen dabiltza". Sionismoaren eta Israelen inguruan zabalduriko ideia faltsuen gezurtatzea ezinbestekoa dauka eta horrekin abiatu du bere hitzaldia.

Baga: gezurra da erratea juduen itzulera Palestinara legitimoa dela. Kultura, herri, hizkuntza eta erlijio nahasketen lurraldea izan da betidanik Palestina, hiru erlijio monoteisten leku santuak bertan dira eta sionisten etorrera aitzin, guti ala asko, beti posible izan dute musulmanen (%80), kristauen (%15) eta juduen (%5) arteko elkarbizitza. 70. urtean, Titus erromatarrak eta bere armadak Jerusalem harturik, milioika judu kokatu ziren munduan barrena eta gertakizun horretan oinarritzen du sionismoak exilioaren eta etorreraren sinesmena. Baina, Israelgo Gobernua Bibliako pasarteetan oinarrituriko programa politikoa garatzen dabilen honetan, garrantzitsutzat dauka oroitaraztea liburu sakratu hori ez dela Historiako liburu bat. Hain zuzen, geroz eta historialari gehiagok dute urte horretako exilioaren kontakizuna gezurtatzen. "Garai eta eskualde ezberdinetan birkokaturiko juduen ondorengoak gara juduok, eta antzinaroko hebrearren ondorengoak, oro har, palestinarrak dira".

Biga: gezurra da erratea arrazoi erlijiosoengatik dutela sionistek Palestina bereganatu. 1960ko hamarkada arte behintzat judaismoa ez da lurralde bati loturiko erlijioa izan eta, gainera, erlijio mesianikoa ere da –Mesias itzuli bitartean ezin daiteke Israel deitu lurraldera bertaratu–. Hots, Palestina lapurtu eta palestinarrak haizatu nahia ez da helburu erlijioso bat, baina bai 1960ko hamarkadan abiaturiko Zisjordaniaren kolonizazioarekin garaturiko pentsaera sionista nazionalista erlijioso fanatikoa. Ordura arte ez zegoen "Palestinaren fetitxizazio" hori sionismoak ekarri zuen.

"1969ko Joko Olinpikoetatik Hego Afrika kanporatu zuten, Apartheid politikagatik zegoen boikotak bultzaturik. Joko Olinpikoak dauzkagu Parisen. Badakizue zer egin behar duzuen..."

Higa: argi utzi nahi du nazien genozidio garaian izan ezik, sionismoa eta antisemitismoa beti ibili direla eskuz esku. Hain zuzen, jatorrian Theodore Herzlek teorizaturiko sionismoa "banaketaren teoria" da, juduak eta judu ez direnak elkarrekin bizitzea ezinezkoa den ustean oinarrituriko ikuskera. Adibidetzat du 1897ko Sionismoaren Sorrerarako Kongresuari oztoporik ez jartzeko manua zabaldu zuela Guillaume II enperadore antisemitak –"Ez jarri oztoporik juduak lekutuko dizkigun horri"–. Etsenplutzat du Haavara Hitzarmena ere, Hitler boterera heldu eta sionistek eta naziek 1933an izenpeturikoa, juduen Palestinarako emigrazioa errazteko asmoz gauzaturikoa. Arthur Balfour ministro britainiarra, berdin, antisemita eta sionismoaren defendatzaile sutsua izan zen –1917ko Balfourren adierazpena dugu Israelgo Estatuaren sorreraren oinarrian–.

Laga: Israelen sorrera nazien genozidioari emandako erantzuna izan zen. Ez, palestinarren kanporaketa bideratuko zuten instituzio nagusiak genozidioa aitzin sortu zituzten: Juduen Banku Koloniala 1898an; palestinarren lurrak lapurtuko dituen Fondo Nazional Judua 1901ean; Histadrut sindikatu sionista 1920an, eta beste. Sionismoak "etnikoki garbia den estatua" du helburu eta horregatik dituzte arabiarrak –palestinarrak– haizatu behar. Ordezkapen-kolonizazio hori usaindurik, 1920ko hamarkadan hasiko zituzten lehen matxinadak palestinarrek. Eta horri loturik, boga: nazien genozidioagatik duten errua ttipitu nahian du munduak Israelen sorrera sostengatzen. Hori ere gezurra dela dio Stambulek. "Europak ardura ikaragarria du antijudaismo kristauan eta antisemitismo arrazialean. Kulpa sentitu izan balute mugak irekiko zizkien 1945ean, baina ez zen horrelakorik gertatu. Kulpaz bereizi dira, arduradun ez ziren palestinarren bizkar utziz guztia".

