argia.eus
INPRIMATU
Pentsionistek Urkullu kritikatu dute azpiegitura handiak behar sozialen gainetik jartzeagatik
  • Astelehenero legez mobilizazioa egin du Bizkaiko Pentsionistak Martxan elkarteak. Urkulluren gobernuaren aurka egin du Espainiako Gobernuari AHTaren moduko azpiegituren alde egitea eskatzeagatik, "pentsioak edo enplegua ahazten" dituen bitartean.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 05
Pentsionisten aurreko mobilizazio bat. Argazkia: bilbobranka.wordpress.com.

Bizkaiko Pentsionistak Martxan elkarteko bi kidek hartu dute hitza astelehen goizeko mobilizazioan. Jon Fanok Espainiako eta Gasteizko gobernuak kritikatu ditu. Espainiakoa "pentsioen inguruko inongo neurri sozialik ez da hartzen ari eta ez du hartuko”, esan du Fanok. Horren aurrean Iñigo Urkullu lehendakariaren jarrera gaitzetsi du. Fanoren hitzetan, lehendakariak eta bere gobernuak "AHTaren, aireportuen eta portuen" lanak babestu edo desblokeatzea eskatzen dute eta, aldiz, "ez dute eskaera bakar bat ere egin berehalako neurriak hartu daitezen pentsioen, enpleguaren edo bestelako behar sozialen alde".

Fanoren arabera, horrek "agerian usten du zeintzuk diren Eusko Jaurlaritzaren kezkak". Madrilgo eta Gasteizko gobernuak "presionatzen" jarraitzeko asmoan berretsi dira pentsionistak.

Andrea Uña bozeramaileak, bere aldetik, kolektiboak PP salbu legebiltzarreko talde politiko guztiekin bilerak egin dituela jakinarazi du. Urkullu lehendakariarekin bilera eskatu dute, baina Enplegu eta Gizarte Politiketako kontseilari Beatriz Artozabalengana bideratu ditu Lehendakaritzak. "Artozabal kontseilariarekin bildu nahiko bagenu, harengana joko genuke", esan du Uñak.

Mobilizazioak

Bizkaiko pentsionistek hurrengo aste eta hilabeteetako mobilizazioak iragarri dituzte. Abuztuaren 19an batuko dira, Bilbon, Aste Nagusiaren barnean, eta urriaren batean Nagusien Nazioarteko Eguna dela eta. Azarorako, sindikatuei lau orduko paroak egitea proposatu diete.