Lege Dekretua atzera botatzea da aurreko lan erreformak indargabetzeko bide eraginkorrena, ELAren iritziz, eta horretarako mobilizazioak antolatu ditu.
Pello Igeregi ELAko Negoziazio Kolektiboko arduraduna da, eta azken asteetan jo ta su dabil lan erreformaren aurkako aldarrikapenean. Lege Dekretua atzera botatzea da Zapateroren eta Rajoyren lan erreformak indargabetzeko bide eraginkorrena, ELAren iritziz, eta horretarako mobilizazioak antolatu ditu urtarrilaren 30erako, beste sindikatuekin batera.
Obra-kontratua desagertzea eta behin behineko kontratuen kausalitatea zein Lan Ikuskaritza indartzea, lan hitzarmenen ultraaktibitatea berreskuratzea, sektorean adostutakoa enpresa mailan ez aplikatzeko baldintzak mugatzea eta azpikontratazioaren lan baldintzen hobetzea ekarriko dituen arren, ELA lan erreforma honen aurka agertu da. Zergatik?
Lehenbizi aldaketei tamaina hartu behar zaie. Hobekuntzak dira, bai, baina obra-kontratuaren hedapena edo ultraaktibitateaen eragina jadanik Auzitegi Gorenak oso mugatuak zituen, ondorioz, lan erreforma hau onartuko ez balitz ere ondorio kaltegarriak ere oso mugatuak izango lirateke. Ikuskari kopurua ez da aldatu lan erreformarekin eta gainera lan erreformak ez du eraginik izango jadanik indarrean dauden kontratuen gainean.
Enpresa hitzarmenetan sektorekoak ez okertzea soilik soldatekiko hitzartu dute, ez beste eduki guztietan, eta gainera Euskal Herrian enpresa hitzarmenak ez dira erabili sektorekoak okertzeko, hobetzeko baizik, presio sindikala egon delako hori horrela izan zedin. Eta azpikontratazioan idazketa aldatu dute, baina funtsean aurreko legeak zioen gauza bera esaten du egungo artikulatuak.
“Hobekuntza mugatu hauek ordaina dute, lan erreformak ez indargabetzea, ezta lan erreformaren elementu okerrenak bertan behera uztea”
Eta hobekuntza mugatu hauek ordaina dute, lan erreformak ez indargabetzea (hitz eman zuen gisan), ezta lan erreformaren elementu okerrenak bertan behera uztea (ondoren ziurtatu zuten moduan).
Ez ditu jarrera honek egungo hobekuntzak arriskuan jartzen?
Guretzat hobekuntza mugatu hauen prezioa altuegia da. 2010 eta 2012 urteen arteko erreformen hezurdura mantendu dute. Guztiek zuten helburu moduan enpresen boterea handitzea langileen lan baldintzak okertu ahal izateko, eta funtsean hori da mantenduko dena, kaleratze merke eta erraza, enpresen aldeko malgutasun neurriak lan-baldintzak aldebakarrez aldatzeko edo Estatu mailako hitzarmenek hemengoen gainetik egoteko aukerak. Arazoa da hitzarmen honekin uko egiten diotela etorkizunean arlo horiek aldatzeari.
Zein da lortutako akordiotik haratago joateko bidea, orduan?
Ez dugu ulertzen Gobernua, CCOO eta UGT zergatik ez diren saiatu inbestidurako blokearekin anbizio handiagoko erreforma bat bilatzen. Ez dugu ulertzen langileei gezurretan aritu izana eta ez dugu ulertzen ere orain akordio honen eraginarekiko gezurretan aritzea. Gure ustez CEOE gabeko negoziaketa bat irekitzea da benetako aldaketak egiteko modu eraginkorrena eta horretan presioa eragiten saiatuko gara.