Sega: Israelen baitako adar politikoen osaketa ere argitu beharra dagoela uste du. Hasteko, Israelgo ezkerrak ere eskuak zikindurik ditu, "ez dago krimenik sozial-demokraten ardurarik gabekoa". 1948ko Nakba edo 700.000 palestinarren ihesaldi behartua laboristek "aurrez pentsaturikoa eta programaturikoa" izan zen, eta gauza bera 1967ko gerrarentzat. Nola ez, 1993ko Osloko Hitzarmenaren izenpetzaile Yitzhak Rabin Israelgo lehen ministroa ere laborista zen. Aitzin, Defentsa ministro gisa berak bideratu zuen OLP Palestinaren Askapenaren Aldeko Erakundearen buruzagien aurkako bonbardaketa 1985eko urriaren 1ean eta, ondotik ere, berak erreprimitu zuen 1987-1993ko Lehen Intifada.

Logika berean doa Osloko Hitzarmena: "Zer dio hitzarmenak? Okupatzaileak bermatu behar du okupatzailearen segurtasuna. Presoak, estatu palestinar bat, errefuxiatuen itzulera… horretaz hitz egin zuten, baina ez zuten deus izenpetu". Eta bestalde, argitu nahi du eskuin sionista ere ez dela gauza berria: "1920tik aitzina garatuz doa, tartean dugu Vladimir Jabotinskyren mugimendua faxistekin ariko zena eta Benito Mussolinik berak "gure faxista judutzat" zeukana. Europako eskuin muturreko arduradun guztiak Israelen egon direla ohartarazten dabil Stambul: "Modelo bat da haientzat, lorturiko birkonkista kolonial baten adibidea da, arriskutsutzat daukaten herri bat hetsirik atxiki ahal izanaren adibidea, puntako teknologia garaturik daukanarena".

Eginbeharrekoa: boikota eta presioa

Urriaren 7az geroztik Gazatik bideraturiko palestinarren genozidioa dela eta, egin daitekeenaz galdetu zioten entzuleek: herritar gisa, zer? Eta nazioarteko instituzioek zer? Eta AEBek? Argi dauka: "Herritar gisa, batetik, palestinarrei laguntza bideratu behar diegu, gaurdanik eta gerora berreraikuntzarako, eta bestetik, gure gobernuak presionatu behar ditugu, politikaz aldatu eta okupatzailea zigortu dezaten". Israelen irudi demokratikoa gezurtatzen lortu behar dugula dio. Bide horretan, Hegoafrikaren salaketak eragina izan duela uste du. Boikotarena ezinbesteko tresnatzat dauka. "1969ko Joko Olinpikoetatik Hegoafrika kanporatu zuten, bere apartheid politikagatik zegoen boikotak bultzaturik. Joko Olinpikoak dauzkagu Parisen. Beraz, badakizue zer egin behar duzuen: palestinar banderak atera eta boikota sustatu".

"Europak ardura ikaragarria du antijudaismo kristauan eta antisemitismo arrazialean. Kulpa sentitu izan balu mugak irekiko zizkien 1945ean, baina ez zen horrelakorik gertatu. Kulpaz bereizi dira palestinarren bizkar utziz guztia".

Lerroak mugitzen ari direla sinetsiz, ez du esperantza galdu nahi. Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresen jarrera aldaketa dauka adibidetzat. Hala ere, estatuen kritikek eta AEBen salaketek ez dute oraingoz eraginik, Stambulen arabera: "Benetako zigorrik ez deino Israelek ez du jarreraz aldatuko; baina historiak erakusten digu benetako zigorrak izanez gero Israelek atzera egiten duela". Zer egin beharko litzateke? Armen bidalketa bukatu.

Inguruko estatu arabiarren presioan ere ez du sinesten: ez dituzte inoiz sostengatu palestinarrak –kasu, gobernuez ari da, ez herritarrez–. Ez ziren mugitu 1948an eta Jordaniak gerra abiatu zuen, hain zuzen, sionistekin adosturiko Palestinaren banaketari buruzko hitzarmena ez zelako errespetatu. 1970-1971 urteetako Irail Beltza ere gogoan du, zeinetan Israelen armak esku artean milaka palestinar hil zituen Jordaniak. Egiptok ere postura bera duela dio.

