argia.eus
INPRIMATU
Pentsioen negozioa
  • Pentsio sistemaren erreforma bere jasangarritasunaren izenean egin nahi dute. Austeritate neurrien eta lan merkatuaren erreformaren ondoren Ecofinek eta NDFak Espainiari ezarritako erreskate baldintzetako hirugarrena da erretiroaren erreforma. Arrazionalitate ekonomikotik eusten ez den eskema jarri dute abian ekonomi agintariek: banka pribatu espainiarrak duen ezkutuko zor esanguratsua arlo publikoak jasan dezan honek sortutako defizit zein zor publikoaren zama erretiro eredua uzkurtuz arindu. Hauxe da nazioarteko finantza espekulatzaile eta beren menpeko agentziek derrigortzen duten baldintza, ELGA, NDF eta gisako erakundeen analisi eta iritzien legitimazioarekin.

2011ko urtarrilaren 06a
Dani Blanco
Pentsio eredua erreformatzeko aldiroko ahalegina igurikapen katastrofikoetan oinarritu ohi da. Esaterako, 1990eko hamarkadan banketxe eta erakunde ofizialekin lotutako azterketa ugarik 15-20 urtetako gizarte segurantzaren porrota iragartzen zuten. Haatik, krisi garaia bizi izanagatik bere saldoa superabitarioa da Espainiako Estatuan. Ukaezina da pentsio ereduak dinamikoa izan behar duela bertan eragiten duten faktoreak aldakorrak direlako, bizi itxaropenarena barne. Baina arlo tekniko soilean kokatu nahi den pentsioen arazoa funtsean politikoa da. Arazoaren funts politikoa nabarmen geratzen da, krisia eragin duten finantza erakunde pribatuen kudeaketa okerra zuzendu beharrean honekin loturarik izan ez duen pentsio sistemaren aldaketara behartzen denean. Are argiago erakusten dute izaera politikoa pentsio publikoen ordez fondo pribatuak hedatzeko ekimenek, noiz eta Erresuma Batuan, AEBetan eta abarretan pentsio-fondo pribatuek porrota ezagutu dutenean.

Finean, pentsio eta orokorrean ongizate estatuaren ereduaren zenbatekoa eta nolakoa erabaki politiko kolektiboaren ondorio dira. Pentsio sistema kontributiboa dugu Estatuan, Europako herrialde askotan aldiz mistoa –aurrekontuek ere hornitzen dutena–. Azken hauetan ez da pentsio sistemaren jasangarritasuna auzitan ipintzen, hezkuntza edo osasun sistemena jartzen ez diren moduan. Herrialdearen errentaren bolumena ezinbesteko abiapuntua da hori ebazteko. Atzeraldiak atzeraldi, duela hogei urteko errenta mailaren bikoitza dugu egun Estatuan. Eta lan ministro berriaren estimazioaren arabera 2050ean %220 handiagoa izango bada BPGa, ez da ulertzen pentsioen gastuaren igoeraren estimazioak (BPGaren %9tik %15erakoa) sortzen duen alarma. Atzeraldiaren mamua uxatzeko aitzakiarekin errentaren birbanaketa atzerakoia da pentsioen erreformaren bidez sozialista izeneko gobernuak indartuko duena.