Gutxieneko soldataren igoera nabarmena egon da azken urteetan, eta 2022n 1.000 eurora eta 2023n 1.050era igoko duela iragarri berri du Yolanda Diazek. Pandemian ondoriozko kaleratzeak inprozedenteak direla agindu zituen martxoko 8/2020 dekretuak, gero etorri ziren telelanaren eskubideak bermatzeko eta riderrena bezalako legeak, eta sektore publiko sozialak indartzeko aurrekontu espantsiboak onartu dituzte baita ere. Zergatik uste duzue lan erreforma hau helmuga dela, eta ez eskubideak irabazten jarraitzeko abiapuntua.
Gobernuak berak esan duelako. Aldaketa hau lotu zuen indargabetzeko konpromisoarekin. Esan zuten urgentziaz lan erreforma indargabetuko zutela, edo gutxienez, erreforma horren elementu kaltegarrienak. Eta gainera, Gobernuak berak erabaki duelako patronalarekiko akordioa dela lan erreforma sakon baterako ezinbesteko elementua. CEOEk ezarriko baditu lan erreformaren mugak ez dago aldaketa sakonik egiterik.
Dekretuz onartua izan eta gero, Kongresurako bidea hartuko du hurrengo asteetan, badago hor aldaketak lortzerik?
Zergatik da orain arazoa gobernuarentzat alderdi subiranistek hobekuntzak planteatzea? CEOE akordiotik aterako litzatekeelako. Ez dugu ulertzen indargabetzea nahi zutenentzat orain akordio hori hobetzen saiatzea arazo bihurtzea.
Podemosek lan baldintzetan eragin duen hobekuntza handiena oposizioan zegoela ekarri zuen, Gutxieneko Soldata %22 igo zuten 2019ko aurrekontuak onartzearen truke, Elkarrizketa Sozialean adostua zuten sindikatu eta patronalarekin igoera %5ekoa izango zela. CEOEk Elkarrizketa Sozialean adostea eskatu zuen eta Podemosek orduan ez zuen onartu, ondorioa argia izan zen. Orduan gutxieneko soldata 164 igo zen, iaz 15. Hori da CEOEri beto eskubidea ematearen ordaina.
“Gure asmoa mobilizazioaren bitartez hobekuntza errealak ekartzea da, EAJ zein EH Bilduren botoak ezinbestekoak izan daitezkeelako”
1980tik egin diren lan erreforma guztiek eskubideak murriztu dituzte. Azken honetan, ordea, Europaren onespenarekin eta patronalekin negoziazio luze eta gogorraren ondoriozko “hobekuntza txikiak” lortu dira, ez duzue usten euskal langileria harritu ahal duela ELAk hartu duen jarrerak?
Esango nuke euskal langileak harrituko liratekeela erreforma honi ELAk onespena eman balio. Patronalarekin ez da negoziazio gogorrik egon. Ze presio egin diote patronalari jarrera aldatu dezan? Europako funtsak onartu zituen gobernuak, besteak beste, lan erreforma urardotzearen eta Europako diziplina fiskala onartzearen truke. Ondoren Europarekin hitzartu zuten CEOErekiko akordioa egon beharko zela erreforma aurrera ateratzeko. Ze presio izan du CEOEk? Bat ere ez. Akordioaren eduki mugatuak horren ondorio dira.
Eta zeintzuk dira, orduan, eman beharreko hurrengo urratsak?
Euskal langileak ohituta daude beren lan-baldintzak mobilizazioen bitartez hobetzera, harritzekoa litzatekeena da CEOEk inongo presiorik gabe lan baldintzen hobekuntza errealak onartzea. Orain gure asmoa mobilizazioaren bitartez hobekuntza errealak ekartzea da, eta EAJ zein EH Bilduren botoak ezinbestekoak izan daitezkeenez, hori da gure egitekoa, Galiziako edo Kataluniako sindikalismo subiranistak ere egingo duen moduan.
