Pentsiodunek haien gutxieneko diru sarrerak SMIaren parekoak izatea eskatuko dute Eusko Legebiltzarrean

  • Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak herri ekimen legegilea aurkeztuko du Gasteizko ganberan. Apirilaren 24ra arteko epea ipini dute sinadura gehiago biltzeko, eta dei egin diete Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan erroldatutako 18 urtetik gorako pertsona guztiei. Hiru pentsiodunetik batek gutxieneko diru sarreren indizetik behera jasotzen du hilean; gehienak emakumeak dira.


2025eko urtarrilaren 14an - 09:30
Ana Mezo, pentsiodunen mugimenduko eleduna, astelehen goizean Gasteizko parlamentuan. EiTB Media

Espainiako Estatuan, SMIa deritzon lanbide arteko gutxieneko diru sarreren indizea hileko 1.134 euroan ezarri zen 2024an. Horra heltzen ez diren 60 urtetik gora dituzten pentsiodunentzat sistema bat sortzea proposatu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, SMIra heltzeko osagarria litzatekeena, "pentsioak osatzeko euskal sistema" deitu diotena. Herri ekinaldi gisa eramango du gaia Eusko Legebiltzarrera, izan ere, argi du Eusko Jaurlaritzak badituela lege hori onartzeko eskumena eta baliabideak.

Horretarako sinadura bilketa abiatu du mugimenduak. Gutxienez 10.000 firma bildu behar dira, aspaldi gainditu zuten langa hori, baina gehiago nahi dituzte, babes zabalagoa dutela erakusteko, eta 18 urtetik gorako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrei dei egin diete dokumentua sinatzera. Apirilaren 24ra arte egongo da irekita horretarako epea.

Gizarte osoaren babesa eskatu dute, gizarte osoari, tartean gazteei, eragiten dietelako pentsioen auziak. Ana Sarobe pentsiodunak zioen gisara, "pentsiodunei babesa ematera datorrena ez da ari guri babesa ematen, baizik eta bere eskubideen alde egiten ari da". 2021eko urrian, ARGIAren 2750. zenbakian, Miren Artetxek egin zion elkarrizketan esana.

Hiru pentsiodunetik bat, SMItik behera

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren esanetan, Hego Euskal Herrian ezarritako gutxieneko pentsioak ez dira nahikoak duinki bizitzeko. Are, hirutik batek SMIaren indizetik beherako pentsioa jasotzen du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta horien %70 emakumeak dira. Indize horretatik behera dauden emakumeen gehiengoak, gainera, hilean 850 euro baino ez dituela jasotzen adierazi dute: "Ezinezkoa da kantitate horrekin duin bizitzea".

Genero-arrakala %30ekoa baino gehiagokoa da

Justua eta arrazoizkoa da, pentsiodunen esanetan, bizitza lanean eman duen pertsona orok duinki bizitzeko eskubidea izatea bere bizitzako azken urteetan. "Orain ez daukagu halakorik", diote. Are gehiago aintzat hartuta zahartzaroa bizi-etapa zaurgarria dela.

Era berean, planteatu duten pentsioen osagarri sistemak genero-arrakala apaltzen ere lagunduko luke. Genero-arrakala, pentsiodunen mugimenduaren esanetan, %30ekoa baino gehiagokoa da. Izan ere, emakumea tradizionalki lan munduan diskriminatuta egon denez, zaintza lan pagatu eta baloratu gabeetan lanean, pentsio apalak jasotzen dituzte behin erretiro adinera iristean. "Gure eskakizun honekin, aldarrikapen sozial hori konponbide justuago batera bidean ipiniko genuke", adierazi dute.

Familia nukleotik kanpo pentsatutako sistema

Herri ekinaldia aurkeztu ostean, dokumentuak hamahiru puntu jasotzen baditu ere, bultzatzaileek hirugarren artikuluari egin diote azpimarra. Pentsioa jasotzeko moldeez hitz egitean, elkarbizitzako ingurunea eta familia nukleoa aintzat hartuko ez lituzkeen formaz mintzo dira pentsiodunak. Hau da, pentsio osagarri hori ez dadila izan elkarbizitza nukleotan pentsatua, baizik eta norbanako gisa, independenteki senideek duten errenta edo pentsioa. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan aintzat hartzen da familia nukleoa.

Hirutik batek SMIaren azpitik jasotzen du, eta horien %70a emakumeak dira

Pentsiodun guzti-guztientzat ere ez dago pentsatuta neurria. Izan ere, besteak beste, osagarria jasotzeko, egiaztatu egin beharko da premia-egoera. Alegia, onuradunak ez duela SMItik gorako urteko diru sarrerarik, ezta ondasun higiezin edo bestelakorik ere, zeinak urteko zenbaketan SMIaren halako bost baino balio handiagoa duenik.

Kanpaina abiatuko dute

Herritarrei ekinaldia aurkeztu aurretik, sindikatuekin eta alderdi politikoekin bildu dira, eta, mugimenduaren arabera, ez da inor proposamenaren aurka agertu. Dena den, haiekin batzartuko dira berriz, legebiltzarrean aldeko postura har dezaten bozketa heltzear denean. Horrez gain, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udal guztiei ere bidaliko diete asteon ekinaldia babesteko eskaria.

Ez dute geldirik geratzeko asmorik. Astelehenero mobilizatzen jarraitzeko duten borondateaz gain, "250 bat pertsona ezagunen babesa izango duen ekitaldi publiko bat" egingo dute Bilbon, oraindik jakinarazi gabeko data batean, eta elkarretaratze jendetsu bat ere prestatzen ari dira, Gasteizen egingo dena.

170 pertsona baino gehiago arduratuko dira herriz herri sinadurak biltzeaz. Tartean, hitzaldiak ere antolatuko dituzte han eta hemen, xehetasunak emateko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua
2023-11-16 | Estitxu Eizagirre
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso lehiaketa berezia jarri du martxan: "Bertsopentsiotan". "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean" gaiari bertsoak jartzeko urtarrilaren 15a arte (astelehena) dute epea 60 urtetik gorako Euskal Herriko eta... [+]


Eguneraketa berriak daude