Zergatik Andereserora Hiriburun pastorala?
Duela 150 urte, Hiriburun emana izan zen Geneviève de Brabant pastorala, Luziano Bonaparteren omenez, Hiribururen historiaren ikerketa egin duen Gilbert Desport zenaren arabera. Aurtengoa, horren estakuruan bultzatu du Alain Iriart auzapezak, memento berean herriak estreinatu duelarik Herriko Bihotza izena hartu duen herri erdi berria, Herriko Etxe berri, komertzio, etxe bizitza, enparantza eta pilota plaza ttipi batekin, plaza historikoaren harriekin egina. Andereserora Hiriburun pastoralak, jo araziko du nolazpait Herriko Bihotza, bere herritarrek antolatu ikusgarriarekin.
Pastorala horren gaia Hiribururen historia izanki, haren euskal nortasunaren indartzea da helburua, nortasun bat ahuldu zena joan den mende hastapenean. Hori da pastorala guzien helburua, hemen Euskal Herriko ipar mugan den herri batean obratuko dena.
Azken urteetan, Zuberotik atera da Pastorala: Lapurdi, Nafarroa Garaia baita orobat hegoaldean barna egin du bide. Zeri erantzuten dio joera horrek?
Xiberoko pastorala “beila nazionala” bilakatu da euskal publiko zabala bilduz, parterik handiena Xiberotarrek berek osatua baina ere auzoko herrialdeetarik jin jendekin, pastorala gosea Xiberotik kanpo ere piztuz
Laurogeigarren hamarkadaz geroz, Xiberoko pastorala “beila nazionala” bilakatu da euskal publiko zabala bilduz, parterik handiena Xiberotarrek berek osatua baina ere auzoko herrialdeetarik jin jendekin, pastorala gosea Xiberotik kanpo ere piztuz. Ber denboran, Paris izan ondoan ( han hirurogeigarren hamarkadan bi pastorala eman ziren), Baiona Iparraldeko hiri nagusi ekonomikoa bilakatzen da.
2013an, Buhaminak emazte koroak eta Baionan Kantuz ekimena sustatzen duen Tuntuna taldeak Baionarat jinarazten zuten Sohüta herriaren René Cassin pastorala, arrakastarekin. Horrek 2016an Baionako Katalina de Erauso ekarri zuen, halako batzorde artistiko bat eratuz, Pantxika Urruty errejentsaren inguruan. Honek du Gerardo Mungiaren Karmen Etxalarkoa 2017an eta Alain Iriartek aurten zuen duela 150 urte eginaren arraberritzeko ametsen obratzea ahalbidetu.
Horiek dira ageriko arrazoi batzuk, baina bada ere horren azpian zerbait indartsu, berrogei urtez euskararen alde Iparraldean izan den borrokaren aldean , euskaltasuna euskal kultura herrikoiaren medioz plazan aldarrikatzearen beharrari lotua. Pastorala, baina ere Kabalkadak edo Libertimenduak, herriaren biltzeko eta belaunaldien nahasteko tresna duin eta aberats gisa ikusiak dira, adinetakoek galtzear zutena gaztekin bizitzeko abiatzen dituztenak, antzokietako kulturatik at, kulturatik bezainbat sozialetik daukan urratsetik.
Zu zara pastoralaren idazlea Patxi Iriarterekin. Zer azpimarratuko zenuke zuen lanean? Zer-nolako esperientzia izan duzue?
Lehenik besteek egin diguten konfiantza, ez genuelako sekulan pastoralik ez asmatu, ez idatzi. Gero Patxirekin izan dugun harremana (laburra eta laburregia) eta bertsuei buruzko eztabaiak, gidari izan direnak egin nahi genuenaren definitzeko, 2009ko txapela jaunztean, Maialen Lujanbioren “Euskaratik eta euskaraz” esaldiak laburbiltzen duena. Euskaratik eta euskaraz, historiako datuez gain, hitzak, haren muinak eta harekin egiten ahal diren jokoek lagundu bagaituzte, euskara pastoraleko jokalari edo aktür oso aurkezten, ez eta musika bat edo edergailu bat. Behintzat horren egiterat gara entseatu.
150 arizale. Adin guztietakoak. Euskara bizirik al da Hiriburun munta handiko agerraldi hau apailatzeko?
Azken gerla ondoko Hiriburuko belaunaldi batzuek pentsatzen zuten euskara ez zela sekulan herrian mintzatu
Azken gerla ondoko Hiriburuko belaunaldi batzuek pentsatzen zuten euskara ez zela sekulan herrian mintzatu. Alta, historiak alderantzizkoa erakusten du eta horren lekuko izanen da ere pastorala, eta hori baino gehiago, euskal zimenduetan oinarritzen den gertakari historiko bat geldituko da herriarentzat.
Pastorala, ikusgarria baino, gehienbat giza abentura bat da, bederatzi hilabetekoa, oraingo jendartea ohitua ez den konpromiso baten hartzera, bakoitza behartzen duena, komunitate berezi bat sortzen duena gerorako.
Baionakoan bezala, Pantxika Urrutik euskara lehenetsi du hastapenetik astean behin ziren errepiketan. Hastapenen horrek arrangurak sortu ditu, baina laster, euskara bilakatu da lehen hizkuntza belaunaldi guzien artean, gehiago erabiltzen ez zutenei, euskal hezkuntza duten gazteri (aktür xaharrenak 81 urte ditu, gaztenak 5 eta biak euskaradunak dira) eta haren ikasten ari direnei praktikatzeko espazio bizi eta sortzaile bat eskainiz, eta kanpotik etorritakoak integratuz Hiriburuko euskal komunitate horretan.
Bost mila biztanle dituen hirixkan, euskara ez da herritar gehienen lehen hizkuntza. Baina euskal kultura herrikoiak dauzkan tresna guziek bezala, pastoralak, euskal komunitatea bildu du eta haziko du ondoko urteetan.
Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.
Lehen aldiz ekainean antzeztu zuten Inesa de Gaxen pastorala, Bastidan (Nafarroa Beherea). Izan zuen arrakasta ikusita, xarnegutarrek irailean berriz biziberrituko dute Gaxengo Inesaren historia, irailaren 21 eta 22an, Bardozen (Lapurdi). 1.000 sarrera jarri dituzte salgai... [+]
Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]
Julia Fernandez Zabaleta emakume aitzindariaren bizitza ezagutzera ematen duen pastorala larunbatean estreinatuko da, San Frantzisko eskolako jolastokian.
Aurtengo urtea emankorra izango da pastoralei dagokionez, lau pastoral emango baitira; bi Zuberoan eta beste bi Zuberoatik kanpo: Iruñean (Nafarroa) eta Xarneguko (Lapurdi-Nafarroa Beherea) zonaldean. Gure herriko lau historia ezagutaraziko dira oholtzan antzerki,... [+]