Azkenik, Hamas eta Israelen arteko negoziaketetatik ere gauza gutxi daukagu lortzeko, bere ustez: "Bahituen askatasunaren alde kalean direnek partidua galdu dute. Netanyahuk badaki su-etena onartuz gero erortzen dela, beraz, Trumpen garaipena arte iraunarazi nahi du kontua. Ez dut uste gauzak aldatuko direnik… edo bai, agian armen salmentak gelditzeko mehatxua eginez gero AEBek, eta kasu horretan Netanyahu eroriko litzateke. Bizkitartean, hilotzen gainean bideraturiko negoziazioek ez dute ezertarako balio".

Gaurko egunean, su-etena lortzea da premiazkoena, eta ondotik hitz egingo da aterabide politikoaz. Bere iritzia dauka Stambulek: bi estatuen soluzioa ez da bidea –"Osloko Hitzarmena aipatu dizuet. Ezinezkoa izateaz gain, ez da desiragarria. Bereizketaren teoria da sionismoa eta bereizketak kolonialismora, faxismora eta arrazakeriara garamatza. Bereizketa mantenduz gero, faxismoa mantenduko genuke". Estatu bakarra? Utopikoa bihurturiko aterabidea dela dio.

Horiek horrela, nazioarteko zuzenbidearen errespetua aldarrikatzen du Frantziako Bakearen Aldeko Juduen Batasunak: kolonizazioaren eta okupazioaren bukaera, presoen askapena, paretaren desegitea, Gazako blokeoaren bukaera, eskubideen berdintasuna, errefuxiatuen itzulera eta gerra krimenen erantzuleen epaiketa. Tamalez, ez da Frantziako Estatuan dagoen juduen egitura indartsuena eta eragin guti du gobernuarengan. Baina berri ona: urriaren 7az geroztik bikoiztu da elkarteko kide kopurua. Harrotasunez baino gehiago, itxaropen iturri daukalako zehaztu zien datu hori entzuleei.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
‘Prentsa' bereizgarria zeraman autoa jomugatzat hartu eta beste bost kazetari hil ditu Israelek Gazan

Gutxienez 201 dira 2023ko urriaz geroztik Israelek Gazan hildako kazetariak. Abenduaren 26 honetan hildako azken bostak Al-Quds telebista katean zebiltzan lanean.


Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-19 | Axier Lopez
Palestinaren askatasunaren aldeko 10 orduko elkarretaratzea egingo dute Lekeition

Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.


2024-12-17 | Leire Ibar
Gasteizen bizi diren Gazako bost familien egonaldia era mugagabean luzatzeko eskatu dute

Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]


2024-12-16 | ARGIA
Israelek Irlandan duen enbaxada itxi du, Dublinek genozidio salaketarekin bat egin ostean

Israelgo Atzerri Ministerioak igandean iragarri du Dublinen daukaten enbaxada itxiko dutela, Irlandak iragarri eta gero bat egingo duela Hegoafrikak Israelen aurka jarritako salaketarekin.


2024-12-06 | Hala Bedi
Xabi Losada, Palestinarekin Elkartasuna
“Israelgo estatu terrorista ez da soilik harreman militarren bidez sostengatzen”

Palestinarekin Elkartasunak "sionistekin harreman oro etetera" deitu du. Kanpaina bat jarri dute abian Euskal Herriak Israelgo estatu terroristaren bizirautea bermatzen duten harreman militar, diplomatiko eta kulturalak seinalatu eta hauen etetea exijitzeko. Pasa den... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


Laguntza humanitarioa, etenda: 130.000 haur elikagai eta botikarik gabe

Save the Children erakundearen esanetan, Gaza iparraldeko 130.000 haur artatu gabe daude 50 egunez, gutxienez.


2024-11-26 | EHU Palestina
EHUn Israelen genozidioa eta apartheidarekin harreman oro aztertu eta eteteko batzordearen alde

Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu eta Israelgo Defentsa ministro ohi Gallant atxilotzeko agindu du

Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".


Israelgo justizia ikertzen ari da ea Netanyahuk bazuen urriaren 7ko Hamasen erasoen berri

Hori da Israelgo hedabideetan azken egunotan bolo-bolo dabilen albistea. Baieztapenaren inguruan auzi ugari daude, eta horietako batzuk ikerketa judizialean aztertzen ari dira. Israelgo Estatuko Fiskaltza urriaren amaieratik ikertzen ari da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen... [+]


Eguneraketa berriak daude