Pertsona migratuen deportazioaren alde agertu da Pedro Sanchez

  • "Migrazio zirkularra" sustatu nahi du PSOEren gobernuak, langile batzuek behin-behineko hainbat lan egiteko migra dezaten Espainiako Estatura, eta gero euren jatorrizko herrialdeetara itzul daitezen.

Espainiako presidente Mauritaniara heldu berritan. Argazkia: Moncloa
Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2024ko abuztuaren 30ean - 11:19
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez Afrikako hainbat herrialdetan izan da berriki. Mauritania, Gambia eta Senegal bisitatu ditu, propaganda-ekintza modura: "legez kanpoko migrazioari" aurre egingo diola adierazi nahi izan du. Zeresana eman dute "historiako gobernurik aurrerakoieneko" buruak Senegalen egindako azken adierazpenek, migrazio jakin bat kriminalizatu eta diskurtso faxista elikatu baitu.

Besteak beste, Espainiako Estatura "modu irregularrean" migratu behar izan duten pertsonak deportatzearen alde agertu da Sanchez: euren jatorrizko herrialdeetara itzularaztea "ezinbestekoa" dela esan du. Horretarako, aitzakiatzat erabili du migrazioari lotutako mafiei "mezu argi eta irmo bat" helaraztea.

Sanchezek ohartarazi du gobernuak itunak dituela Senegalgo, Gambiako eta Mauritaniako agintaritzekin, Espainiako Estatura heltzea lortzen duten pertsona migratuak jatorrizko herrialde horietara itzularazteko. PSOEko buruak dio, ordea, akordio horiek aplikatzeko zailtasunak daudela, eta neurriak berrikusi beharko direla, deportazioak errazteko.

"Migrazio zirkularra"

"Historiako gobernurik aurrerakoieneko" presidentea migrazioaren kontra agertu da, bai, baina ez migrazio guztiaren kontra: enpresa-beharrei erantzun ahal izateko langile migratuak nahi ditu, behin-behinean soilik. Izan ere, Afrikara egindako azken bidaian, "migrazio zirkularra" delakoa aldarrikatu du Sanchezek, lotsagabekeriaz.

2000tik sustatutako eredu horren bidez, lan zehatz batzuk egingo dituzten atzerriko beharginak bilatzen ditu Espainiako Estatuak. Enpresa-beharrek markatutako behin-behineko lanak egin ditzaten kontratatzen dituzte, aldi-baterako lan-kontratuen bidez.

Hala ere, lan horiek betetzeko besterik ez dituzte kontratatzen: "migrazio zirkularraren" ereduaren arabera, behin Espainiako Estatuan lan horiek amaituta, euren jatorrizko herrialdeetara itzularazten dituzte beharginak. Migrazio "arautu", "ordenatu" eta legezkoa aldarrikatzean, horretaz ari da, adibidez, Espainiako Gobernua.

Zirku parlamentarioa

Eta zirkua jadanik nahikoa ez balitz, zein eta PP kexatu da Sanchezen adierazpenez. Borja Semperrek, esate baterako, nabarmendu du presidenteak egindako adierazpenak "xenofobotzat" joko liratekeela, PPko kideren batek egin izan balitu. Dena den, argi eta garbi erakutsi du berriz migrazioarekiko duen jarrera: Semperrek migrazioari aurre egiteko politika "serio bat" eskatu du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: MIgrazio-nekropolitikak
2024-10-16 | Julene Flamarique
Italiak lehen migratzaileak deportatu ditu Albaniara eta Von der Leyenek ekimena Europa osora zabaltzea proposatu du

Kritiken artean deportatu ditu Italiak hamasei errefuxiatu Albanian eraiki duen "harrera-zentro" batera. Proiektua 2023. urtean erabaki zen Meloniren Italiaren eta Albaniako Ramaren arteko akordio bat izan zela eta, eta "migrazio-kudeaketak bizkortzea" du... [+]


Eguneraketa berriak daude