Elkarrizketa hau ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CNT sindikatuetako ordezkariei Espainiako lan erreformaz egindako elkarrizketa sortaren zati da; hurrengo egunetan argitaratzen joango gara elkarrizketa bakoitza. Entzun Bilbo Hiria Irratiko 'Lanaren ekonomia' saioan:
Finantzen Euskal Kontseiluak pasa den urteko diru bilketaren berri eman du. 2020an baino gehiago bildu da, eta balorazio ezin baikorragoa da. Datorren urtean politika publikoak egiteko diru gehiago izango dute instituzioek. Ez dute gezurrik esan. Baina egin daiteke bestelako... [+]
Nafarroan hazi omen da gehien soldata handien eta txikien arteko aldea. KPIaren hazkundea azken hamarkadetako handiena izan da 2021ean, eta hitzarmen duinak dituzten langileek ez dute eros ahalmenik galduko, baina gehienentzat ez da horrela izango. Arrakalak gora egingo du... [+]
Espainiako 2012ko lan erreforma derogatzeko baino, lege hori “berresteko” bozketa egin dute Espainiako Kongresuan –besteak beste Ciudadanosen aldeko botoekin–, hori salatu dute behintzat euskal sindikatu eta eragile ugarik. Izan ere, duela hamar urte... [+]
Ba joan den osteguneko lan-erreforma yolandikoaren botazioak harrapatu ninduen Shakespeareren Hamlet irakurtzen –ez galdu Juan Garzia Garmendiak egindako itzulpena, beste galaxia batera darama irakurketaren plazera–; eta Madrilgo diputatuak, saiatu behintzat, saiatu... [+]
Sayas eta Adanero diputatuek Espainiako Kongresuan lan erreformaren aurkako botoa eman dute, eta UPNk aktak itzul ditzaten eskatu die. Izatez, UPNk iragarri zuen babestu egingo zuela gobernu koalizioa, eta, ordainetan, PSNk bertan behera utziko zukeen “adierazpen... [+]
Espainiako Gobernuak CEOErekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin adostutako testuari onespena eman dio ostegun arratsaldean Espainiako Kongresuak, baina Pedro Sánchezen inbestidura ahalbidetu zuten oposizioko alderdien babesik gabe oraingoan.
Espainiako Kongresuan lan erreformaren alde bozkatzea eskatu die UPNk bere bi diputatuei, eta horren lehen ondorioetako bat izan da PSNk Enrique Maya UPNko alkatea gaitzesteko egina zuen eskaera kendu egin duela. Gainera, udal aurrekontuak aldatzea ere babestuko dute alderdi... [+]
ELAk, LABek eta ESK-k EAJri eta Podemosi eskatu diete kaleratzeak bultzatzen dituen eta lan-harremanen esparrua errespetatzen ez duen lan-erreformaren aurka bozkatzea. Hala jakinarazi diete bi alderdi politikoei, gaur, urtarrilak 31, egindako bileretan. Bilera horiek EH... [+]
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan milaka lagun atera dira, Espainiako Kongresuan otsailaren 3an bozkatuko den "lan erreforma horri" ezetz esateko. ELA, LAB, STEILAS, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitutako manifestazioetan salatu dute "Espainiako Gobernuak... [+]
Aste honetan salgai jarriko da produktu berri bat edo, bueno, produktuaren bertsio berri bat behintzat: Espainiako lan erreformaren erreforma. Trajea aukeratu behar da hori nola saldu asmatzeko. Eta iruditzen zait EAJk azken asteetan bi atera dituela bere armairu amaigabetik.
ESK-ko Koordinakunde Nazionaleko kideak ezkerrak gobernuan dagoenean dituen konplexuak salatzen ditu, eta kaleak berreskuratzeko jarrera irmoa azaldu du.
UGT Euskadiko Berdintasuna, Gizarte Politikak eta Aniztasuna alorreko idazkaria pozik agertu da akordioarekin, baina borrokatzen eta negoziatzen jarraituko dute.
CNTko Bilboko Ekonomialaria Elkarrizketa Sozialaren mahaian adostutako lan erreformaren kontra agertu da, ez dituelako iraultzen 2012ko erreformaren oinarriak
LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak borrokaren bidez eragiteko aukera dagoela uste du, eta urtarrilaren 30eko mobilizaziorako deia egiten du.